Mitxelena eta Popper
Koldo Mitxelenak idatzia:
“Aipatu dugun hipotesi hau, matematikoa delako huts-hutsik, egiazta daiteke (hau da, egia dela froga daiteke), bai baita matematiketan bide ezaguna horretarako. Matematika, haatik, jakite formala da, jakite hutsa. Berak sortu dituen izakiez ari da, ez inguruko mundu honetan diren gauzez. Jakite enpirikoak dira begiz ikusten, belarriz entzuten eta eskuz ukitzen ditugun izakiez arduratzen direnak, eta horietakoa da orain ahotan dugun hizkuntza. Eta jakite enpirikoetan ez da sekula behin betiko egiaztatzerik, Popperrek erakutsi duenez; ez da indukzio matematikoaren antzekorik. Gezurtatzerik bai. Ongien finkatuak diruditen hipotesiak ere hautemate berri batek desegin ditzake. Horrexegatik dira hipotesi eta horrexegatik dira zientzia gai. Zientzia bidez ez gaitezke gezurta ezin daitekeen esaldi baten alde ez kontra mintza”. (Idazlan guztiak II, “Zenbait hitzaldi”, 226-227)
Filosofiako hainbat esparrutan izan zuen Mitxelenak Karl Popper erreferentzia gailen: gorputz-gogoen arteko harremana, dialektika, eta, oroz gain, metodo zientifikoa. Oinarrizko inspirazio izan zuen hizkuntzalaritzaren izaera zientifikoari buruzko gogoetetan, eta zientzia eta sasi-zientzia bereizteko orduan.
Bestalde, uste dut Mitxelena, jelkide zelarik ere, EAra igaro baino lehen, sozialdemokrata izan zela helduaro osoan, Popper legez. Gogokoago zuen Popper Adorno baino. Gainera, nik dakidala argiro idatzi ez bazuen ere, ez da zeharo txoroa pentsatzea Mitxelenak, Popperrek bezala, ez zuela ez marxismoaren ez psikoanalisiaren izaera zientifikoa onartzen. Zehaztu beharra dago, badaezpada ere: Popperrek ez zuen idatzi marxismoa eta psikoanalisia faltsuak direla; mugatu zen haien izaera zientifikoa ukatzera, beren baieztapenak ezin direlako gezurtatu.
“Historizismoaren miseria” idatzi zuen Popperrek, Proudhonen “Miseriaren filosofia” eta Marxen “Filosofiaren miseria” gogoan. Mitxelenak, berriz, inkonpatiblea bere baitan hartzeko joerari men eginik, “historizista aitortutzat” zuen bere burua, hizkuntza kontuetan bederen, “por más que popperiano” (Idazlan guztiak V, “Sobre la historia de la lengua vasca”, 118) Beste egun batean saiatuko naiz itxurazko paradoxa hori azaltzen.
Mitxelenak behin baino gehiagotan berresten du Popperren gezurtagarritasunaren hastapena zientziaren irizpide nagusitzat, eta hizkuntzalaritza historikoaren metodoa aldezten du. Hizkuntzalaritza historikoaren eta berreraikuntza fonologikoen hipotesiak zientifikoak ei dira, egiaztagarriak ez ezik gezurtagarriak ere badirelako. Hizkuntzalaritza historikoa ez da espekulazio hutsa, baizik eta hipotesi gezurtagarriak formulatzen dituen zientzia. Mitxelena:
“La lingüística histórica, como toda ciencia, no puede aspirar a demostrar sus hipótesis de manera definitiva, sino solamente a someterlas a prueba. En este sentido, como ha insistido Popper, el valor de una hipótesis científica reside en la posibilidad de su refutación, no en la acumulación de confirmaciones”.
Argiturri inspiratu zenbaiten aurrean, Mitxelenak oroitarazten du iragana, oraingoz behintzat, ezin dela zuzenean behatu; baina, hori bai, zilegi dugu hipotesiak formulatzea eta kontrastatzea. Iragana ezin baldin bada zuzenean behatu, aitzineuskara bezala iragan denari buruzko hipotesiak formulatzera mugatu behar. Ordea, hipotesi horiek kontrastatu daitezke; eta hain zuzen gezurtagarriak direnak dira hipotesi onak.
Dena den, hizkuntzalaritza historikoa, beste edozein zientzia bezala, ezin da inoiz egia absolutuen bilduma izatera iritsi, gezurta daitezkeen hipotesien sistema denez gero:
“Parto, naturalmente, del principio de Popper de que toda confirmación de una hipótesis es por definición provisional”. (Idazlan guztiak IV, “J. HUBSCHMID, DIE ASKO-/USKO-SUFFIXE UND DAS PROBLEM DES LIGURISCHEN, PARÍS 1969”, 231)
