Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Joan Mari Irigoien (X)

Joan Mari Irigoien (X)

Markos Zapiain 2022/08/04 17:10

 

Nik dakidala Joan Mari Irigoien izan da gurean eutanasiaz buruargitasun eta ausardia handienaz aritu dena. Letra txikiaz bada ere 2002ko poema liburuan, artean osasuntsu zebilen altzatarrak Amodiozko gutun hau idatzi zion eutanasiari:

 

AMODIOZKO GUTUNA 

Printzesa urrun baten izena duzu,

Eutanasia,

baina nik hurbilago nahi zintuzket,

maite-maite baitzaitut,

eta ez baitut burutik baztertzen zu neure egitea noizbait,

edo ni zeure, hobeki…

 

Zu, Eutanasia, ene azken orduko esperantza;

zu, ene azken hatsa;

zu, ene Buda errukibera;

zu, ene balizko sufrimenduen aringarri;

zu, ene maitaleen maitale.

 

Barkatu atrebentzia,

hurrengoan Eutanaxi deitzen badizut…

 

Behin alboko esklerosiak eta depresioak harrapatu ostean ere, Irigoienek eutsi egingo dio Amodiozko gutunaren zirtoari, Arantxa Iraolari Berrian eman zion elkarrizketa zoragarrian ikus dezakegunez.

Nolanahi ere, 2015eko Bi urtetako kronika fakultatiboa poemategian egingo die Irigoienek aurre sakontasunik hunkigarrienaz eritasunari, ezinari, pentsamendu txarrak trumilka bururatzeari, depresioari eta eutanasiaren aukerari. Esaldi guzti-guztiei darie egia gordina. Frantsesek badute non ikasia.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.