Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Vudu

Vudu

mzap 2004/11/29 21:37

Larunbateko "Mugalari"n Iturraldek zioen legez, irakaskuntzak badu bere alde polita. Esate baterako, beti izaten dira gorabehera berriak.

1-Joan den astean, asteazkenean, Batxilergoko ebaluazioak izan genituen. Ordurako notek ordenagailuan behar zuten. Patxadaz zuzentzea egokiena den arren, nire ikasleek Filosofiako azterketa ahal bezain berandu jartzeko joera izaten dute. Asteburua zuzentzen igaro ostean, astelehenean 2.B nuen eta asteartean 2.C. Denbora aldetik, estu-estu.

Kontua da astelehenean 2.B-koek ziurtatu zidatela ezin zutela azterketa egin, asteartean 2.C-koekin batera nahi zutela.

Konforme. Astearte gauez ordu biak arte gelditu ondoren, goizeko seietan jaiki nintzen zuzentzera. Aski ez haatik. Baina luze jota eguerdirako behar zituzten tutoreek notak.

Ez nuen beste erremediorik izan, eskola ordu bi bertan behera utzi baino. Etika eta Filosofia irakasle izaki, gainera, ezin justifikantean "Gaixotasun arina" edo antzekoren bat jarri, Zientzia arlokoen kuttuna. Aitzitik, egia beti aitzina: beraz, ez ditut ordu horiek justifikatuko eta soldatatik kenduko dizkidate.

Baina 2.B-koei mesede egiteagatik izan zenez azken batean, 2.B-koek jakinarazi didate galdutakoa beraiek berdinduko didatela. Ikusi behar. Edonola ere, hamazazpi urte behar izan ditut irakaskuntzan halako eskaintza harrigarri bat jasotzeko.

2-Horrenbestez, asteazkenerako, edo ostegunerako, ikasleek bazuten noten berri. Ostiralean eztarriko mina nuen sentitu; gauez irentsi ere ezin nuen ia. Eztarriko minari aste buruak sentsazio desatsegin bat erantsi dio sabelpean, ezintasun itsusi bat lizunkeriaren organoan. Berrogei urte, pentsatu dut, edo berrogeita bat.

Baina keba. Gaur goizean, 2.B-ko J. E.-k, "gutxi" Filosofian, pasa den astean bolalumaz egin zuen marrazki bat erakutsi dit. Bertan neroni ageri naiz, Far West itxurako paisaia batean, urkatuta hilik. Iroshiren antzirudia oparitu dit E.-k, bizarrean puntutxoak eta ile kizkur samarra. Begi hiletako zurian, gurutze bana. Oinak zintzilik. Eta, azen ontzeko, txintxeta gordin bat sexu-aldean gogor iltzaturik. Maisuaren aurkako vudu eragingarria.

Platoni buruzkoa zen azterketa. J. E.-k sarean aurkitu omen du Platonek aipatu Atlantida Izaro inguruan datzala.

Bere gain halako lanak hartzen dituen ikasle batek, alegia, nabigatzen ari dela "Big Boobs.com" beharrean Platonen gaineko ikerketan dabilenak, duda barik merezi du Filosofia gainditzea.

etiketak: bermeo
anasintxa
anasintxa dio:
2004/11/30 20:59

Markos mesedez, Amaiaren agirikak erasan behar izan dituzu? Horregaitik ez duzu egia erraten?. Azterketak zuzentzen zenituen bitartean besteok San Agustin-en testu bati buruzko iruzkina egiten ari ginen, ahantzita honezkero?

Goiko
Goiko dio:
2004/12/04 01:22

Niri, kartazal famatua, abenduaren lehen egunean eman zidaten. Nire gelakideak, karretilea prest zuten iadanik kalabazak eroateko. baina ni, naiko lasai nengoan. Baina sobrea ireki bezain laster, irakurri nuen. Zer eta notak, gaztelaniaz idatzita zeuden. Nola izan daiteke posible, gustiz euskalduna dan giro batean, notak erderaz emotea!

eztaipa
eztaipa dio:
2004/12/03 17:07

zelan alzara egon hain jarto hau idazteko interneten. Len kasuripez, ikuskozu. Ala, zubi ona pasa, eh!

markos zapiain
markos zapiain dio:
2004/12/05 12:08

anasintxa, zehaztasun apur bat, otoi arren!

zer geratzen da txarto: txoritxarra, mundua, "zatzaizkigu" aditza ala Edorta Jimenezi egiten dizkiozuen lapurretak?

anasintxa
anasintxa dio:
2004/12/04 23:34

Egia esan, Iroshiren antza duzu. Ez Josuk eginiko txoritxarrez beteriko "Vudu" horretan soilik, zu mundu inperfektu honetan ere honela azaltzen zatzaizkigu. Zein txarto geratzen dan ezta?

anasintxa
anasintxa dio:
2004/12/07 21:52

Markos, nire ustez dana geratzen da txarto, baina Edortari lapurtutako "datuak" lagungarriak izan zaizkit, Bermeoko ipuin lehiaketarako idatzi dudanaren oinarria izan baitira.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.