Zientzia etimologikoa
Nire lagun batek dio, eta ez dut uste arrazoia falta zaionik, La isla de las tentaciones, La isla de los supervivientes eta gisakoak baino ikus-entzule kopuru handiagoa erdietsiko lukeela uharte batean dozena bat euskal etimologista entusiasta elkartu eta beren arteko ika-mikak erakutsiko lituzkeen programak.
Etimologiengatik ere sortu zitzaizkion etsaiak zuhurtzia zientifikoaren apologista genuen Mitxelenari. Aurrekoan esan bezala, zientziaren metodologiari buruzko Popperren ikuspuntua hizkuntzalaritzan hainbat arlotan aplikatu zuen errenteriarrak: adibidez, hizkuntzen berreraikuntzan, euskararen jatorriari buruzko ikerketan eta etimologia kontuetan. Mitxelenarentzat, etimologia on bat ez da ona frogatua dagoelako, baizik eta gezurtatua izan daitekeelako. Hortaz, etimologia ez da intuizio huts, berreraikuntza linguistikoa ez den bezala espekulazio libre:
“Una etimología no es científica porque resulte convincente o ingeniosa, sino porque pueda ser refutada por los hechos. En esto, la lingüística histórica no difiere en nada esencial de otras ciencias, como ha subrayado Popper: una hipótesis que no corre el riesgo de ser desmentida no es una hipótesis científica”.
Mitxelenak ohartarazten du etimologia sasi-zientifikoek sarritan izaten dutela itxura sinesgarria, edertasun intelektuala eta itxurazko koherentzia. Nahi adina konbentzigarri, burutsu eta polita izan liteke etimologia bat. Haatik, hori ez da hizkuntzalarien onespena lortzeko aski, ez baitira horiek zientziaren irizpideak. Gezurtagarritasuna du zientziak irizpide nagusi. Gupidarik gabe kritikatu zituen Mitxelenak euskaldunoi ilea bezain naturalki ateratzen zaizkigun etimologia polit gezurtaezinak.
“El peligro mayor en etimología es la facilidad con que pueden proponerse explicaciones ingeniosas que nada tienen en su contra mientras no haya modo de someterlas a prueba. Estas explicaciones, precisamente por no poder ser refutadas, carecen de valor científico”.
Zientifikoa izango da etimologia, soilik baldin eta datu berriek gezurtatu ahal badute, edo lege fonetikoekin talka egin badezake. Aipatu legez, etimologia onargarria ez da egia delako onargarri, gezurra izan litekeelako baino.
Hizkuntzalaritza historikoa Mitxelenak zientzia esperimental baten pareko ikusten du: ez da giza edo gizarte zientzia espekulatiboa, baizik eta zientzia hipotetiko-deduktiboa. Hipotesiak eta konjeturak asmatuz eta ezeztatuz jotzen du aurrera euskararen berreraikuntza fonologikoak, erro zaharren analisiak eta maileguen identifikazioak; orobat, etimologia aizunak baztertzeak.
Etimologia espekulatiboek ez dute lege fonetiko zehatzik errespetatzen, eta ez dute arriskurik hartzen beren gain, ez baitira iragarpen edo prognosi zehatzik egitera ausartzen. Halatan, ezin gezurta litezke. Mitxelenarentzat, hain zuzen, gezurtatu ezina izaten da etimologia irudimentsuen izaeraren muina.
Zorrozki baztertzen zituen etimologia intuitibo hutsak, konparazio fonetiko arbitrarioak eta antzekotasun hutsean oinarritutako proposamenak. Popperrek marxismoarekin eta psikoanalisiarekin bezala jokatzen zuen: ez zuen esaten etimologia artistiko horiek faltsuak zirela, mugatzen zen esatera ez zirela zientifikoak.
Mitxelenaren konparatismoak lege fonetiko zorrotzak, koherentzia sistemikoa eta gezurtagarritasuna barnebiltzen zituen:
“El método comparativo no consiste en acumular semejanzas, sino en establecer correspondencias regulares susceptibles de verificación y también de refutación”.
Mitxelenaren ustez, hortaz, etimologia batek balio zientifikoa du, soilik baldin eta iragarpen zehatzak egiten baditu, lege fonetikoekin bateragarria bada, eta, oroz lehen, gezurtatu ahal baldin bada.
Literatura da bestela, ez zientzia.
