Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Otsoa eta zakurra

Otsoa eta zakurra

mzap 2006/12/29 11:17

Otsoa benetan ezagutzen dutenak, besteak beste Rodríguez de la Fuente eta Eric Zimen, otsoaren alde daude. Mosterínen iritziz, otsoaren aurkako jarrera histerikoa da, ia ez du oinarri errealik. Ez omen zen oso desberdina izan Erdi Aroan juduen aurka zabaldu zena. Asturiesen esaterako otsoak aziendari egiten dio kaltea eskuzabaltasunez berdintzen zaio abeltzainari eta ez dute behar 250.000 inguru euro baino urtean.

Dena den, Txanogorritxu, Hiru txerritxoak eta antzeko ipuinak intentsitate handiz bizi izan ditugunok nekez erauz dezakegu gure barne-muinetik otsoaren irudi ankerra.

Halatan, izugarria iruditu zitzaidan Gotzon San Migel ondarrutarrak behiala kontatu zidana. Behin batean Gotzonen lagun bat, eskiatzeko pista batean jendearen zarataz eta kirtenkeriaz inoiz baino gogaituago, pistetatik urrutiratu eta bakar-bakarrik abiatu zen mendi aldera, bake bila, harik eta supituki harkaitz baten gainean zazpi otso aurkitu zituen arte, berari tinki so. Seko gelditu zen bertan, disimuluan, ezer gertatuko ez balitz bezala. Pixkanaka buelta eman eta eztiki eta kakatan itzuli zen atzera jendartearen altzora: tabernak, zarata, futbolina. Hori lasaitua.

Bestalde, otsoak ez du zakurra batere maite. Zakurra azken batean etxekoturiko otsoa da, otso basatitik datoz zakur guztiak. Eta otsoak traidoretzat dauka zakurra, etsai garailearengana igaro den txaketero mainatitzat. Ondorioz, zenbaitetan zakurrari eraso eta jan egiten du.

Aski egokia dirudi horrek, itoko gaitu bestela hainbeste zakur mokordok.

(Prozesua laguntze aldera: oroitzen naiz PP eta HB zeharo ados lehenbizikoz Irungo zakur kaka biltzeko politika orokorraren inguruan ikusi nituela.)

etiketak: kalakakoak
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.