Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Gaur egun Frantzian gaizki hiltzen gara (VI)

Gaur egun Frantzian gaizki hiltzen gara (VI)

Markos Zapiain 2022/08/02 13:50

Izeba bat lurperatu dugu berriki Irungo hilerriko Santa Elena kalean, Meliton Manzanasen hilobitik hogei metrora. Biziki frantsestua (primeran hartu zuten Frantzian han pasa zituelarik haurtzaro eta nerabezaroa gerra zibileko errefuxiatu gisa, eta itzuli zenean ahaztua zuen gaztelania), ehortzi bitartean Edith Piafen La vie en rose jartzeko eskatu zuen. Gaur jakin dut beste izeba bat Melitonen kuadrillakoa zela, baina 104 urte ditu, ez dakit oroituko den.

Behin batean, gauez, ilbetea zen, Jabier Martinez Ibargoien “Triki”, hil berria halaber, Manzanasen hilarrira igo, galtzak jaitsi, kokoriko jarri eta sekulako zorongoa utzi zuen bertan, marrazki bizidunetako euliak jira-bira.

Izebak eutanasia eskatu zuen. Eutanasia aktiboa, maite dugunari heriotza probokatzea, ikaragarria da, eta gutako gehienok jota uzten gaitu. 

Alde batetik, normala da pentsatzea gizabanakoaren bizia berari dagokiola eskubide osoz, eta nork bere gisara antolatu eta xedatu behar duela, batik bat bizitzaren amaieran, sufrimenduak existentzia jasangaitz bihurtu eta egoera hobetzeko itxaropenik ez dagoelarik. Ikuspuntu hori da nagusi gurean, Espainiako legedia determinatu du, eta Ferry bezala eutanasiaren aurka dauden askok onartzen dute.

Ordea, eta hauxe da Frantzian eutanasiaren lege argi bat gauzatzeko eragozpenetako bat, Houellebecq zein Ferryk nabarmentzen dutena: normala da ere irudikatzea suizidio lagundua legeztatze esplizitutik hainbat gehiegikeria erator litezkeela. Inork ez du ospitale batean sartu nahi arriskatuz bere egunak, edo maite duen beste zahar batenak, berez eta modu onean luzatzeko eragozpenik ez luketenak, “karitatez” murriztuak eta ebakiak izango direla, “heriotzaren aingeru” deitzen diren horien ekimen alaiari esker, ohe faltagatik edo senide interesatu batek bultzaturik.

Horrela hasten zen 2001eko urtarrilaren 19an Asanblea Nazionalean aurkeztu zen eutanasiaren lege proposamena: “Jaun-andereak, gaur egun Frantzian gaizki hiltzen gara”.

Aspaldi joan zen Frantziak auziak gillotinaz di-da ebazten zituen sasoia. Egun, politikan, arazo konplexuen aurrean, aiduru egote kalkulatzailea gailentzen da maizenik. Ferryk hipokrisia deritzo: gauzak lausoan uzten dira, baimenetik eta debekutik antzeko distantziara, konfiantza emanez epaileen zentzun onberari eta medikuen buruargitasun eta trebeziari. Ez deliberamendua eta bustitzea eskatzen duen lege zehatz batek, baizik eta medikuek eta epaileek helduko diote zezenari adarretatik. Espero dezagun hil hurrena goxo eta lasai pasatzea beste aldera, hala gertatuko da ziurki.

“Denbora faltagatik” ez zuten diputatuek eutanasiaren lege proposamena onartu.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.