Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain

Txillardegiren sekretu bat

mzap 2006/08/14 16:50

Alde batetik, Txillardegik nekez onartzen du denboraren joana, iraganak eta hiltzera doanak liluratzen dute. Exkixuk dio Euskal Herriarenganako gupidak bultzatu duela borroka armatura.

Bestetik, animaliekiko kidetasun sakona dugu, errukia astoa zein hartzarengana, ziminoarekin nahastea, zakurraren laguntasuna, zaldiaren nostalgia. Horiekin guztiekin bat egin nahi du eta bat egiten du Txillardegik.

Alabaina, gizakia eta animalia bereizteko tresnagintza, hizkuntza, kultura eta abar erabili ostean, alferrik itxuraz, Clément Rosset-ek berriki aipatu du animalia, gizakia ez bezala, aldiune soilean bizi dela eta ez dirudiela denboraren emanaz ohartzen denik, ez duela sentitzen denbora badoala.

Hala balitz, Txillardegik bere obraren bidez nolabait adieraziko liguke galduaren oroimina etengabe dakarkion gizatasun nekagarriari muzin egin eta denbora oraingo une betean bizi ahal izateko jorana, animaliatasunean atseden hartzeko beharra, zimino bilakatu nahia.

Ziminoa ere kulturgile?

mzap 2006/08/09 12:32

Zenbait berezilarik “kultura” legegintzari eta literaturari lotu beharrean, bestela definitzen dute, eta gero eta maizago entzuten zaie animalien kulturaz mintzo, esate baterako Frans de Waal-i, “Ziminoek tea hartzen dutelarik. Animalien kulturaz” liburuaren egilea. (Frans de Waal, Quand les singes prennent le thé. De la culture animale, Fayard, 2001)

“Sciences Humaines” aldizkarian elkarrizketa bat egin diote (“Les Grands Dossiers des Sciences Humaines”, lehenbiziko alea, 2005ko abendua-2006ko urtarrila-otsaila, 51-52 orr).

De Waal-en ustez, giza zein abere kulturaz mintza gaitezke egiaztatzen dugunean ohiturak edo jakintzak sozialki transmititzen direla, eta ez herentzia genetikoz. Esate baterako, baldin dantzan beste bati begira ikasten badut, neure estiloa nire kabuz garatu beharrean, hori “kultura koreografiko” bat da a fortiori. Gerta liteke beste batzuek gu imitatu eta azkenik taldekide guztiok berdintsu dantzatzea. Eta beste talde batzuek berriz bestela dantzatzea: hor desberdintasun kultural bat izango genuke, gizatiarra.

Baina animalien artean ere berdin gerta liteke eta gertatzen da. Kinji Imanishi biologista eta antropologo japoniarra lehenbizikoa izan zen, berrogeita hamarreko hamarraldian, abere kulturaz idazten. De Waalen iritziz, ez da oso harrigarria nozio hori Ekialdean sortu izana, zeren Mendebaldea batez ere kultura giza endaren pribilegio egiteaz arduratu baita: uste dugu kultura gu gizaki egiten gaituena dela. Horrenbestez, Ekialdetik etorririko ideia horren aurrean erresistentziak ditugu.

Baina Kinji Imanishiren dizipuluek ebidentziak pilatu dituzte. Zehazki, ikusi dute nola Japoniako hegoaldeko uharte txiki bateko ziminoek ikasi duten batata edo patata gozoa uraz garbitzen, jan aurretik. Jokabide hori eme gazte batek hasi zuen. Ondoren, bere hurbilekoek bereganatu eta azkenik uharteko ia tximino guztiengana zabaldu zen.

Gaur egun, frogatutzat jo daiteke zenbait ziminok, esaterako txinpantzeek, hainbat jokabide imitazioz transmititzen dituztela. De Waalek eta bestek ikerketa garrantzitsu bat argitaratu dute berriki (A. Whiten, V. Horner eta F. De Waal, “Conformity to cultural norms of tool use in chimpanzees”, Nature online, 437 zenbakia, 2005-09-29, http:/dx.doi.org/10.1038/nature04047). Garrantzitsua da, zeren espezialista batzuek jarraitzen baitute zalantzan jartzen animaliek benetan elkarrengandik ikasteko ahalmena dutela. Uste dute izan daitekeela ikasketa indibiduala, animalia bakoitzak esperientzia bere aldetik eginez, imitaziorik batere gabe. Kasu horretan, jakina, ezin ez transmisioaz ez kulturaz mintzatu.

Ordea, Frans de Waalek eta bere kideek esperimentuz ukatu dute arrazoibide hori. Txinpantze eme bati erakutsi diote ontzi bat irekitzen, litxarreriak zeuzkana, atetila makila batez bultzatuz. Ondoren, beste eme bati, beste talde batekoa, beste metodo bat irakatsi diote (atetila altxatzea) emaitza berdina ontzi berdinetik erdiesteko. Ondoren, txinpantze biak zein bere taldean berriro kokatu eta ontzi batzuk beren esku utzi dituzte. Eta ohartu dira berehala talde biek ikasi eta bereganatua zutela bakoitzak metodo diferente bat: zeinek bere “ereduarena” hain zuzen.

Txinpantze batzuek beren aldetik zuten metodo alternatiboa aurkitua baina, aldi baten buruan, beren “ereduaren” metodora itzuli ziren. Frans de Waalek “konformismo kultural” izendatu du jarrera hori: txinpantzeek ezagut ditzakete gauzak egiteko hainbat modu, baina nahiago dute beren taldean gehienek erabiltzen dutena.

Aurreneko aldia da, hain argiro erakusten dena teknika berri bat zimino talde batean artifizialki sartu eta kulturaz transmititzen. Era berean, Frans de Waalek egiaztatu du, hirugarren txinpantze talde baten laguntzaz, “eredurik” gabe txinpantzeek ez dutela litxarreriaz beteriko ontzi hori irekitzea lortzen, ahalegin guztiak gorabehera. Egiaztapen horiek guztiek erakusten dute ziminoen artean badirela kultur tradizioak.

Eta horrek guztiak kulturaz genuen ikuspuntua aldatu digu. Kultura ez da gizakiaren pribilegio, nahiz askok kontrakoa aldarrikatzen jarraitu. Kultura batez jabetzea esentziala izan liteke animaliarentzat: gatibutasunean hezitako txinpantzea ez da gai naturara itzultzeko. Ez ditu mehatxatzen duten arriskuak ezagutzen, ez daki jaten, ez bere burua babesten, ez ditu ezagutzen sendabelarrak, bere generokideek hartzen dituztenak eri sentitzen direlarik. Naturan biziraun ahal izateko ikasketak falta zaizkio. Espezie adimentsu askotan, trebetasun horietaz imitazioz jabetzen dira, bizirautea kulturaz jasoriko ezagutzetan oinarritzen da. Jakina, giza kultura konplexuagoa da, eta tresna sinbolikoak erabiltzen ditu, animaliek ez bezala. Baina, Frans de Waalen iritzirako, kultura ez da “gizakiaren bereizgarria”.

Bestalde, kultura dioenak dibertsitatea suposatzen du, eta aniztasun hori begien bistakoa da txinpantzeen artean. Naturan, txinpantzeen taldeek hain tradizio desberdinak dituzte ezen berezilariek, bideo bat begiratze hutsaz, identifika baitezakete bideoa egin den ingurua, kontuan hartu behar izan gabe landaretza edota ziminoen itxura fisikoa, baizik soilik txinpantzeen jokabidea, inguru batetik bestera aldatzen baita. Zenbait taldek intxaurrak harri batez hausteko ohitura dute, beste zenbaitek ez. Zenbait taldek keinu multzo bat darabilte bestek inoiz erabiltzen ez dutena. Desberdintasun horiek egoera naturalean bezalaxe ageri dira gatibutasunean ere. De Waal “Primatologiaren Gune Nazionala”ren zuzendaria da, Emory Unibertsitatean, Atlantan, AEBetan, eta bertan badute txinpantze talde bat, kideek eskua elkarri ematen diotena zorriak eta arkakusoak kendu bitartean, eta bakarrak dira hori egiten.

Horrek guztiak aldatu egin du orain arteko ikuspuntua hizkuntzaren zereginaz eta kultura sinbolikoarenaz hominizazio prozesuan. De Waalen esanetan, hizkuntzaren jabetza eta sinboloen erabilera arazo arras desberdinak dira. Egia da gizakiarengan gaitasun horiek kulturari lotuak daudela: hizkuntzak kultura transmititzeko balio du eta sinboloak praktika kulturalen oinarri dira. Baina transmisio kulturalaren fenomenoa ziur aski askoz ere antzinagokoa da hizkuntza baino. Hizkuntza ez da ezinbestekoa imitaziozko ikasketarako eta ez da talde-tradizioak izateko baldintza. Beraz, Frans de Waalek dioenez, hizkuntzaren jatorriaren arazoa eta bere bilakaerarena, kulturaren arazotik bereizi behar da. Nahiz gure espeziean bi fenomenoak estuki lotuak izan.

Kaka egiteko ezkutatu

mzap 2006/08/06 12:29

Baltzak, Antton Ihartzegarairen txakurtxoak, “Labartzari agur” nobelan ez du kaka egiten; Txillardegiren giza pertsonaiek ere ez. Nekez ageri da halakorik ezein eleberritan, nahiz eguneroko gainerako eginbeharrak naturaltasunez aipatu, argumentuarentzat pertinenteegiak izan ez arren. Zer gertatzen da hemen? Zein enigma desestali beharko dugu oraingo honetan?

Berbinzanako gure bizilagunak, Jero eta Maria, Fiteron egon dira aste biz, eta egunero, goizez eta arratsaldez, atera diegu zakurra, Tobi, arraza puru ezezagunekoa. Alaia duzu Tobi, jostaria eta bat ere ez zaunkalaria, diskretua. Ehiztari kaskarra bada ere untxi pare bat harrapatu du, itsu baitzeuden koitaduak, begiak gorri-gorri, mixomatosiak joak. Tobik, hori bai, kaka egiten ari delarik ez du gustuko inork begiratzea, batik bat begietara.

Michel Polac telebista-aurkezle eta idazle frantziarra ohartu da zaldiek eta behiek, kaka eginean, zeharo ezaxola erantzuten diotela giza behako begiluzeari. Basapiztiak berriz ezkutatu egiten omen dira; orobat noski zakurra. Begiratzen badiozu lotsa eta etsipena erakusten du, “comme si le chien ne supportait pas sa merdité esentielle” (Michel Polac eta Clément Rosset, Franchise postale, PUF, Paris, 2003, 122 or.).

Clément Rosset ere ohartua zen zakurraren larrialdiaz eta begitarte errukarriaz trantze horretan. Ohartze hori egonezin lauso batez nahasten zitzaion, eta sentsazio mordo horrek azkenik harridura eragin eta horrenbestez filosofatzeko prestatu zuen.

Zergatik ematen ote du zakurrak, behako goibel horren bidez, barkatzeko mesedez eskatzen dizula, atea eta krisketa ixtea ahazteagatik? Fenomeno horrek apala dirudi, baina bitxia da, eta gizakiaren eta animaliaren arteko mugaren arazo txillardegitarra bete-betean jotzen du.

Rosseten filosofatzearen ondorioa: gizakiak zakurra etxekotu du, domestikatu. “Domestikatu” “domus”ean sartzen uztea da, etxean, sarkina etxekotzat hartzea eta beraz etxeko ohiturak erabilaraztea, ahal den neurrian. Kontua da gizakiak hainbeste etxekotu duela zakurra, horrenbeste nagusitu zaio intrusoari, ezarri baitizkio zenbait giza sentimendu eta jokabide, kaka egiteko orduan gordetzea kasurako.

Halatan, zakurra bere funtsezko kakatasunaz herabe bada, Rosseten iritziz lotsaria gizakiak kutsatu diolako izango da ziurrenik. Gizakiak bere irudira moldatu du zakurra, eta zakurrak ederki itzuli dio kaka lotsa (Ibidem, 127).

Zer egingo ote du tximinoak kaka eginean dagoela begietara begiratzen badiozu?

Bonoboak, elkarrekin gustura

mzap 2006/08/05 11:44

Gizakiok ez dugu asmatu elkarrekin gustura bizitzen. Zimino mota batek sozietatean elkartzeko modu atseginagoak sortu ditu (Frans de Waal, "Bonobo: The Forgotten Ape", Berkeley, University of California Press, 1997; lan hori gero Jesus Mosterín-ek laburtu du: "¡Vivan los animales!", Random House Mondadori, Bartzelona, 1998, 162-164 orr. Ikus orobat Frans de Waal beraren "Chimpanzee Politics: Power and Sex Among Apes" bikaina, Johns Hopkins University Press, Baltimore, 1982, non besteak beste erakusten baita Makiaveloren gogoeta aginteaz eta politikaz bat datorrela txinpantzeen betiko jokabidearekin.)

Bonoboak bereziki argiak omen dira. Horixe adierazten du beren behako zuzen, zabal eta zirraragarriak. Bizitza sozial harmoniatsu eta barea dute, gatazkarik ez. Txinpantzeek edo gizakiek ez bezala, bonobo batek egundo ez du beste bat hil, behatzaileek bederen inoiz ez dute halakorik ikusi. Promiskuitatez nahasten dira, maitasun librez eta etengabeko sexu harremanez, ia beti ugaltzeko xedeaz berex. Bonoboak beti ari dira sexuarekin jostari eta beste bonoboen sexuekin igurtzitzen, harreman aukera guztietan: ar-eme, ar-ar, eme-eme, heldu-gazte, ahoan musu, larru jotze, zurrupatze, edozelako kontaktu.

Horrela, eme bi urdurituz gero, elkar besarkatu eta, elkarri tinki so, kanpoko sexu organoak igurtzi egiten dituzte lasaitu arte. Sexualitatea baita bonoboen sozietatea mugitzen duen gasolina, eta tentsioa baretzeko balio du, adiskidetasuna pizteko, aliantzak ezartzeko, bakea egiteko edo beste barik denbora pasatzeko. Emeak ia beti daude harkor eta irekirik, arrekin larrua jotzeko gertu (“como las humanas” dio harrigarriro Mosterínek; giza primateak izango gara Mosterín eta biok, espezie berekoak, baina bai desberdinak gure bizipenak, zorionez).

Ondorioz, arrek ez dute emeengatik borroka egin beharrik. Gainera emeek, beren artean aliantza sendoak eratuz, arren erasokortasuna eta kumeak hiltzeko joera (beste primate batzuen artean ohikoa) eragoztea lortzen dute.

Izan ere, emea duzu sexu nagusia, arra bezain nagusi behintzat bai. Oro har, bonoboek osatzen dute ezagutzen dugun primate sozietaterik kohesionatuena eta baketsuena, eta ez dago bertan inongo oldarkortasunik, ezta obsesiorik ere hierarkia dela eta, edo nagusitasuna. Aitzitik, gozamena eta laguntasuna zaintzen dituzte, modurik hedonistenean, hots, zentzuzkoenean. Horixe da bederen egoera naturalean aztertu dituzten zientifikoen inpresioa.

"Putzu"ko zenbait animalia

mzap 2006/07/21 16:29

Putzuri pairagaitza zaio denboraren joanak birrinduriko herria galdu izana. Oinaze horixe nozitu dute Elsa Scheelenek, “Haizeaz bestaldetik”eko protagonistak, Exkixuk eta baita “Labartzari agur”eko Anttonek ere.

Txillardegiren zazpi eleberriak aztertu eta zazpiak bat eginik, bistan da haren pasio eta zauririk eragingarri eta oparoena, literaturaz denaz bezainbatean bederen, denboraren emana ezin onartzea dela. Leartzako Peru: “Aurrera zihoan denbora, eta nire pozak atzera.” (31). Baina ez dirudi Txillardegiren eleberrietako gai soil, Jose Luis Alvarez Enparantza bera ere iltze berak hilduratu du, hainbat testu autobiografikok erakusten dutenez, haurtzaroko oporretako Igantzira helduaroan itzulita sentitu zuena kontatzen digunak kasu.

Putzuk eromen leun baten hasiera sumatu du bere baitan, ezin baititu bereizi ametsetako Donostia, betirako iragana, eta oraingoa, zuzenean hauteman dezakeen bakarra.

Eta zer da funtsean galduriko Donostia hori Putzurentzat? Animaliak, animalien eragina Putzuren zentzumenetan zehazki: koloreak, usainak, zaratak. Protagonistari ezizena ematen dion “Putzu” karrika astoz mukuru esaterako, edo arrain–ustel kiratsa, edota zezenen etorrera, eta zezenek jasan beharko duten sufrikarioagatiko Putzuren pena sakona, adiskideengandik bereiziko duena, Txillardegi haurra jendartetik bereiziko zuen bezalaxe Igeldoko hartzaren, ziminoen eta astoaren oinazeak (“Haizeaz bestaldetik”en kontatua).

Badira hegaztiak nobelan: kaioak eta antxetak arriskua eta heriotza igartzen dituzte, “Labartzari agur”en legetxe: “Inguru hartantsu ari baitziren jiraka Donostiatik aldegindako antxetak eta kaioak, goiztiriarekin erotu bailiran. Eta halako patu-seinale kutsua hartzen nion ikuskariari. Eta laztu ere egin nintzen lipar batez, harrigarriro...” (52)

Enarak berriz bozkarioaren zantzu dira.

Iparraldean antzarak haziko dituzte foie gras egiteko eta edredoiak prestatzeko lumak erdiesteko.

Eta Alfonso XII.a eta beste buruzagi karlistak Donostiako kaleetatik Santa Maria elizara doazela “loreak jaurti eta usoak jaregin egin dituzte puntuzkoen andereek”. (283)

Azkenik, beleen eta putreen bazka geldituko dira gerra karlistaren gorpuak Jurramendiko mazeletan nahiz Abartzuza inguruetan.

Dena den, animaliei gagozkiela, zaldiaren liburua duzu “Putzu”.

Txillardegik ederki nabaritu du hemeretzigarren mendetik hogeigarrenera gertatu den aldaketarik ikusgarriena animaliei dagokienez: zaldiaren desagertzea gerratik zein eguneroko bizimodutik. Putzuren garaian zaldia nonahi zebilen: ezusteko irrintziak edonoiz (behorrarena eta zaldiarena, kasurako, Lizarrako isiltasuna hautsiz...), soroan uztarripean, bidaian, dilijentzian (denborak eramaniko Donostiaz Putzuk maitasun bereziz oroitzen ditu dilijentziak).

Dena den, bizimodu zibilean ia beti jauntxoena zenuen zaldia; herri xeheak astoa zerabilen, edota oinak.

Eta guduan berdin, zaldiak bereizten zituen goikoa eta behekoa.

Eguneroko zibilean baino are erabakigarriagoa zenuen zaldia guduan, Karlos Setimo eta beste buruzagi karlistak gainean zeramatzana, edota Margarita erregina, txapel zuriz eta amazona beltzez jantzia. Eta, Putzuk zaldiak eta zaldieri-errejimentuak kanoiekin, batailoiekin eta bolondresekin batera zerrendatzen dituen arren (“16.000 infante, 1.000tik gora zaldi, eta 24 kanoi astun”, ohiko kopuru bat), karlistadetan malda nekagarri eta erpinak gerrako jauntxoek igoko dituzte zaldiz; gainerakoek, Putzu barne, oinez.

Hala ere denboragarrenean, armadan goiti eginik, Putzuk zaldiz ikasi beharko du: “nik, kaletar honek, zaldiei buruz ez bainekien deusik, berentzako pentsu saltzen besterik... Eta gainean jarri eta itzegoten, are gutxiago. Beldur galantak pasa nituen Zugarramurdira begira! Baina zaldiak oso otzanak dira.” (149), eta azkenik txukun ibiliko da.

Soldadu arrunta soilik zaurituz gero eramango dute zalgurdi dotoreren batean sendatzera. Baina hori gerra betean. Behin gerra galduta, ostera, erien garraioa zaldiz barik mandoz egin beharko dute karlistek.

Garazi maitearen bidez nabarituko du Putzuk klase arteko borroka Euskal Herrian hemeretzigarren mendean zaldiari eta astoari eta oinei loturik gertatu zela besteak beste.

Putzuk Garazi Baionako azokara Milafrangako baserritik astoz zetorrela ezagutu zuen.

Eta Putzuk Miarritze ezagutzera gonbidatuko duelarik, Garazik arrapostu: “dena errege, erregina, printzes, jauregi... zertara joanen hara baserritar xume hau?” (310) Izan ere, Miarritzen zalgurdi hanpurusetan joaten dira ostatu dotoreenetara handikiak, “zaldietako txilin-koilareek airea kariloi-hotsez betetzen zutelarik.” (313) Eta Garazi lako Milafranga eta Gotaineko baserritar xumeei astoa dagokie. Edota zangoa.

Tren geltokitik Miarritze erdira joateko Putzuk Garaziri kakoletan joatea eskainiko dio, handikiak karrozan bezala. Garaziren erantzuna:

“Tira, tira! Pentsatu ere ez!

Begirada tristeko zaldi argalaren gainean, orekan emana, bi kartolak osatzen zuten kakoleta, erosoki bikote bat esertzeko atonduak.

-Asto gainean gaur ere? Bo, bo...

-Ez duzu astoa, Garazi. Zaldia dela.

-Badakit, bai. Baina... tira, tira! Zamariak hurbil ez dituzten jauntxoen zozokeriak dira hauek. Ezetz! Ez naizela kakoletan joanen!

-Bego, beraz. Baina Miarritze urrunsko dago –errepikatu nion-. Ordu erdi bat bai, oinez.

-Eta zergatik ez oinez joanen? Ibiltzeko bikain dago. Abia gaitezen!” (314)

Bestalde, Bretxatik Ondarretara XIX mende bukaeran zaldi-tranbiaz joan zitezkeen kristauak; jenero hutsa eramateko, berriz, mando-tranbia erabiltzen zen. Baina aurki jarriko zuten tranbia elektrikoa, erreginak Miramar bere jauregi berrira aziendaren zikinkeriarik sumatu ere gabe heldu nahi baitzuen.

Dena den, “Putzu”ren amaierak ederki iradokitzen du karlismoa zaldiz bezala nazionalismoa berebilez ibiliko dela.

Zaldia desagertu ondoren, astoak iraungo du eguneroko bizitzan hogeigarren mendean.

Orain ordea, mende berri honetan, astoa gero eta gutxiago nabari da karrikan eta baserrian gorde zaigu.

Demokrazia eta giza eskubideak: Irungo Alardearen kasua

mzap 2006/07/21 14:16

Alardearen aferak erakusten du demokraziak ez duela dena konpontzen, ez dela egia aurreiritzi zabaldu bat: zenbat eta demokrazia gehiago orduan eta babestuago giza eskubideak. Demokrazia eta giza eskubideak, bakoitza bere aldetik, ontzat har litezke, baina sarritan ezin dira aldi berean mamitu. Bata hobesteak bestea baztertzea dakar, biak politak izan arren. Ekialde Hurbilean diktadurek eusten diote laikotasunari; baina demokrazia ezarriz gero, herriak bere bizimodua Koranaren araberakoa nahi duela adierazten du, Bushen kalkuluen despit.

Era berean, Irunen gehiengoa onartu eta giza eskubideak zapuzten dituzu; edo bestela berdintasuna ezarri eta demokrazia ahantzi. Bistan da Irungo herriak ez dituela emakumeak nahi alardean. Oraingoz bederen ez dago giza eskubideen aldeko gehiengorik.

Baina gure agintariei alde batetik zenbaitetan ez zaie larregi interesatzen herriak zer nahi duen. Legea betearazi behar denean, gehiengoari ez zaio jaramon handirik egiten. Marseillan ez da galdetzen ea zer nahiago duten, etorkinei ongi etorri egin ala kohete batean sartu eta Groenlandiara bidali. Boroako zentrala dela eta zornotzarren nahia zelan erabili den kontuan hartuta, ondoriozta liteke jeltzaleek gehiago maite dituztela zentral termikoak emakumeen eskubideak baino, garrantzi handiagoa ematen dietela; hitzez agian ez, baina egitez bai.

Izan ere, Ibarretxe, Zapatero, Errazti, Gonzalez Txabarri, denek omen dituzte giza eskubideak iparrorratz.

Baina zer egin dute alderdi politikoek giza eskubide funtsezkotzat jotzen den gizonen eta emakumeen arteko berdintasunarekin? Zein izan da alderdien jokabidea alardeari dagokionez?

PNVk, PSOEk, EAk eta PPk giza eskubideen aurka egin dute eta beste zerbaiten alde: beste hori esan liteke demokrazia dela, uste oneko interpretazioa; edo bestela boterea, interpretazio mesfidatiagoa. Gainera, ez botere erabakigarri bat, baizik zinegotzi goibel batzuk, gehienez ere alkatetza bat.

Alegia, giza eskubideak jendaurrean aldeztu bai, baina demokrazia edo botere pittin bat arriskuan sumatu orduko zokoratu behar dira.

Irunen, PNVk, PSOEk, EAk eta PPk garbi egin dute emakumea baztertzearen alde. PPren kasuan ez da harritzekoa, inoiz ez baitu ezkutatu giza eskubideak bospasei zaizkiola. PNVk alkategai izendatu eta alderdi barruan izugarri goititu du emakumea baztertzearen alde egitea beste meriturik ez duen irundar bat. PSOEk berdintasunaren alde zebilen bakarretakoa, Roman Rico, akabatu egin zuen politikarako. EAk Maribel Castello berrizale aitzindaria udaletxetik kanporatu eta betiko nabarmen bat jarri zuen alkategai.

Eta nori berea, alderdi guztiek ez baitute berdin jokatu: berdintasunaren alde benetan eta ausardiaz egin duten bakarrak Ezker Batua eta Batasuna izan dira. Prest egon dira giza eskubideak babesteko, jakinik ondorioz boto galera handia izango zutela. Ezker Batuak zeuzkan hiru zinegotziak galdu zituen 1999ko udal hauteskundeetan, eta Joxan Elosegik adore paregabez gidaturiko Batasunak ere botoak galdu zituen.

PNVk, EAk eta PSOEk giza eskubideetan benetan sinetsiko balute, prest leudeke botere pittin bat sakrifikatzeko. Aldiz, nabarmen jarri dute boterea giza eskubideen gainetik. Alderdi horietako buruzagien jokaerak zeharo desakreditatzen du giza eskubideen eta berdintasunaren aldeko Ibarretxeren, Erraztiren, Zapateroren eta Fernandez de la Vegaren ohiko mintzamoldea.

Bestelako gatazkak gertatu izan direnean, alderdiotako zuzendaritzek ez dute zalantzarik batere izan udal hauteskundeetako zerrendetatik, are alderditik, alderdiaren printzipioekin bat ez datozen militanteak egozteko, edo udal taldeak desegin eta berritzeko. Baina Irunen nagusi diren alderdi politikoen zuzendaritzei giza eskubideak axola zaizkie Madrilgo Windsor hotelaren erretzeak adina: izugarri.

Alardea formoletan

mzap 2006/06/28 13:50

Bereizi beharra dago alde batetik erantzun espontaneoa, sentipenei eta hautemateari dagokiona neurri handi batean eta bestetik sentsazio horren itzulpen ideologiko-morala. Itxura, ohitura edo arraza desberdinen aurreko beldurra edo nazka ez da arrazakeria edo xenofobia; aldiz, oso naturala da.

Arrazakeria, beldur eta nazka hori ideologia bilakarazi eta zu ez bezalakoak oro har beldurgarriak eta nazkagarriak direla aldarrikatzea da, edota, zehazkiago, jendea arrazaren arabera sailkatzea eta balioestea.

Alardea berritu nahi ez izatea ulergarria da, normala da bizitza osoan modu batean ikusi duzun zerbaitek, sentsazio eta sentimendu atseginei lotua, bere horretan jarrai dezan nahi izatea. Orain dela lau bat urte luzaro atzerrian egon ondoren irundar bat bere Larrendira itzuli eta haurtzaroko belardiak eta iturriak beharrean oraingo etxetzar piloa ikusi zuelarik negarrez hasi zen.

Alardearekin berdin. Txikitatik ezagutu duzun alardeari lotzen dizkiozu emoziorik eta sentimendurik politenak eta halako batean aldatu behar dizutela entzun eta iruditzen zaizu sentimendu haiek ezin dituela piztu alarde jakin horrek baino eta beraz betirako galduko dituzula.

Baina emozio horiek ez ditu ezinbestean eragiten kanpoko jainko, aberri, garaipen, arte obra edo alarde mota jakin eta zehatz batek. Lotura hori ezinbestekotzat jotzeak itxikeria ideologikoa dakar, platonismorik arriskutsuena, uste duena gaur egungo alardea beti izan dela horrelakoa eta beti behar dugula aurrerantzean ere horrelaxe atxiki, bestela alarde izateari utziko diolakoan. Nietzsche eta Deleuze ez zebiltzan lore jolas filosofikoetan platonismoa alderantzikatzea proposatu zutelarik. Eginkizun dugu oraino xede zail bezain artez hori, Foucault, Azurmendi, Onfray eta abarren ahalegina gorabehera.

Alardea bizirik dago eta bizirik dagoen guztia bezala etengabe ari da aldatzen, sortu zenez geroztik aritu da aldatzen eta garaian garaikoari egokitzen, Xabier Kerexetak, Gorka Morenok eta Mertxe Trantxek besteak beste erakutsi bezala (“Bidasoako alardeak: Herria versus Hiria”, UEU).

Joan den mendeko lehenbiziko hamarraldian futbolak zatitu zuen Irun. Sporting Klub eta Racing Klub elkarren etsai porrokatu ziren. Alardean Sporting konpainia sortu zen. Eta bertako kantinerak, ohiko upeltxoa beharrean, baloi bat eraman zuen. Hatxeroen zapi zuririk ez zen lehen, baina San Martzial batean hatxero batek bazkal ondoren serbileta lepoko zapi gisa jarri, besteei gustatu eta horrela atera ziren. Hurrengo urtean berdin. Azkenik ordenantzetan sartu zuten. Pedrós jeneral ospetsuak xanpaina edan zuen naziekin, berak gonbidatuta. Buenos Amigos konpainia berri samara da, Elizaren ingurukoek sortua. 76an poliziak soldadu batzuk atxilotu eta musikarik gabe egin zen desfilea. Beltza dut koinatua, alardean ibilia, eta lehen ez zebilen beltzik.

Bizirik dagoena sendotu egiten du ingurukoa eta berrikuntzak integratzeko ahalmenak. Hizkuntzari bezala alardeari eta edozein bestari, mesede eskasa egiten dio formoletan babestu nahi izan dezaten, betiereko ideia platoniko bilakarazteko asmoz.

Eta orain emakume batzuek soldadu irten nahi dute, edo txilibituarekin. Ba alardea emakumeei zabaltzeak indartu eta edertu egingo luke.

Ordea, itsusia bezain tristea ematen du elkarrizketa honek: “Alardean atera nahi dut.” “Ez, ezin duzu.” “Zergatik?” “Emakumea zarelako”.

Independentziaren osteko futbol txapelketaz

mzap 2006/06/27 12:58

Juan Kruz Lakastak adierazi du on litzatekeela bake prozesuarentzat Espainiaren garaipena futbol mundialean, pozez gainezka dabilena eskuzabalagoa izaten baita. Atsotitzak dioenez, “A España revuelta y alegre, la paz amanece más temprano”.

Dena den, futbolak partaidetza sentimenduak jokoan jartzen ditu eta anitz euskaldun ezin da Espainiako selekzioarekin identifikatu, jendaurrean bederen, nahiz bertan Xabi Alonso ibili. Horietako asko futbolzale ez ezik independentziaren aldeko ere bada.

Eta ematen du, ikusita zein handia den gurean futbolzaletasuna, independentzia lortu osteko arazo nagusietako bat futbol ligarekin zer arraio egin izango dela.

EAEko taldeen arteko liga? Talde gutxi, ez da aski. Lurraldetasuna eta zazpiak bat aldezteko bultzatzaile sendo bat, futbol liga itxuroso samarra osatzeko modu bakarra dela: Baigorri, Lizarra, Donapaleu, Alaves, Balmaseda, Altzürükü, Bermeo, Angelu, Real Union, Athletic, Tutera, Maule, Eibar, Osasuna... hor bada funtsa, bada sasoia, bada futbol txapelketa interesgarri bat osatzeko aukera. Politikari eta hedabide abertzaleen zeregin gogorra, orain arteko Athletic-Real Madrid bezain pizgarri eta interesgarri bilakaraztea zaleentzat Athletic-Baiona.

Bestela zer, independentzia lortu eta biharamunean Madrila, ea orain arte bezala Espainiako ligan parte hartzen uzten diguten? Ez dirudi ez duin ez bihoztoi. Zer pentsatuko zukeen Argala batek honetaz guztiaz?

Juan Kruz Lakastak aipatu artikulua futbolaz

mzap 2006/06/23 19:50

Toñi Buru Batzarreko Zaldi Eroak eta Juan Kruz Lakastak joan den igandeko "Serio demonio"n "gogotsu" deitu zioten Planète football Ignacio Ramoneten artikuluari, eta Lakastak azkeneko "Kalaka"n "burutsu". Honatx itzulpen libre bat.

FUTBOL PLANETA

Ignacio RAMONET

Ekainaren 9tik uztailaren 9ra gure planeta itsasikara berezi batean pulunpatuko da, futbolean. Mundu Koparen azken txanpa Alemanian jokatzen ari dira. Kirol eta telebista gertaerarik unibertsalena da. Ikusentzuleek, milaka milioi dozena batzuk [hau ez dut zuzen ulertu edo ez da hitzez hitz hartu behar edo bestela Ramonet pasatu egin da, zeren 6,499,697,060 lagun bizi baikara munduan], ikusentzule horiek aldi bereko audientzian lehiaketaren 764 partidak jarraituko dituzte, elkarren aurka paratuko dituztenak 32 talde nazional, sei kontinenteen ordezkari. Borrokak uztailaren 9an joko du bere goren gradua, igandez, azkeneko bi taldeek finala jokatzean Olympiastadion-en (Hitlerrek 1936ko Joko Olinpikoetarako eraikia). Une horretan telebistaren aurrean bi mila milioi lagun baino gehiago izango dira, gizateriaren herena, 213 estatukoak (eta Nazio Batuak ez ditu 191 Estatu kide baino). Zaleontzat beste deusek ez du garrantzirik izango.

Futbol-lehia pantaila erraldoi gisa izango da erabilia, beste edozein gertakari estaltzeko. Zenbaiten lasaiturako. Frantzian, kasurako, Chiracek eta de Villepinek distrakzio hipnotiko hori baliatuko dute, duda barik, Clearstream kasu iluna ahantzarazten ahalegintzeko. Eta arnasa apur bat hartzeko. Batzuentzat “emozioen izurrite”, beste batzuentzat “pasio zoragarri”, futbola nazioarteko kirolik behinena da. Kirola baino gehiago. Bestela ez lituzke horrenbeste sentimendu gatazkatsu eragingo. “Gizarte gertakari totala”, horrela definitu zuen Norbert Elias saiogile handiak. Gizatasunaren metaforatzat jo izan dute. Izan ere, Christian Bromberger antropologoak dioenez, gizabanakoen eta giza taldeen estatusen ziurgabetasuna eta zalantza iradokitzen du; orobat zoriaren eta patuaren gorabehera eta joan-etorriak. Gogoeta ahalbidetzen du, gizabanakoaren zereginaz eta talde lanaz; eta eztabaida sutsuak eragiten ditu imitazioaz, itxurak egiteaz, iruzurraz eta bidegabekeriaz.

Bizitzan bezala, futbolan ugariago dira galtzaileak irabazleak baino. Horregatik izan da beti txiroen kirola: futbolean, ohartuki zein oharkabean, beren patua irudikatzen baitute. Badakite orobat beren kluba maitatzeak oinazea onartzea dakarrela. Galduz gero, elkartasuna da garrantzitsuena. Partekaturiko pasio honi esker, ziur dakizu egundo ez zarela bakarrik sentituko. “You will never walk alone” (inoiz ez zara bakarrik ibiliko), abesten dute Liverpool futbol talde proletario ingelesaren jarraitzaileek.

Futbola da kirolik politikoena. Arazo erabakigarrien bidegurutzean dago: pertenentzia edo kidetza, identitatea, gizarte jatorri eta maila. Are erlijioa ere, sakrifizioa eta mistika direla eta. Horregatik dira futbol zelaiak hain egokiak ospakizun nazionalistentzat, lokalismoentzat, gainezkaldi identitario eta tribalentzat, ez gutxitan jarraitzaile fanatikoen bortxakeria dakartenak.

Arrazoi horiengatik guztiengatik –eta duda barik beste askorengatik ere bai, positiboagoak eta jaiari lotuagoak- kirol honek masak liluratu ditu. Masak, beren aldetik, ez dira interesgarriak soilik demagogoentzat, baizik batez ere publizistentzat. Zeren gaur egun futbola, kirol jarduera bat baino gehiago, telebistazko ikuskizun bat baita, publiko arras zabal bati zuzendua, eta izarrek urrea balio dute.

Futbol jokalarien salerosketak merkatuaren egoera erakusten du globalizazio liberalaren garaian: aberastasuna Hegoaldean dago, baina Iparraldeak du erabiltzen, Iparraldea baita erosteko ahalmena duena. Eta merkatu horrek (sarritan ziria sartu dieten eta tronpatuak izan diren jokalariek osatua) gizakien saleroskeriaren forma modernoak eragiten ditu.

Erabiliriko diru kopuruak ikaragarriak dira. Baldin Frantziak finalera iristea lortuko balu, hogeita hamar segundoko iragarki batek frantziar telebistan 250.000 euro balioko lituzke (alegia, soldata minimoa jasotzen duenaren 15 urteko soldata). Eta Nazioarteko Futbol Federazioak (FIFA-k) 1.172 milioi euro baino gehiago jasoko ditu telebista eskubideengatik eta mundiala patrozinatu edo babesteagatik. Bestalde, lehiaketari loturiko publizitate inbertsioek 3.000 milioi euroak gaindituko dituzte.

Diru parrasta itzel horiek jendea erotzen dute. Baloiaren inguruan negozio-fauna oso bat dabil. Jokalarien transferentzien merkatua kontrolatzen du, edo kirol trabesena. Zenbait taldek ez du zalantzarik batere garaipena ziurtatzearren iruzur egiteko. Asko dira frogaturiko kasuak. Esaterako, Italia asaldaturik duen eskandalua: Turingo Juventusa, klub mitiko bat, arbitroak erosteaz salatu dute eta bigarren mailara jaitsaraz lezakete.

Horrela doa beraz kirol liluragarri hau. Bere distira paregabeen eta bere doilorkerien artean. Doilorkeriok zenbaitetan kakaren antza dute, haizagailuak astindu eta mundu biribila baitu zipriztintzen.

Kornerretik gol. Ronaldinho

mzap 2006/06/22 17:25

Makaldu eta itsustu egiten ari zaigu futbola, ez baita azkenotan txutik ederrena ez soilik arrakastaz erabiltzen, baizik ezta saiatzen ere. Alegia, kornerretik efektu handiz jo baloia eta eskoadratik gola sartu, atezaina, atzelariak, ikusleak eta arbitroa bera txundituta utzirik.

Behinola Lopez Ufartek edota gure Txetxu Rojok berak horrelaxe sartu zituzten makina bat txitxarro. Baina orain indarra eta abiada hobesten dira abileziaren gainetik.

Ronaldinho salbuespen. Gure planetak zorte txarra du oro har, gizakiok gaizki egiten ditugu gauzak, baina hondamendiaren bihotzetik, Porto Alegreko favela txiro batetik Ronaldinho agertu eta globalizazioa onerako erabili du, telebistaren eta irratien bidez bizipoza eta itxaropena zabalduz baztertuen, zapalduen eta gosetien artean, eta baita jokalari brasildarrak eta afrikarrak erosten ditugun Lehen Mundukoon artean ere. Bizipoza finala ikusiko duten bi mila milioientzat, gizateriaren herenarentzat.

Futbol zelaian ematen du Ronaldinhoren lehen helburua ez dela etsaia azpiratzea edo gola kosta lain kosta sartzea, baizik ondo pasatzea. Aurrena poza; gero gerokoak.

Baina bizipoz hori ez du berezkoa, asko sufritua baita Ronaldinho. Zortzi urte zeuzkala hil zitzaion aita igerileku batean itota. Ronaldinhok bizipoza bere baitan egin behar izan du, asmatu eta eraiki. Maila altuko bizipoza da Ronaldinhorena, berehalakokeria alerik ere gabea, txit exijentea bere buruarekin.

Beno, agian ez. Berriki galdetu diote zein den bere irribarre zoragarriaren ezkutuko sekretua eta erantzun du ez dela irribarrea, baizik bere hortzen eta haginen eiteak behartutako keinua.

Edonola ere, bedeinkazio bat da gozamena helarazten duen Ronaldinho izatea munduan idolo. Izan zitekeen futbolari gerlari menperatzaile horietako bat, edota sakrifizioa, lan gogorra, izerdia eta martirioa transmititzen dituena, eta okerragoa litzateke.

Ronaldinho da kornerretik gola sartzeko txuta berpizteko aski soltura duen jokalari mundiala.

Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.