Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain

Kant eta Hegel

mzap 2005/05/27 17:17

Hegelek, kontzeptuari buruzko bere teorian, Kantek "Eskematismoa"n azaldurikoa zehaztu eta aldatu du. Kantentzat, kategoriak dagoenari (Sein) aplikatzen zaizkio, denbora eskema gisa ematen zaigulako, hau da, ararteko edo bitarteko bezala. Baina bitartekotasun hau pasiboa da, intuizioa. Aldiz, Hegelenean bitartekotza aktiboa da: Tat edo Tun da, dagoena ezeztatzen duen ekintza, borrokaren eta lanaren aktibitatea. Eta dagoenaren ezeztapen hau, orainaldiaren ezeztapen aktiboa, proiektuaren denbora da, denbora historikoa. Honela, nola Hegelenean hala Kantenean, denbora da kontzeptua dagoenari aplikatzea ahalbidetzen duena.

Baina hara zergatik hobesten duen Kojevek Hegelen ikuspuntua: Hegelentzat, pentsamendu kontzeptuzkoaren denbora-bitarteko hori, gauzatua dago. Mugimendu bat da hain zuzen, mugimendu dialektikoa, aktiboa, ezeztatzailea, dagoena aldatzen baitu, berria sortzen baitu. Hegelen ustez, gizakiak Izatea edo dagoena uler eta azal dezake, kontzeptuaren bitartez eta beronen arabera Izatea edo dagoena eraldatzen duelako. Giza proiektua kontzeptuzkoa da funtsean. Dagoena, eman zaiona, kontzeptuzko proiektuaren arabera bereganatzen du gizakiak. Baina jaso duguna proiektuaren arabera moldatzea bera da hain zuzen ere ekintza kontziente eta borondatezkoa, Arbeit eta Kampf den Tun-a.

Kantentzat, dagoena kontzeptuarekin bat dator, eta denboraren bitartekotzak batetik bestera bata zein bestea aldatzeke igarotzea ahalbidetzen du soilik. Eta horrexegatik ezin digu Kantek azaldu dagoenaren eta kontzeptuaren arteko adostasuna: harentzat datu bat da, alegia, halabeharra, azarea (transcendental Zufakigkeit).

Hegelek, aldiz, adostasun hori azaldu egingo du: prozesu dialektikoan datza. Kojeveren filosofia-fikzioaren arabera, historia amaitzean hitzezko proiektuarekin bat etortzeraino bilakatuko da dagoena, ekintza ezeztatzaileak dagoena proiektu haren arabera eraldatuko baitu.

Beraz: Kantenean denbora eskema eta intuizio pasiboa da; Hegelenean berriz mugimendua, ekintza kontziente eta nahimenezkoa. Ondorioz, Kantenean kontzeptua edo a priori-a nozio bat da, gizakiari ahalbidetzen diona dagoenarekiko adostasuna: Hegelenean, aldiz, kontzeptu apriorizkoa proiektu bat da, gizakiari dagoena aldatzea permitituko baitio. Horrela, dagoena proiektuarekin bat egiteraino bilakarazten saiatuko da.

Susmagarria, eszeptikoen aurkako Kojeveren zakarkeria

mzap 2005/05/26 17:40

Zakarkeria horrek errusiarraren pasarteak oroitarazten ditu, uste zutenaren justu aurkakoa aldarrikatu duten filosofoez.

Kojevek dioenez, filosofia handien alboan beti loratu izan dira teoria hein batean bihurri eta barbaroak. Egiaren gaineko Platonen eta Aristotelesen ikuspuntua eszeptikoek ukazio arrunt eta absurdu baten bitartez bihurrikatu omen zuten.

Ukazio honen arabera, egia ez da eternala, baina ezta denbora bera ere (Kojeverentzat bai, egia denbora bera da, ikusiko dugu), baizik eta denborazkoa, denboraren barnean dagoen beste zernahi bezala. Kojeveren ustez, ikuspuntu honek ez du merezi kontuan har dadin, jakintza erreal edo benetakoari buruzko ideia bera ere baztertzen baitu. Eszeptizismoa edo erlatibismoa da, Platonek "sofistika", Kantek "enpirismo" eta Husserlek "psikologismo" gisa kritikatu zutena.

Jakintza eszeptiko edo erlatibista, Kojevek dioenez, jakintza eza da zehazki. Eszeptizismoan eta erlatibismoan, egia denborazkoari zaio lotzen, alegia, aldaketari. Baina denbora mugagabea denez, aldaketa ez da inoiz geldituko. Hortaz, ez dago behin betiko jakintza eternalik, ez dago episteme-rik, ez dago doxa baizik.

Aristotelesen erantzuna Platoni

mzap 2005/05/25 11:59

Egia da zakur adiera eternitateari lotzen zaiola; baina eternitatea Aristotelesentzat denboran dago, zeren egia bada zakur errealak aldatzen direla, zakur benetan erreala, zakur espeziea, aldiz, ez baita aldatzen. Espeziea eternala denez gero, eta denboran dagoenez gero, badu egiak eternitateari denboran berean lotzea. Beraz, badago denborazko munduaren gaineko jakintza absolutua, mundu honek eternitatea barnebiltzen duen heinean. Kojeveren hitz ederretan esateko, Platonek ahantzi egin du Heraklitoren ibaian badirela zirimola iraunkorrak: landareak, animaliak, planetak, kosmos-a. Aristotelesenean, denbora bera da eternala. Aristotelesentzat, Hegelentzat bezala, denbora zirkularra da. Grekoarentzat, alabaina, eternalki gabiltza zirkuluan itzuliak egiten, ibili biribilean; Hegelentzat, berriz, ibilbidea bakarra izango da.

Aristotelesentzat kosmos-ak eta animaliek egitura berdina dute. Unibertsoa era biologistan azaldu du. Orobat gizakia. Oiloak arrautza erruten duen legez zizelatuko du Rodinek Pentsalaria. Zenbait aristotelikok alderantzizko norabidea zuzentzat jo duen arren, arrautza dela estatuaren gisara sortua aldarrikatuz, Kojevek uste du ez datorrela bat Aristotelesen testuekin.

Berebat, etengabeko zikloak erakutsiko digu Gerra Zibila ETAren kausetako bat bezainbeste izan dela ETA Gerra Zibilarena, eta izango.

Onartuko ote du Kojevek ikuspuntu hau?

Ekintza askea

mzap 2005/05/24 07:55

Ekintza askea denborazko bilakaeraren marratik berex kokatzen da. Marra horretako edozein puntutan ageri den hic et nunc delakoa iraganak zehazturik, finkaturik, mugaturik, dator, eta aldi berean geroa mugatzen du. Aldiz, ezin azal daiteke ekintza askea iraganari erreparaturik, ez baitu hartan oinarririk ez jatorririk. Izaki libreak hemen eta orainetik bereizteko gauza behar du izan. Baina tentuz, ekintza askea hemen eta orainarekiko loturan garatzen da ezinbestean, aurrez zehazturiko baldintzetan gauzatzen da. Hots, kontserbatu egin behar da hemen eta orainaren edukia, hemen eta orainetik bereizirik egon arren.

Hain zuzen, hitza da, mintzo adieraduna, sentsazio baten hemen eta orainetik bereiziriko pertzepzio baten edukiari eusten diona. Honako mahai hau hemen eta orainari loturik dago; baina "mahai hau" hitzen adierak beti bat dirau alde eta aldi orotan. Horrexegatik datoz bat hainbeste filosofo: mintzo den izakia baizik ezin omen daiteke libre izan.

Egiaren gaineko Platonen ikuspuntua ekintza askeari aplikatuz gero, honako ondoriootara iritsiko ginateke: egia doxa nagusi duen denborazko errealitateari lotzen ez zaion era berberean, ekintza askea ere ezinezko gertatzen da errealitate denborazkoan. Ekintza askean eta ekintza askearen beraren kariaz, denboraz berex dagoen zerbaiti lotzen zaio gizakia. Halatan, Platonek Er-en mitoan adierazi bezala: arimak bere patua hautatu egiten du, baina jaio aurretik. Hautua delarik, askatasuna ere bada. Baina hautu hau, bilakaerak erabat mugatzen duen denborazko existentziatik landa burutzen da. Platonek metenpsikosiaren ideia erabili du bere mitoan: hautua berritu egin daiteke, eta, era berean, desberdinak izan daitezke hautuak. Kojeveren ustez, hala ere, hipotesi honek ez du leku erosorik Platonen sisteman, denboratik kanpo denak gorabeherarik onartzen ez duelako sistema horretan. Denboratik ateko eternitatearen (jainkoaren) eta egile askearen arteko loturak bermaturiko hautu bakarraren kontzepzioa teologian ere ageri ohi da. Denboratik beretik kanpo jarduteko erabakia behin betiko hartu duen aingeruaren ideia da, jainkoaren alde (aingeru bertutetsu bilakatuz) nahiz aurka (aingeru erori edo deabru bilakatuz).

Platon

mzap 2005/05/23 10:00

Platonentzat, esaterako, egia erlazio bat da, ideia eternalena eternitatearekin, ongiarekin. Gainera, harreman hori denboraz at dago.

Ikuspuntu hori mintzaira teologikoari dagokio, zeinaren arabera munduko gertaerak zein mundua bera kontingenteak baitira: ezin haiei buruzko jakintza absoluturik erdietsi. Baina halako ezusteko batez jainkoaren eta bere borondate sortzailearen burubideak ezagutuko balira, munduaren gaineko benetako zientzia baten aurrean geundeke. Mintzaira teologiko sinboliko batez ari beharko bagenu, Kojevek dioenez, munduari buruzko zientzia mundu horrek elementu geometrikoak osagai dituen heinean baizik ezingo genuke azaldu. Hain zuzen ere, Kantek argi azaldu zigun algoritmoa mintzo bilakatzeko, ezinbestekoa dela denborarekin eta espazioarekin harremanetan jartzea. Platonek ordea aldez aurretik baztertua du denborarekiko harremana; algoritmoa, hortaz, espazioarekin erlaziona daiteke, eta ez besterekin (denboratik kanpoko espazioa genuke hau).

Eta, hara, geometriaz hitz egin daiteke: "zirkulu", esate baterako, izen adieraduna da: zer den adieraz daiteke, espaziotik kanpoko integrala ez bezala, adibidez, berau algoritmo batez adierazi behar baita. Horrenbestez, sistema teologikoak geometria erreal bat egitura dezake, hots, fisika geometriko bat, ez besterik. Alabaina, fisika horren arabera Lurra biribila dela esan badezakegu ere, ezin azal genezake zergatik erakartzen dituen objektu astunak: erakartze indarra, indar oro bezala, espazio barneko fenomenoa izateaz gainera, denborazko fenomenoa delako funtsean. Ezin adieraz dezake, beraz, Lurraren berezkoa zertan den, zuhaitzak hazten eta gizakiak bizi diren planeta den aldetik.

Egia eta denbora

mzap 2005/05/22 09:22

Filosofia ororen mamia egiaren eta denboraren arteko harremana da Kojeverentzat. Filosofoak egiaren bila ibili izan dira beti, aurkitutzat eman izan dute maiz, eta hitzez, kontzeptuen bitartez, adierazi nahi izan dute. Baina egia, agertzekotan, mundu historikoan ageri denez, beharrezkoa da lehenaz eta geroaz, bilakaeraz, azken batean denboraz, hitz egitea. Egiaren eta errealitatearen arteko harremanak aztertzekotan, nahitaezkoa da egiaren eta denboraren artekoak ere azaltzea.

Eta egia, filosofia klasikoan behintzat, ukaezina eta aldagaitza da: nonahi, edozeinentzat, beti eta ezinbestean litzateke egia. Maisu grekoentzat eternala da, ez denborazkoa. Ordea, aurkitzekotan, une jakin zehatzen batean aurkituko litzateke egia, eta denboran zehar existituko litzateke, gizakia dela medio existitzen baita. Ondorioz, egiaz oldoztu ahal izateko beharrezkoa izango da denboraren eta eternitatearen arteko harremana ere aintzat hartzea, edo, xumeago, denboraren eta denbora ez denaren artekoa.

Kojeveren ustez, behin magia gainditu ostean, ez dago zazpi lotura filosofiko posible baizik denboraren, egiaren eta eternitatearen artean, eta soilik zazpigarrena, Hegelena, izango da gai giza askatasunaren berri behar bezala emateko.

Hitzaren ahala

mzap 2005/05/21 09:22

Gizakiak erdietsi duen botere harrigarri bezain beldurgarriaren oinarrian dago gizakiak erabil ditzakeela ez soilik existentzia naturalei loturiko esentziak, baizik halaber existentzia magikoei, morfemei, loturiko adierak. Existentzia magikoaren topos-aren zabalera mugagabeak ahalbidetzen baitio gizakiari gauza naturalak nolabait inguratu, setiatu eta azkenik bereganatzea; izan ere, ezin nagusitu ahalko litzaieke gauzoi aurrez aurre erasoz gero, baina ez dute defentsa eraginkorrik baliatu zeharkako erasoaldion aurka, zeren gauza naturalok dagokien topos-aren eremu estu itxira baitaude mugatuak. Hau dela eta, Kojevek bidenabar seinalatzen duenez, egokia da "existentzia magiko" esamoldea, morfemei loturiko adieren existitzeko era adierazteko. Izan ere, modu askaezinean uztartuz esentzia existentzia naturalarekin, baina adiera eta morfema batzen dituen loturaren izaera erabat arbitrarioa atxikiz zientziak lortu emaitzak askoz ere harrigarriagoak dira mago onest bat, bere formula magiko hutsen bidez erdietsirikoaz, bezerorik fidakorrenari inoiz agintzera ausartuko zatekeena baino. Era berean, zientzia modernoa askoz ere magikoagoa da ohiko magia baino.

Esentziaren eta adieraren arteko aldea

mzap 2005/05/20 17:07

Igaro gaitezen orain katuaren esentziatik "katu" izenaren adierara. Katuaren adiera katu morfeman existitzen da, katuaren esentzia katu batean existitzen den ber. Partikularki, katu morfema hauteman (ikus, entzun, eta abar) daiteke, edozein katu bezala, nahiz beste edozein gauzazko existentzia. Ordea, baldin katuaren esentzia mamitzen duten gauza guztiak beti eta nonahi katuak badira, katu adiera mamitzen duten morfema guztiek ez dute aldiz katu forma (soinuzkoa, grafikoa, eta abar). Munduan orain katu adiera bakar eta bera duten morfema guztiak alderatuz gero, nabaria izango da askoz ere alde handiagoa dagoela beren artean, katu baten eta zakur baten artean dagoena baino adibidez. Gainera, ezer gutxi dute komun soinuzko morfema batek eta morfema grafiko batek, edo mimikoak, adiera bakar eta bera eduki dezaketen arren. Nolanahi ere, zakur baten eta katu baten arteko aldea aski da katuaren esentzia ezin gauza dadin katuarengan baino, eta ez zakurrarengan.

Bestalde, katu esentziaren eta "katu" izenaren katu adieraren artean ez dago, edukiari dagokionez, inolako alderik. Esentzia eta adiera errotik desberdintzen dituena hauxe da: esentzia, mota zehatz bateko izaki bati era unibokoan dago lotua; adiera, aldiz, edozein izakiri lot lekioke, edozein morfemari zehazki. Bestela esanda, adierak jokatzen du mana magikoak jokatzen omen zuen bezala. Esan liteke adiera izenaren, edo morfemaren, esentzia dela, onartuz gero esentzia honek magiak aintzat hartzen duen manak omen dituen ezaugarri guztiak dauzkala. Horrenbestez, esan liteke izena izaki magiko nahiz sakratua dela, gauza aldiz izaki zientifikoa, naturala, profanoa, den bitartean. Are gehiago, esan liteke izaki bakar eta bera (oraindik ezin dugu esan zer den) existi daitekeela esentzia legez, gauza natural bati lotua dagoen heinean, eta, aldi berean, adiera legez, gauza magiko bati, morfema bati, lotzen zaion neurrian.

Manatik esentziara, magiatik zientziara

mzap 2005/05/19 08:05

Hitzen eta gauzen arteko harremanari buruz gizakiek ez dute beti berdin pentsatu. "Magiko" ohi deritzon aroan (gaur egun ere bizirik dirauena) onartzen baitzen zenbait kasutan esentzia bat (edo, zehazkiago, esentzia magikoez ari garenez, "mana" delakoa) existi zitekeela esentzialki desberdinak ziren existentzietan. Gure artean, nolabait esateko, inork ez ditu nahasten, eguneroko bizitzan, gizaki bat eta katu bat. Baina magiak uste du aztia gai dela katuaren arima, katuaren manazko esentzia hori, giza gorputz batean sartzeko. Katua aldi berean gizaki genuke.

Filosofo grekoek aurkitu zutenean katu oro beti eta nonahi dela katu, eta ezin dela izan, inoiz eta inon, katu ez den zerbait, Kojeveren ustez okerbideokin guztiokin amaitu egin zuten behin betiko. Errusiarrak dioenez, esentziaren eta existentziaren arteko lotura askaezinaren aurkikuntza zinez iraultzailearen ostean, grekoek magiaren aukera bera desagerrarazi zuten, aipatu loturaren ezeztapenean oinarritzen baita magia. Ordea, filosofo grekoek gorde egin zuten antzinako aztien aurkikuntza handia, hau da, errotiko bereizketa alde batetik existentziaren (haientzat "profano" eta guretzat "enpiriko"), eta, bestetik, manaren (antzinakoentzat "sakratu" eta guretzat "ideal", "ulergarri" eta "esentzial") artean. Filosofoek magia ukatzeaz batera, hortaz, "mana" adigaia "esentzia" bilakatu da. Egitez, grekoen esentziaren eta aztien mana magikoaren artean ez dago alderik, ez bada esentzia erabat zehazturiko existentzia batean gauza daitekeela soilki, mana, aitzitik, aztiak nolabaiteko askatasunez aukeraturiko edozein gauzatan existi litekeen bitartean. "Mana" adigaia, filosofo grekoek "esentzia" adigaira "igoa", zientziaren oinarri duzu.

Dena den, Kojevek tradizio beneragarriak ez arbuiatzea aholkatzen digu. Eta, iraupenari dagokionez, tradizio magikoak marka guztiak hautsi ditu. Baina, guztiz beneragarria izan dadin, tradizio batek izan behar omen du ez bakarrik oso antzinakoa, baizik ahalik eta desinteresatuena. Ordea, magia beti egon izan da gizakien interesen mende. Filosofia ez bezala, magia funtsean da interesatua. Hau dela medio, filosofo grekoek magia ezeztatzeari onargarri deritzo Kojevek, magiaren antzinatasuna gorabehera. Batik bat kontuan harturik grekoen magia ezeztatzeak izaera dialektikoa izan zuela, ez zela guztizko gaitzespena izan: aitzitik, esentziak bere baitan gordetzen du mana, eta filosofiak magia.

Emazkidazu arrosak, mesedez

mzap 2005/05/18 17:48

Guztiok elkartzen dugu, oharkabean bada ere, izen baten adiera dagokion gauzaren esentziarekin, eta nolabaiteko analogia ikusten dugu izenaren morfemaren izaeraren eta dagokion gauzaren izaeraren artean.

Egitez, bizi garen munduan morfemak existitzen dira "errealak" deitu gauzen eskubide berberekin, morfemak berak gauza errealak baitira, beste edozein gauza bezala hauteman (ikus, entzun, uki) baitaitezke. Hortaz, esan liteke arrosaren esentzia arrosa errealean existitzen dela geuretzat, arrosaren adiera geuretzat pantaila honetan idatziriko "arrosa" morfeman existitzen den bezala.

Baina hemendik aurrera zailagoak eta korapilatsuagoak dira Kojevek aurkitzen dituen arazoak, esate baterako ea non, noiz eta nola dirauten gauzazko existentziatik desitsatsiriko esentziak eta morfematik bereiziriko adierak. Kojevek itauntzen du orobat, ea isolaturiko adierek eta esentziek nolabait iraun ahal duten ala ez: zer gertatzen zaio arrosaren esentziari, jadanik bere existentziatik bereizirik baina oraindik "arrosa" morfemari lotu gabe dagoelarik? Esan izan da esentzia huts nahiz adiera huts gisa dirauela hain zuzen ere. Baina nolakoa da zehazki "iraupen" hau? Eta zein dira adiera hutsaren eta esentzia hutsaren arteko harremanak? Bestalde, nola dirau arrosa gauzazkoak bere existentzia enpirikoko une jakin baten eta existentzia horren beraren hurrengo unearen artean?

Auzi zailok hurrengo ataletarako utziko ditugu. Oraingoz nabarituko dugu izenak gauzazko existentzia baten esentziaren eta morfema baten adieraren artean harreman biuniboko bat ezartzen duela. Nolabait esateko, izenak elkartzen ditu morfema eta adiera. Harreman molde hau beti sortzen ohi da izen bat zuzen darabilgularik. Izan ere, baten batek arrosak dauzkan lore-saltzaile bati "emazkidazu arrosak, mesedez" diotsolarik, lore erreal edo gauzazkoak itxaron ohi ditu, eta, lore-saltzailearen aldetiko gaizkiulertu nahiz erroreren bat ez badago behinik behin, arrosak itxarongo ditu zehazki, eta ez edozein lore. Izenari esker, hortaz, "arrosa" morfeman existitzen zen adiera, izen bereko loreetan existitzen den esentziaren truke alda dezakegu, nahiz eta egitez, tamalez, dio Kojevek, "emazkidazu arrosak, mesedez" ahozko morfemari "banku bilete" izeneko morfema tipografikoa gehitu behar diogun, -lore-saltzaileak morfema bion adiera artez ulertzea ezinbesteko dugula gainera.

Filosofoen txisteak ez dira barrez lehertzekoak izaten, baina badute zera bat.

Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.