Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Autonomia eta duintasuna (VII)

Autonomia eta duintasuna (VII)

Markos Zapiain 2022/08/02 14:45

Eutanasiaren aurkako Houellebecq eta Ferry puntu batean bederen zuzen daude: aldekook arinegi darabilgu auzi honetan “duintasun” kontzeptua: Dignity in dying, Duintasunez hiltzeko eskubidea, Mourir avec dignité, Morir con dignidad… 

Duintasun kontzeptuaren erabilera horrek suposatzen du giza duintasuna autonomiari loturik legokeela. Eritasunak eta zahardadeak mendekotasunean katiga gaitzakete, mendekotasun fisiko zein psikikoan, baina, Houellebecq eta Ferryren iritziz, heteronomiak ez dakar duintasuna galtzea. Are gehiago, arras higuingarria zaie eri izateak, edo zahar, duintasuna kentzen dizulako ideia. Eta horixe da belgiar lege proposamen honek ere iradokitzen duena, baieztatzen duelarik “zainketa paliatiboak eta eutanasiak ez dute elkar baztertzen: aitzitik, bi aukera osagarri dira, aurre egiteko oinazearen eta larritasunaren errealitateari, duintasuna eta autonomia galtzeari”.

Ferryri dependentzia eta duintasun eza berdintzea 1930eko urteetako doktrina zitalenen mugakidea dirudio, eta maila moralean pairagaitza. Houellebecqek ere antzeko sentimenduz salatzen duenez, eutanasiaren aldezleek “erruki” eta “duintasun” hitzen esanahia "hainbeste distortsionatzen dute, ez bailitzaieke ahoskatzen ere utzi beharko.”

Ferryren ustez, eutanasia galdatzen duen dama zahar depresiboaren eskaera ez da inondik inora librea. Gure gizarte gaztezaleetan hain maiz eman zaio aditzera, are zuzenean bota, ez dela lehen bezain eder eta autonomoa, atso itsusia, inutila, alferrikakoa eta kaltegarria dela, eta zama, hondakina, duintasunik gabeko gauza… Azken batean, behartzen dugu uste izatera ez zaiola gelditzen “duintasun” ospetsu horretan bildurik hiltzea baino. Duintasun hori, Ferryren esanetan, ez baita indiferentziaren beste izen bat baino. Era berean, Ferryk ez du sinesten duintasuna galdu duela sinetsarazi zaion dama hori hiltzea errukizkoa denik. Aitzitik, behin errukiak bultzatzen ei duen eutanasiari azala kenduta, bistan gelditzen da sentimendu makur hauxe indartzen eta hedatzen duela: gero eta pertsona gehiagok, zahartu ahala, duintasuna galtzen doazeneko sentimendua. Alderantzizkoa da haatik Houellebeck eta Ferryk proposatzen dutena, alegia, bitarteko guztiak ipintzea zaharra sentimendu ilun horretatik ateratzen laguntzeko.

Bat dator Ferry tema eta gehiegikeria terapeutikoari uko egitearekin. Baita indarrean dagoen legedi frantsesa modu zabalean interpretatzearekin ere. Ez ordea suizidio lagundua legeztatzearekin. Egokiagoa iruditzen zaio zainketa paliatiboak erabili, hobetu eta zabaltzea. Kexu da, Frantzian gero eta zailagoa delako zainketa paliatiboak jasotzea.

Ferryk dioenez, gizakiak duintasuna bere erruz gal dezake, krimen ankerrak egin edo tesi arrazistak aldezteagatik, besteak beste, baina ez noski ahula, eria edo zaharra izateagatik. Halatan, gizakion eskubide absolutua aldarrikatzen du ahul eta mendeko izateko, laguntza behar izateko; gaixo eta zahar gaudenean ere maitasuna jasotzeko eskubide argia. Egia esan, aukeran nahiago aldarrikapen hori, eta ez eriari sinetsaraztea hobe lukeela ohea libre laga eta mundua gogaitzeari utzirik.

Bestela, Ferryren esan gogorretan, ematen du gure gizarteak zahartzaroa eritasuntzat hartzen duela, soilik eutanasiak senda lezakeena.

Amatiño
Amatiño dio:
2022/08/02 16:11
Aukeran datorkidan gaia. Aurretiazko Borondateen Agiria eskatzen harrapatu nauk. Ez diat, ordea, lortzen Osakidetzaren eskabideak internetez betetzerik. Hauxe gero paradoxa: hil aurreko borondateak finkatzeko besteko jainkoak garelakoan... eta azken borondateok zehazteko formularioa ere ezin gainditu.
Markos Zapiain
Markos Zapiain dio:
2022/08/02 16:39
Kar-kar-kar, zein poliedrikoa den giza finitutasuna!

Horretaz ohartzeko, ez zagok Osakidetzarekin harremanetan jartzea bezalakorik.

Joko literario eta filosofiko handia eman zezakek hire paradoxak, Amatiño, primeran adierazten dik gure garaiaren ezaugarri nagusietako bat.
Amatiño
Amatiño dio:
2022/08/03 07:48
Hala ere, umorea galdu behar ez den moduan, eta zentzu kritikoari eutsi, ez zegok beti gaizki hazitako umemokoak bezala aritzerik. Nik behintzat aitortu behar diat, eguneroko praktikaz eta eskarmentuaz, 1940eko hamarkadan jaiotako euskal hiritarrok dugun zerbitzurik onena Osakidetza dela. Eta Debakoa, zehazki, munduan onena.
Markos Zapiain
Markos Zapiain dio:
2022/08/03 10:38
Bai, izebarekin zein aitarekin bihotzez eskertzeko moduan aritu zituan Osakidetzakoak. Buruan nuena: batetik, ez oso garrantzitsua: Osakidetzarekin eta beste erakunde batzuekin harremanetan jartzeko 50 urtetik gorakook BAK, BACQ eta horiekin ditugun arazoak. Bestetik, benetan larria: ospitale falta duk arazoa, eta ospitale askotan dagoen langile falta, eta lanean dabiltzanen baldintza eta soldata eskasak; hori guztia, pribatizazioari loturik. Debakoa bezalako Osakidetza gehiago nahi ditiagu, Osakidetza sendoagoa.
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.