Iñaki de Juana
Espainiar Estatuaren aiurria ondo erakusten du Iñaki de Juanarekin darabilen jokabideak; alde batetik, bizirik hil nahi du. Notable sozialista gogorrenek, Bonok, Rodriguez Ibarrak, PPkoek zer esanik ez, bizitza osorako espetxeratu nahi dute, legearen gainetik mendekua ezarri, begia begi truk. Hil egin nahi dute.
(Bide batez esateko, jendaurrean egin dute hilketaren apologia. Iritzi horiek bortitzagoak eta legez kanpokoagoak dira inolaz ere de Juanaren bi artikuluetakoak baino; hala ere, inork ez die diligentziarik ireki edo konturik eskatu.)
Baina bestetik Estatuak de Juana bizirik behar du. Hiritar gisa hilik, gizaki gisa hilik, espetxean ustelduz... baina biologikoki bizirik dagoela esan ahal izateko moduan.
Dena den, de Juanaren bizi haria atxiki nahi badute ez da legearenganako begirunez edo pertsonarenganako errukiz, erruki inpertsonala bederen. Ezta Gobernuak halako bidegabekeria hiltzailea bultzatu izana etikoki edo politikoki itsusi zaielako.
De Juanaren bizi hari hauskorra atxiki nahi badute, batez ere hedabideek egiarekin bat letorkeen albiste hau eman ahal izan ez dezaten da:
"Espainian mendekua legearen gainetik dago. Hedabideek joera eta iritzi nagusien arabera dihardute. Horrenbestez, hedabideek mendekua legearen gainetik jarri dute. Hedabide indartsu askok mendekua xaxatzen dute. Era berean, agintarientzat hedabideen presioa legearen gainetik dago. Ondorioz, Gobernuak, kondena beterik zuen euskal preso baten aurkako ‘froga’ zenbait ‘asmatu’ eta ‘eraiki’ ditu, Lopez Aguilar Justizia Ministroak harro aldarrikatu duenez, eta azkenik hamabi urteko kartzelaldia ezarri dio iritzi artikulu bi zigortzeko. Preso euskaldunak, behin eta berriro egiaztatu ondoren Espainian Zuzenbide Estatua ez dabilela, gose greba bati ekitea beste irtenbiderik ez du aurkitu eta ondorioz hil egin da."
Baina zergatik ez ote dute nahi espainiar politikaririk delikatuenek horrelako albiste bat? Edozein gizakiri zor omen zaion begirune inpertsonalarengatik? Lotsatzen ote ditu iritzi batek heriotza ekar lezakeen herri bateko buruzagi izateak?
Ez. Ez dute nahi albiste hori ez datorkielako ondo oraingo une politiko-mediatiko honetan. Espainiar politikaririk finenak unean uneko interes politikoaren arabera erabiltzen ari baitira de Juanaren bizia eta heriotza.
Espainian legearen gainetik dago mendekua eta biziaren eta heriotzaren gainetik komenigarritasun politikoa, hau da, albistea. Eta norabide bateko edo besteko albisteen azken helburua aginteaz jabetzea da. Hots, legea albistearen arabera erabiltzen da eta albistea hauteskundeen eta beraz boterea eskuratzeko aukeren arabera.
Azken baieztapen horiek ez dira espantigarri. Demokrazia batean alderdiek batik bat agintea eskuratzea dute helburu, alderdien zeregina ordezkatzen dituzten hiritarren asmo politikoak gauzatzen ahalegintzea baita, eta hau errazkiago lor daiteke agintari izanik oposiziotik edo karrika gorritik baino.
Baina bada espantigarri garbi sumatzea de Juanaren biziari eusteko interes politiko-mediatikoa amaitu orduko espainiar agintariak prest leudekeela gizaki bat ezaxola zurrun ezagun batez akabatzeko botere zati goibelen baten amoreagatik.