Denboraren irekitasuna eta egiaren bilakaera amaigabea
“Denbora eta egia: Kojèveren gogoeta” tesian, Kojèveren hipotesi ospetsua formulatzen saiatu nintzen: dagoeneko gertatua da historiaren eta denboraren amaiera, agertu da dagoeneko historia eta mundua eta bere burua goitik behera ulertu duen jakintsua —Napoleon ulertu zuen Hegelek, Stalin Kojèvek— eta beraz ereinda dago Estatu politikoki unibertsal eta ekonomikoki homogenoaren hazia. Aldaketak egin zituen gerora Kojèvek: AEBetako jendearen itzulerak animaliatasunera adieraziko luke historiaren amaiera, edo japoniarren errituek, edukirik gabeko formek, hala nola tearen zeremoniak eta geishen konbentzioak. Japoniar zeremonia huts horiek erakusten ei dute zertan erabakiko den etorkizunean gizakiaren eta animaliaren arteko aldea. AEBetan bereizketa horrek ez du zentzurik.
Gustuko zituen Kojèvek paradoxa eta txiste filosofikoak, bere oinordeko Slavoj Zizekek bezala: “Marx da Jainkoa, eta Ford haren profeta” hitzaldia eman zuen Düsseldorfen.
Halatan, Hegel eta bere burua bera ez ezik, erabateko jakintsutzat hartu zuen Raymond Queneauren Le Dimanche de la Vie-ko Valentin Brû soldadua ere. Brûk ez du adimen-urritasunik zentzu klinikoan, baina motela da, eta ingurukoak ergel inozotzat dute. Errealitate osoa ulertzen duen Hegelen jakintsuak ez bezala, Brûk ez du deusetaz ere gauza handirik ulertzen.
Hala ere, zeharo gogobeterik bizi da. Ezjakintasunarekin bateragarriak dira Kojèverenean jakintsu absolutuaren ezaugarriak.
Kojèvek berak, ustezko jakintsuak, aitortu zuen ez zela ispilua ulertzeko gauza, merezi bezain aintzat hartua izan ez den pasarte ilun batean. Gainera, jakintsuaren mamitzea da Valentin Brû sinplea. Orduan, zer esan nahi du, zehazki, jakintsu izateak? Kojèveren paradoxazaletasunaren beste adierazpen bat dugu hemen: hainbeste zabaltzen du jakintsu absolutuaren figura, non kolokan jartzen baitu jakintsuaren eta ezjakin zoriontsuaren arteko bereizketa bera.
Kojèveren umorea bere sistemaren kontraesanak konpondu gabe erakusteko modua ere bazen. Horrela, historiaren amaieraren inguruko paradoxen pilaketak berak adieraziko luke historiaren amaierari buruzko teoria ezin dela modu koherente eta itxian formulatu. Eta horrek erakutsiko luke ezen egiak ez duela zertan denboraren amaiera arte itxaron; aitzitik, denboraren irekitasunak egia bera amaigabe bilakatuko luke. Bat letorke horretan Humboldtekin, Azurmendirekin eta eszeptiko askorekin, nahiz eta Kojèvek berak eszeptikoei izaera filosofikoa ukatu eta filosofoen taldetik egotzi zituen.
Autokontzientzia eta hizkuntza (eta V)
Bistan da: Humboldten eta Azurmendiren bidez, Kojèveren proiektua kritika daiteke. Ordea, ez da zuhurra Humboldt sailkatzea Hegel unibertsalistaren aurkako erlatibista gisa, ñabardurarik erantsi gabe. Humboldtentzat, unibertsala da hizkuntza-ahalmena, mintzamena, nahiz eta hizkuntza historiko desberdinetan gauzatu. Hizkuntza bakoitzak mundua modu berezian artikulatzeak ez du esan nahi gizakiari gaindiezinak zaizkionik bere hizkuntzaren mugak. Aitzitik, hizkuntza arrotzak ikasteak eta bestelako pentsaerak ezagutzeak norberaren mundu-ikuspegia zabal dezake. Ondo zekiten Humboldtek zein Azurmendik hori baieztaturik zertaz ziharduten; asko ziren zekizkiten hizkuntzak.
Hegelen dialektikan, kontzientziak bere forma mugatuak gainditzen ditu, jakintza gero eta osoago batera iristeko; Humboldtenean ere badago gainditze-mugimendu bat: hizkuntza batek eskaintzen dizun ikuskera beste hizkuntza bat ikasirik aberastu eta eraldatu zenezake.
Hala ere, Hegelenak zein Kojèverenak ez bezala, Humboldten jarrerak ez du eskatzen mugimendu hori behin betiko sintesi batean amaitzea. Ezagutzaren aberastasuna ez dago hizkuntza-aniztasuna gainditzean, baizik eta aniztasun horretan etengabe sortzen diren perspektiba eta bizipen berrietan.
Hortaz, Hegelen eta Humboldten arteko aldea ez luke erabakiko historia onartzeak edo ukatzeak, ezta unibertsaltasuna defendatzeak edo baztertzeak ere. Galdera honi emaniko erantzunak bereizten ditu: ea historiaren eta hizkuntzaren bitartekaritza guztiak jakintza absolutu batean behin betiko bil ote daitezkeen.
Gogora dezagun: Kojèverek aldarrikatu zuen filosofia ezin dela jakintzen edukietara mugatu, jakintza horiek sortzen dituen subjektuaren autokontzientzia ere bere baitan hartu behar duelako. Humboldten ekarpena da erakustea subjektu hori ezin dela hizkuntzaren aurretik eratutako kontzientzia gisa ulertu. Azurmendik, azkenik, hizkuntzen ugaritasunaren eta izaera historikoaren ondorio filosofikoak azaltzen ditu: ez da zilegi autokontzientziak bere baldintza linguistiko eta kulturalak kolpez ezabatu, eta horrela bere burua unibertsal aratz deklaratzea, frantsesek maizegi egiten duten bezala.
Hiru planteamenduak loturik, filosofiaren zeregina ez litzateke soilik jakintzen arteko batasuna bilatzea, baizik eta jakintza horiek sortzen dituen gizaki historikoaren autoulermena etengabe berrikustea. Autokontzientzia ez litzateke zinezkoa eta osoa ez balu bere baitan hartuko autokontzientziaren beraren baldintza linguistikoa.
Nik dakidala, Joxe Azurmendik ez du inon argitaratu Kojèveren jakintza absolutuaren aurkako kritika zehatz hori. Idatzi ere ez zuen egingo ziur aski. Hala ere, “Denbora eta egia: Kojèveren gogoeta” izan zen nire doktore-tesia, eta Azurmendik zuzendu zidan. Eta, Azurmendik kritika hori hitzez hitz formulatu ez arren, garbi ondorioztatzen da haren planteamenduetatik, eta tesia zuzentzen zidan bitartean izaniko elkarrizketen oihartzunek ere kutsu horixe dutela nerrake. Dena den, ez nago ziur, atzekoz aurrerako asmazioa izan liteke, gero eta gutxiago fio naiz nire oroimenaz.
Edozein gisaz, bada bi ildoen arteko beste lotura bat, are sakonagoa beharbada: Kojèveren autokontzientziaren eta Humboldten hizkuntza-jardueraren arteko zubia bila genezake Hegelen “aitortza” edo “errekonozimendu” (Anerkennung) kontzeptu erabakigarrian. Hegelen ustez, autokontzientzia ezin da beste autokontzientziarik gabe eratu; gisa berean, Humboldten iritziz, hizkuntza ezin da beste hiztunik gabe gauzatu. Elkarrengana hurbiltzen dira hor biak, funtsean izan arren haien pentsaerak bestelakoak.
Zeharka (IV)
Aurreko txandan igotako Kanten irudimen produktiboari buruzko testuaren harira, beste lotura bat egin liteke: Kantek jakintzaren apriorizko baldintzak aztertzen ditu; ez du galdetzen soilik zer ezagutzen dugun, baizik eta nola den posible zerbait ezagutzea. Horretarako, sentsibilitatearen formak, adimenaren kategoriak eta irudimenaren eskematismoa aztertzen ditu. Arazoa: ez ditu aldakortasuna eta historikotasuna kontuan hartzen. Azurmendiren hitzetan:
“Egiazko ezagutza ezagutza edo judizio ziurra da; edo, ezagutza zinezko edo zientziaren ezaugarri behinena ziurtasuna da (Kanten aburuz); beraz, unibertsaltasuna, aldaezintasuna, betikotasuna. Horrek esan gura du Kanten ustetan, hau da, Kanten ezagutzaren eta zientziaren kontzeptuan, Newtonen ondoren Einstein, edo Euklidesen ondoren Gauss/Lobatschewski edo Riemann, ez bakarrik de facto ezinezkoak, baizik eta pentsaezinezkoak ere bazirela”. (12)
Kanti Hegelek eginiko kritikaren arabera ere, ezin dira ezagutzaren baldintzak behin betiko finkatu, ezagutzaren garapen historikotik kanpo. Kontzientziaren formak bere ibilbide dialektikoan eratzen eta gainditzen dira. Hegelek eta Kojèvek galdetzen dute ea nola heltzen den kontzientzia historikoa bere burua eta bere jakintza ulertzera.
Humboldtek beste dimentsio bat eransten dio auziari: pentsamenduaren eraketa linguistikoarena, hizkuntza-jardueran eratzen baita haren ustez pentsamendua. Azurmendik, Humboldten irakurketa garatuz, dimentsio horren ondorio filosofikoak aztertzen ditu, bereziki hizkuntza-aniztasunari eta pentsamenduaren unibertsaltasunari dagozkionak. Uste du pentsamenduaren izaera linguistiko eta historikoak ondorio larriak dituela gizakiaren autoulermenari begira, eta unibertsaltasunaren auziari.
Gogora dezagun: behin onarturik filosofiaren aldeetako bat izan litekeela jakintza partikularren arteko loturak eta oinarri kategoriko komunak argitzea, Kojèveren planteamenduak beste eskakizun bat dakar: jakintzen arteko lotura horiek aztertzean, filosofiak ezin du bere jarduera bera kanpoan utzi.
Eta Humboldtek eta Azurmendik, beren aldetik, sakondu egiten dute zeharkakotasun filosofikoaren zentzua: filosofiak, fisikaren, biologiaren eta ekonomiaren arteko harremanak aztertu ez ezik, jakintza horien kontzeptuak sortzeko eta erabiltzeko moduak ere azaldu behar ditu. Adibide bat: biologian “organismoa”, “funtzioa”, “informazioa” edo “egokitzapena” erabiltzen dira. Ekonomian ere baditugu “funtzioa”, “informazioa”, “sistema” eta “egokitzapena”.
Zer esan nahi dute kontzeptu horiek jakintza bakoitzean? Benetan partekatzen al dute egitura kategoriko bat, ala antzekotasun linguistikoak desberdintasun kontzeptualak ezkutatzen ditu? Hor ere egin dezake filosofiak lan transbertsala.
Dena den, beste galdera hau ere egin lezake: zientziaren kontzeptuak hizkuntza batetik bestera eramatean, zer gordetzen da, eta zer aldatzen? Esate baterako, “organismo” hitzaren bidez adierazten dugun kontzeptua eta Humboldten Organismus ez dira baliokide osoak. Testuinguruaren arabera, organismo biologikoa, osotasun antolatua edo garapenaren printzipioa adieraz litzake Humboldtenak. Eta Humboldten hizkuntza-filosofiak arreta jartzera behartzen gaitu kontzeptuen mugimendu horretan. Halatan, filosofia transbertsala ez litzateke soilik zientzien arteko metajakintza; gainera, jakintza horiek ahalbidetzen dituzten hizkuntza-jardueren gaineko gogoeta litzateke halaber.
AA eta nazioarteko langileriaren iraultza (III)
Joxe Azurmendiren Humboldt: hizkuntza eta pentsamendua liburuaren argitan ederto ñabartu eta garatu daiteke Kojèveren planteamendua.
Azurmendik, Humboldten ekarpena azaltzean, behin eta berriz azpimarratzen du hizkuntzak ez duela aurrez eratuta dagoen pentsamendua adierazten soilik; pentsamendua bera eratzeko bitartekoa ere bada.
Horrek ondorio garrantzitsu bat dauka autokontzientziari dagokionez: Kojèveren esanetan, filosofoak, jakintza osoaren bila, bere burua ere ezagutu behar du ezagutzaren subjektu gisa. Hemen, beste galdera hau erantsiko luke Azurmendiren ildoak: zein da bere burua ezagutzen duen gizaki hori? Nolako hizkuntza, kultura eta historia daramatza bere baitan? Izan ere, bere buruaz kontziente den ezagutzailea ez da gizaki huts eta abstraktu bat, ez da munduaren aurrean kokatzen den kontzientzia unibertsala, baldintza eta eragin historiko eta linguistikorik gabe; aitzitik, gizaki konkretua da, hizkuntza jakin batean pentsatzen duena, tradizio jakin batean hezia eta beste gizaki batzuekiko harremanetan eratua.
Azurmendik ez du pentsamendu unibertsalaren aukera kosta lain kosta ukatzen. Hala ere, unibertsaltasun hori ezin da besterik gabe eta aldez aurretik suposatu, hizkuntzen eta kulturen gainetik legokeen ikuspuntu neutrala balitz bezala. Azurmendiren planteamenduan, pentsamenduaren unibertsaltasuna ez da abiapuntua, baizik eta hizkuntzen eta kulturen ezagutzan eta harremanean landu beharreko aukera. Mintzamena gizaki orok partekatua izateak ahalbidetuko luke.
Hortaz, Kojèveren galdera baldin bazen ea zer baldintzatan iritsi den subjektua jakintza osoa adieraztera, honela zehaztu eta zabaldu beharko genuke galdera, Humboldten eta Azurmendiren ekarpena kontuan hartuta: zer baldintza historiko, sozial eta linguistikotan eratu da jakintza hori adierazteko gai den gizakia? Eta galdera horri ezin dio erantzun jakintza partikular batek bakarrik.
Kojèveren esanetan, Spinozak bitartekorik gabe eta zuzenean hartzen du Jainkoaren ikuspuntua, eta ez darakutsa gizaki historiko batek nola iritsi behar duen ikuspuntu horretara. Hegelen Fenomenologiak hutsune hori betetzen du: kontzientziak bere esperientzien, kontraesanen eta gainditzeen bidez heldu behar du jakintza absolutura.
Ordea, Humboldt eta Azurmendi kontuan hartuz gero, beste arazo bat sortzen da hemen: demagun Hegelen kontzientziak bere ibilbide osoa eginik jakintza absolutua erdietsi duela. Zein hizkuntzatan adieraziko du jakintza absolutu hori? Alemanez? Frantsesez? Latinez? Edo hizkuntza historiko guztietatik independentea den kontzeptuen sistema batean?
Hegelen erantzuna ez litzateke beste barik alemanaren aldekoa izango. Haren ustez, kontzeptuaren mugimendu logikoak ez du hizkuntza partikular baten gramatikara mugatuta egon behar. Aitzitik, Humboldten ikuspegitik, horixe da eztabaidatu beharrekoa: posible ote da pentsamendua bere gauzatze linguistikotik erabat bereiztea? Horrela formulatu lezake Azurmendik arazoa: Spinozari Jainkoaren ikuspuntura nola heldu den azaltzea eskatzen badio Kojèvek, ez al genioke Kojèveri berari eskatu behar jakintza absolutuaren diskurtsoak nola gainditzen duen bere hizkuntzaren historikotasuna? Horrek ez du Hegelen proiektua berez gezurtatzen, baina justifikazio berri bat eskatzen dio. Eta hortxe dago Humboldten eta Azurmendiren ekarpen filosofikoaren indarra.
Bukatzeko: adierazpen berri bat hartu dute berriki gurean galdera horiek: zein hizkuntzari onartu behar zaio nagusitasuna nazioarteko langileriaren iraultzan? Gaztelaniari? Ingelesari? AAk ahalbidetzen dituen bat-bateko itzulpenen bidez gauzatuko da iraultza hori, euskara bezalako hizkuntza txikituei ere zabaldu baitie bidea? AA izango da, beraz, iraultzaren aliatu gailena ez ezik, baita gainbehera doazen hizkuntzen heriotza saihesteko bermea ere?
Autokontzientziaren baldintza ahaztua: hizkuntza (II)
Kojève: zientziatik filosofiara, objektutik subjektura
Biologoak organismoak aztertzen ditu; organismoaren egitura, funtzionamendua, bilakaera eta ingurunearekiko harremanak azaltzen ditu. Hala ere, ez dio zertan bere buruari galdetu nola heldu den bera —organismo biziduna izanik— gai izatera beste organismo batzuk ezagutzeko. Are gutxiago, nola den posible bere aurkikuntzak hizkuntzaren bidez adieraztea.
Kojèveren irakurketan, filosofia zientzia partikularretatik bereizten da, hain zuzen, gogoetaren barruan sartzen dituelako jakintsua eta jakiteko jarduera bera. Horrek bi ondorio ditu: alde batetik, ezagutza ez da objektu baten eta kontzientzia abstraktu baten arteko harreman estatikoa. Ezagutza historia bat da. Subjektuak mundua ezagutzen duen heinean bere burua ere ezagutzen du, eta bere burua ezagutzeak munduari buruz duen jakintza eraldatzen du.
Bestetik, jakintza filosofikoak ezin du bere sorrera historikoa kanpoan utzi. Horregatik da hain garrantzitsua Hegelen Gogoaren fenomenologia. Horri dagokionez, bereziki argigarria da Spinozaren aurkako Kojèveren objekzioa. Etika Jainkoaren edo substantziaren ikuspuntutik hasten da. Baina nola iritsi da filosofoa ikuspuntu horretara? Zein esperientzia, kontraesan eta bitartekaritzaren bidez lortu du? Kojéveren iritziz, Hegelen Fenomenologiak betetzen du hutsune hori: egia absolutua ez da abiapuntua, kontzientziaren ibilbidearen emaitza baizik.
Hemen, ordea, bereizketa bat egitea komeni da: Hegelen autokontzientzia ez da bakarrik pentsalariak bere pentsamenduari buruz duen kontzientzia psikologikoa; beste gizakien aitortzan eta errekonozimenduan, lanean, historian eta gizarte-harremanetan eratzen den autokontzientzia da. Kojèveren interpretazioan, bereziki garrantzitsuak dira desira, errekonozimenduaren aldeko borroka eta lanaren bidezko naturaren eraldaketa.
Humboldtenganako bidea zabaltzen du horrek guztiak. Humboldtek onartuko luke, ziur aski, Kojèveren oinarrizko intuizioa: ez dago jakintza osorik, jakintza hori sortzen duen gizakia kontuan hartu gabe. Haatik, berehala gehituko luke ezen subjektua ez dela aurrena osatzen eta hurrena hizkuntzaz baliatzen, giza pentsamendua bera hizkuntzaren bidez eratzen baita.
Humboldten hizkuntzaren filosofiaren oinarrietako bat da pentsamendua eta hizkuntza ez direla bi errealitate beregain: pentsamenduak hizkuntzan hartzen du forma, eta hizkuntza ez da aurretik osatutako pentsamendua adierazteko tresna hutsa. Hori ulertzeko, Humboldten hiru ideia dira bereziki garrantzitsuak:
a) Hizkuntza ez da ergon, baizik energeia
Hizkuntza ez da produktu amaitua, jarduera etengabea baizik. Kojèverentzat kontzientzia bere historia dialektikoan eratzen den bezala, Humboldtengan pentsamendua hizkuntzaren jardueran eratzen da. Badute hala ere alde erabakigarri bat: Hegelen sisteman kontzientziaren ibilbideak jakintza absoluturantz jotzen du. Aldiz, Humboldten hizkuntza-jarduera ez da agortuko, ez da egundo egia biribil osora helduko. Hizkuntza ez dago osatuta, etengabe berritzen dute hiztunek, eta belaunaldi bakoitzak aurrekoek utzitako mundu linguistikoa bereganatzen eta eraldatzen du.
Hortaz, Kojèveren filosofia bere burua eta mundua erabat ulertzera iritsi nahi duen kontzientziarena baldin bada, hara Humboldten galdera: nolatan helduko da jakintsua bere burua eta mundua behin betiko ulertzera, bere pentsamendua ahalbidetzen duen hizkuntza bera etengabe eraldatzen ari bada?
b) Hizkuntza ez da subjektu bakartiaren sorkuntza
Humboldten ustez, hizkuntzak ezinbestekoa du gizakien arteko harremana. Ez dago hizkuntzarik hiztunen arteko elkarrekintzarik gabe. Hizkuntza ez da norbanakoaren barnean erabat osatzen den sistema pribatu bat. Lotura interesgarria du horrek Hegelen errekonozimenduaren dialektikarekin.
Hegelengan autokontzientziak beste autokontzientzia bat behar du bere burua biologiaren gainetik dagoen askatasun gisa aitortzeko eta errekonozitzeko. Antzera, Humboldten iritziz, pentsamenduak mintzalagunak behar ditu bere adierazpenak benetako komunikazioaren esparruan gauzatzeko.
Alde erabakigarria dute ordea bi ideia horiek: Hegelen aitortza eta errekonozimendua gatazkaren, menpekotasunaren eta askapenaren dialektikan txertatzen da, jaunaren eta jopuaren borrokan; Humboldten hizkuntza-harremanak, berriz, elkarrizketan eta elkar ulertzeko ahalmenean jartzen du azpimarra.
c) Hizkuntzek mundu-ikuskerak eratzen dituzte
Humboldtentzat, hizkuntza-aniztasuna ez da eduki unibertsal berbera adierazteko modu desberdinen multzoa; aitzitik, hizkuntza bakoitzak mundua artikulatzeko modu berezi bat eskaintzen du. Horrek ez du esan nahi hizkuntza bakoitza kartzela itxia denik, ezta ere hizkuntza desberdinetako hiztunek ezin dutenik elkar ulertu. Esan nahi du subjektu ezagutzailearen jarduera ez dela hizkuntza historikoetatik independentea.
Beraz, Kojèveren biologoarengana itzulita, Humboldtek esango luke biologoak ez duela mugatu behar bere jakintzaren subjektu gisa duen kokapena aztertzera. Gainera, bere kontzeptuak, bereizketak eta azalpenak zein hizkuntza-jardueratan eratzen diren ere aztertu beharko luke. Eta filosofia bera ere —edozein filosofia—, ez dago baldintza horretatik salbuetsita.
Hegel/Kojève eta Humboldt/Azurmendi (I)
Autonomoa zen garai batean metafisika hutsa, baina aspaldion beti ageri da bestelako jakintzei lotua, gaur egun agian batez ere biologiari eta ekonomiari. Filosofiak ez du aurkikuntza berririk egiten, baina adi dago, zertan ibiliko ote diren bestelako jakintza horiek, eta kontuan hartzen ditu. Are gehiago, esan izan da filosofiaren zeregina izan litekeela zehaztea kimika, fisika, biologia, ekonomia eta gainerako jakintzen arteko loturak, eta oinarri kategoriko komunak. Funtsean litzateke filosofia gaur egun zeharkakoa eta transbertsala.
Zehazkiago planteatzen zuen Alexander Kojévek: biologoak bizitza edo animalien organismoak aztertu, deskribatu eta azaltzen ditu. Hala ere, biologiak berak ez du azaltzen nor den mintzo den biologo hori, zer esan nahi duen egia zientifiko horiek adierazteko zeinuak erabili behar izateak, ezta egia horiek adierazteko darabilen hizkuntzaren edo diskurtsoaren egitura zein den ere. Zientzialariak mundua zeinuz eta mintzoz argitzen du, baina bere metodo zientifikora mugatuta behintzat ezin du azaldu egia zientifikoak zer zerikusi duen zeinuak eta mintzoa erabili beharrarekin, zertan den egia azaltzeko zeinuak eta mintzoa erabili beharraren funtsa.
Halatan, selbsbewusstein edo autokontzientziari lotzen dio Kojèvek filosofia. Bere buruaz kontziente izateak bereizten du Kojèverentzat filosofia zientzia partikularretatik. Filosofiaren lana edozer jakintzaren edukia azaltzea da, baina azalpen horretan sartzen du halaber filosofoa bera, egia osoa bereganatzearekin batera filosofo izateari utzi eta jakintsu bilakatua. Filosofiaren ondoriozko jakintza absolutuak azaltzen du biologoaren adimena nola iritsi den bizitzari buruzko egia adieraztera. Gogoaren fenomenologian Hegelek giza kontzientziaren bidaia darakutsa, jakintza absolutua erdietsi arte. Odisea hori ibili beharrekoa du jakintsuak, Logikaren zientzia edo jakintza absolutua behar bezala ulertu eta adieraziko badu. Hori da, Kojèveren ustez, Spinozak ments izan zuena: Etikan, tanpez kokatu zuen amsterdamdarrak bere burua Jainkoaren ikuspuntuan, baina ez zigun jakinarazi nola iritsi zen horraino. Gogoaren fenomenologiarik gabeko Logikaren zientzia da nolabait Etika.
Gai horiek loturik, Humboldt, Hegel, Kojéve eta Azurmendi harremanetan jartzeko bide emankorrak irudika litezke. Hegel eta Kojève kokatuko lirateke alde batean, eta bestean Humboldt eta Azurmendi, nahiz eta, beti bezala, letra txikia aztertuta bistan den bereizketa zorrotz hori irmokerian jausten dela.
Loturaren muina honela formula liteke: Kojèverentzat, filosofiak, jakintza oro azaltzeaz gain, jakintza hori ekoizten duen subjektua ere azaldu behar du. Humboldt eta Azurmendi kontuan hartuz gero, beste urrats bat egin beharra dago hemen, ezin baita ahaztu egia zientifikoa hizkuntza jakin batean adierazten dela ezinbestez. Alegia, panorama osoari hobeki antzemateko, egia dioen subjektu horrek bere burua eta mundua ulertzeko darabilen hizkuntza historikoaren nondik norakoa ere azaldu beharra dago, eta zertan eragiten dion hizkuntza horren sakoneko egiturak egia dioen subjektuaren mundu-ikuskerari.
Berez pizten da horrela galdera hau: posible ote da zinez hizkuntza zehatz baten bidez bere burua ulertzen duen subjektuak bere hizkuntza gainditzea eta Hegelenaren tankerako jakintza absolutua bereganatzea? Besteak beste, galdera horrek berak bereizten ditu Kojèveren hegelianismoa eta Humboldtengandik Azurmendiraino doan pentsaeraren ildoa.
Averroesen nahasmena (III)
"Averroesen bilaketa" interesgarria da ikusteko Borgesentzat hizkuntza ez dela ezein pentsamendu unibertsalen itzulpen hutsa. Averroes Aristotelesen Poetika interpretatzen ari da. Arazo bat dauka, ordea: ezin ditu “tragedia” eta “komedia” kontzeptuak behar bezala ulertu, bere esperientzia kulturaletik kanpo geratzen baitzaio antzerki grekoa.
Halako batean, antzerkiaren antzeko jarduera baten lekuko izatea suertatzen zaio Averroesi, baina ez du bere arazo filosofikoarekin lotzen. Hizkuntzaren eta kulturaren arteko lotura ageri da hemen: ez da aski hitz bat beste hizkuntza bateko hitz batekin ordezkatzea, kontzeptuak praktika sozial, historiko eta kultural batean hartzen baitu zentzua. Itzulpena ez da bakarrik hiztegi kontua; gainera, beste mundu kontzeptual batean sartzea eskatzen du.
Edozelan ere, ipuinak ez du aditzera eman nahi kultura desberdinen arteko ulermena ezinezkoa denik. Mugatzen da erakustera ulermen hori baldintzatua, historikoa eta sarritan partziala izaten dela.
Eta hor ere bat egiten du Humboldten eta Azurmendiren ikuspuntuekin, eta ez itzulpenaren ezintasuna aldarrikatzen duen Sapir-Whorf hipotesiaren muturreko interpretazioarekin.
Hizkuntzak eta unibertsoaren berezko egitura (II)
John Wilkins-en hizkuntza analitikoa idazkia 1952ko Otras inquisicionesen dago. John Wilkinsek XVII. mendean hizkuntza unibertsal bat asmatu nahi izan zuen, eta errealitate osoa sailkapen razional baten arabera antolatu. Gauza bakoitzari izena emateko moduak adierazko luke gauza horrek unibertsoan duen lekua.
Borgesek egitasmo horren arbitrariotasuna darakutsa, eta animalien sailkapen txinatar ospetsua aipatzen du: fabulakoak, enperadorearenak, baltsamatuak, sirenak, eta abar, sailkapen honetan sartutakoak, gamelu-ilezko pintzel mehe-mehe batekin marraztuak, loreontzia hautsi berri dutenak, urrutitik euliak diruditenak… Ezin ukatu ez duela antz handirik gure ohiko “ornogabeak, ornodunak, anfibioak, arrainak, narrastiak, hegaztiak, ugaztunak…” sailkapenarekin, “sailkapen” izaeran izan ezik.
Bere sailkapenaren izaera fikziozkoa gorabehera, Borgesek aditzera ematen du mundua sailkatzeko era guztiek dituztela aurresuposizioak. Halaxe dio hain zuzen argentinarraren esaldi ospetsu batek:
No hay clasificación del universo que no sea arbitraria y conjetural.
Halatan, unibertsoa antolatzeko moduak baldin badira hizkuntzak, eta antolamendu horiek ez baldin badute zerikusirik unibertsoaren berezko eta behin betiko egiturarekin, eta, aitzitik, ez baldin badira giza adimenaren eta historiaren emaitza baizik, orduan ez dago hizkuntzarik beste hizkuntzak baino hurbilago edo urrutiago, ustezko eta balizko egitura unibertsal eta berezko horretatik.
Pentsaezina zaigun sailkapen txinatarrari tiraka, Foucaultek galdetu zuen ea zer baldintzatan bihurtzen den pentsagarri sailkapen jakin bat. Biziki galdera interesgarria, beste noizbait aztertu beharrekoa.
Humboldt eta Borges (I)
Jorge Luis Borgesek nik dakidala Wilhelm von Humboldt sekula aipatu ez arren, hauxe dio Conferencias reunidas-en:
Los jóvenes poetas dicen que el lenguaje es una traducción. Los diccionarios han difundido la idea de que los idiomas son juegos y sinónimos. Pero no es así. Yo diría que cada idioma es un modo de organizar todo lo que es más importante de sentir: el universo. Por eso hay ciertas palabras que se dan en ciertos idiomas y en otros no.
Hizkuntzak hortaz ez dira beste hizkuntzetako hitzen baliokideen bildumak, ezpada unibertsoa antolatzeko modu bereziak. Mundua ikusteko era propioa du hizkuntza bakoitzak. Esaldi horrek aukera ematen digu lotzeko batetik Humboldten eta Joxe Azurmendiren hizkuntzaren filosofiak, eta bestetik Borgesek hizkuntzaz adierazitakoa edota ipuinetan zeharka iradokitakoa.
Esperimentu filosofikoak egiten ditu Borgesek zenbait ipuin eta saiakeratan goiko aipuko ideia horrekin. Hemen dugu hain zuzen Humboldten eta Borgesen arteko aldeetako bat: hizkuntza naturalen jarduera historikoa hartzen du Humboldtek batez ere kontuan; Borgesek, aldiz, hizkuntza artifizial baten bidez jartzen du azpimarra hizkuntzaren eta ontologiaren arteko loturan. Adibidez, Tlön, Uqbar, Orbis Tertius-en, erlijioa, metafisika eta literatura hizkuntzaren deribazioak direla iradokitzen du, eta hizkuntzak sortzen duela ontologia.
Asmatua da noski Tlön izeneko mundua. Gramatikaren bidez irudikatzen du ipuinak Tlöndarren idealismo filosofikoa. Mundua ez dute objektuen bildumatzat espazioan, baizik eta gertaera independenteen serie heterogenotzat. Denborazkotzat dute mundua, segidazkotzat, ez espazialtzat. Horrela, Tlöngo Ursprache edo jatorrizko hizkuntzan ez zegoen sustantiborik; aditz inpertsonalak ziren nagusi. Proto-Tlöngeratik eratorririko gaur egungo hizkuntzek ere ez dituzte objektuak eta substantziak oinarri. Horrenbestez, gurea ez bezalakoa da Tlöngo hizkuntzen eta hiztunen mundu-ikuskera. Adibidez, ipuinean deskribatzen den hemisferio bateko hizkuntzetan, izenek baino gehiago aditzek antolatzen dute errealitatea. Beste hemisferio batean, ostera, adjektiboen pilaketak betetzen du eginkizun hori.
Esaterako, guretzat ilargia objektu bat da, eta ilargiak argia ematen duela esaten dugu, eta distira egiten duela. Tlönen, ordea, ez dago “ilargi” edo “moon” hitzekin bat letorkeen hitzik.
(Bidenabar esanda, ez al da polita berdinak izatea ilargiaren eta hilabetearen arteko harremana, zein moon eta month-en artekoa?)
Guk “ilargi” deritzoguna gertaera edo prozesu gisa ikusten eta adierazten dute Tlönen: “ilargitzen du” edo “ilargiaren gisako distira gertatzen da”. Borges:
No hay palabra que corresponda a la palabra “luna”, pero hay un verbo que sería en español lunecer o lunar. “Surgió la luna sobre el río” se dice hlör u fang axaxaxas mlö o sea en su orden: “hacia arriba (upward) detrás duradero-fluir luneció”. (Xul Solar traduce con brevedad: “upa tras perfluyue lunó”. Upward, behind the onstreaming it mooned.)
Halatan, guk ia ezinbestekotzat hartu izan dugun objektu iraunkorren ontologia bera gelditzen da airean zintzilik. Tlönen ez da soilik mundua beste era batera esaten; gainera, beste era batera pentsatzen da.
Hurbil dugu hemen Humboldt: hizkuntza ez da aurretik osaturik dagoen munduko gauzen etiketa-sistema, baizik eta mundua egiteko eta ulertzeko jarduera eratzailea.
Hotza (eta III)
Markus Wolf Alemaniako Errepublika Demokratikoaren kanpo-espioitzaren burua izan zen, Hauptverwaltung Aufklärung erakundearena, 1952tik 1986ra. Sare ikaragarri eraginkorra eraiki zuen Mendebaldeko Alemanian. Hain zen ezezaguna Mendebaldeko zerbitzuentzat, ezen urte luzez argazki fidagarririk ere ez baitzuten lortu. «Aurpegirik gabeko gizona» deitzen zioten.
Hainbat ziren Mendebaldeko Alemaniako zerbitzu sekretuetako goi-karguak, Ekialdeko Alemaniarentzat lanean zihardutenak. Aski ohikoa zen Gabriele Gast bezalako kontraespioitzaren goi-funtzionarioa, BNDko Sobietar Batasunari buruzko analista garrantzitsua, Ekialdeko Alemaniarentzat espiatzen ibiltzea.
Deigarriagoa izan zen Heinz Felfer-en kasua: BNDko kontraespioitzako goi-funtzionarioa zen —beraz, sobietar espioiak atzematea zuen eginkizun nagusi— eta, aldi berean, KGBren agente. Alegia, sobietarren espioia zen, hain zuzen, Mendebaldeko Alemanian espioi komunistak harrapatzeko ardura zuen gizona.
Are oihartzun zabalagoa izan zuen beste kasu honek: Stasiren agentea zen Günter Guillaume, Willy Brandt kantzilerraren laguntzaile pertsonaletako bat. 1974an ohartu ziren, eta eskandaluak Brandten dimisioa ekarri zuen. Hanning auzia azaltzen duten kronikek Guillaumena aipatzen dute aurrekari historiko nagusi gisa.
Bestalde, 1989an argitaratu zuen Elkarrek John Le Carréren Hotzetatik etorri zen espia, Koro Navarrok euskaraturik. 1963koa zen ingelesezko jatorrizkoa. Britainiar zerbitzu sekretuetan zegoela idatzi zuen le Carrék. Alec Leamas da hotzetik etorririko espioi hori, MI6ko agente beterano eta nekatua. Eleberriaren hasieran, azken misio bat eskaintzen dio bere nagusiak: Ekialdeko Alemaniara desertatu duen itxura egitea, hango inteligentzia zerbitzuetan infiltratu eta barrutik deuseztatzeko. Leamas da “hotzean” —alegia, itzaletan, arriskuan eta babesik gabe— denbora larregi daraman eta “hotzetik etortzeko” —zerbitzu aktibotik erretiratzeko— aukeraren zain dagoen espioia.
Hans-Dieter Mundt du Leamasek antagonista. Ekialdeko Alemaniako kontrainteligentziaren zerbitzuburu gupidagabea da. Leamasen misioaren helburua Mundt harrapatzea eta boteretik kentzea da, Fiedler izeneko Mundten menpekoari informazioa emanez, eta informazio horrekin Fiedlerren susmoak sendotuz, gero eta argiago ikusten baitu Mundt britainiarrentzat lanean diharduen espioi traidorea dela.
Eta zuzen dabil! Erabat aldatzen da gertaeren perspektiba eleberriaren amaieran: Mundt zinez da britainiarren espioia, eta Leamasen misio osoa britainiarrek antolatutako tranpa izan da, ez Mundt erorarazteko, baizik eta Mundt babesteko. Fiedler Mundt susmagarritzat jotzen hasi denez geroztik, britainiar zerbitzu sekretuek Leamas erabili dute, berak jakin gabe, Stasikoek Fiedler bera traidoretzat jo eta garbitu dezaten. Goi-aldean salbu mantenduko dute Mundt horrela.
Luzaro esan izan da Markus Wolf izan zela le Carréren zenbait protagonistaren eredua, batez ere Tinker Tailor Soldier Spyko Karla ospetsuarena. Markus Wolfek berak uste zuen le Carrék bere ezaugarri batzuk erabili zituela Fiedlerren pertsonaia sortzeko. Eleberrian, inteligentzia-zerbitzu komunistako kide judua da Fiedler. Errealitatean, inteligentzia-zerbitzu komunistako buru Markus Wolf ere judua zen. Paralelotasun horrek ez ezik, susmoak piztu zituen halaber le Carrék Stasiren barne-funtzionamendua deskribatzeko erabiliriko zehaztasun harrigarriak. Markus Wolfek pentsatu zuen le Carrék Stasiko informatzaile baten bidez bere profila lortu eta Fiedler sortzeko erabili zuela.
Aldiz, idazleak hainbat elkarrizketatan aldarrikatu zuen kasualitate hutsa izan zela hura guztia. Bazekien espioien munduak nola funtzionatzen zuen, baina eleberriko pertsonaiak asmatu zituen. Eleberria idatzi zuelarik, ez ei zekien Markus Wolf bazenik ere. Mendebaldeko inteligentzia osoari zitzaion Wolf ezezaguna. Le Carrék adierazi zuen Wolf nor zen jakinez gero, ziur aski ez ziola Fiedlerri eite hori emango, gerora etorriko ziren nahaste eta interpretazio okerrak saihesteko.
Maizetan bezala, fikzioak errealitatea aurreikusi zuen; edo, zehatzago, errealitatearen logikari antzeman zion. Antz handia dute Alemaniako zinezko espioitza-munduaren eta le Carréren fikzioaren oinarrizko egiturek. 1963an le Carrék Mundt asmatu zuen, Ekialdeko Alemaniako kontraespioitzaren buruzagia, etsaiarentzat lanean. Gerora baizik ez zuen publikoak jakin Gerra Hotzeko Alemanian horrelako infiltrazioak ez zirela mugatzen le Carréren asmazio literarioetara.
Poliespioien historian, beste katebegi bat da egunotan desestali den Hanningen kasua: 1963ko le Carréren nobelaren ostean jakin zuen jendeak Gerra Hotzeko agente bikoitz alemaniarren berri; 1983an aipatu zituen Sloterdijkek agente hirukoitzak; eta Hanning dugu oraingoan. Galdera bera dabil lau aferen azpian: zer gertatzen da zerbitzu sekretu batean, ez dakigularik norentzat ari den nor? Sloterdijkek estutzen du koska muturreraino: zer gertatzen da agenteak berak ere ez dakienean? Euskal zerbitzu sekretuetan lan egiteko, gure bilobei ez zaie batere gaizki etorriko le Carréren eta Sloderdijken irakaspenak aintzat hartzea.
