Anbiguotasuna
Koldo Mitxelenarentzat, anbiguoa da hizkuntza; eta gizakia anbiguoa delako da hizkuntza anbiguoa. Hortaz, ezinbestez zaigu anbiguoa giza hiztunoi, hizkuntzak zeharkatua hautematen dugun errealitatea ere. Dena den, Mitxelenaren pentsamenduan, anbiguotasuna ez da soilik arazo; hizkuntza eta giza adimena ulertzeko giltzetako bat ere bada.
HIZKUNTZA
Mitxelenak, batez ere hizkuntzaren azterketa historiko eta semantikoetan, behin baino gehiagotan jo du anbiguotasuna hizkuntzaren funtsezko ezaugarritzat. Adibidez, hemen:
“Lan ambigüedad es, sin lugar a dudas, uno de los universales más patentes del lenguaje natural”. (Idazlan guztiak I, “De la ambigüedad sintáctica”, 1)
Maiz nabarmentzen du hitzek ez dutela esanahi bakar eta finkorik. Hitzen esanahia aldatu egiten da historian, hedatu, estutu, desplazatu. Ez da harritzekoa hizkuntzalaritzaren lan nagusietako bat izatea testu zaharretako hitzen esanahi posibleen artean aukerak aztertzea eta egiantzekoenak lehenestea.
Esan beharrik ez dago: hizkuntza naturalek ez dute matematikaren zehaztasuna. Hitzak, egitura sintaktikoak edo testuinguruak maiz uzten dute zabalik hainbat interpretaziotarako aukera. Mitxelenak sarritan erakusten du hitz bakar batek esanahi zaharra eta berria izan ditzakeela aldi berean; eta forma bakar batek bi jatorri posible izan ditzakeela; eta esaldi bakar batek bi interpretazio semantiko edo pragmatiko. Adibide ugari dazter Mitxelenak, zein baino zein politagoa, egunkari-lerroburu hau, kasu: “Nixon habla a los filipinos de la luna”; edo Chomskyren “the shooting of the hunters” eta Alarcosen “la edición fue reducida” famatuak; edo genitibo objektibo zein subjektibo izan litekeen “Jainkoaren maitasuna”; edota “dut” zein “dizut” izan litezkeen “diat” eta “dinat”.
GIZAKIA
Hizkuntza naturalen ezaugarri nagusietako bat anbiguotasuna izateak ez du esan nahi hizkuntzak akastunak direla. Bestela, gizakia berez dela akastuna onartu beharko genuke. Eta litekeena da, eztabaidagarria da ideia hori, baina larregi urrutiratuko gintuzke gaurko aztergaitik.
Kontua da gizakia bera dela anbiguoa —sentimenduetan, ideietan, identitateetan—, eta, horrenbestez, berak sorturiko hizkuntza ere ezin dela guztiz unibokoa eta gardena izan.
Hizkuntza ez denez kanpoko tresna neutro bat, baizik eta gizakiak sorturiko sistema, giza pentsaeraren arrastoak daramatza ezinbestez, hizkuntzak berak giza pentsaeran arrastoak uzten dituen ber gisan. Eta giza pentsamendua, irudimenari esker hizkuntzatik bereizi ahal bagenu ere, ez litzaiguke erabat zehatz edo monolitiko agertuko; aitzitik, maiz gelditzen da norabide argi barik, Homer Simpsonen burmuinean bezala, eta kontraesankorra eta ironikoa ere izan liteke.
Anbiguotasunari lotzen baitizkio Mitxelenak umorea eta ironia. Ironiak esanahi bikoitza eskatzen du: hitzez hitz diozuna eta benetan adierazi nahi zenukeena. Horrek ere hizkuntzaren malgutasuna eta giza adimenaren konplexutasuna erakusten du.
ERREALITATEA
Hizkuntzak errealitatea interpretatzeko modua baldintzatzen du, hizkuntza baita errealitatea antolatzeko gizakiak duen tresna indartsuenetakoa. Hitzek kategorietan banatzen dute mundua: izakiak, ekintzak, koloreak, erlazioak. Baina kategoria horiek ez dira beti zehatzak. Halatan, hizkuntza anbiguoa baldin bada, gizakiak hizkuntzaren bidez jasotzen duen errealitatea ere ezin da guztiz garden eta unibokoa izan.
Hizkuntzak errealitatea zeharkatzen duenez, errealitatea bera ere interpretatua ageri zaigu nolabait. Desberdinak dira hizkuntza bakoitzaren irudiek, metaforek eta kontzeptuek errealitatean ikusarazten dizkiguten ezaugarriak eta geruzak. Konparazione, koloreen hedadura, sailkapena eta izendapena hizkuntza batetik bestera aldatzen da; baita espazioaren deskribapena ere, edota denboraren ikuskera eta erabilera aditzean.
Kontuz haatik: Mitxelenaren iritziz, hizkuntza, gizakia zein errealitatea anbiguoak izateak ez du esan nahi egia ez dagoenik; baina bai ordea egia ulertzeko bidea ez dela zuzena eta lineala, funtsezkoak baitira interpretazioa, testuingurua eta probabilitatea.
Hori dela-eta, apala izaten da Mitxelenaren jarrera metodologikoa: hizkuntzalaritzan hipotesiak proposatzen dira, baina ez da ziurtasun absoluturik lortzen. Hizkuntza bera anbiguoa bada, ezin hizkuntzari buruzko jakintza zeharo homogeneoa eta zurruna izan.
