Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain

BERTSO KLASIKO BATZUK, MENDIGURENENAK BAINO HOBEAK

mzap 2004/10/05 19:52

Nire uste apalean, Mendigurenek bere blogean jarritakoak baino dotoreagoak dira hauek, bertso librearen errazkeria gainditu eta, klasikoen legera, errima eta metrika zorrotzak darabiltzatenak.

Lehengoan etorri zen, batek daki nondik

Arnasestuka, goibel, Gorlizko Maribi

Mirari bat eskatu eta egin zidan zirri

Malkoei ezin eutsi ta hasi zen negarriz

--------------

Bi mila laugarrengo udazken txit fina

Madariak baitira lapikoen grina

Matematika triste, pozik gastritisa

Hala dabil Maribi, gure Euskal Herria

Bestalde, Mendigurenek ere -zeinaren baitan sortzailearen egolatria eta editorearen ezinegona biltzen baitira-, frogatu dit, aurretik beste askok bezala, zein komenigarria den lagunekin ahal bezain fidagaitz izatea: behinola, Gernikako Galeuscan oker ez banabil, Iñigo Aranbarrik ziberforoetako nire mezuak goraipatu zizkion eta Mendigurenek, inprobisatuz, mezu horiekin liburu bat ateratzeko asmoa zuela erantzun zion.

Geroxeago esan zidan niri. Primeran, pentsatu nuen, loria, mugarri bat Historian, Interneteko edukia zuzenean jasotzen duen lehenbiziko euskal liburua.

Baina aspaldi honetan erdi damututa dabil itxuraz eta orain nahiago du... BERE mezuekin osaturiko liburu bat argitaratu! Hala ere, goiko bertsoak eta beasaindarrarenak alderatu eta sentsibilitate pixka bat duenak garbi nabarituko du zeintzuk merezi duten moldiztegiaren ohorea.

ESPAÑA

mzap 2004/10/04 08:47

Demagun Hegoaldeko euskal ikastetxe batean irakasle zabiltzala eta azalpen zure ustez erabakigarri bati ez diotela batere jaramonik egiten beren ikaskideak suizidiora bultzatuz entretenitzen diren nerabe horiek.

Orduan ixo, leihora hurbildu, kanpora ameslari so egin, Matxitxako aldera berbarako, eta, sentimendu sakonez, "¡cuán hermosa eres, España!" errezitatu behar zenuke.

Lehenbiziko aldian behintzat ikasle batzuen arreta zureganatuko duzu.

TXIMINOA BERA MINTZO

mzap 2004/10/03 10:39

Txillardegik "Mintzamena gizonetik at"-en (UZEIren "Hizkuntzalaritza" hiztegiko artikulu bat da eta 1978an idatzi zuen Txillardegik) gizakion balizko berezitasunaren auzia bere gordinean dakar: mintzamena baldin bada gizatasunaren funtsa, gizaki ote dira gormutuak? Zeinuak darabiltzate. Baina gormutuen zeinu sistema hori hizkuntzatzat onartzen badugu, orduan ez dago tximinoaren eta gizakiaren arteko inongo alderik. Izan ere, tximinoek ausarki erabiltzen baitute "Ameslan" delakoa, "American sign language".

Hasiera batean, primateei ahozko hizkera irakasten ahalegindu ziren Amerikako Estatu Batuetan. Baina 1916an orangutan eme bati "papa" eta "cup" esanaraztea baino ez zuten lortu, eta 1951an, Hayesek, sei urtez ahalegindu ondoren, "Viki" txinpantzeak "mama", "papa", "cup" eta "up" esatea besterik ez, eta gainera "with a heavy chinpanzee accent".

Porrot horretaz jabeturik, Gardner bikoteak tximinoei "Ameslan" edo gormutu amerikanoen hizkera irakasteari ekin zion, arrakasta deigarriz.

Txinpantzeek ezetza, galdera, izena, aurrizki eta atzizkia eta baldintza erabiltzen erraz ikasten dute. Baita hitz berriak ere, gai dira ehundaka hitz zuzen-zuzen erabiltzeko.

Gardnertarrek izan zuten lehenbiziko txinpantzeak, adibidez, Washoe emeak, 51 hilabete haiekin eman ondoren ehunka hitz ulertzen eta erabiltzen ikasi zuen. Halaber, garbi erakutsi zuen bere buruaz ohartzen zela. Susanek galdetu zion: "Nor da hori?" Erantzuna: "ni"; eta geroxeago: "Ni Washoe".

Hamar bat zeinu ikasi zituenerako, bi eta gehiago elkartzen hasi zen, testuinguru egokietan. Esate baterako, "tickle me" (egizkidazu kili-kiliak) edo "key open please blanket" (eman giltza irekitzeko eta tapakia hartzeko) edo "you me go-out there hurry" (eraman nazazu azkar kanpora).

Bestalde, esanahia zabaltzeko gaitasuna ere erakutsi zuen. Gardnertarrek "open" hitza erakutsi zioten, ate, armairua, tiradera eta antzekoen irekitzea adierazteko. Baina Washoek bere kabuz iturri irekitzea adieraztera ere zabaldu zuen.

Hasieran usaina adierazteko "flower" hitza baino ez zuen ezagutzen, eta edozein usain zen "flower". Ordea, "smell" ikasi zuenez geroztik, "flower" lore usainentzat gorde zuen, eta "smell" beste guztientzat.

Hitz berriak sortzeko ere gaitasun harrigarria erakutsi zuen Washoek. Esate baterako, ahateak ikusi zituenean, "ahate" hitza ezagutzen ez zuenez, "water bird" bataiatu zituen, hau da, ur-txori.

Washoe, eta gerora "Ameslan" hizkera ikasi duten beste txinpantzeek ere, zein bere aldetik, inork zirikatu gabe, bakarka, hitz egiten dute, oheratzerakoan esate baterako aldizkari bati begiratzen dioten bitartean. Gizakiei, zakurrei, katuei eta beste tximinoei ere hitz egiten diete.

Washoe, dena den, ez da Gardnertarren lagun bakarra izan. Moja txinpantzeak oso gustuko du marraztea. Egun batean, zirriborro bitxi bat egin zuen. Gardner batek "Segi aurrera!" agindu zion. Mojak arrapostu "Bukatua." "Eta zer da?" "Txoria".

Txillardegiren iritziz, Mojaren marrazkiak ez du txori-eite handirik, baina guk ikusi ez dugunez Txillardegiren hitza dugu Mojaren hitzaren aurka. Edonola ere, Mojaren ziurtasuna gertatzen da deigarri, eta elkarrizketa bera.

Hiru urte zituelarik, Gardner batek, beste marrazki baten aurrean, Mojari galdetu zion: "Zer hori?" "Belarra." "Nork marraztu hori?" "Mojak".

Bada beste ikerlari bat, Fouts izenekoa, txinpantzeek esaldiak itzul ote ditzaketen aztertzen ari dena, alegia, ingelesez entzun eta Ameslanez erantzun. Eta Ally txinpantze ar elebidunak oso itzultzaile dotorea dela frogatu dio. Lucy emeak, berriz, esaldi berriak asmatzeko orduan erakutsi du gaitasun berezia. Eta Booce eta Bruno arrak hasiak dira elkarrekin hizketan. Kasurako, Bruno jaten ari dela, Booce-k diotso: "egin kili-kili". Brunoren erantzuna: "Booce, nik jan".

Bai Washoe eta bai Lucy txoil berritsuak dira. Foutsekin izan dituen 267 elkarrizketetatik ehuneko 77 Lucyk hasi ditu. Eta Washoek oraindik gehiago: ehuneko 80.

Txillardegik nabaritu du datu hauek, Darwinen ikuspuntuen antzera, aurkako joera gaitza eragin dutela, gizakiari zaila egiten baitzaio jainkotiar, berezi eta guztien buru izateko eskubidea uztea. Baina Txillardegirentzat gizakiok funtsean ez gara abere hutsak baino.

INGALANDAN ERE BADUTE PLAN BAT

mzap 2004/10/02 14:10

Ibarretxerena baino gehiago dirudi ordea "Eulien bazka"ren eranskin bat, gorpuen zomorroak baititu oinarri, urdeen gorpu ustelenak zehazki.

Kontua da hiliko zerri batzuk Londres inguruko bazter sekretuetan gorde dituztela, basoetan zein eraikinetako sotoetan, giza hilketak argitzen lagunduko dutelakoan.

"British Museum of Natural History" delakoaren zientifikoek itxaropena dute, zerri ustelon bidez biktima zein unetan hil ote zen zehaztu ahalko dutela.

Museoko auzitegi-entomologoak, Zoe Adams andereak, faktore erabakigarriak hiru direla adierazi du: a) ezkutalekuaren hozberoa, toki desberdinen tenperaturak; b) gorpuko zomorro motak; eta c) zomorro horiek gorpua datzan lekuraino iristeko behar izaniko denbora.

Halatan, ikerlariek jakin ahalko dute zenbat denbora igaro den biktima hil zenez geroztik, hau da, zenbatekoa izan den Interbalo Post-Mortem-a, IPM-a.

Hilotzaren ohiko aldaketek, rigor mortis-arenak esaterako, nabaritzen dute heriotza zein ordutan gertatu zen. Ordea, bizpahiru egun hilotz daramatzanerako, IPM-a zehaztasunez kalkulatzeko informazio gehiago behar da.

Kinka honetan bilakatzen dira ustelduz doazen urdeen zomorroak erabakigarri.

Izan ere, Zoe Adams forentseak jakinarazi duenez, deskonposizio fase bakoitza zomorro mota jakin bati loturik dago.

Zerrien gorpu ustelek doiago kalkulatzen lagunduko dute zenbat denbora behar duten zomorro desberdinek giza gorpuak dautzan tokietara iristeko, urtaro bakoitzean.

Adamsek aitortu duenez, buruhauste franko izan dute Londresen urdeentzako gordeleku egokiak aurkitzeko orduan, kirats itzela baitarie.

Freuden testu bat foruez

mzap 2004/10/01 08:55

Freudek, Fliess adiskideari idatziriko 52. gutunean, giza bizialdiko aroez ari dela, honako hau diotso, edo antzeko zerbait:

"garai biren arteko mugan egin behar da material psikikoen itzulpena. Nire ustez, zenbait psikoneurosiren berezitasunak, material horiek itzuli ez izanak azalduko lituzke. Ondorioak ekarri behar baititu horrek. Aldarrikatzen dugu badela berdintze kualitatibo bateranzko joera. Ezarpen eta marka berri orok aurrekoa poxelatu eta ahuldu beharra dauka. Eta kitzikatze prozesua berarengana erakartzen du. Ez baldin bada ezein ezarpen edo marka berririk gertatzen, kitzikadura ibiliko da lehenagoko garai psikikoa gobernatzen zuten lege psikologikoen arabera, eta orduan eskura zeuden bideetatik. Halatan, anakronismo baten aurrean aurkituko gara: probintzia jakin batean, oraindik badira "foruak", iraganeko aztarnek iraun dute."

Ez naiz ni aurkikuntza honen garrantzia goresteko egokiena, baina Marxen testuak guri buruz, karlistadez batik bat, aspaldidanik ezagunak ziren bitartean, Freudenak, nik dakidala behintzat, ez ziren ageri, Zarautz aipatzen duena izan ezik. Zein sari mota merezi dut, beraz? Eusko Ikaskuntzarena ziur aski, oparo horietako bat inondik ere, ez soilik sinbolikoa.

Freuden testuaren mamia, berriz, honela laburbil liteke: euskaldunak pixka bat atzeratuak gara, erdi anormalak.

ISTRIPU: BERAZ, AMATXORI EZ ZAIO DEUS FALTATUKO

mzap 2004/09/30 07:20

AEBetan, aspaldi handiko epaien arabera, gizon bat "asfixia autoerotikoa" dela kausa hiltzen bada (hots, masturbazioak eragin plazera eztarria zanpatuz areagotu nahian estrangulaziora iristeagatik), "norbere buruaren aurkako erasoa" dugu.

Baina Shirley Critchlow andereak erdietsi du bere semearen asfixia autoerotikoa Helegiteen Auzitegi Federalak "istripu"tzat jo dezan, horrela mozkin ederra aterako baitio semearen bizi-aseguruari.

"Buruaren aurkako eraso"tzat jo izan balitz ordea ezer ez.

ITSUZAKUR FRANTSES ELEBAKARRAREN ERRUZ

mzap 2004/09/29 14:49

Kanadako itsu frantses bat ingelesez ikasten hasi zen, New Brunswick-eko Unibertsitatean.

Baina bere itsuzakurrak ez dakienez frantsesez baizik, frantsesezkoak izan behar obeditzen dakien hamazazpi aginduak.

Ikastaroa murgiltzeko horietakoa zela aitzakia, frantsesa hortaz poxelu, eta nork agintzen duen garbi gera zedin, Unibertsitatea kokaturik den Frederickton hiriak paper bat sinarazi nahi izan zion itsuari, zakurrari aginduak ingeles hutsez emango zizkiola ziurtatzeko. Bestela ikastarotik egotziko zuten, matrikulako dirua itzuli gabe gainera. Itsuak izenpetu ez ordea.

Are gehiago: bazterkeriagatiko demanda bat jarriko zuela adierazi zuen telebistan. Bitxia baita gero, itsu batek ezin ingelesez ikastea, bere zakurrak ingelesez ez dakielako.

Era berean, gure protagonistaren zakurraren trebatze-eskolako zuzendariak bere ikasle ohia inoiz ez zela elebidun izatera iritsiko esan zuen, zakurrak egundo ez zuela frantsestasun soila gaindituko.

New Brunswick-eko unibertsitatea itsua beste eskola batera bidaltzen ahalegindu zen.

Itsuak iharduki giza eskubideen batzordean salaketa jarriko zuela.

Azkenik, onartu behar izan dute.

ALABA LANTOKIAN

mzap 2004/09/28 07:50

Gure Amaia Institutuan hasi da. Bost bider ikusi dut korridoreetan. Lehenbiziko hiruretan dirua eskatu zidan: "Plastikakoak konpasa erosteko agindu digu", "ikasketa bidaiakoei mesede egitearren txokolatezko palmera bat erosiko diet", eta horrela.

Laugarrenean urruti ikusi nuen, Amaiak ni ez ordea, eta ikasleen komunean ezkutatu nintzen. Ez nuen inori dirurik emateko gogorik. Komunean, zoritxarrez, Ander Bilbao zegoen: "zer, maixu, gaztetu guran ala? Ia txitxilino triste hori...".

Bosgarren eta oraingoz azken aldian, berriz, ezikusia egin dit Amaiak, dirurik behar ez zuelako apika.

Kontuan hartuz hainbat jakintsuren ustez seme-alabek gurasoei dirua eskatzen dietenean oharkabean eta zeharka arreta eta maitasuna eskatzen ari zaizkiela, bistan da karguren bat utzi behar dudala, baina ez dakit dimisioa aitatasunari eman ala ikasleen komuna erabiltzeari.

PAKITO, GIZA JUSTIZIAREN ESKU

mzap 2004/09/27 09:00

Auzitan dabil bikote bat Argentinan: bereizi ondoren, biek nahi dute etxeko loroa, Pakito.

Bereizi zirenean, epaileak ume biak amari eman zizkion eta hegazti koitadua berriz aitari.

Emakumeak haatik errekurtsoa jarri zuen, Pakitoren kustodia xede.

Aitak ez omen die seme-alabei Pakito ikusten uzten, eta, amaren esanetan, ondorioz depresio gogor batek jo omen du txori malerusa.

Andrearen abokatuak epaileari ziurtatu dio loroa ez dela oraingo zaintzailearekin batere kontent bizi; hori dela eta, gero eta bihurriago ei dabil.

Ordainez, gizona sarritan burua galdu eta loroen aurkako tratu txarren ifernuan jausi da.

Pakitoren aldeko erabakirik egokiena hartuko ahal du epaileak! Lagunduko dio, menturaz, epaileen eta loroen artean aspaldi handitik dabilen konfiantza giroa, etimologiak frogatua: frantsesez orain loroa izendatzeko darabilten "perroquet" hori antzinako frantseseko "perruquet"etik dator, hau da, "epaile", loroa bezain hiztun izateaz gainera ileorde ikusgarriak baitzerabiltzaten apaingarri, loroaren lumen antzekoak; hortik gaztelaniazko "peluca").

Baduzu beraz, Pakito, itxaropenari eusteko motiborik.

BETE, HUSTU

mzap 2004/09/26 09:40

Platonen "Sinposioa"n Eriximako medikuak, amodioaz ari dela, "medikuntza, labur esanda, bete eta husteko gorputzaren joeren jakintza" dela dio.

Euskal usadio zaharrak, bestalde, osasuna gorputzeko korapiloak lotzen eta askatzen jakiteari lotu dio.

Bete, hustu, lotu, askatu: lauburu horrekin ondo konponduko bagina, gatazka gutxiago genuke, eta pelma bakar bat ere ez.

Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.