Jesukristo eta traizioa
Jesukristo oso anbiguoa da, benetan garrantzitsua, ia-ia Mixkin printzea bezain garrantzitsua. Liluragarria da gainera, astotxo baten gainean sartu da Jainkoa Jerusalemen. Zoritxarrez, lehenbiziko kontzilioek hainbat ebanjelio eder debekatu eta ezabatu zituzten. Biziki duzu polita Jesukristo bere kantuaren bitartez urretxindorren hegaldiaren norabidea urrutitik gidatzen erakusten duena, edota lagun arteko afari batean oilasko errea berpizten.
Egia da lehen begiratuan Gabonak ospatzeko gure moduak Jesusen mezua hainbat moldez traizionatzen duela. Baina konplikatuagoa izaki afera.
Ez ote zen hain zuzen traizioa bera izan Jesusen bizitzaren eta heriotzaren funtsetako bat? Berak juduen Jainkoa traizionatu zuen, orobat bere familia. Ezagunak dira Judaren saldukeria eta San Pedroren ukoak. Gero, Jesus, gurutziltzaturik, Jainkoak abandonatu zuen.
Eta dizipulu bakar bat ere ez zen agertu Golgotan.
Zehazki, Jesusek bere senideekin izan bide zuen harremanaz ohartzeko jo dezagun Itun Berrira. Ebanjelistek berdintsu kontatu dute (Mateo 12, Markos 3, Lukas 8):
“Jesus jendeari hitz egiten ari zela, haren ama eta anai-arrebak azaldu ziren kanpoan, berarekin hitz egin nahian. Batek esan zion:
–Adizu, ama eta anai-arrebak dituzu kanpoan, zurekin hitz egin nahian.
Jesusek, berriz, erantzun zion:
–Nor da nire ama eta zein nire anai-arrebak?
Eta, bere ikasleengana eskua luzatuz, esan zuen:
–Hauek ditut nik ama eta anai-arreba. Izan ere, zeruko nire Aitaren nahia egiten duena, horixe dut nik anaia, arreba eta ama.”
Maitasun unibertsalaren profeta bezainbat da Jesus traizioarena. Egia da Gabonak sendi giroko jai bilakarazirik guk Jesus traizionatu dugula, baina ondorioz paradoxaz baita aldi berean harekin bat egin ere.
Aupa, ez dut topatu nire mezua zuri helarazteko beste modurik. Euskal blogarien artean hedatzen ari den meme batean parte hartzeko gonbita egiten dizut. www.matraka.info-n sartuz gero ikusiko dituzu zenbait adibide. Zutaz ez dakizkigun 5 gauza kontatzean datza memeak. Erraza, ezta? Norberaz dakizkigun 5 gauza kontatzea zailagoa litzateke.