Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Beilatokiko despedida-kanta

Beilatokiko despedida-kanta

Markos Zapiain 2026/02/24 19:15

Ez dakit orokorra ote den aldaketa, oraindik ez dut ikertu. Uste dut etnologoari jakingarria litzaiokeela. Niri bazait, behintzat, baina inoiz ez bezain azkarki ari zaizkidalako ingurukoak hiltzen, beharbada.

Kontua da internetek eta mugikorrek gure hilei ematen diegun azken agurra aldatu egin dutela. Hamarraldi honetan hasi da gure familian aldaketa.

2020a baino lehen, kanposantuan ehortzi egiten genuen hilikoa, apaiza eta senideak lagun. Bestela erraustu, eta ondoren errautsak mendian zabaldu, edo txoko kutun batean gorde.

Hamarraldi honetan, alde batetik hildakoen adina nabarmen goititu da, eta bestetik mugikorrean zenduaren gustuko abesti bat ipinirik eman diegu azken agurra. Ez ditut aintzat hartuko lekuko zuzena izan naizen kasuak baizik.

92 urte zituela hil zitzaigun izeba K., eta Irungo hilerrian ehortzi genuen. Edith Piafen “La vie en rose” jarri genion, hilkutxa zulora jaitsi bitartean. Izeba K. izan zen familiako panteoian lurperatu genuen azkeneko senidea.

Orduz geroztik, erraustu egin ditugu guztiak, Irungo Araso beilatokian. Abantaila handia da beila eta errausketa tanatorio berean egin ahal izatea. Irunen bada beste beilatoki bat, Bidasoa-Tabisa, baina ez dute errausketa-zerbitzurik. Lasarte-Oriako Rekalderaino joan behar. Deserosoa eta astuna da ordea hilkutxa batetik bestera hainbeste kilometroz ibiltzea, eta gero eta gehiago dira Araso aukeratzen duten irundarrak.  

Harira: 99 urte zituela hil zitzaigun izeba R., eta Benito Lertxundiren “Baldorba” jarri genion zerraldoa kristalaren bestaldetik beherantz desagertu ahala.

94 urterekin joan zitzaigun izeba F.ri, berriz, Hondarribiko alardearen Alborada jarri genion, Alborada baitzuen alarde osoko doinurik gogokoena, eta, horrenbestez, baita bizialdi eta unibertso osokoa ere.

107 urte zeukala hil zen izeba J. Berea da gure familiako errekorra. Luis Marianoren “C'est magnifique” ipini genion, abeslari ospetsuaren kuadrillakoa izan baitzen gaztetan, eta primeran konpontzen ziren.

Berriki hil zaigu osaba C., 101 urte. Hamar bat lagun geunden Arasoko agur-gelan. Komunista zen osaba: Internazionala ipini genion. Alabazurtzaren mugikorretik zetorkigun doinuari laguntzeko, biziok besoa altxatu, ukabila bildu, eta, nork bere mugikorrean letra irakurrita, guztiok kantatu genuen Internazionala, hasi eta buka.

Itxirik zegoen gelako atea, eta kanpotik ez bide zen musika entzuten. Irten ginenean, neska batek galdetu zidan ea hila ETAko buruzagiren bat ote zen. Orduan ohartu nintzen ezen oraindik ere, Euskal Herrian, zendua despeditzeko hamar lagun ukabila gora kantari ikusita, iruditeria kolektiboak automatikoki pentsarazten dizula Eusko Gudariak izango dela kantua, eta klandestinitatean ibiliriko borrokalaria hil berria.

Nolanahi ere, lehenbiziko lerroan gelditzen ari garenok hasiak gara despeditzeko kantua aukeratzen. Uda, eguzki, jai, dantza eta jolasaren laudorio baten alde joko nuke oraingoz, abesti sentimental edo dramatikorik ez bederen, baina beldur  naiz ez ote dudan asterik aste aldatuko, aldartearen arabera.  

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.