Eskaera zein erantzuna, susmopean (VIII)
Legeak agintzen duenez, eutanasia erabili baino lehen ardurazko neurriak bete behar dira. Dena den, neurriak neurri, arriskuek iraungo dutela uste du Ferryk. Eritasuna, ospitalean sartzea bera, depresio faktore garrantzitsua da, eta depresioaren lehenbiziko sintoma, hain zuzen, norberaren biziarekiko indiferentzia.
Ferryk jakinarazten digu mendebaldeko dozena bat herritako medikuei egindako inkestek erakusten dutela ehuneko 40k baino gehiagok eutanasia eskakizunei aurre egin behar izan dietela. Inork ez daki zehazki zenbatek erantzun duen baietz, baina kopuru horiek erakusten dute eutanasiaren praktika ohikoegia bilaka litekeela. Halatan, ez litzateke ez egokia ez zuzena eutanasiari eta suizidio lagunduari bidea zabaltzea.
Ferryk ez du uste suizidio lagundua gizabanakoaren eskubide funtsezkoa dela, baldin eta bere fakultate intelektualen jabetza osoan dagoen pertsonak era librean erabakitzen badu, zeren eta normalean ez baitu egoera ideal horretan dagoen pertsonak eskatzen.
Ez da egia suizidatzen laguntzeko eskaeraren eta erantzunaren arteko harremana librea denik: ez da egia alde batetik bere buruari gardena zaion subjektu baten askatasun perfektua dagoela, kontziente eta erantzulea, soberaniaz eskatzen duena duintasunez hiltzea; eta bestetik errukiak bultzaturiko erantzuna, alegia, onarpen humanitarioa, errepikatzen duena ez dela gizalegezkoa hil nahi duen pertsona bakardadean eta sufritzen uztea, laguntzarik gabe.
Ferryk azpimarratzen du suizidatzen laguntzeko eskatzen duena ez dela osotoro autonomoa, hemen “laguntza” nozioa erabiltzeak berak erakusten duenez, laguntzak ezinbestez inplikatzen baitu beste batekiko harremana. Eta eutanasiaren aldekoak laguntzaren ESKAERAN zentratzen dira. Aski dute ondo oinarritua dagoela egiaztatzeko bermeekin. Hainbat prozedura asmatzen dituzte laguntza eskatzen duen pertsonaren jokabidea librea dela ziurtatzeko, bere borondate kontziente eta autonomoa adierazten duela, eskaera zenbait aldiz errepikatzen duela, lekukotza eman dezaketen hirugarrenen aurrean, eta abar.
Ferryren esanetan, beste bati eginiko dei desesperatuak erakusten du, suizidio lagunduaren aldezleek sagaratzen duten autonomia indibidual idealaren aldeko froga izatetik urruti, ezen eskatzailea, auzi honetan, funtsean dela psikologikoki, moralki eta izpiritualki mendeko; hala ez balitz, bestalde, beste barik suizidatuko litzateke, inongo laguntzarik gabe.
Edozelan ere, oroz gain eskaeraz arduraturik, ia ahaztu egiten da kontratuaren beste erdia: laguntza eskaerari emandako ERANTZUNA.
Ferryren iritziz, hain zuzen, EMANDAKO ERANTZUNAREN ARAZO ETIKOA DA ESENTZIALTZAT HARTU BEHARREKOA, eta ez horrenbeste eskaeraren nolakotasunaren egiaztatze obsesiozkoa. Zer jende motak erabaki dezake erabateko ziurtasunez laguntza eskaera bati erantzunik egokiena heriotza eragitea dela? Ideia honek dardaratzen du Ferry: maite ditugunak desesperaziozko egun batean minik gabeko “irteera” azkarraren aldeko doktore ikaragarri horien esku jausteak. Karitatea maizegi ez baita mozorroa eta aitzakia baizik.
Ferryk ez du sinesten ez eskaera librean ez karitatezko erantzunean. Eta kasu hau irudikatzen du, eta gurasoen azalean jartzeko eskatzen: hamazortzi urteko neska dugu, mutil batez txoil amorostua. Mutilak neska bazterrera utzi eta neskak ezustean beste neska batekin musukatzen aurkituko du mutila. Gure protagonistarentzat, biziak galdu du zentzua, amaitu beharra dago. Zein gurasok nahi luke neska orduantxe suizidio lagunduaren aldezle baten eskuetan jaustea?
Ferryk nabarmentzen du neska heldua dela, ez dagoela erotua, kontzientzia osoz mintzo dela, modu zeharo koherentean: bizitza hau utzi nahi du, kito. Nahikoa da haren eskaera onartzeko? Bistan da ezetz. Jende orok ulertzen baitu bere adierazpena ez dela benetan librea, baizik larridurak bultzatua, eta esperientziak erakusten digu pasako zaiola. Halako baldintzetan, heriotza emanik erantzuteak ez du deus humanitariotik ez errukizkotik, dio Ferryk: hurbilago dago hilketatik.