Joxe Azurmendiri buruzko liburu posible bat (1)
Joxe Azurmendik argitaraturikoak beti erantzuten dio jendartean puri-purian dabilen eztabaidaren bati, eta haren interbentzioek zuzenean hartzen dute parte polemikan: euskara batuak mordoiloa ala garbia behar ote duen, Euskal Herriaren harremanak Frantziarekin eta Espainiarekin, ETA, biolentziaren kondena, EHU/UPVk Mirande baztertu eta Ernst Jünger bezalako nazi aitortuak saritzeak zer adierazten duen, gure politikoen jokabide penagarria oro har eta zehazki kanpaina elektoraletan, kooperatibismoaren eta marxismo ortodoxoaren arteko talka, euskaltzaletasuna baztertu behar ote den independentismora jende gehiago erakartzearren…
Batzuetan orokorragoak izaten dira galderak eta aztergaiak: balioen krisia, teknikaren nagusitasuna, Jainkoaren heriotza, giza askatasuna (ea gizakia benetan den libre, edota filogenesiak edo soziologiak edo Jainkoak determinatzen ote duen), edota gizakia naturak eta kulturak osatzen duten, zein den naturaren eta kulturaren arteko harremana, natura eta kultura garbi bereiz ote daitezkeen, bizitzaren zentzua…
Azurmendiren obran orain arte euskarari eta abertzaletasunari dagozkion atalak ikertu eta nabarmendu izan dira bate ere, Hegats eta Jakin aldizkariek zegamarrari eskaini dizkioten ale bereziek erakusten duten bezala. Ez legoke txarto eguneroko eztabaidetatik kanpo gelditzen ohi diren beste zenbait gairi ere heltzea: besteak beste, filosofia bera zer den Azurmendirentzat, ontologia eta metafisika, epistemologia, zientzia eta teknika, antropologia, hizkuntza, estetika, historia, etika, politika, zuzenbidea eta kooperatibismoa.
Onartu gaizki egon zela eta eskatu barkamena!
Eskema beti da antzekoa: nik agintzen dizudana bete behar duzu zuk; eta nik, berriz, nahi dudana egingo dut, agintzen dizudanaren kontrakoa barne. Berriki arte, izurritu hutsa zinen etakide edo HBren jarraitzaile izan bazinen; oraingoan, EAEko hedabide nagusiek sentiarazi nahi dute Euskal Rock Erradikala gustatu bazitzaizun erredimitzen ahalegindu beharko zenukeela.
Salbabideko lehenbiziko urratsa izan liteke garai hartako Espainiako musika popularraren panorama orokorra hobeto ulertzeko elementuak eskaintzea. Bada madarikatua izanik gozatzen duen jendea, baina gehienok bakean utz gaitzaten nahi izaten dugu oroz lehen.
Beraz, gizarte osoaren onura bilatuko dugu, oraingo honetan pedagogiaren bitartez.
Garai hartako Espainiako izpiritua hobeto ulertzeko:
-"Pinguino bat nire igogailuan" taldearen "Igogailuan harrapatuta".
-"Polanski eta irrika" (edo "Polanski eta bihotzerrea") taldearen "Neska beltza" edo "Ez du lakarik erabiltzen".
-Batzuen ustez, "Paradisua"ren "Zuretzat" pederastiaren apologia da, baina ez dago bat ere argi. Niri egundoko kanta iruditzen zait. Ea zuri.
Luis Antonio de Villenaren poemek eta autobiografiek bezala, El Zurdo-ren abesti horrek ere ederki kontsolatu eta adoretu zituen 1980an homosexualak zirela aurkitzen ari ziren Euskal Herriaren hegoaldeko hainbat nerabe. Artean hamar urte falta ziren Iñaki Mendigurenen Haltzak badu bihotzik eleberrirako, eta hamabost Goenkaleko bikote homosexualak agertzeko.
Ondo pentsatuta, ez nago prest Zaramaren miresle izateaz dolutzeko; ez ditut Lezoko eta Irungo kontzertu gogoangarri haien oroitzapenak baztertuko, are gutxiago, bakarrik Zarama ikusteko bakarrik egin nuen lau ordu pasako erromesaldiarenak: Irunen topoa Donostiaraino, Donostian busa Bilboraino, eta gero oinez Olabeaga eta Zorrotzatik Santurtzin eman zuten kontzertura iritsi arte. Sestao igarota, belardi batean, asto bat ikusi nuen zuhaitz bati lotua. Auskalo zergatik gogoratzen dudan hain argi, begiratu zidan moduagatik ziur aski, arranoaren begirada baitzuen, ez astoarena.
Musu ondo emateko aholkuak
Eva Illouzen esanetan pasioa izozten ari den gure garai honetan, Byung-Chul Hanek dioenez Eros agonian den honetan, ondo etorriko zaigu musu ondo emateko aholku-sorta bat, geranio-musuetan espezializatu den Bob Dylanen eskutik, ederki dakiena, halaber, nola eman despedida-musua piztia garrasilariari.
Testu honek musua laudatu nahi luke, noski, zeharka bada ere. Printzeak kantatu zuenez, izan ere, nire bikotekide izateko eta nire mundua gobernatzeko ez duzu zertan aberats izan, edo guai, edo errukitsu, edo melomano; zure denbora librea eta zure musua da zinez nahi dudana.
Pasioaren izozteaz eta Erosen agoniaz gain, kontua da berriki arte, erdi ahaztua dugun arren, lagun edo ezagun jakin batzuk kalean edo lantokian topatu eta musu ematea izan dugula ohitura. Baina musukoak musuari traba egiten dio, eta praktikarekin batera trebetasuna ere galtzen ari gara. Ederki ikasi dugu zer duen Rafa Ruedak buruan, abesten duelarik "bi muxu eta ezer ez". Eskasia hori are gehiago okertu zuten itxialdiaren zenbait ondoriok. Manu Etxezortu eta biok irratian Filosofiaren Historia Gaurkotua egiten geniharduela, itxialdi betean, Gotzon Blanco deituko dugun baten mezua jaso genuen. Berak badaki zergatik deitu diogun Gotzon Blanco. Mezua apur bat moldatu dut:
"Nire emazteak dio gero eta okerrago ematen diodala musu. Musukoa eta konfinamendua baino lehen aski txarra nintzen, baina orain gero eta baldarrago nabil, nabarmen egin omen dut gainbehera. Zuen laguntza behar dut. Orain arte primeran konpondu izan gara Maribi eta biok, baina beldur naiz, arazo honek ez ote duen gure harremana hondatuko, are puskatuko. Zuen erantzunaren zain, adeitasunez, Gotzon".
Mezu honek eraman gintuen irratsaioan atal berezi bat irekitzera, eguneroko bizitzari lotutako arazoak filosofiaz bideratzeko aholkuekin. Hasieran dudak izan genituen, maila emango ote genuen, behar bezala erantzuteko gai izango ote ginen, baina azkenik larregi pentsatu barik aurrera bolie, horrela egiten dira-eta gauza inportanteak.
Aholku hauxe eman genion Gotzon Blancori, Bob Dylanek musuari buruz egin zuen ordu eta erdiko irratsaioan inspiratuta, Betty Everetten "The Shoop Shoop song" alaiaz hasten dena. Besteren batek profita lezakeenez, hona hemen:
“Aupa Gotzon, zuzen zaude, bikotean biziki garrantzitsua da behar bezala musu ematen jakitea. Aurrena zure buruarengan konfiantza izan eta lasai egon behar duzu, musua joan dadin, Leteren poeman bezala, 'hain geldi, hain leun'.
Musuari ekin aurretik, ganoraz busti mihiaz ezpainak, inork ez du espartzua musukatzea laket. Ondo hurbildu andrearengana, ondo itsatsi. Makurtu burua apur bat, alde batera.
Ezpainak elkartu baino lehen, dilema hauxe pizten da maiz: begiak itxi, ala irekita atxiki?
Honezkero jakingo duzu Maribik zer nahiago duen. Dena dela, zaletasunak aldatu egiten dira, ez soilik adinarekin, baizik eskualdez eskualde. Deba Goienean, esate baterako, begiak zabalik uztea gustatzen zaie musu eman bitartean. Beharbada Maribik nahiago luke zuk begiak ixtea, edo alderantziz, baina ez dizu eskatu, ez delako ohartu. Hainbatetan ekarri du bikotearen puskatzea, musu betean begiak supituki ireki eta musukidea tinki so daukazula ohartzeak eragindako sustoak.
Dena den, harremana azkenik apurtu eta beste norbaiti lehenbiziko aldiz musu eman behar bazenio, gure aholkua da musukideak zer nahiago duen egiaztatu arte seguru jokatzea eta begiak ixtea.
Begiak itxi, hortaz, eta ireki ezpainak, baina ez kidearen buru osoa irensteko moldez, apurtxo bat baino ez. Eutsi arnasari, sudurretik hartu arnasa. Zure ezpainek poliki estutu ditzatela lagunarenak. Ezpainak eztiki mugitu, mugimendu zirkularretan.
Izan zaitez atsegina, Gotzon, baina aldi berean irmoa.
Azkenik, ez da gutxietsi behar eskarmentuak aditu egin duen Bob Dylanen aholku hau: ez ahaztu mentazko goxokiak, ez dugu arnasa goxoaren erakargarritasuna gutxietsi behar.
Horrenbestez, Gotzon, zorte on eta musu on. Kontatuko diguzu.”
Eta orain, irakurle, aholku horiek gogoan fresko, hurrengo minutuak praktikatzeko dauzkazu, ahal izanez gero. Alboan ez baduzu musu emateko moduko lagun bat, orduan eskua erabili, barruko aldea zein kanpokoa, edo bestela musukatu musukoa bera. Ganoraz eta luzaro ikasi eta praktikatuz gero, agian egunen batean hel gintezke musu-kontuetan Pirritx, Porrotx eta Marimotots bezain jakintsuak izatera.
Musuari buruz, milurteko berri honetan
Berriki argitaratu edo berrargitaratu diren hiru liburu baino ez aipatzearren: Alexandre Lacroix-en 2011ko “Musuaren teoriari ekarpena” (Kierkegaardek agindu bai baina idatzi ez zuen liburu baten izenburua), Belinda Cannone-ren "Musua, apika" (2011koa, halaber) eta Céline Hess-Halpern-en “Musuaren laudorioa” (2020koa).
Hess-Halpern eta Lacroix ez datoz bat. Hessen ustez, musua unibertsala da. 16 ureko alabak galdetu zion ea gizaki prehistorikoek musua erabiltzen zuten eta alabaren galderari erantzuna da liburua. Dirudienez, amak umea janaria ahotik ahora emanez elikatzeko ohitura da musuaren aitzindaria. Txorien antzera egiten omen genuen. Ahoz elikatze hori naturala litzateke, eta gero mendez mende eta kulturaz kultura bilakatu eta aldatu egin da. Beraz, musuak badu kulturatik, baina naturala du jatorria.
Lacroixen ustez, berriz, musuaren jatorria ez da hain naturala. Larrua jotzea bai, naturala da, espezieak exijitzen du, iraun ahal izateko. Aldiz, musua ez da beharrezkoa, eta horrek interesgarriago egiten du, apetatsu, gizatiar, misteriotsu.
Froga: mundu osoan egiten da maitasuna, baina ba omen dira munduan musu ematen ez duten lurralde zabalak, besteak beste Sahara azpiko Afrika.
Dirudienez, guk ezagutzen eta erabiltzen dugun ezpainetako musu-moldeak Erroman du jatorria, erromatar inperioan kodifikatu zuten aurrenekoz. Hiru musu-mota bereizi zituzten: batetik, “basium” delakoa, hortik gaztelaniazko “beso” eta frantsesezko “baiser”. (“Basium”en jatorrian sanskritozko “bhaad” aditza ei dago, “ahoa ireki” esan nahi duena). Familia barruan erabiltzen zen basium hori: amak alabari ezpainetan ematen zion musu, aitak semeari, nebak arrebari; bestetik “osculum” delakoa genuen, korporazio edo alderdi politiko berekoek elkarri ematen ziotena, Europako ekialdean gordea, kristau ortodoxoen artean, Brezhnev eta Honecker-en arteko musukatze ospetsuak erakusten duenez. Maria Chivite eta Bakartxo Ruiz irudikatu dituzte berriki horrela, osculum bete-betean; eta azkenik “suavium”, maitaleen musua, aztergai nagusi duguna.
Lacroixen esanetan, Erroman musua soziopolitikoa zen batik bat, eta berdinen arteko kidetasuna adierazten zuen nolabait, partaidetza: familia berekoak garenez musu ematen diogu elkarri ezpainetan, talde politiko berekoak garenez musu ematen diogu elkarri ezpainetan, bikotea osatzen dugunez musu ematen diogu elkarri ezpainetan.
Beraz, Lacroixen ustez, musua zeharo kulturala da, eta Mendebaldetik kanpo edo ez dute erabiltzen, edo desberdina da ematen dioten zentzua. Unibertsalizatu baldin bada, berriki izan da, Hollywoodeko zinemaren eraginez.
Cannone andereak, azkenik, desiraren eta musuaren arteko harremana aztertu du. Prostitutek ia ez dutela musu ematen dio, zailagoa dela desirarik gabe musu ematea larrua jotzea baino. Sexu-zerbitzu bat sal daiteke, baina desira ez, eta musua erabat lotzen dio desirari, nahiari, maitasunari.
Bestalde, itxialdian, eta baita orain ere, jende askok aipatzen du kalean beste barik musu eman zitekeen garaiaren nostalgia. Eta, dirudienez, hedatu eta biderkatu egin da emailak “musu”, “musu bat” edo “musu handi bat” hitzekin amaitzeko ohitura. Zenbaitek errazkeriatzat dauka musu birtual hori: aurrez aurre ausartzen ez, edo gutxitan, edo ezin, eta idatziz munduko musu-emailerik oparoenak bilakatzen gara. Ordea, Cannonek ez du musu birtuala mespretxatzen, zilegi iruditzen zaio, eta gehienetan benetakoa; hau da, musu birtualek sentimendu edota desirazko bultzada gogor bat adieraz dezakete.
Irailean "Besarkadaren laudorio txiki bat" argitaratu du Belinda Cannonek, tangoa aztergai nagusi.
Francesco Patrizi, musuaz
Musukoaren garai hauetan ez da harritzekoa musuari buruzko jakin-mina piztu izana. Orain arte, filosofoek ia ez diote jaramonik egin musuari. Kierkegaardek iradokitzen du filosofoek musu ematen balekite ez liratekeela filosofo izango, horregatik ez dute musuari buruzko liburu garrantzitsurik idatzi. Ez da gauza bera gertatzen literaturan, pinturan, eta, batez ere, zineman. Gogoratu bestela Paradisu Zinemaren amaiera. Euskal-Encodings webgunean dago, euskarazko azpitituluekin.
Salbuespena, “Delfino edo musuaz” izeneko tratatu labur bat da, Francesco Patrizik 1577aren inguruan idatzia. Patrizi Cres uhartean jaio zen, garai hartan Veneziako Errepublikaren parte, gaur egun Kroaziarena.
Elkarrizketa batek osatzen du liburua, Patriziren beraren eta Delfino gaztearen artekoa, eta Patrizik azpimarratzen du musuari buruz dioen guztiak esperientzia duela oinarri. Musu erotikoak pizten duen sentipen atsegina aztertzen du. Eta, egia bada ere Erdi Aro oro har espiritualistaren ostean, Errenazimenduan ukimenak garrantzi handia hartu zuela, hala ere handia da Patrizi humanistaren ideien originaltasuna eta ausardia. Garai hartan garrantzi handia zuen Marsilio Ficinorentzat, kasu, musua oso arriskutsua da, kemena eta izpiritua alferrik galarazten dizkigu, zahartzen gaitu, heriotza hurbiltzen digu.
Patrizik erantzuten dio musuaren erruz kemena galtzen badugu ere, ez diola axola, aldi berean musu-kidearen kemena geureganatzen dugulako. Gainera, musuaren goxotasunean ezkutatzen da gorputzaren eta arimaren arteko harremanaren misterioa. Musua da materiaren eta izpirituaren arteko muga. Dena den, zaila da musuaren funtsa harrapatzea: bertan nahasteaz gain gorputza eta arima, musuan dago halaber bizitzaren eta heriotzaren arteko mugetako bat. Delfino gazteak galdetzen du zergatik ote den musua hain atsegina, hain leuna, hain goxoa, eta aldi berean hain pizgarri eta elektrikoa. Erantzuna: arimen arteko kontaktuaren mamitzea delako. Mihiak batzean maitaleek arnasa elkarri ematen eta hartzen diote, ez gutxitan azken arnasa balitz bezala.
Sokratesek zioen filosofatzea hiltzeko prestatzea dela, filosofatuz gorputza eta arima bereizten ikasten baitugu. Zentzu horretan, Patrizirentzat eta Delfinorentzat ere, musu ematea filosofia praktikatzea da.
Bestalde, Sokrates eta Platonen ustez, filosofia elkarrizketan mamitzen da, eta musua elkarrizketa gisako bat litzateke, hitzari uko egiten dion arren mingainari eusten diona.
Agian Patriziri eta Kierkegaardi ez zitzaien arrazoirik falta, pentsalariei leporatu zietelarik musuaren gaitasun filosofikoari ezikusia egin izana.
Beatriz Fernandez eta Hannah Arendt ama hizkuntzaz (eta 3)
Esan izan da lehen hizkuntza lotuagoa dagoela oinarrizko emozio eta sentimenduei, eta bigarrena hotzagoa izaten zaigula. Beatriz Fernandezek erakutsi digu hori ez dela beti eta derrigorrez horrela gertatzen, zenbait oroitzapen autobiografiko ikaragarri tarteko, eta polonieratik ingelesera aldatu behar izan zuen poeta baten kasu bitxia.
Gainera, Nahia Sabrinaren kasu jakingarria ere kontatu digu. Bizpahiru urte zeuzkala ekarri zuten Brasiletik Algortara, eta orduz geroztik etenik geratu da lehen ama hizkuntzarekin zuen harremana. Portugesa ahaztu zaio, ez du Brasileko oroitzapenik. Orain euskaraz eta gaztelaniaz mintzo da. Portugesez, Carlinhos Brownen abestiak eta zenbait hitz ezagutzen ditu, baina gerora ikasitakoak dira, ez haurtzarotik gogoratzen dituenak. Nahia Sabrinarenean, bigarren ama hizkuntzek goitik behera ordeztu dute lehenbizikoa. Nahiak ere ez du betetzen ama hizkuntzaren ordezkaezintasunari buruzko Arendten tesia.
Era berean, psikologo kognitiboz osatutako talde batek korear ume batzuen bilakaera linguistikoa ikertu du. Hiru eta zortzi urte bitarteko zirela, adopzioan eman zizkieten guraso berri frantsesei. Koreera ahaztu eta frantsesez moldatzen dira, frantsesa lehen hizkuntza dutenak bezain ongi. Erresonantzia magnetikoetan, halaber, frantsesezko edo koreerazko hitzak entzutean garunen antzeko eremuak aktibatzen zaizkie frantsesei zein korearrei.
Hau da, ikas dezakezu hizkuntza bat gurasoekin bost urte bete arte, ondoren beste hizkuntza batean murgildu, lehenbizikoa ahaztu eta bigarrenean eman zure bizitza osoa, zure bigarren hori lehenbiziko izan zutenak bezain trebeki eta naturalki baliatuz eta biziz.
Beatriz Fernandezen hitzetan, “umetan berezko dohaina dugu gizakiok hizkuntzez ezin hobeto jabetzeko, baina nerabezarotik aurrera dohain biologiko hori galdu egiten dela dirudi. Horregatik hitz egiten da, hain zuzen, aro kritikoaz edo aro sentiberaz.[…] Hizkuntzarako berezko dohain horren galera garunaren plastikotasunarekin lotu izan da: adinez gora egin ahala, hizkuntzaren jabekuntzarekin zerikusia duten neurona-zirkuituek plastikotasuna galtzen dute eta horrekin batera baita bigarren hizkuntzaz, lehen hizkuntzaz bezain trebeki jabetzeko gaitasuna ere. Alabaina, […] bigarren hizkuntza zenbat eta lehenago ikasi, hainbat eta hobeto ikasten da, hainbesteraino non ez dagoen ia ezberdintasunik frantsesa lehen hizkuntza gisa eta 3 urtetik 8ra bitartean ikasitako hiztunen artean.
‘Horregatik, ez dirudi lehen hizkuntzaz jabetzean garunaren plastikotasunarekin loturik sortzen diren aldaketak behin betikoak direnik. Hala izan balitz, alde handiagoa egon beharko zen frantses eta korear jatorriko hiztunen artean, eta ez zegoen. Are gehiago, ikerketa honen emaitzak iradokitzen du bigarren hizkuntza goiz ikasiz gero, ama hizkuntza ikasteko erabilitako garuneko eremu berak erabiltzen direla. 7 eta 8 urteko adinarekin ere, hizkuntza eremuetan plastikotasun nahikoa dago bigarren hizkuntza trebeki ikasteko.”
Nahia Sabrina zein korear umeak nerabezaroa baino lehen jabetu ziren baita bigarren hizkuntzaz ere, eta kasu horiek erakusten dute, Beatriz Fernandezek dioenez, “hizkuntzaren jabekuntzarekin zerikusia duten garuneko aldaketak ez direla berehalakoan egonkortzen, plastikoak (eta aldakorrak) izaten segitzen dutela eta urteetan zehar itzulgarriak direla. Bien bitartean, adoptatutako ume haiek euren bigarren hizkuntzan hitz egiten segituko dute eta ez da antzemango euren eta hizkuntza horiezaz lehenik jabetu zirenen arteko alderik.” (Hizkuntza gogoan, 87-88)
Oso garrantzitsua ez ezik, ezin ederragoa da Hizkuntza gogoan: gaiak, idazkera, idazlearen nortasuna... Gure alaba batek Beatriz Fernandezekin ikasi zuen Gasteizen. Adoratzen zuen. Liburu hau irakurrita, berehala ulertzen duzu zergatik.
Beatriz Fernandez eta Hannah Arendt ama hizkuntzaz (2)
BEATRIZ FERNANDEZ
Problema da ama hizkuntzari loturiko hainbat konplikazio ezin azal daitezkeela Arendtek bere egiten duen ikuspuntu horrekin, hedatuena duda barik. Parametro horiekin, esaterako, nekez erabaki dezakezu zein izan zen Montaigneren ama hizkuntza. Horixe da Beatriz Fernandezek Ereinek argitaraturiko Hizkuntza gogoan apartan ekarri diguna: ama hizkuntzari buruzko betiko ikuspuntua konplikatu, aberastu eta zehaztea. Arendtek, jende guztiak bezala 1964an, ez du erabiltzen "ama hizkuntza" baizik. Aldiz, Fernandezek "ama hizkuntza" baino maizago darabil "lehen hizkuntza", jendartean nabari den gurasotasun dibertsoaren aldeko joerarekin bat, gero eta aiseago aurki baititzakezu ama hizkuntza eta amaren hizkuntza bat ez datozen kasuak.
Kontua da ama edo guraso hizkuntza bat baino gehiago izan ditzakezula, bai aldi berean eta bai bata bestearen ostean. Arendtek elkarrizketa eman zuen garaian, Psikologia Kognitiboa ez zegoen ama hizkuntza ezinbestez bakarraren mitoa deseraikitzeko moduan, artean ez zituen aurkituak hainbat datu zientifiko erabakigarri. Gaur egun badakigu, lehen ama hizkuntza ahaztuta ere, ez duzula zertan bigarren hizkuntzan klixez klixe ibili, eta sormen linguistikoa lehenbiziko ama hizkuntzan bezain indartsua izan dezakezula.
Hori bai, ama edo familia hizkuntza berria ezin dugu edonoiz barneratu. Beatriz Fernandezek bere egiten du Eric Lenneberg amerikar biologoaren aro kritiko edo sentiberaren hipotesia: hizkuntzaz jabetzeko aro zehatz bat dago, nerabezarora arte luzatzen dena. Aro kritikoan hizkuntzarekin harremanik izan ezean, aurrerantzean ez dago hizkuntzaz jabetu eta mintzamena osotoro garatzerik. Hitzak eta hitzen esanahiak bai, ikas ditzakezu, baina ez gramatika.
Nerabezaroa baino lehen, garunaren plastikotasunak hizkuntzak berez, errazki eta naturalki ikastea ahalbidetzen du. Ostean, galdu egiten dugu ahalmen hori. Haurtzarotik nerabezarora arte, ordea, lehen hizkuntza bat ikas dezakegu, eta gero bigarren hizkuntza bat geureganatu eta lehenbizikoa ahaztu. Zein duzu horrelakoetan ama hizkuntza, familia hizkuntza, zeure hizkuntza naturala?
Beatriz Fernandez eta Hannah Arendt ama hizkuntzaz (1)
HANNAH ARENDT
Ama hizkuntzari buruzko ohiko ikuspuntuari jarraitzen dio Hannah Arendtek, 1964an Alemaniako telebistan eskaini zuen elkarrizketa zoragarri batean. “¿Qué queda? Queda la lengua materna” izenburua jarri diote gaztelaniazko youtuben, “Zer gelditzen da? Ama hizkuntza gelditzen da”. Arendtek elkarrizketan botatzen duen esaldietako bat da. Testuingurua: elkarrizketatzaileak galdetu dio ea Hitler aginteaz jabetu aurreko garaitik zer galdu den betiko eta zerk irauten duen.
Arendtek erantzuten dio ez duela 1933 baino lehenagoko urteen inongo nostalgiarik. Eta zer gelditzen den? Hizkuntza. Bera modu kontzientean ahalegindu da beti ama hizkuntza ez galtzen. Ama hizkuntza da Frantziako eta AEBeko erbestealdietan berariaz iraunarazi duen egitate esentziala. Nolabaiteko distantzia ezarri du ederki mintzatzera iritsi den frantsesaren aurrean, edo lan-tresna eta eguneroko hizkuntza duen ingelesaren aurrean. Arendtek dioenez, alde ikaragarria dago ama hizkuntzaren eta gainerako guztien artean. Buruz daki alemanezko poesiaren historiaren zati potolo bat eta beti dabilkio oroimenean atzera eta aurrera. Hori ezin izan du hizkuntza berriekin errepikatu. Une mingarrienean ere, Bigarren Mundu Gerran, Arendt juduak beti eutsi dio alemanari, beti, hiztunak erotu baitziren, ez hizkuntza bera. Borondatez eutsi dio beti eta nonahi ama hizkuntzari. 1933an Frantziara ihes egin zuenez geroztik, 1949an itzuli zen lehenbizikoz Alemaniara, eta gozamen sakona eragin zion jendea kalean alemanez mintzo entzuteak.
Arendten esanetan, ez dago ama hizkuntza ordezterik. Alemanez bere buruari baimentzen dizkio ingelesez inondik inora onartuko ez lizkiokeenak. Egia da ama hizkuntza ahaztu daitekeela, Arendt bera halako ahanzturen lekuko izan da. Eta ama hizkuntza ahaztu duen jendea hobeki da mintzo hizkuntza berrian Arendt baino, honek azentu aleman nabarmena baitu ingelesez mintzo delarik, alemana ahaztu dutenek ez bezala. Ordea, ahanzkor horiek hizkuntza berrian klixez klixe dabiltza, zeren, ama hizkuntza ahazturik, suntsitu egin baitzaie hizkuntzari loturiko sormena.
(Bide batez, zein norabide hartuko zuketen filosofia politikoak eta euskarak baldin eta Orixe eta Hannah Arendt Gursen aldi berean egon zirenean elkar ezagutu, maitemindu eta Arendtek Heidegger behin betiko baztertu eta gure poetarekin gelditzea erabaki izan balu?
Orixek hainbat datu jakinarazi ahalko zizkiokeen, totalitarismoari buruzko Arendten tesiak aberasteko.
Eta Orixek, “Quiton arrebarekin” edo “Jainkoaren bila” beharrean, “Badoaz ilargira kohetea eta iraultza” poema-liburua idatziko zukeen, euskal literatura goitik behera astinduz berriro. Lastima.)
Euskara eta borondatea
Azkeneko ikasturteotan, Bigarren Hezkuntzan suspentso mordoa atera, errepikatu edo beste ikastetxe batera alde egin behar izan duten ikasleen artean, guzti-guztiei, ehuneko ehun, bai Bermeon eta bai Bilbon, oinarri linguistiko sendo baten faltagatik gertatu zaie.
Eta ikasle, irakasle eta guraso askori entzuten diegu, nota txar horiek zuritzeko, euskara ez dutela ama hizkuntza eta ez direla inguru euskaldun batean bizi. Eragozpen hori garrantzitsua izan daiteke, baina ez erabakigarria. Batez ere, alabari egundoko arazo psikolinguistikoak eragiten dizkioten gurasoen ahotik entzunda: euskara behar bezala menperatu gabe ingeleseko eta txinerako partikularretara bidali dute, japonieran ere matrikulatzeko aukeraz hausnartzen ari dira, eta bien bitartean alabak "hari"eta "ari"nahasten ditu.
EAEko ikastetxeetan txorakeria ugari egiten da, eta ez da txikiena euskara kili-kolo dabilen D ereduko ikastetxeetan sekulako programa eleaniztun distiratsuak ezartzea, gurasoak, matrikulazioak eta prestigioa erakartzeko, omen. Munduko gauzarik nazkagarrienen artean dago, inolaz ere, tankera horretako prestigioa, ez baita itxurakeria baizik.
Harira: familia hizkuntza eta ingurua baino garrantzitsuagoa da erabakimena, borondatea eta lana.
Urteak joan urteak etorri, hainbat adibideren lekuko izan naiz. Ikusgarriena, apika, Bermeora bederatzi urte zituela etorritako errumaniarrarena, ez zekiena ez euskaraz ez gaztelaniaz, eta DBHko hirugarren mailan, Euskaran, Institutu osoko notarik onena atera zuena. Hamar atera zuen, halaber, Selektibitatean, beste bi herrikidek bezalaxe. Familia pobrekoak, ondo zuten etxean ikasia aurrera ateratzeko zer egin behar den: lan eta lan. Euskaran buru-belarri murgiltzeko deliberamenduaz gain, buru argitasunak ere lagundu zien, hori ere egia da.
Bien bitartean, hemen jaiotako jendea, euskaraz ikasteko sekulako aukerak izan dituena, egunean bospasei ordu telebista espainolaren aurrean, “La isla de las tentaciones”, “Sálvame”, “Al rojo vivo”… Eta behin eta berriro "es que yo no tuve la suerte de ir a la ikastola”… “Es que el euskara no es mi lengua materna”...
Venga ya, no cuela. Gizaki guztiok dugu borondatea eta lan egiteko ahalmena, eta borondate eta lan egiteko ahalmen horiek nora bideratu eta zertan baliatu erabakitzeko askatasuna. Ez beti eta ez erabatekoa, konforme. Baina gaur egun Euskal Herrian euskara aukeratzea edo baztertzea norberaren erantzukizuna da.
Kexu eta aiene horiek, ordea, errua beti gurasoena, haurtzaroarena... utikan, alferrontzi!
Notak ipintzeko orduan
Saihestu beharreko bi mutur dauzkagu notak ipintzeko orduan.
Batetik, joera sadikoa, zure frustrazioak ikasleen aurka proiektatzea: zein irakaslek ez ote du entzun edo esan esaldiren bat adierazten duena suspentso asko jartzeak ematen ei duen satisfakzioa. Nik, zehazki, Gaztelaniako bat, pasilloan aurrera zihoala, eskuak igurtziz eta irribarrez, “menuda escabechina que me he pegado en Segundo C”.
Horren aldaera bat da nota txar ugari jartzea beste barik identifikatzea zure ikasgaia eta lanbidea serio eta profesionaltasunez hartzearekin, eta nota onak jartzeko joera, alderantziz, errazkeriarekin, fribolitatearekin, gatazkei ihes egin nahi koldarrarekin, edo ikasle, guraso zein zuzendaritzen presioei amore ematearekin.
Kontrako muturrean intzesturako joera dago, supernia desegin eta nota altu arbitrarioen bidez ikasleen afektua zureganatu nahi izatea, noten jabe izateak ematen dizun boterea menpekoen bihotza irabazteko erabiltzea, are bikotekidea bilatzeko, modu gutxi-asko ameslarian.
Notei dagokionez ere, jarrera aristotelikoa da zuzena. Bi esajerazio horien arteko erdialdea ez da mediokritatea, baizik eta bertuterik handiena.
Halatan, notak ipintzeko orduan, justizia da nagusiarazi beharreko balio etikoa, jarrera subjektiboa gidatu behar duen helburua: ez diskriminaziorik, ez faboritismorik (nahiz eta, bestalde, normal hartu beharko genukeen irakasleak hobeto konektatzea ikasle batzuekin beste batzuekin baino; orobat, frantsesek bezala, “le chouchou du professeur” figura; halakoetan, irakasleak bere buruarekin lan etiko-psikologiko bat egin beharko luke, lotura hori notetara ez eramateko).
Justizia nagusi, noski, baina eskuzabaltasuna ere zaindu beharreko balioa da (eta ez soilik ikastetxean). Eta notak jartzeko orduan, bistan da, tarte zabal samar bat egoten da justiziaren mugak zeharkatzen ez dituen eskuzabaltasunerako ere.
Beraz, ez da egokia nota sistematikoki eskasak dakartzan jarrera hotz zurrun agresiboa; baina ezta ere nota neurriz gain altuak sortzen dituen jarrera bero fusionalegia. Erdibide zuhurrak erakutsiko dizu distantzia egokia, alegia, justizia eskuzabala.