Tximeleta eta Judas Iskariote
Tximeleta efektuak berez natura munduan edozer eta guztia beste guztiarekin harremanaturik dela erakusten du, harreman horiek gizakiontzat ia beti gordeak eta ulergaitzak badira ere. Edozein gisaz, hasiak gara, dirudienez, harreman horren alde bat ezagutzen, gizakiok halakoak ezagutzera heltzen ohi garen moldean, alegia, zartakoka: gure erasoei, naturak erantzun egiten die, sarritan bortizki, azken aldiko hozbero surrealista eta uholde bitxi horiek adierazten dutenez. Ustiategi huts uste genuena hasia da amorruz ihardesten, eta Dorre Biki piloa eraitsiko du datozen urteotan.
Dena dela, ez soilik aldiberekotasunari begira, lehen begiratuan tximeleta efektuak ez baitu aintzat hartzen aldiberekotasuna baino, baliteke historian ere tximeleta efektu antzeko bat irudikatzea zentzunaren aurkakoa ez izatea guztiz: Leibnizek eta Borgesek bederen erakutsi zuten agian zu orain hau irakurtzen egon ahal izateko ezinbestekoak izan direla Santimamiñeko margolariak, Judasen musua, azken Mohikanoaren bainuak Ipar Amerikako erreka alaietan, Real Unionek hainbat Liga irabazi izana eta psikoanalisiaren hedatzea herrialde aberatsetan.
Ikuspuntu horrek, gizaki arruntoi eramangaitz gertatzen zaigun erantzukizun izugarri baten zamaz uzkurtzen digu morala, esaten eta egiten dugun guztiak iraganeko gertaerak oro behar izan baititu, bai horixe, baina orobat erabakiko baitu etorkizun larriaren gorabehera bakoitza. Alegia, hamaiketakoan kruasana ala donutsa aukeratzeak, ondorio erabakigarriak ekar ditzake, hamar mila urte barru ilargian ur eskasia dela eta liskarturiko bizilagun batzuek konponbideak bila ditzaten orduan.
Ordea, kontua da zelan jakin ziurtasunez zein den aukera egokia, zerk egingo ote duen konponbidea eskuragarriago, kruasanak ala donutsak, gure oraingo jokabide artezak ala maltzurrak.
Indian eta, oro har uste dute jokabide zintzoak ondorio ederrak eta zuzenak dakartzala, oroz lehen norberarentzat; egia esan, badirudi erlijio eta autolaguntza molde ia guztiek halakoak sinisten dituztela. Hots, hobeki zara biziko, baldin ez bazabiltza beti zure adiskideez atzetik gaizki esaka, esan gaizto horiek boomeranga bezala atzera zuregana itzuli eta bertan seko kakaztuko baitzaituzte.
Baina demagun ongiaren eta gaizkiaren neurria beti dela berdina Unibertso aldiberekoan, halaber pozarena eta haserrearena. Halatan, poza zeureganatzen duzun heinean, beste bati kentzen diozu. Eta demagun pozak ez dakarrela ondorioz nahitaez pozaren emendioa, historian zehar ere orekaz dabiltzala poza eta korromioa. Orduan, zure bizitzan pozkorregia izan bazara, beste batek ordainduko du gerora, eta zure poza sakrifikatzeak beste baten edo batzuen zoriona ekarriko luke. Horrexegatik dio Borgesek Jainkoa ez zela ospe oro har oneko Jesusengan hezurmamitu, baizik eta geure kostaldea galipotak bezain zikindua eta zigortua izan den Judasengan.
Maiz Pauloven zakurren oso antzera gabiltzala ezin uka, baina arriskutsu bezain nazkanteak egiten zaizkit hiritarrak Paulovek bere zakurrak erabili zituen legez manipulatzen ahalegintzen diren agintariak.
Bestalde, Asier, lehenengo Bkoek (Zumeta, Eiza, Arruza, Gandas...) esan dostie nor zaren, ezizenez Miliki, Larramendin zabiltzana.
Ea datorren urtean bigarren mailan zeu lako pentsalari ausart bat gure artean izateko ohorea dugun.