Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Txipetik kontzientziara

Txipetik kontzientziara

Markos Zapiain 2026/02/20 14:17

Logikak ezagunetik ezezagunera garamatzan bezala —premisa ezagunetatik ondorio ezezagunetara—, bizigabeak ez zuen bizia ezagutzen, ezta garunak kontzientzia ere, edo soinuak zentzua, edo matematikak musika. Gure arbaso zimino-gizakion komunikazio molde primariotik halako batean bigarren artikulazioa sortu zen, giza mintzaira: soinu naturaletik zentzu kulturala, nolabait esateko. Eta konbinazio matematikoetatik, era berean, musika.

Alegia, ezustean piztu ziren biziaren, kontzientziaren, zentzuaren eta musikaren txinpartak, zoriz bezain mirariz. Jacques Monoden esanetan, ez diseinu inteligente batek erabakita, hain gutxi Jainkoak, baizik eta azarez erne zen ezustean inorganikotik bizia, eta mirariz, ez baitzen aurreikusgarria, ez espero izatekoa.  

Bizia sortu eta milioika urteren buruan, beste zenbait jauzi bitarte, Darwinen burmuina agertu zen, biziaren bilakaera ulertu zuena, giza adimenak edozer ulertzeko eta azaltzeko dauzkan muga estuen baitan, jakina.

Biziaren eta bizigabearen edota gogoaren eta gorputzaren arteko harremanei dagokienez, arrotza zait dualismoa. Hala ere, monista ere ez naiz. Emergentismoa iruditzen zait ikuspunturik zentzuzkoena: bizigabean oinarritzen da bizia, ezinezkoa zatekeen organikoa aurretik inorganikoa izan ezean, baina bizigabea ezin da biziarekin berdindu, bizia ezin da bizigabera murriztu. Ezta kontzientzia garunera ere, edo zentzua soinura, edota musika matematikara.

Sortuko ote da halako batean adimen artifizialetik eta adimen artifizialean kontzientzia gisako bat? Txip-sare aski trinko bat eraturik, agertuko ote da kontzientzia molderen bat, neurona biologikoetatik agertu zen legez? Adimen artifizial gogorra deitzen zaio sentimenduak eta kontzientzia lituzkeen horri. Albisteek diotenez, oraindik ez da agertu, baina horri begira dabiltza jo eta su lanean. 

Badugu, hortaz, milioika urte dauzkan ildo bat: inorganikoan organikoa erne zen; giza burmuineko neuronetatik kontzientzia; zimino-gizakiek ahotik ateratzen zituzten soinuetatik zentzua; eta konbinazio matematikoek musika ekarri ziguten. Izan ote liteke hurrengo urratsa adimen artifizialaren txip, datu, programa eta entrenamenduetatik halako batean kontzientzia agertzea? Zentzuzkoa al da adimen artifizial gogorra noizbait sortuko dela uste izatea?

 

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.