Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain

Atxagaren ustelkeria morala

mzap 2005/01/10 08:44

Kritiko espainol batek esan du "Soinujolearen semea"ren ezdeuskeria narratiboak Atxagaren inkonpetentzia morala adierazten duela.

Jendeak, bizirik den heinean, hainbat ahalmen izaten du, eta, bizilegeak agintzen baitu, ahalmenok mamitzeko inguru egokiena bilatzen edo sortzen saiatzen da. Gaitasun jakin bat gauzatzeko orduan balio moral bat ondo datorkigunean, orduantxe aldezten dugu. Duintasuna, berbarako, ona izan liteke orain, baina txarra etzi: etzi eskuzabaltasunak ase gaitzake hobeki. Gudariari pizgarri zaiona kaltegarri dakioke artistari. Halatan, balio unibertsalak aldarrika daitezke, eta biziki poztuko da aldarrikaria, baina ematen du egitez nork bere gaitasunak gauzatzeko komeni zaizkion balioak dituela bilatzen eta asmatzen.

Harrigarri gerta daiteke banakoenean bezala herrienean ere jarrera moral nagusi definigarriak antzeman ahal izatea. Baina dirudienez herri bakoitzari ere bere etika dario, Elias Canettik "Masse und Macht" ("Masa y poder", "Masse et Puissance") XX. mendeko libururik ederrenetarikoan erakutsi duenez. Etengabe migratzera kondenaturiko juduek fideltasuna ezarri behar izan zuten balio gailen; holandarrek berriz itsasoari lurra zelan irabazi izan dute arazo, eta ondorioz elkartasuna lehenetsi dute, baina elkartasun berezi bat, herri osoa dike bilakatzen duena.

Euskaldunoi konplikatua egiten zaigu "txukun" hitza itzultzea, erdaldunei bere esanahia ulertaraztea. Orobat, Atxagaren aurkako epaian nabaritzen denez espainolen eta euskaldunen balio etikoak desberdinak dira. Ez soilik politikoak. Aspaldi handiko hedabidezko oldarretan bederen (hauteskundeak, Ibarretxeren plana...) espainolek politikoak baino oinarrizkoagoak ei diren hastapen moral unibertsalen alde egitera datozela diote behin eta berriro, Zaldi Eroaren "Gizon Jakintsua" ariete. Berek ordezkatu giza balio unibertsalekin bat ez gatozenak, itsusiak eta gaiztoak gara; gizatasunetik itzuri gara, kito. Terrorismoaren biktimen artean hierarkiak ezartzeko ere ez dute inongo arazorik, Manzanas eta Carrero unibertsalak baitziren, Zabaltza eta Muguruza berriz kaxero hutsak.

Inperio espainolaren garaian sustraituko zen menturaz arrazoibide zaharberritu hori: euskaldunon harrera beroak "Soinujolearen semea"ri gure ustelkeria morala nabarituko luke. Unibertsalismoak dakartza halako ondorioak; pluralismoak aldiz erakusten digu bi herri desberdin daudela, eta bere iraupena kili-kolo ikusten duen herri baten balioak eta Nobel Saria nahiz Europako Txapeldunen Liga irabaztera ohitutako beste batenak desberdinak behar dutela nahitaez.

Moral unibertsalak "halakoa da Gizakia", diosku, "eta halakoak ditu funtsezko balio; ezar ditzagun lehenbailehen". Bitxia da alabaina zein ongi etorri ohi diren bat moral unibertsal hori eta bere aldekoaren tradizioa eta ingurua. Moral unibertsalaren aldekoak ez du dagoena begirunez ezagutu nahi izaten, eta desberdintasunak aintzat hartu, baizik arrotz zaiona berdindu, burua larregi ez nekatzearren edo patologia uniformizatzaileren batek joa.

Inork ezin baitu hurkoaren morala artez epaitu, inork ez daki eta zein diren benetan bere jokabidearen zioak. Haserreak eta suminak, sarritan funtsezko sentimendu etikotzat hartuak, ez dute garbi ikusten laguntzen. "Inkonpetente moral" zein "putaseme higuingarri" oihukatzeak norberaren barrua askatzen lagun dezake, edo norberaren moralaren edo interesen etsaiaz norberak uste duena adierazi apika, baina horrek ezin du eragotzi etsai horrek bere burua zintzotzat har dezan. Ez du ematen Atxagak bere burua bereziki gaiztotzat duenik. Ezta Atxagaren kritiko moralistak ere.

Gainera, zintzotasunak sarritan ez dio kalte baino egiten literaturari.

Euskal eleberria, zorrirantz?

mzap 2004/12/13 09:52

Dortoka da Harkaitz Canoren "Beluna jazz", "Pasaia blues" eta "Belarraren ahoa"ren arteko zubia, dortokak eraman du oskolaren gainean Rotterdam Pasaiaraino eta Pasaia New Yorkeraino. Eta dortokaren euskarri, hiru eleberrietan, zalantza.

Bestalde, euskal eleberri modernoan, hasieratik beretik ugaztuna nagusi izan ondoren, batez ere tximinoa, zaldia, balea, tigrea, zerria, satorra eta behia, aipatu Canok 1996an "Beluna jazz" zuri-beltzaz zomorroaren gailentasunaren aroa abian jarri zuen. "Sp-rako tranbia", "Eulien bazka", "Kolosala izango da", "Larrepetit", "Kilkerren hotsak", "Van't Hoffen ilea"... guztia bete zaigu orduz geroztik kakalardoz, sitsez, erlez, matxinsaltoz, kilkerrez, sugandilez, labezomorroz, inurriz eta euliz. Gero eta ugariagoak dira euskal eleberrietan larrurik gabeko animaliak, edo larrua ilez estalirik ez dutenak behinik behin.

Esate baterako: Inazio Mujikaren "Gerezi denbora"ko animalien errege, astoa izan genuen. Aitzina egin dugu Zomorroaren Aroan haatik, eta kilkerra gailendu da gerra zibilari buruzko azken urteotako eleberrietan.

(Bitxia: satorra protagonismo berezi batez jabetu da Zomorroaren Aroan, berez ugaztuna den arren. Ugaztunaren Aroan ez zioten jaramon handirik egin. Baleak zanpaturik apika. Zeren bai deigarria, balea eta satorra espezie berekoak izan daitezen! Ezin biak etiketa beraren pean bizi.)

Esan beharrik ez dago, sailkapen horrek deus gutxi balio du. Joera orokor lauso bat adieraztera mugatzen da. Egitate larregi uzten du bazterrean.

Sailkapen honetatik at, berbarako: Joan Mari Irigoienek "Babilonia"n etekin ederra atera zion gerora ere erabilia izan den baliabide bati: pertsonaiek animaliaren baten arketipoa dute barne-muinetan itsatsirik, pertsonaien eta errealitatearen arteko harremana baldintzatuko duena. "Babilonia"n, zehazki, herensugearenganako sentimenduak aurrerapenak ekarriko dien trenarengana proiektatuko dituzte.

At halaber, Saizarbitoriaren eleberriek badute hainbat berezitasun: alde batetik, arras urriak dituzte animaliak; bestetik, biziari baino gehiago heriori lotuak dira ("Ehun metro"ko protagonistaren odola miazkatzen duten usoak, "Bihotz bi"ko Luxio muslaria, zezen disekatua gainera erori eta hila,...); azkenik, animaliaren bat nabaritzen baldin bada, sardina duzu latan, "Egunero hasten delako"n jadanik ageri baitzen. Totem buruzagi, sardina latan. Ondorio psikoanalitikoak, inportanteak.

Zomorroaren Aroa noizbait bukatuko balitz, dena den, zein litzateke hurrengo Aroa, zein ezustekoz txundituko gintuzke halabeharrak?

Zomorro azpi-espezie batez menturaz, Bizkarroiaren Aro batez.

Izan ere, euskal eleberrietan, espezieen bilakaeraren alderantzizkoa izan baita gezia: Txillardegirenean primatea izan zen nagusi. Hirurogeita hamarreko, laurogeiko eta laurogeita hamarreko hamarkadetan, berriz, askotariko ugaztunak. Canok Zomorroaren Aroa hasi zuen.

Itxuraz, bada belaki antzeko bat, aldi berean zomorroaren eta narrastiaren aitzindari. Baina ez du oso nobelistikoa ematen. Bai aitzitik zorriak, zomorrorik zaharrenetarikoak.

Vudu

mzap 2004/11/29 21:37

Larunbateko "Mugalari"n Iturraldek zioen legez, irakaskuntzak badu bere alde polita. Esate baterako, beti izaten dira gorabehera berriak.

1-Joan den astean, asteazkenean, Batxilergoko ebaluazioak izan genituen. Ordurako notek ordenagailuan behar zuten. Patxadaz zuzentzea egokiena den arren, nire ikasleek Filosofiako azterketa ahal bezain berandu jartzeko joera izaten dute. Asteburua zuzentzen igaro ostean, astelehenean 2.B nuen eta asteartean 2.C. Denbora aldetik, estu-estu.

Kontua da astelehenean 2.B-koek ziurtatu zidatela ezin zutela azterketa egin, asteartean 2.C-koekin batera nahi zutela.

Konforme. Astearte gauez ordu biak arte gelditu ondoren, goizeko seietan jaiki nintzen zuzentzera. Aski ez haatik. Baina luze jota eguerdirako behar zituzten tutoreek notak.

Ez nuen beste erremediorik izan, eskola ordu bi bertan behera utzi baino. Etika eta Filosofia irakasle izaki, gainera, ezin justifikantean "Gaixotasun arina" edo antzekoren bat jarri, Zientzia arlokoen kuttuna. Aitzitik, egia beti aitzina: beraz, ez ditut ordu horiek justifikatuko eta soldatatik kenduko dizkidate.

Baina 2.B-koei mesede egiteagatik izan zenez azken batean, 2.B-koek jakinarazi didate galdutakoa beraiek berdinduko didatela. Ikusi behar. Edonola ere, hamazazpi urte behar izan ditut irakaskuntzan halako eskaintza harrigarri bat jasotzeko.

2-Horrenbestez, asteazkenerako, edo ostegunerako, ikasleek bazuten noten berri. Ostiralean eztarriko mina nuen sentitu; gauez irentsi ere ezin nuen ia. Eztarriko minari aste buruak sentsazio desatsegin bat erantsi dio sabelpean, ezintasun itsusi bat lizunkeriaren organoan. Berrogei urte, pentsatu dut, edo berrogeita bat.

Baina keba. Gaur goizean, 2.B-ko J. E.-k, "gutxi" Filosofian, pasa den astean bolalumaz egin zuen marrazki bat erakutsi dit. Bertan neroni ageri naiz, Far West itxurako paisaia batean, urkatuta hilik. Iroshiren antzirudia oparitu dit E.-k, bizarrean puntutxoak eta ile kizkur samarra. Begi hiletako zurian, gurutze bana. Oinak zintzilik. Eta, azen ontzeko, txintxeta gordin bat sexu-aldean gogor iltzaturik. Maisuaren aurkako vudu eragingarria.

Platoni buruzkoa zen azterketa. J. E.-k sarean aurkitu omen du Platonek aipatu Atlantida Izaro inguruan datzala.

Bere gain halako lanak hartzen dituen ikasle batek, alegia, nabigatzen ari dela "Big Boobs.com" beharrean Platonen gaineko ikerketan dabilenak, duda barik merezi du Filosofia gainditzea.

Benidormen jazoa

mzap 2004/11/27 17:36

Karlos Linazasororen "Itoko dira berriak" B.n dago kokatua. Linazasorok argitu behar izan gabe ere ohartu naiz B. hori Benidorm dela, urtero joaten bainaiz bertara Aste Sainduko oporretan. Narratzailea Linazasoro bera da. Karlos Linazasoro idazleak Karlos narratzaile eta protagonista nola ikusten duen zehaztea txit litzateke konplikatua. Aski bedi azpimarratzea Levante hondartzan besoak astinduz laguntza eskatzen ari den bainuzale bat itotzen uzten duela, eskumenean duen arren. Desberdina baita jendea urruti hil dadin, heriotza eragozteko ezein aukerarik ez duzula, edo alderantziz, hau da, errudun senti zaitezen eraz. "Itoko dira berriak"eko pertsonaiak kalakan dabiltza hondartzan txano laranjadun bainuzalea itotzen den bitartean. Oroitarazten dizkizute erakunde horiek, askotarikoak, oinazea, tortura eta gerra saihesteko ahalmena izanik deus ere egin ez baina aitzitik Giza Eskubideen aldeko prentsaurrekoak eta kongresuak amorruz antolatzen dituztenak. Nolanahi ere, mundua politagoa litzateke erakunde ezagunek "Itoko dira berriak"en doinu irrigarriaz egingo balituzte kritikak eta autokritikak.

Bestalde (onar iezadazue aitorpen intimoa), Linazasororen pertsonaien berritsukeria ezgai hori zartatu nahi nuke, oroz lehen nire baitan; aldiz, narratzaileak Benidormez dioena bozkarioz mukuru egin dut neure:

"B., hiri irekia, kultura eta arte eta pentsamolde desberdinen elkargune eta arragoa... pertsonen berdintasunaren eta aitatasunaren paradigma da, podium hauxe meritu ez eskasen ondorio dena... Egin dezagun, bada, topa hiri zoragarri honen ohoretan!"

Javier Rojok Espainiako Senatua "Itoko dira berriak"eko Sortaldeko hondartza antzeko bat bilakarazi nahi luke: pertsonaia bat Valladolidekoa, beste bat siguenzarra, Astorgakoa hirugarren bat, Ayamontekoa bestea, Linazasoro bera euskalduna... Haatik, Rojok Senatuan Espainiako lauzpabost hizkuntzak erabil daitezen gura du; Sortaldeko hondartzan, berriz, ez dute euskaraz baizik egiten. Alegia, "Itoko dira berriak" hasi eta buka dator euskaraz, baita pertsonaien jatorriak ezin direla euskaldunak izan susmarazten duenean ere. Horrelako eragina baitu Benidormeko euskal giroak.

Halako batean, urruneko puntutxo laranjak ostertzarekin bat egiten duen bitartean eztabaidan dabiltzanei zein hiru gauza eramango lituzketen uharte galdu batera galdetu eta "txakurra" da erantzunetan gailen. Hortaz, balirudike baiezta litekeela Linazasoro bat datorrela Deleuze eta Guattarirekin, filosofo frantses garrantzitsu horien ontologiaren oinarrietako bat hauxe baita: "etxean txakurra edo katua dutenak ergel hutsak dira". Baina agian Linazasorok emendatuko luke: "eta ez dutenak ere bai."

Tximeleta eta Judas Iskariote

mzap 2004/11/20 16:59

Tximeleta efektuak berez natura munduan edozer eta guztia beste guztiarekin harremanaturik dela erakusten du, harreman horiek gizakiontzat ia beti gordeak eta ulergaitzak badira ere. Edozein gisaz, hasiak gara, dirudienez, harreman horren alde bat ezagutzen, gizakiok halakoak ezagutzera heltzen ohi garen moldean, alegia, zartakoka: gure erasoei, naturak erantzun egiten die, sarritan bortizki, azken aldiko hozbero surrealista eta uholde bitxi horiek adierazten dutenez. Ustiategi huts uste genuena hasia da amorruz ihardesten, eta Dorre Biki piloa eraitsiko du datozen urteotan.

Dena dela, ez soilik aldiberekotasunari begira, lehen begiratuan tximeleta efektuak ez baitu aintzat hartzen aldiberekotasuna baino, baliteke historian ere tximeleta efektu antzeko bat irudikatzea zentzunaren aurkakoa ez izatea guztiz: Leibnizek eta Borgesek bederen erakutsi zuten agian zu orain hau irakurtzen egon ahal izateko ezinbestekoak izan direla Santimamiñeko margolariak, Judasen musua, azken Mohikanoaren bainuak Ipar Amerikako erreka alaietan, Real Unionek hainbat Liga irabazi izana eta psikoanalisiaren hedatzea herrialde aberatsetan.

Ikuspuntu horrek, gizaki arruntoi eramangaitz gertatzen zaigun erantzukizun izugarri baten zamaz uzkurtzen digu morala, esaten eta egiten dugun guztiak iraganeko gertaerak oro behar izan baititu, bai horixe, baina orobat erabakiko baitu etorkizun larriaren gorabehera bakoitza. Alegia, hamaiketakoan kruasana ala donutsa aukeratzeak, ondorio erabakigarriak ekar ditzake, hamar mila urte barru ilargian ur eskasia dela eta liskarturiko bizilagun batzuek konponbideak bila ditzaten orduan.

Ordea, kontua da zelan jakin ziurtasunez zein den aukera egokia, zerk egingo ote duen konponbidea eskuragarriago, kruasanak ala donutsak, gure oraingo jokabide artezak ala maltzurrak.

Indian eta, oro har uste dute jokabide zintzoak ondorio ederrak eta zuzenak dakartzala, oroz lehen norberarentzat; egia esan, badirudi erlijio eta autolaguntza molde ia guztiek halakoak sinisten dituztela. Hots, hobeki zara biziko, baldin ez bazabiltza beti zure adiskideez atzetik gaizki esaka, esan gaizto horiek boomeranga bezala atzera zuregana itzuli eta bertan seko kakaztuko baitzaituzte.

Baina demagun ongiaren eta gaizkiaren neurria beti dela berdina Unibertso aldiberekoan, halaber pozarena eta haserrearena. Halatan, poza zeureganatzen duzun heinean, beste bati kentzen diozu. Eta demagun pozak ez dakarrela ondorioz nahitaez pozaren emendioa, historian zehar ere orekaz dabiltzala poza eta korromioa. Orduan, zure bizitzan pozkorregia izan bazara, beste batek ordainduko du gerora, eta zure poza sakrifikatzeak beste baten edo batzuen zoriona ekarriko luke. Horrexegatik dio Borgesek Jainkoa ez zela ospe oro har oneko Jesusengan hezurmamitu, baizik eta geure kostaldea galipotak bezain zikindua eta zigortua izan den Judasengan.

Paganoa eta kristaua

mzap 2004/11/14 23:00

Kantentzat, egia, denborari lotuko zaion arren, eternala da. Egia eta askatasuna bat datoz. Askatasunak, nahimen hutsak, gizakia denboraz at kokatzen du. Hala ere, egia eta denbora lotuak direnez, nahimen hutsa ere gauzatu egingo da denboraren joanean.

Ekintza askea apriorizkoa den heinean, denbora baino lehenago burutzen da denborarekiko erlazioa. Beraz, ekintza askea, denborari lotu behar bazaio ere, denboraz berex dago nolabait. Kanten hautu librea ez da denborazkoa, baina gizakiaren denborazko existentzia osoa erabakiko du. Horrenbestez, existentzia denborazkoan, berez, ez dago askatasunik. Izan ere, ekintza kristauak transzendentala behar du izan, jainkoaren grazia eternalarekin bateragarri behar baitu.

Ideia hauetan Kojèvek Er-en mitoa ikusten du, Politeia-ren amaiera. Baina Platonenean egia (ideien elkarrekikotasun ulergarria) eternitateari (ongiari) lotzen zitzaion bitartean Kantenean denborari zaio lotuko. Eta desberdintasun honen kariaz, Kanten "hautu librea" ez da, Platonenean bezala, gizakia denboratik at denaren, edo izan denaren, arabera, baizik denboraren barnean denaren, edo izango denaren, argitara. Platonenean baieztapena zen; Kantenean, aldiz, ukoa. Grekoarentzat eternala denboraren joanera igaroaraztea zen puntua; prusiarrarentzat, berriz, denboraren emanean bilakatu zarena, eternalki ez izatea. Paganoarengan, natura eternalaren onarpena; kristauarengan, ostera, denborazko naturaren ukazioa. Mediterraneoan, jainkoari atxikiriko edo jainkoagandik bereiziriko aingeruaren askatasuna; Baltikoan, denboratik ateko ekintza bakanean bekatua ukatu duen gizaki eroriaren askatasuna.

Pentsatzeko denbora

mzap 2004/11/13 23:00

Bada zenbait liburu klasiko gai nagusi baina apur bat gordearen inguruan diharduena, Filosofiaren Historiak eta pedagogiak sarritan gutxietsia: Nikomakorentzako Etika eta adiskidetasuna; Gauzen izaeraz eta mugimendua; Etika eta maitasuna; Arrazoimen hutsaren kritika eta denbora.

Kantek Parmenidesi eta Spinozari leporatu zien unibertsoa gizakiaren kaskotik aterarazi izana, magoak untxia nola. Kanten ustez, aldiz, gizakiak, adimen aktiboa badu ere, mundua ezagutzekotan, datuak jaso egin behar ditu, edukiak (anitza beti ere) emana (gegeben) behar du, beste nonbaitetik etorria. Ez da aski gizakiak pentsatzea, egiazko ezagutza izan dadin; beharrezkoa da orobat gizakiak gogoan harturiko objektuak berezko existentzia izan dezan, gogoan hartze horretatik berex. Giza kontzientziak bi osagai baititu: Begriff edo adigaia eta Anschauung edo intuizioa, eta azken honi dagokio gizakiari emaniko edukia (beti ere ugaria), gizakiak edo gizakiarengan sortua ez dena. Ugaritasun hori, gainera, espazioan eta denboran ageri zaigu ezinbestean

Horrenbestez, ezin dugu pentsatu, ez bazaigu anitza ematen eta ez badugu ugaria jasotzen. Ordea, dagoena ezin da ugaria izan, ezin da bere baitan bereizi, espazio ez bada edo espazioan ez bada: bi puntu geometriko berdin, ez daitezke elkarren artean bereiz, ez bada espazioan duten kokagune desberdinagatik; eta espazioa ez da beren baitan guztiz berdinak diren eta hala ere elkarren artean berex diren puntuen multzo mugagabea baizik. Haatik, ezagutu ahal izateko, aniztasuna bildu edo identifikatu egin behar da: Kantek dio ezagutza ekintza oro sintesia dela, ugaritasuna batzen baitu. "Zaldi" kontzeptuak, berbarako, zaldi enpiriko guztiak biltzen ditu. Eta, gizakiontzat, anitza ezin da berdindu edo identifikatu ez bada denboran.

Honelaxe argitzen du Kojèvek arazoa: A puntua eta B puntua identifikatzea, puntua A-tik B-ra igaroaraztea da; oro har, gauza desberdin bi identifikatzea, gauza bat eta bera aldatu dela adieraztea da. Halatan, denbora litzateke anitzaren berdintze ororen, edo aldaketa ororen, zeinahi ere diren, multzo infinitua.

Beraz, ezagutu, aniztasuna atzeman eta bildu, soilik denboran egin dezakegu, ugariaren atzematea bera baita, besteak beste, denbora. Sarritan onartu du filosofiak giza egia mintzozkoa denboraren une orotan ageri ahal dela; eta gizakiak denbora behar duela pentsatu ahal izateko. Baina Kant lehenbizikoa izan da gizakiak hau guztia akzidentala barik funtsezko duela azpimarratzen.

Gutxi fio Europaz

mzap 2004/11/11 22:55

Gaurko "Berria"k Jon Suduperen artikulu bat dakar, Bai Europari. Europako Konstituzioaren aldeko botoa eskatzen du, "arrazoi filosofikoak, politikoak, ekonomikoak eta kulturazkoak" kontuan hartuta.

Ordea, europazaleek jendaurrean ezin badituzte Suduperen arrazoiak baino aldarrikatu, heldu da susmoaren ordua, hain dira eskasak.

Sudupek gorroto etnikoak, txobinismo nazionalistak eta neurrigabeko erregionalismoak gaitzesten ditu, Europa goresten. Ematen du gure maitasunaren norabidea alda dezagun proposatzen digula, hurbil dugunetik handirantz, Europarantz. Hala ere, Suduperen maitatzeko maneran nabari da Lukrezioz geroztik amodioari leporatu izan zaion ezaugarri delirante bat: ezintasuna maitea ikusteko ez erabateko objektibotasunez, ezinezkoa baita, baina ezta zentzun orekatu batez ere. Maiteminduarentzat maite kankailua "maiestatetsu" edo anorexiko mutua "apal" edo berbalapiko traidorea "nortasun handiko" den bezala, Sudupek ere "La casa de la pradera" estiloko Europa bat margotu digu.

Europak jakintza sortu omen zuen; gainera, arrazoian, zientzian eta filosofian oinarritzen delako da Europa munduan gailen. Askatasuna, berdintasuna eta elkartasuna aldarrikatu ditu eta ondorioz beste kulturak (Txina, India) baino garaiagoa izango ei da.

(Besteak baino gehiago izan nahi maniatiko hori bai, oso europarra da, baina egiaztatzen oso zaila. Ederragoak dira zinez gure bizialdiak beste kulturetako kideenak baino? Nola neur?)

Europan sarritan nagusi izan diren Husserl edo Habermas bezalako alemanek halakoak idaztea idealismorik negargarri eta arriskutsuenari egotzi behar zaio. Euskaldun baten ahotan, ostera, zeharo enigmatiko gertatzen dira.

Europak berezitasun zoragarri ugari du, jakina. Baina ez da komeni Historia ukatzea. XX. mendera mugatuz Gernika dugu, italiarren laguntza Francori (Francok berak izendatu Estatuburuaren menpe gaude aspaldi handian), De Gaullek hitza jan, Mitterrandek hitza jan (giza eskubideak aldarrikatu zituzten frantziarren artean, zazpitik bat depresioak jota dago), ingelesek hitza jan, AEBk hitza jan, Jose Antonio Agirreren etsipena europarren eta amerikarren traizioagatik demokraziari...

Orain dela gutxi egin dizkigute horiek, edo egiten ari zaizkigu. Europarenganako euskal sentimendurik ulergarriena, gaur egun, mesfidantza da, xuabe esatearren. Suduperen txepelkeria baino normalagoa behintzat bai. Gure konfidantza berreskuratu nahiko balu, Europari legokioke, harreman prozesu arrunten arabera, ganorazko zerbait egitea gure alde. Edo, aintzat hartuz guri dagozkigunetan zelakoak izaten diren europarren iniziatibak, patxada xede, zerbait EZ egitea: esate baterako, gure erabakiak ez oztopatzea.

Bestalde, aurreiritzi dialogistarik gabe Europa zer izan den ulertzen ahalegindu direnak (Rémi Brague, Peter Sloterdijk) bat datoz: Europa funtsean inperiogintza izan da. Eta da: Bush, Europaren ikasle beti lehen hori, giza eskubidea ganora handiz ari zaio Iraki aplikatzen. Gure Guardia Zibila ere, Europako faro hori, fuerte dabil. Ertzaintzak berriz arrazoi oso-oso garrantzitsuak ditu bere kalabozoetan kamerak ez jartzeko. Hain filosofikoak direnez arrazoiok, hain lotuak giza eskubideen sustatzeari, agintariek herritarroi ezkutatzen baitizkigute: ez genituzke ulertuko.

Sloterdijkek berriki Europari dagokion maila handiko egitasmo bat proposatu du, orain arteko inperiogintza bezain pizgarria: inperioak geldiaraztea. Baina ez soilik Irakeko sarraskia, hain europarra, baizik Europako Estatuen barrualdean antidemokratikoki ezartzen diren inperio arras anakronikoak. Estatuek apur bat lasaitu behar dute, eta herritarrek nahi dutena eragozteko indar eta diru gehiago alferrik ez galdu.

Mendebaldea, munduko beste edozein eremutik begiratuta, arrazoia eta askatasuna baino gehiago gurutzada odoltsua da. AEBak ditugu Europa zaharraren oinordeko eraso militarrak antolatzeko orduan. Gure kontinentea, berriz, eman ta zabal zazu egitasmo orokorraren barruan, munduari kolesterol altua duten pedofiloak esportatzen berezitzen ari da.

Serendularen minigonna

mzap 2004/11/09 20:36

Serendularen pilula izan zen mate. Ilkitxoak eta girigintxoak potorriren puntusemian kerritu arren, Serendulak, ekin eta ekin, muxiren gomindioak aise zituen bereganatu. Kunkulu ateri blaugrana pote handi bana bete sagu goizalban zihoazen. Baina txindata artista bat da jolasorduaren kaiolan. Utikan Serendula, askuzo alungoiti. Nipoia ulema, altuegigi jarrirri dutete trakaka. Horrelaxe potikildu ziren ingilitimaren mintzak, lastiminigonna.

Koko gose

mzap 2004/11/08 21:45

Izar ospetsu bilakatu zaigu Koko gorila, mila bat hitz ikasi baititu AMESLANez (American Sign Language, AEBetako gormutuen zeinu hizkera).

Berriki, Gorilen Fundazioak jarri dion apartamentuan, zaindariei adierazi die oinazea zuela ahoan. Ez zen hagineko mina baino; hala ere, sendabideak anestesia eskatuko zuela eta, Fundazioak aprobetxatu eta Kokori azterketa mediko osoa egitea erabaki zuen. Izar batekin lan egiteko lilurak bultzaturik, bolondres aritu ziren sendagile berezilariak.

(Giza izarren eta izar primateen arteko aldeaz, Stanford Ospitaleko Liang doktoreak ziurtatu du Koko apalagoa dela anitz OPI baino, kapritxo gutxiagokoa.)

Azterketaren ondoren, Koko bere sendagile/miresleekin elkartu zen, inpresioak trukatzeko. Sendagile emakume bati keinu egin zion, berarengana hurbil zedin. Emakumea, primatearen adimen bizkorrak harriturik, jolasteko asmoz, bere enpresaren txartela eman zion, zeina Kokok ziplo jan baitzuen.

Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.