Otsoen gizona
Otsoa joan den mendeko ametsik esanguratsuenetako baten funtsa da.
Sergei Pankejeff amesgileari “otsoen gizona” deitzen zaio. Berak ere telefonoa hartzen zuelarik, “otsoen gizona naiz, bai, esan” agurtzen zuen. Eta bere autobiografiari “Otsoen gizonaren oroitzapenak” izenburua jarri zion.
Ametsa: "nire ohean nengoen, gauez. Parez pare nuen leihoa, errealitatean bezala. Supituki leihoa ireki egin zen, itxuraz berez, eta zeharo izutu nintzen: lorategiko intxaurrondo handiko abarretan sei-zazpi otso zuri zeuden eserita. Zuriak ziren eta otsoarena baino antz handiagoa zuten azeriarena edo artzain zakurrarena, azeriaren buztan handia baitzuten eta belarri tenteak. Erabat larriturik, beldurturik otsoek jango nindutelakoan, oihukatu eta esnatu nintzen."
Ametsaren interpretazioaren arabera, Sergei hamazortzi hilabeteko umea zelarik sehaskan zetzan uda arratsalde bero batean, siesta orduan. Esnatu eta gurasoak larrutan ikusi zituen, aita belauniko eta ama lau hankatan.
Otsoen zuritasuna gurasoen jantzien oihalari dagokio, belarri tenteak eta otsoen buztan larderiatsua erran gabe doa.
Otsoen ametsak Freud ideia baten arrastoan jarri zuen, gerora eztabaidaezintzat joko zuena: txikitan guztiok ikusi ditugu gurasoak txortan, edo paretan zehar entzun bederen eta irudikatu…
Otsoen gizonaren gisara, inork ez dugu unean bertan jakin zer gertatzen ari zen. Freudek uste du gurasoen gorputzen jarrerak eta egiten dituzten hotsak kontuan hartuta umeak ia beti aitak ama hil nahi duela ondorioztatzen duela. Ezin hori ordea bere horretan onartu, gogorregi zaio, pairagaitz, arima arrakalatuko ote dion, eta bere burua babestearren gurasoen irudi hori inkontzientera bidaliko du.
Inkontzientea antzeko irudi, sentimendu eta gertaera jasangaitzez beterik omen dugu, atezuan beti, kontzientera jauzi egin ahal izateko edozein aukeraren zain.
Eta ametsa da Freuden ustez gurasoak otso bilakatzen zaizkigun eremua.
Felixek ez die beldurrik otsoei, txakurrei bai, ostera. Felix, Galiziako aitaita-amamengana joaten zen umetan uda igarotzera.
F:Behiak zaintzera bidaltzen ninduen aitaitak egunero.
N: A bai, ez esan! Eta zu bakarrik?
F: Ez, ahuntz batekin.
N: Ahuntz batekin!
F: Zortzi urte nituen bakarrik!
N: Zer ikusi dauka ahuntzak horrekin...
F: Otsoengandik babesteko zen.
N: Ai-tai-tak e-ta a-ma-mak o-tsoak bizi diren inguruetara bidaltzen zin-tuz-te-la behiak zaintzera zu ba-ka-rrik.
F: Bai, otsoengandik defendatzeko bidaltzen zuen amamak beti ahuntz bat nirekin.
N: Ez adarrik jo…nola defendatuko zaitu ba ahuntz batek otsoengandik.
F: Bai, hala bera jango zuten nire ordez.