Gizona teleskopioarekin ikusi nuen
1972an argitaratu zuen Mitxelenak “De la ambigüedad sintáctica” artikulua. EHUren webgunean dauzkazun “Idazlan guztien” bigarren pdf-an dago bildua. Anbiguotasuna ez dela hizkuntzaren akatsa defendatzen du bertan, baizik eta hizkuntzaren funtzionamendu arruntaren ezaugarrietako bat, sarritan onuragarria. Ez hain arruntarena ere bai: antzinako orakuluen ezaugarri orokorra ei zen anbiguotasuna, eta ez hitzek eraginikoa, esaldiaren egitura gramatikalak baizik.
Besteak beste, eboluzio historikoak eta ekonomiak eragiten dute anbiguotasun sintaktikoa; beraz, esan bezala, hizkuntza naturalen berezko propietatea da. Anbiguoak dira, adibidez, generatibistek erabiliriko “flying planes can be dangerous” eta “gizona teleskopioarekin ikusi nuen” ezagunak: izan liteke gizona teleskopioa zeramala ikusi nuela, edo teleskopiotik behaturik ikusi nuela gizona; arriskutsua hegazkinak pilotatzea izan liteke, zein hegazkin hegalariak berak.
Edozein gisaz, nahiz eta egitura sintaktikoek interpretazio bat baino gehiago ahalbidetu, komunikazio arruntak ondo funtzionatzen du, badakigulako testuingurua zentzuz erabiltzen. Komunikazio normalean anbiguotasuna ez da arazo, hizkuntzaren ulermena ez delako bakarrik gramatikan eta sintaxian oinarritzen: testuinguru pragmatikoak, egoera komunikatiboak eta ezagutza partekatuak interpretazio egokia aukeratzen laguntzen digute.
Hizkuntza formalaren eta hizkuntza naturalaren arteko kontrastea ere nabarmentzen du Mitxelenak: hizkuntza formalek, matematikak eta logikak, zehaztasunaren bila, anbiguotasuna saihestu nahi eta behar izaten dute. Aitzitik, eguneroko komunikazioan darabiltzagun hizkuntza naturalek onartu egiten dute. Sekula ez dute logika formalaren idealarekin osotoro bat egingo; ez dute behar. Ez dira aratzak: esaten dena baino gehiago edo gutxiago adierazten dute maiz, eta entzuleak bere aldetik osatu behar du esanahia.
Ahal bezain ekonomikoak izatea bilatzen dute hizkuntzek. Erabilgarritasuna lehenesten dutenez, ez dute anbiguotasuna saihesteko inongo diseinu perfekturen beharrik. Testuinguruak desanbiguatzen du.
Ekonomiagatik onartzen da forma berak funtzio edo interpretazio bat baino gehiago izatea: zenbat eta egitura gutxiago, orduan eta erabilera errazagoa. Eta zenbat eta forma gutxiago, arinagoa oroimenarentzako zama. Anbiguotasuna eta ekonomia horrela lotzea egin zait deigarriena Mitxelenaren artikuluan.
Bestalde, hizkuntzaren eboluzioaren ondorio ere badugu anbiguotasuna. Aldatu egiten dira historian hizkuntzak, eta egitura zaharrak berrerabiltzen dituzte. Forma zaharrek funtzio berriak hartzen dituzte. Eta anbiguotasun sintaktiko berriak sortzen ditu horrek.
Mitxelenaren iritziz, hizkuntzalariek ez dute zertan hizkuntza naturalak artifizialki “garbitzen” eta “perfekzionatzen” saiatu. Ondorio metodologiko garrantzitsua da hori. "Como lingüista, siento un fuerte rechazo por todo exceso normatibista" (Idazlan guztiak XIV, "Gajes del oficio", 117) Hizkuntzaren azterketek onartu egin behar dituzte anbiguotasuna, irregulartasuna eta aldaketa historikoa, logika idealarena ez bezalakoa baita hizkuntza naturalaren errealitatea. Hamarkada pasatxo behar izan zuen Wittgensteinek Mitxelenari berez zerion heldutasunera iristeko.
