Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain

ETAtik Autonomoetara, amultsuki

Markos Zapiain 2021/03/28 11:25
Jon Alonsoren "Naparra. Kasu irekia" (II)

Gazterik ekin zion Jose Migel Etxeberriak bere ibilbide ihardukitzaileari. Alonsok azpimarratzen duenez, mutil nerabe eta gazte gehienek gaur egun Messi izan nahi duten bezala, 70eko hamarraldian Che Guevara nahi zuten izan. Ez da zilegi egungo talaiatik orduko militantzia moralkeriaz kondenatzea, testuingurua kontuan hartu gabe. Etxeberria, ikasle-komiteetan ibili ostean, LKIren inguruan aritu zen, troskoekin; ondoren, ETAn; ETAtik kanporatu egin zuten, “kanporatze amultsua” inondik ere, Kike Zurutuza autonomo-ohiak dioen bezala; eta 1978ko abuztuaren amaierarako Komando Autonomoetan zebilen. 1980ko ekainaren hamaikan desagerrarazi zuten. Ziburun ikusi zuten azkenekoz.

Milien eta autonomoen arteko eztabaidek oinarri filosofikoak zituzten; independentzia eta sozialismoa zuten biek xede, baina ez zituzten berdin ikusten ez giza izaera, ezta pertsonaren eta jendartearen arteko harremana ere. Praktikari begira, desberdintasun horiek azaltzen ziren talde armatu klandestino baten barne antolakuntza ulertzeko moduan. 1978ko udan bilera bat egin zuten. ETAren aldetik Argala, Yoyes eta hirugarren bat; Autonomoenetik, Bernardo Azpitarte “Kabra” eta Kike Zurutuza. Batzuek diote Naparra ere han egon zela, baina bileran egon zen batek dio ezetz.

ETAkoek pentsatzen zuten talde armatu klandestinoak egitura hierarkikoa eta zentralizatua behar duela. Kupulatik datoz aginduak eta behekoek obeditu behar dituzte, eta goikoen aurrean erantzun. Goitik behera eta zorrozki behar da diziplina ezarri.

Aldiz, Naparrak ezin zituen hierarkia eta zentralismoa eraman: komando bakoitzak erabateko autonomia izan behar zuen bizimodua antolatzeko eta helburuak erabakitzeko, ez zion inori azalpenik zor. Gizarteari dagokionez ere, ordezkaritzaren eta autoritatearen aurkakoa zen, eta beraz ez zituen alderdi politikoak eta sindikatuak maite; demokrazia zuzena aldarrikatzen zuen, autogestioa. Herria behar da pixkanaka matxinadan engaiatu, ez soilik bere burua abanguardia izendatzen duen elite bat.

Aitzitik, milien ustez komando bakoitzak berak bakarrik ezin ditu premia guztiak ase  (logistika, hornidura, ekonomia…), eta autonomoenen tankerako jarrerek poliziaren eta zerbitzu sekretuen infiltrazioak errazten dituzte. Eta edozein talde klandestinoren lehenbiziko betebeharra da satorrak detektatu eta uxatzea. Garai hartan ETAren buruzagietako bat zen Eugenio Etxebesteren esanetan, autonomoen planteamenduak koherenteak ziren haien ideia libertarioekin, baina legez kanpoko praktikak, epe luzera, erakunde armatu klasikora eramaten du, hierarkikoa, zentralista eta diziplinatua, efikazagoa delako.  

Gainera, konplikatua da ulertzea zer den autonomoek aldarrikaturiko Estaturik gabeko independentzia hori. Azkenik, Zutabe batean adierazi zuten ETAn edozeinek zuela tokia, burgesek eta anarkistek izan ezik. Kike Zurutuzak Jon Alonsori kontatu dionez, 1978ko abuztuko arratsalde batean, bera eta Kabra Hendaiako Ocean apartamentuetako sotoko aparkalekuan zeuden. Auto bat etorri eta bi mili atera ziren, Donibane eta Gogor. Naparra auto barruan gelditu zen. Eta miliek autonomoei: “Honek ez dik guk bezala pentsatzen; honek zuek bezala pentsatzen dik”. Horrelaxe igaro omen zen talde batetik bestera, leunki.

Jon Alonsoren "Naparra. Kasu irekia" (1)

Markos Zapiain 2021/03/27 12:40

Aste honetan Jose Migel Etxeberria "Naparra"ren familiak aitortza instituzionala jaso du Eusko Jaurlaritzaren aldetik. Berrogeita bat urte igaro dira desagertu zenez geroztik. Nafarroan 2017an egin zioten aitortza hori, desagertu eta hogeita hamazazpi urteren buruan. Txalo-zaparrada hunkigarria jaso zuen Naparraren ama Celesek. Nazio Batuen Erakundeak zabaldu zuen bidea 2014an. Ordurako aita, Patxiku, hilik zen. Ama 2018an hil zen, ez du Eusko Jaurlaritzaren aitortzaren berri jakiterik izan, ez du irakurtzerik izan Bertha Gaztelumendik ohikoa duen esku fin eta sendoaz idatziriko txostena. Perturren ama ere pasa den astean joan zen.

Iaz argitaratu zuen Jon Alonsok “Naparra. Kasu irekia”. Kasuari buruz orain jakin daitekeen guztia jarri du mahai gainean.  

Liburua bikaina da, izugarria, ekarpen gogoangarria kontakizunen mosaikoari. Indio eta bakeroena da irabazten ari den errelatoa, hedabide gehienen jabeena, irabazleena, eta eskertzekoa da ulermen desberdin baten plazaratzea, grisez eta ñabardurez josia eta argitasunez adierazia.

Alonsok ez du bere burua ezkutatzen, ez du disimulatzen ikuspuntu jakin batetik idazten duela. Bere bizitza eta Naparrarena gurutzatu baldin badira, aipatu egiten du, naturaltasunez, egolatria zipitzik ez. Klinika berean jaio ziren Iruñean 1958an, auzo berean hazi, San Ignacio eskolan gelakide izan ziren 10-12 urte zituztela, bizpahiru ikasturte egin zituzten elkarrekin. Aita espiritual bera zuten, Ladislao Etxeberria josulagun torturatua. Hogei urte zituzten 1978an, Etxeberriak Iruñetik alde egin zuenean. 

Jon Alonsok zertzelada bizien bidez pintatzen digu joan den mendeko Iruñea, eta batez ere Jose Migel Etxeberria eta Alonso bera hazi ziren karrikak. Nola aldatu diren ohiturak, eraikinak, gauzak. Lehen zinema-aretoak zeuden tokian orain Zara. Behin eta berriz eraberritu dute Yoldi hotela, sasoi batean toreatzaileen eta frankismoaren OPIen etxe (geroxeago UEUko hiruzpalau hizlarirena ere bai, hori ez dakar Alonsok). Naparraren aita, Patxiku, Gipuzkoako Alegiatik Iruñera iritsi zen egunean, 1945ean, Euskal Jai frontoian erremontista aritzeko, zerua garbi zegoen arren halako batean zipriztin batzuk erori zitzaizkion. Ume bat zen, balkoitik kalera txiza egiten. Garai hartan etxe gutxik zuten komuna etxe barruan. Ia guztia aldatua duen Iruñea hartatik, Jose Migel Etxeberriaren desagertzea da tinko dirauen bakarra.

Desberdinak dira Amazon Video eta Netflix?

Markos Zapiain 2021/03/19 15:05

Lehen begiratuan ematen du Netflix, HBO, Amazon Video eta gisako plataformen helburu bakarra dirua irabaztea dela. Eta hala izango da ziurrenik funtsean. Dena den,  ez al zaio bakoitzari zenbaitetan besteetatik bereizten duen kutsu bat sumatzen?

Amazon Videon The Callenge-El desafío dago, torturatzaile baten ikuspuntuan oinarritua. Gainera, Aquí no hay quien viva, 7 vidas… Tele 5-ekin lotura zuzena. Jeff Bezos da Amazonen jabea; baita The Washington Posten jabea ere. Eskuindar petoa dirudi, eta ez du boteretsu nagusiek zabaldutako ideologia zalantzan jarriko duen ezer zabaltzen, are gutxiago ekoizten.

Netflix irekiagoa da: euskaldunak/espainolak harremanera mugatzeko, La casa de papel eta Akelarre dauzkagu, eta bai serieak eta bai filmak izugarri lagundu dute munduan barrena lan pedagogikoa egiten, Espainia zer den. Esanguratsua da Espainiako diplomaziak ezer egin ahal ez izatea horien hedatzea eragozteko. Plataformen globalizazioak aldaketa handiak ekarri ditu XX. mendean agintarien eta  hedabideen artean ohikoak ziren botere-harremanetan. Begira bestela zelako eragin xixtrina duen gaur egun El Paísek enbaxadetan. Aldiz, Katixa Agirreren hitzetan esateko, Itziar Ituño, bera bakarrik, Super-Etxepare Institutu bat da. Txioak euskaraz idazten dituenez, eta Nekane Beitia euskaraz mintzo zenez, unibertsoko bazterrik arraroenetako jarraitzaileak ere euskaraz ikasten jarri ditu. La casa de papeli esker, bestalde, munduko eta bereziki Brasilgo ikusle askok badakite Espainiako poliziak eta zerbitzu sekretuak berezko joera dutela tortura, baita ETArik gabe ere (hondarribiar nagusiak ongi oroitzen dira nolako amorruz jipoitzen zituzten estraperloan atzematen zituztenak, ETA sortu baino askoz ere lehenago), eta komikotasun deskontzertante bat (La casa de papelen Tamayo Coronelak mamitua, serieetatik at Nikolas Txikik, Villarejok edo emerituak); eta Akelarren ikasi dute Espainia beti inperialaren grinetako bat izan dela gaztelaniaz bestelako hizkuntzak darabiltzaten emakume errugabeak sorgintzat jotzea eta bizirik erretzea; eta izan zenaren izpirituak, garai berrietara egokiturik, bizirik dirauela (oroit 2017ko urriaren lehena Katalunian, amatxi haiek odoletan, "¡a por ellos!"). Eta Akelarre onartu ez ezik, diruz lagundu ere egin du Netflixek.

Egiari zor, onartu beharra dago, Espainiaren gaiztakeria eternoaren teoria biribila kordokatzen badu ere, TVEk ere diruz lagundu duela Akelarre. Ordea, ez da ahaztu behar Podemos ere Gobernuan dagoela, eta Pablo Iglesias dela Madrilgo politikaririk zibilizatuena, maizegi ematen duen arren mesias maritxuli bat.    

Sólori testuinguru orotan tildea kendu diotenez geroztik

Markos Zapiain 2021/03/14 11:25
Eta Javier Maríasen Tomás Nevinson (spoiler)

Bakarrik nago, eta ez naiz hartzen ari kafe hutsa baizik; normalean, soilik gosaltzen dut kafe hutsa.

Lehen:

Estoy solo, y sólo estoy tomando un café solo; y es que normalmente desayuno sólo café solo.

Baina orain:

Estoy solo, y solo estoy tomando un café solo; y es que normalmente desayuno solo café solo.

Eta horrek badu beste esanahi hau ere:

Bakarrik nago, eta ez naiz hartzen ari kafe hutsa baizik; normalean kafe hutsa gosaltzen dut, bakardadean.

Tildea kentzeko agindu zuen RAEk, baina Javier Marias batek "Tomás Nevinson" eleberrian ez dio obeditu. Dirudienez, Ameriketako eta Espainiako hizkuntza akademien arteko borroka izan da, eta espainolak galtzaile.

Tomás Nevinsonen ezohiko ikuspuntu batetik kontatzen du Mariasek ETAren eta IRAren arteko lotura. 

1997an gaude. Erresuma Batuko zerbitzu sekretuek detektatu dute Hipercor, Zaragoza eta Viceko atentatuen atzean, hamar urte lehenago gertatuak, emakume bat egon zela, Magdalena Orue, erdi ipar-irlandar erdi errioxarra, IRAk ETAri mailegaturiko militantea. Orain Espainiako ipar-mendebaldean bizi da, Ruán izeneko herri batean (Leonen tankerakoa), bestelako nortasun batekin. MI6koek ez dakite zehazki nor den, hiru emakumeren artean dute zalantza.

Tomás Nevinsonek garai batean lan batzuk egin zituen britainiarrentzat Ipar Irlandan, baina erretiratuta bizi da orain, Madrilen, enbaxadako lan gris batean. Halako batean, zerbitzu sekretu britainiarrek eta espainolek eskatuko diote Ruánera joateko, atentatu haiek zein emakumek lagundu zituen ikertzeko eta, lortuz gero, harrapatu eta justiziaren esku uzteko, edo, justiziak zigor dezan aski froga lortu ezean, baina aldi berean garbi ikusten badu nor izan zen, jo eta bertan hiltzeko. Ikertu ahala, ordea, zalantzak piztuko zaizkio, bigundu egingo da, kariñoa hartuko die hiru emakumeei. 

Orduan Miguel Angel Blancorena gertatuko da. Mariasen ausardiaren tamaina erakusten du Blancoren hilketa eta umorea nahastu izanak, nik dakidala aurrenekoz.

Amaierari dagokionez, zentzuzkoak dira Nevinsonek Tupraren kontaeraz hasieran dituen susmoak: huts larri bat egin duela sentiarazi nahi dio, hainbat hobengabe eta umeren heriotzaren erantzule dela, erruduna, errudun koldar alaena. Uste dut Tuprak zinez ez dakiela Inesek Omaghekoan zerikusirik izan duen, eta bost axola zaiola; baina kosta lain kosta nahi du Nevinson zigortu, errudun sentiaraziz. Eta lortu egingo du. Nevinsonen zalantzak desagertu egingo dira eta bere egingo du Tupraren bertsioa. Nevinsonen nortasunak eta iraganak errura daramate.

Nobelak aurrera egin ahala, gero eta okerrago darabil Nevinsonek arrazoimena. Ez du zentzurik pentsatzeak Inés hil izan balu Omaghekoa ez zela gertatuko. Eta Inés baldin bada Magdalena Orúe, Nevinsonekin duen jokabidea ez da egiantzekoa ez sinesgarria. Soilik uler liteke intuizio, fede edo uste ezin sendoagoa balu, Nevinson ez dela gai bera kaltetzeko, are gutxiago hiltzeko. Edo bestela, eta aldi berean, Magdalenari berari ez bazaio hiltzea larregi axola, iraganeko zama behingoz gainetik kentzeko edo. Baina hori zeharo bateraezina litzateke Omagheko sarraskia laguntzearekin.

Edonola ere, Folcuino Guasi pertsonaiarengatik bakarrik balitz ere, eleberria mereziko luke, hain dira barregarriak Folcuinoren eta bere emaztearen arteko xextrak. 

Shutter Island, Irla obturatzailea

Markos Zapiain 2021/03/08 11:35

Hemen daukazu. 

 

1-Filmeko Shutter Uhartea Bostongo Badiako Long Islanden dago oinarritua. Euskal Encodingsekoek Irla Obturatzailea ere deitu diote. Uhartetik irten ezinak erraztu egiten du Aschecliff Psikiatrikoko agintariek pazienteekin esperimentuak egiteko aukera, nahieran. Uhartetik kontinentera joatea bezain zaila da ero psikotiko batzuen fantasia autistatik errealitatera jauzi egitea. Indartsua da uhartearen itxitura-izaeraren sinbolismoa. 

2-Teddy Daniels Rachel Solandoren desagerpena ikertzera doa Shutter Islandera. Bitxikiro, galdekatzen dituen paziente guztiei itauntzen die nor den Andrew Laeddis. Chucki aitortuko dio Andrew Laeddisen bila etorri dela benetan uhartera. Filosofiaren helburu nagusietako bat dago hemen jokoan: ezagutu zeure burua. “Hemen zer ostia gertatzen den jakin nahi dut!”, garrasi egingo du halako batean. Edipo bezala, Daniels ere irrikaz abiatu da kriminalaren bila, eta ikerketak erakutsiko die hiltzailea beren baitan dutela. Alderatu Andrew Laeddis eta Edipo. 

3-Konparatu Laeddisek kobazuloan mediku psikiatra-ohiarekin bizi duena eta faroan Cowleyrekin eta Sheehanekin bizitakoa; konparatu kobazuloa eta itsasargia leku sinbolikoak diren aldetik: Platonen kobazuloko presoen gezur psikotikoak ditugu, batetik, eta behin kobazulotik irten osteko egia, bestetik? Lurpeko haluzinazio iluna eta zeruko egia argia? Ala ñabartu egiten du filmak dikotomia zorrotz hori? Nola? 

4-Laeddisek bere burua ezagutu nahi du baina ez du nahi. Bere nortasunaren giltza zauri ikaragarri bat da, itxi gabea oraindik. Horregatik, onartuta ere kobazuloko Rachel Solando bere inkontzienteak sortu eta proiektatu duela, eta harekin mintzo denean bere buruarekin ari dela benetan mintzo, problematikoa izaten jarraitzen du proiekzio horren zereginak egia ezagutzeko bidean. Anbibalentea dirudi: alde batetik, Laeddisen erresistentziak eta fantasia paranoikoak indartzen ditu. Baina aldi berean fantasia horiekin bat ez datozen eta Laeddisi onartzen nekezak zaizkion errealitate-izpiak iradokitzen dizkio. Zuk ere uste duzu kobazuloko psikiatra-ohia Laeddisek sortutako mamua dela, ala errealtzat dauzkazu? 

5-1954an gaude. Bai Teddy eta bai Chuck AEBeko soldadu ibili ziren Bigarren Mundu Gerran. Dachauko kontzentrazio-esparrua askatzen lagundu zuten. Hango juduen irudi ikaragarriak datozkio Teddyri gura barik eta etengabe; halaber, beraiek naziak nola fusilatu zituzten, hilkintza basati haiek.

Bestalde, emazte Doloresek, bere burua lehenbizikoz hiltzen ahalegindu ondoren, Leaddisi kontatu zion bere buru barruan zomorro bat bizi zela, garunaren barruan bueltaka sentitzen zuela, bertako kableekin jolasean. Egundoko depresioan zegoen amildua, eta Leaddisek ez zion jaramonik egin. Amesgaizto eta eldarnioetan, emaztea eta alaba Rachel agertzen zaizkio, besteak beste naziek hiliko ama-alaba judu gisa, eta alabak familia salbatu ez izana leporatzen dio, “salbatuko gintuzula agindu zenidan”. Ez zituen haurrak eta emaztea salbatu, ahal izan zuen arren, beharbada. Leaddis ikaragarri errudun sentitzen da. Erruak gogor lotzen gaitu iraganarekin, eta orainaldian gozatzea eragozten digu. Iraganaren zama astunegia zaio Andrew Laeddisi. Iraganaren garaipena erakusten du filmak. Zer esango zenuke erruaren eta orainaldiaren arteko harremanaz? 

6-Egiaztatua dago nazien aditu militar asko Bigarren Mundu Gerra galdu ostean AEBera joan zirela, hango zerbitzu sekretuek errekrutaturik, komunisten aurkako borrokan laguntzeko, naziek eta AEBek etsai komun hori baitzuten. Naehring doktorea alemana da eta Warden zuzendariak sekulako nazi itxura eta mintzamoldea dauka; Laeddisi nazien eta Shutter Islanden arteko loturaren ideia sendotzen diote. Dena den, filmak ez du lotura hori ukatzen, ez du aurkezten psikotiko baten eldarnio huts gisa, ez da soilik Laeddisen babes- eta ihesbide-fantasia elikatzeko teoria, zeren eta filmean bertan alemana baita Psikiatrikoko zuzendarietako bat. Zer deritzozu?


7-Bestalde, datu historikoa da AEBeko gobernuak anfetaminak eman zizkiela Vietnamera bidaltzen zituen soldaduei, eta LSD eta bestelako droga psikotropikoak erabili zituela eta doan banatu Kaliforniako gazteen artean, hippyen garaian. Kobazuloko emakume psikiatrak dioenez, naziek juduekin esperimentatu zuten bezala esperimentatzen du AEBeko gobernuak Psikiatrikoetako pazienteekin. Dena den, nazien eta AEBen arteko lotura ez bezala, egia historiko hori ero baten defentsa-mekanismo psikotikotzat aurkezten zaigu.

Zer egiten zaizu sinesgarriagoa, Laeddisek bere gogoan sortzen omen duen pelikula ala Shutter Island filmak pasatu nahi digun tesia? Garbi dagoela iruditzen zaizu filmak sinetsarazi nahi digula psikotiko baten paranoia dela AEBeko gobernuak gazteekin drogak esperimentatu zituela? 

8-Hitlerrek Nietzsche filosofoa miresten zuen, eta filosofoaren arreba Elisabeth Hitlerren laguna zen. Laeddisen pelikulan Psikiatrikoko zuzendariak, Wardenek, Jainkoak biolentzia maite duela eta biolentoa dela aldarrikatzen du, ustez Nietzscheren eta nazien ildotik, baina benetan Nietzsche txarto interpretatuz. Dena den, iruditzen zaizu giza biolentzia hori naturala zaigula, berezkoa? Ezingo dugu inoiz erabat gainditu? Bake-garaiak salbuespenak izango dira beti gizateriaren historian?


9-Droga psikotropikoek, Irla Obturatzailean erabiltzen direnak,  bestelako pertzepzio baten ateak zabaltzen dituzte, lotan dauden burmuinetako zatiak pizten ei dizkigute. Bidaia zoragarria izan daiteke, baina baia ikaragarria ere, droga hartu duenak bere burua hiltzeraino. Albert Hofmann kimikariak sintetizatu zuen lehenbizikoz LSDa, 1943ko apirilaren 19an, Bizikletaren Eguna deituan, pertsona batek psikotropiko hori lehenbiziko aldiz hartu zuen eguna. Homfannek berak kontatu zigun Leioan eman zuen hitzaldi batean: Suitzan zegoen, lanean ziharduen laborategian, eta arraro sentitzen hasi zen, ezinegonak eta zorabioak joa. Pentsatu zuen LSDa kristalizatzen ari zen bitartean hatzamarren bitartez xurgatzearen ondorio zirela ezinegon eta zorabio horiek. Edozelan ere, bere burua erabiltzea erabaki zuen, esperimentatzeko. 250 mikrogramoko dosia hartu zuen, antzeko drogetan erabiltzen zen ohiko dosia. Ordea, LSDrako izugarria da kantitate hori. Hofmann berehala ohartu zen: ezustean eta bat-batean, beste errealitate batean zegoen, desberdinak ziren ikusten zituen koloreak, gela ere bai, eta aldartea: goitik behera aldatu zitzaion nortasuna. Eta, begiak itxita, fantasia eta irudi ederrak ikusten hasi zen.

Gerra-garaiko murrizketen erruz, ez zuen autorik eskura eta bizikletaz itzuli zen etxera. Dena distortsionatuta ikusten zuen eta, pedalei eragin arren, iruditzen zitzaion ez zela bat ere mugitzen. Etxera iristean ikara bizia sentitu zuen. Deabrua barnean zuela iruditzen zitzaion, bizilaguna sorgina zela, etxeko altzariek mehatxatzen zutela. Ohera sartu eta, ezustean halaber, panikoa plazer bilakatu zitzaion. Mozkor atsegin baten antzeko zerbaitek bereganatuta, irudimenaren estimulazio ikaragarri bati esker koloreen eta formen eztanda etengabea ikusi zuen, eta soinuak ere irudi bilakatu zitzaizkion, irudi fantastikoak, ezohiko formak, kolore bizi eta kaleidoskopikoz beteak.

Hirurogeiko hamarraldian, LSDa laborategietatik San Frantziskoko kaleetara iritsi zen, eta handik mundu osora zabaldu zen. Hippien droga kuttun bihurtu zen. Azkenik, ordea, debekua, zigorrak eta osasunarentzako guztiz kaltegarria zela zioten azterketak etorri ziren, eta LSDaren urrezko aroa amaitu zen.


10-Esaten da amak berezkoa duela bere umeak maitatzea, baina historian hainbat aldiz hil dituzte amek beren umeak. Berriki argitaratu den Katixa Agirreren “Amek ez dute” nobela bikainak horixe du gai nagusi. Horko ama hiltzaileak, Dolores Chanalek bezala, depresio gogor bat pairatzen ari dela akabatuko ditu bere haurrak. Antinaturaltzat jotzen dugu amak bere umeak hiltzea. Egia ote da? Animalien artean gertatzen baita, eta gizakiak animaliak gara. Ez genuke naturaltzat onartu beharko gizaki guztiok dugula alde ilun ikaragarri bat, amek barne? Alde hori izateko eskubidea ere ukatu behar diegu amei? 

11-Grekoz, “trauma” hitzak zauri esan nahi du. Eta alemanez Traum ametsa da. Sakonki zaurituta dagoen pertsonak, zauria mingarriegia bazaio, ezin baldin badu trauma gainditu, orduan amets eta fantasien bidez babesten du bere burua. Bere irudimenak sortutako mundu paralelo batean bizi da, nortasun berri batekin. Eta norbaitek errealitatera eta egiara itzultzeko arriskuan jartzen badu, bortizkeriaz erantzuten du, are fantasia pitzatzen diona hil nahi izan arte: Laeddisek tiro egiten dio Cawleyri. Nahiago heriotza, bestearena zein norberarena, traumak eragindako oinazea pairatzen jarraitu behar izatea baino.

12-Psikiatra asko bat datoz: nahita edo nahi gabe zapaltzen duzun egia, aldez edo moldez itzuliko zaizu, ametsetan, eldarnioetan, edozein zirrikitutik. Psikotikoaren mundu asmatuak arrakalak dauzka eta errealitateak arrakala horiek baliatuko ditu nola edo hala azaltzeko. Adibidez, abstinentzia-sindromea. Botikek eta psikotropikoek lagun dezakete trauma isilik atxikitzen, eta eroa lasai. Ordea, Cawley doktoreak erabaki du Laeddisi botikak kentzea eta baliabide teatralekin, burmuina ukitu gabe, egia onartzera bideratzea.

13-Cawley doktorea 50eko hamarraldian psikiatrian nagusiki erabiltzen ziren psikotropikoak eta lobotomia bertan behera utzi eta pazientearekiko errespetuan oinarritutako terapiak hobetsiko ditu. Hasieran ematen duen irudi siniestroa gorabehera, ona da Cawleyren borondatea, zintzoa haren asmoa. Laeddisek sortu duen pelikularekin bat egin eta Psikatrikoko langile guztiak barne hartuko dituen rol-joko baten bidez lortuko dute Laeddis bere onera ekartzea, errealitatea eta egia onar ditzan, mingarriak izan arren. Ordea, Laeddisek, sendatu bada ere, ez du munstro gisa bizitzen jarraitu nahi, eta lobotomia bilatuko du, bere oroimena eta hortaz bere burua hiltzeko modu bat. Behin lobotomizaturik, Laeddisek azkenik Laeddis izateari utzi ahalko dio, eta atseden hartu.

14-Cawley doktoreak Laeddisekin darabilen rol-joko terapeutikoak zerikusia du xamanismoarekin, sorgintzarekin eta psikomagiarekin. Abiapuntu duen oinarriak dioenez, inkontzienteak benetako gertaeratzat hartzen ditu ekintza sinbolikoak; horrela, ekintza magiko horietako batek inkontzientearen jokabidea alda lezake, eta, ondo aplikatuz gero, zenbait trauma psikologiko sendatzen lagundu.

Ekintza magiko-sinboliko horiek asmatzen dira kontuan hartuta gaixoaren historia osoa eta, ahal bada, guraso eta arbasoena ere bai. Dirudienez, zenbait trauma eta jokabide inkontziente belaunaldiz belaunaldi transmititzen dira. Antzerki sinboliko horri esker gaixoak kanpoan objektibatuta ikusiko du bere trauma. Horrela, traumaz kontziente egin eta askatu eta sendatu ahalko da. Hori lortzeko, dena den, ezinbestekoa da psikomagoak gaixoaren zuhaitz genealogikoak erakusten dituen patroietan oinarrituta diseinatzea ekintzak. Zer iruditzen zaizu? Efektiboagoak ote dira pilulak eta lobotomia?

15-Sorginek, Amerikako indigenek eta beste askok erabili izan dituzte antzerki deigarri bortitzak hezibide gisa. Nerabe bat bide txarretik badoa, egundoko sustoa ematen diote, jipoitu eta abar. Gaur egun sendabide ugari erabiltzen da: aromaterapia, koloreterapia, arteterapia, antzerkiterapia, biblioterapia... Zure ustez, filmak erakusten duenaren ildotik, ingurukoek prestatutako antzerki batek lagun diezaioke ero bati errealitatera itzultzen?

 

16-Antzerki-hezibideari dagokionez, Mexikoko sorginek erabilitako teknika bat: dizipulu batek Don Juan sorginari kontatzen dio lagun bat daukala 9 urteko semearekin kezkatuta. 5 urte dira emaztearengandik bereizi zela, eta orduz geroztik umea galduta dabil eskolan, erantzun txarrak ematen ditu. Don Juani galdetzen dio ea jo behar ote dion arrastoan sar dadin. Don Juanek aholkatzen dio gizon heldu bat aukeratzeko, itxura ahal bezain beldurgarrikoa. Mutilak gaiztakeria bat egitean, gizon beldurgarri horrek, parke batean edo, ziplo harrapatu eta berebiziko jipoia emango dio. Ondoren desagertu egingo da, eta mutilaren aita etorriko da. Lasaitzen lagunduko dio. Horrela hiruzpalau aldiz. 

Gero, aitak lortu behar du mutilak beste mutiko bat ikus dezan, baina hilik, ospitalean edo. Mutilak hildakoa ezkerreko eskuaz ukituko du, edonon sabelean izan ezik. Prestatutako antzerki-ekintza horren bidez, zinez ikasiko du mutil bihurriak.

Arrested Developement seriean ere, aitak antzeztutako istripu odoltsuak baliatzen ditu seme-alabei irakasteko. Life Lessons deitzen die. Irudi bortitz horiek ez zaizkie egundo ahaztuko, eta txintxo bizitzen lagunduko omen die. 

 

17-Nola interpretatzen duzu filmaren amaiera? Laeddisek Sheehani eta bere buruari galdetzen die zer ote den okerrago, gizon zintzo gisa hiltzea ala munstro gisa bizitzea. Bere zauri sakonak bidutzi bihurtzen du. Beraz, interpretazio baten arabera, Laeddisek Sheehan bere psikiatra eta Psikiatrikoko buruzagiak (Cawley, Naehring eta Zuzendaria) manipulatu egingo ditu, errealitatearekiko harremana berriro apurtu zaiola sinetsaraziko die, lobotomia bat egin diezaioten.

Shutter Island etengabe erasotzen duen ekaitza Andrew Laeddisen buru barruko tximisten eta trumoien proiekzioa da. Amaieran, eta lehenbiziko aldiz, garbi dago zerua. Hori da argudioetako bat frogatzen ei duena Laeddisek jakinaren gainean deliberatzen duela lobotomizatua izatea. Eromenik gabeko bolada batean hartzen du erabakia, berriro eromenean amildu izanaren itxurak egiten dituen arren.

 

18-Badakizu zer den anagrama bat? Doloren Chanal Rachel Solandoren anagrama da, eta Edward Daniels Andrew Laeddisena. “Shutter Island” “Truth and Lies”en anagrama da; baita “Truths/Denials”ena ere. “Arranondo”, Txomin Agirreren “Kresala” kokatzen den herria, “Ondarroa” da; eta “Abiadura Handiko Trena”, berriz, “Handik dator baraua”.

Asmatu anagrama pare bat.

 

19-Euskal Encodingsek euskaraz dakar filma, primeran bikoizturik. Egia bada euskarazko bikoizketarenak egin duela, izugarria da galera, besteak beste hezkuntzari begira. Ikasleek nahiago dituzte Shutter Island bezain ondo bikoizturiko filmak ikusi, jatorrizkoak baino azpitituluekin. Glenn Close eta John Malkovichen “Harreman arriskutsuak” ere ezin hobeki bikoiztu zuten, VHSa salgai jarri zuten, baina desagertu egin da. Zoragarria litzateke Euskal Encodingsen jarriko balute. Laguntza ederra ematen dute altxor horiek (Ezin hobeto, 21 gramo, Psikosia, Ertzetik ibilian, Crash, Freud. Ezkutuko grina, Utzidazu sartzen, Errebelde baten egunkaria, Esnaldiak…) gure ikasleen hezibidean, bereziki Batxi 2ko Psikologian.

 

 

Bob Dylanen kanta batzuen bertsio ez oso ezagunak

Markos Zapiain 2021/02/17 11:38

Ospetsuak egin dira Bob Dylanen abestien zenbait bertsio, besteak beste Peter Paul and Mary, Jimmy Hendrix, June Carter-Johnny Cash eta Adelerenak.

Are hobeak dira beste batzuk ordea, eta ez diegu merezi adinako jaramonik egiten.

Horien artean,

-Josh Turner, Don't Think Twice, It's Alright

-Sam Cooke, Blowin’ in the Wind. (Soinu garbiagoa baina zuzeneko irudirik gabe hemen.)

-Elvis Presley, Tomorrow Is a Long Time

-David Lynch (zinema-zuzendaria, bai), The Ballad of Hollis Brown

-Waxahatchee & Kevin Morby, It Ain’t Me Babe

-Nina Simone, Just Like Tom Thumb's Blues

-Norah Jones, I'll Be Your Babe Tonight

-The Brothers and Sisters, The Mighty Quinn

-Diana Krall, Wallflower

-Beti harrigarri Patti LaBelle, Forever Young

-Carson McKee, Simple Twist of Fate

-Caetano Veloso, Jokerman (Soinu garbiagoa baina zuzeneko irudirik gabe hemen.)

-Bettye LaVette, Things Have Changed

Erosi Markos. Ez zara damutuko

Markos Zapiain 2021/02/06 18:30

Laxantearen mundua beti egin zait erakargarria eta negozio koxkor bat abian jartzera deliberatu naiz. “Markos” izena jarri diogu produktuari, ez bakarrik sinplea eta oroiterraza delako, asko saltzeko egokia; gainera, askapenaren oihartzuna gordetzen du, batez ere Mexiko inguruan. Horregatik ekin diogu inguru hartan publizitate-kanpainari.

Aritz Aduriz eta The Mamas & The Papas

Markos Zapiain 2021/02/05 18:15

Harrigarria eta polita da ikustea zein desberdinak eta askotarikoak diren gizakiak. Ordea, barietatea ez da absolutua. Badira ereduak, patroiak, klaseak. Eredu berari dagozkio Abel Barriola eta Bryan Cranston. Beste eredu bati Aritz Aduriz eta The Mamas and The Papas-en abeslaria.

Ingelesak, gu eta beste edonor baino gehiago

Markos Zapiain 2021/01/11 18:10

Jonathan Coe idazleak esan du Brexita ingelesen nagusitasun sentimendutik datorrela. Berezi ikusten dute beren burua, besteok baino gehiago, garaiago. Nire ustez, zuzen daude.

Bistan da gu baino gehiago direla.

Hizkuntza kontuetara mugatuz: normalean, bi pertsona edo herri desberdin elkartzen direnean, biek erakusten dute elkarrenganako jakin-mina, kortesiagatik baino ez bada ere.

Ingelesek ez: Euskal Herrian berrogei urte daramatzaten jatorri ingeleseko ingeles-irakasle  gehienek ez dute ahalegin zipitzik ere egiten hemengo kultura bost axola zaiela disimulatzeko. Erabat zentzuzkoa iruditzen zaie zu haiena ikasten saiatzea, haiek zurea existituko ez balitz bezala jokatzen duten bitartean.

Ez hori bakarrik: lortu dute ingelesak ez garenok normal ikustea haiek guri ezikusia egiten diguten bitartean guk haiena ikasteagatik ORDAINTZEA, eta ez gutxi gainera!

Azterketa zailak jartzen dizkigute haien kultura ezagutzen dugula erakuts diezaiegun, eta naturala balitz bezala hartzen dute epaile zorrotzaren jarrera: zuk balio duzu, zuk ez. Zuk ez duzu balio, ez duzu nire hizkuntza behar bezala menderatzen; edonola ere, ez ahaztu niregana hurbiltzeko eginahalaren porrotagatik berdin-berdin behar duzula ordaindu. Sartu lehenbailehen sosa Cambridgeko Unibertsitateko kontu-korrontean.

Ez da harritzekoa ingelesak izatea bigarren hizkuntza bat ikasteko orduan alferrenak munduan. Elebakar-kopuru handiena duen herria omen da. 

Orain, Europar Batasunaren Parlamentua, Kontseilua eta erakunde eta ordezkariak oro, Hungariakoak zein Ziprekoak, Lituaniakoak nahiz Bulgariakoak, ingelesez mintzatzen jarri ondoren, alde egin dute.

Ingelesak jenio batzuk dira. Gu baino gehiago dira, inongo dudarik gabe.

Azkeneko adibidea: Stephen Rea Ipar-Irlandako aktore abertzale independentista bat da. Dolours Price IRAko kide ospetsuarekin ezkondu zen.

(Say Nothing bikainaren protagonista da Dolours Price. Gutxi falta zaio Say Nothingi Naparra. Kasu irekia bezain ona izateko.)  

Bada, Stephen Reak adierazi du politikan irlandarrek sarritan galdu duten arren britainiarren aurka, hizkuntza-borrokan irlandarrek garbi irabazi dutela, INGELESEZ HITZ EGITEAN IRLANDAR DOINUARI EUSTEN DIOTELAKO.

Txillardegi gizajoa!

Detektibe basatiak. Arazo bat

Markos Zapiain 2021/01/03 13:55
Mara Larrosa eta Maria Font. Savater eta Sara Torresen ama.

Detektibe basatiak liburu bikaina da, Patti Smithek ez du edozer gomendatzen. Besteak beste, Mexikon poliziari “Javier” deitzen zaiola ikasten duzu. Eleberriko pertsonaiak benetako pertsonetan daude oinarrituta. Eleberria agertu bezain laster, nor den nor zerrendak egin zituzten. Maria Font pertsonaia, adibidez, Mara Larrosa da, bere argazkiak Interneten daude.

Roberto Bolañok Mara Larrosaren sexu jardueren berezitasunak erakusten dizkio munduari. Larrosatarren etxean festa bat ematen ari direla, Mararen amak idazle espainol bati alaba nagusia aurkeztu nahi dio. Ez dute topatzen, ordea. Azkenean patioko etxetxora iritsi dira. Argia itzalita dago, baina kolpe erritmikoen hotsa iritsi zaie barrutik. Larrosa andrea etxetxoan sartu, argia piztu eta han aurkitu du Mara, galtzak jaitsita eta belauniko, Piel Divinari zakila zurrupatzen, honek ipurmasailetan eta aluan zaplada gogorrak ematen dizkion bitartean. Gorri-gorri ditu Marak eremu horiek. Ama ikaratu da. Aldiz, poeta espainol ospetsua nabarmen berotu du Mararen ipurdi jasoaren eskaintzak. Hala ere, jaira itzuli dira bi helduak, eta Marak, Piel Divinaren aztoramena eta gogogabetzea gorabehera, berriro zakila ahoratu eta agindu dio popa, alua eta klitoria jipoitzen jarraitzeko: “segi, ez gelditu, ez dago arazorik”.

Ezusteko bisita erdi ahaztu eta Piel Divinak esku batekin Mararen ipurdia eta alua zigortzen eta bestearekin klitoria eta titiak laztantzen jarraitzen du. Baina Mara ez da orgasmora iristen eta Piel Divinak gero eta bortizkiago jotzen dio. Kolpe bakoitzak Mararen intziri bat deragi, in crescendo: Mararen ipurmasailak sutan, Piel Divinaren eskuak sutan; zakila taupadaka hasi zaio, bihotza balitz bezala.

Mariak ahoan dauka Piel Divinaren zakila, baina oraingoan ez dio estutzen, ez dio zurrupatzen, laztandu egiten dio, mihi-puntaz ferekatu. Zorroan sartutako pistola bat bezala sentitzen du bere zakila Piel Divinak. Pistola ez eskuan, baizik eta kartutxeran.

Mara ere goitik behera dago taupadaka, taupadaka ipurdia, izterrak, aluko ezpainak, klitoria. Piel Divinak eskua bertatik pasatu eta taupadak sumatzen ditu, ezin beroago jartzen dute. Ahaleginak egin behar ditu ez etortzeko. Marak intziri egiten du. Piel Divinak kolpatzen duenean ozenagoak dira alarau horiek. Halako batean Mara isuri egin da, halaber Piel Divina. Apur bat freskatu eta jaira itzuliko dira.  

Liluragarria da, irakurlea harrapatzen du. Eta Bolañok nahi du mundu guztiak jakitea Maria Font Mara Larrosa dela. Hori ezkutatzea ez zitzaiokeen batere zaila. Mara Larrosaren aurkako mendeku bat ote da, besteak beste, Detektibe basatiak? Bolañok baimena eskatu ote zion bere intimitatea horrela erretratatu eta plazaratzeko? Gustatuko litzaizuke planeta honetako eta beste edozein planetatako irakurleen aurrean zure ama, zu zeu edo zure alaba horrela pintatzea? Woody Allenen Deconstructing Harry-ren protagonista idazlearen ingurukoei ez zaie batere gustatzen. Gehienetan emakumeak izaten baitira literatura mota horren jo-puntuak, erantzuteko edo beren bertsioa azaltzeko aukerarik ez dutenak, analfabetoak direlako edo hilda daudelako.

Lagun bati bideo bat grabatzen diozu, baimenik gabe; grabaturiko errealitatea zozoa baldin bada, editatu eta graziaz apaintzen duzu; eta, azkenik, ikus-entzuleen aurrean lagunaren pentzura ZEU luzitzeko, youtubeko zeure kontura igotzen duzu.

La peor parte-n Savaterrek Sara Torresen ama eskolagabeaz kontatzen duen gauza bakarretako bat da, Forocochesen bageunde bezala, beltzak biziki estimatzen zituela amorante gisa. Sara eta bere ama hil arte itxoin behar izan du donostiarrak hori jakinarazteko, bestela ostikada ederra joko lioke Sarak berak potroetan, ondo merezita. 

Hanif Kureishiren emazte-ohiari ere, Intimitatea irakurri eta gero, ez zitzaion gogorik faltako idazleari aldarri egiteko “utzi bakean, ergel alaena! Ez idatzi sekula gehiago nitaz!”

Horrelakoetan ez al dute Bolañok, Savaterrek zein Kureishik  gaizki erabiltzen primeran idazten jakiteak eta argitaratu ahal izateak ematen dien boterea? Zenbaitetan ez dira miserable samarrak idazleak irakurlearen arreta erakartzeko edo epatatzeko darabiltzan baliabideak? 

Jarrera horren oinarrietako bat egolatria patologiko bat izaten da, eta terapia xume batez senda liteke: laurogeita hamar egunez, ez erabili “ni” izenordaina, ez mintzoz ez idatziz.
Idazlearen erantzuna izaten da bere burua ere gupidarik gabe pintatzen duela. Ordea, ez da gauza bera suizidioa eta homizidioa. Egia da musukoa erantzirik zure burua arriskuan jartzen duzula, baina besteak ere babesteko behar duzu jantzi. Zure burua barregarri edo gorrotagarri uztera mugatuz gero, edo zure burua hiltzera, eskubide osoa duzu, noski; baina eman bake pixka bat besteei. 

 

EMAKUME IRAINDUAK IDAZTEN DAKIENEAN

Bestelakoa izaten da arazoaren bilakaera: interesgarriagoa, aberatsagoa. “Maitasuna eta anarkia” suediar seriean, bada bere literatura goi arnas delikatukotzat duen ergel bat, best-sellerrak mespretxatzen dituena, Stephan. Autofikziozko liburu bat eraman du argitaletxera, “Harrapari”. Emazte-ohia zoro lez ageri da bertan.

Argitaletxekoek arazo ekonomikoak dituzte, eta, konpondu nahian, bere burua enpresa erraldoi bati saldu behar diote, liburugintza erabiltzen duena nolabaiteko kultur ospea lortzeko: ez da dirua munduan axola zaien kontu bakarra.

Ordea, liburu-azoka garrantzitsu batean argitaletxeko ordezkariei hitzaldiak bota baino lehen opilak marihuanaz bete dizkiete, eta barregarri bezain lotsagarri gelditu dira. Makoenpresari ez zaio batere gustatu, salmenta kili-kolo dago, eta argitaletxeak irudi irrigarri hori garbitzen ahalegintzea erabaki du. Nola? Idazle harroaren liburua argitaratuz, jakin baitute emazte-ohia kultura arloko postu garrantzitsu batera igo dutela eta gogor ihardukiko duela. Sortuko den eskandaluak azokakoa estaliko du.

“Nitaz kexatzeaz nekatzen denean, bere lagunak larrutzeari ekiten dio”, idatzi du gizonak andreaz bere liburuan. Halaber: “Lanetik etxera iritsi nintzenean, harrera-gelako ispilua puskatuta zegoen, kristalak nire oinetakoetako zoletan iltzatu ziren. Bainu-gelako baldosa hotzetan eserita zegoen, hankak zabalik, ispilu txiki bat hankartean. Eskatu zidan ispiluari begiratzeko eta esateko ikusten nuenaz zer pentsatzen nuen, jakin nahi zuen zein hitz erabiliko nituen bere parte sentsibleak aipatzeko”.

Argitaletxekoek atera baino lehen eman diote “Harrapari” emazte-ohiari.

Argitaratu bezain laster, emazte-ohiaren kritika prentsan: “nobela izatera ere ez da iristen “Harrapari”. Gizon bakartientzako panfleto triste antzeko bat da. Gainera, autoreak larrua jo bezain gaizki idazten du.”

Argitaletxeko burua pozez zoratzen. Gainditu dute krisialdia.



Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.