Atxagaren ustelkeria morala
Kritiko espainol batek esan du "Soinujolearen semea"ren ezdeuskeria narratiboak Atxagaren inkonpetentzia morala adierazten duela.
Jendeak, bizirik den heinean, hainbat ahalmen izaten du, eta, bizilegeak agintzen baitu, ahalmenok mamitzeko inguru egokiena bilatzen edo sortzen saiatzen da. Gaitasun jakin bat gauzatzeko orduan balio moral bat ondo datorkigunean, orduantxe aldezten dugu. Duintasuna, berbarako, ona izan liteke orain, baina txarra etzi: etzi eskuzabaltasunak ase gaitzake hobeki. Gudariari pizgarri zaiona kaltegarri dakioke artistari. Halatan, balio unibertsalak aldarrika daitezke, eta biziki poztuko da aldarrikaria, baina ematen du egitez nork bere gaitasunak gauzatzeko komeni zaizkion balioak dituela bilatzen eta asmatzen.
Harrigarri gerta daiteke banakoenean bezala herrienean ere jarrera moral nagusi definigarriak antzeman ahal izatea. Baina dirudienez herri bakoitzari ere bere etika dario, Elias Canettik "Masse und Macht" ("Masa y poder", "Masse et Puissance") XX. mendeko libururik ederrenetarikoan erakutsi duenez. Etengabe migratzera kondenaturiko juduek fideltasuna ezarri behar izan zuten balio gailen; holandarrek berriz itsasoari lurra zelan irabazi izan dute arazo, eta ondorioz elkartasuna lehenetsi dute, baina elkartasun berezi bat, herri osoa dike bilakatzen duena.
Euskaldunoi konplikatua egiten zaigu "txukun" hitza itzultzea, erdaldunei bere esanahia ulertaraztea. Orobat, Atxagaren aurkako epaian nabaritzen denez espainolen eta euskaldunen balio etikoak desberdinak dira. Ez soilik politikoak. Aspaldi handiko hedabidezko oldarretan bederen (hauteskundeak, Ibarretxeren plana...) espainolek politikoak baino oinarrizkoagoak ei diren hastapen moral unibertsalen alde egitera datozela diote behin eta berriro, Zaldi Eroaren "Gizon Jakintsua" ariete. Berek ordezkatu giza balio unibertsalekin bat ez gatozenak, itsusiak eta gaiztoak gara; gizatasunetik itzuri gara, kito. Terrorismoaren biktimen artean hierarkiak ezartzeko ere ez dute inongo arazorik, Manzanas eta Carrero unibertsalak baitziren, Zabaltza eta Muguruza berriz kaxero hutsak.
Inperio espainolaren garaian sustraituko zen menturaz arrazoibide zaharberritu hori: euskaldunon harrera beroak "Soinujolearen semea"ri gure ustelkeria morala nabarituko luke. Unibertsalismoak dakartza halako ondorioak; pluralismoak aldiz erakusten digu bi herri desberdin daudela, eta bere iraupena kili-kolo ikusten duen herri baten balioak eta Nobel Saria nahiz Europako Txapeldunen Liga irabaztera ohitutako beste batenak desberdinak behar dutela nahitaez.
Moral unibertsalak "halakoa da Gizakia", diosku, "eta halakoak ditu funtsezko balio; ezar ditzagun lehenbailehen". Bitxia da alabaina zein ongi etorri ohi diren bat moral unibertsal hori eta bere aldekoaren tradizioa eta ingurua. Moral unibertsalaren aldekoak ez du dagoena begirunez ezagutu nahi izaten, eta desberdintasunak aintzat hartu, baizik arrotz zaiona berdindu, burua larregi ez nekatzearren edo patologia uniformizatzaileren batek joa.
Inork ezin baitu hurkoaren morala artez epaitu, inork ez daki eta zein diren benetan bere jokabidearen zioak. Haserreak eta suminak, sarritan funtsezko sentimendu etikotzat hartuak, ez dute garbi ikusten laguntzen. "Inkonpetente moral" zein "putaseme higuingarri" oihukatzeak norberaren barrua askatzen lagun dezake, edo norberaren moralaren edo interesen etsaiaz norberak uste duena adierazi apika, baina horrek ezin du eragotzi etsai horrek bere burua zintzotzat har dezan. Ez du ematen Atxagak bere burua bereziki gaiztotzat duenik. Ezta Atxagaren kritiko moralistak ere.
Gainera, zintzotasunak sarritan ez dio kalte baino egiten literaturari.