Deleuze ez zen estalinista izan
Houellebecqek Deleuzeri leporatzen diona da lagundu izana familia eta gizarte tradizionala desegiten, humanismoa zokoratzen, hippyak filosofiaz elikatzen. Houellebecqek uste du hainbeste sufriarazi duen bere ama, adibidez, Deleuzeren tankerako friboloen emaitza dela, uste du Deleuzek desiren jario eta zirkulazio librea aldarrikatu izanak zerikusi zuzena duela amak Houellebecq umea aiton-amonen esku abandonatu izanarekin, traba baitzitzaion bere jario libre hippyak sakonki esperimentatzeko orduan.
Indarberritu egin da berriki Deleuzeren izena zikintzeko moda. Houellebecqen adiskide Luc Ferryk eta Michel Onfrayk ia aldi berean egotzi diote estalinismoa. Planifikatua ote kanpaina hori? Ez da ezinezkoa kasualitatea izatea. Dena den, bat dator filosofiak borrokatu beharko lukeen albiste eta datu faltsuak asmatzeko joerarekin, gure garaian ikaragarri areagotu den ohitura zahar hori. Kontua da Deleuze ez zela sekula estalinista izan. Aitzitik, bere lagun gehienak 50eko urteetan Alderdi Komunistan sartu ziren bitartean, Deleuze kanpoan gelditu zen, konbikzioagatik eta izaeragatik.
Orduan? Ferryk zein Onfrayk, biek nahi dute pentsalari berri gisa agertu, beren berritasuna nabarmenarazi, eta hori egiteko kontrastea behar dute, XX. mendeko bigarren txanpan nagusi izan ziren filosofiekiko desberdintasuna azpimarratu, eta aditzera eman pentsaera eta aro berri bat ari direla inauguratzen. Bereizte hori helburu, zaku berean sartzen dituzte Sartre, Althusser, Foucault eta Deleuze, oso diferenteak izan ziren arren haien ibilbideak.
Deleuzek hurbilago zituen anarkistak komunistak baino. Beti aldeztu zuen 68ko maiatzeko iraultza. Kapitalismoak adina nazkatzen zuen edozein kolektibismok. Seguritate sozialari ez zion sinpatiarik. Hori bai, egia da hil zenean “Grandeur de Marx” izeneko liburu batean ziharduela lanean. Txillardegik, Joxe Azurmendik edo Terry Eagletonek bezala, sarritan kritikatu bazuen ere Marx, inoiz ez zituen haren aurkikuntza jenialak ukatu, miresten baitzituen. Ordea, Deleuzeren materialismoa ez zen dialektikoa, baizik eta gaseosoa, eta horregatik egiten zaio hain zaila edozein botere faktikori haren filosofia harrapatu, desaktibatu eta Cheren elastikoa bezala integratzea.
Inbidiagarria da Ferryk zein Onfrayk jendaurrean mintzatzeko duten erraztasuna eta abiada, eta zenbat liburu argitaratzen dituzten oso epe laburretan, baina beharbada presa horrexek eramaten ditu besteengan gogor salatzen dituzten bekatuak egitera, hala nola errealitatea aintzat hartu ez eta mintzozko erasoak argudioz mozorrotzeko ondo datozkien datu aizunak asmatzera.