Itsusia zigortzeko gure gizarteak darabiltzan zenbait azote
Gizarteak hainbat aurreiritzi, diskriminazio eta presio ezartzen ditu nagusi diren edertasun-estandarren arabera "itsusitzat" jotzen diren lagunen aurka. Baztertu eta zigortu egiten ditu erakargarritasun fisikoaren ideal sozialekin bat ez datozenak. Gorputzen kasuan, urruti gaude aniztasuna onartzetik eta inklusibotasunetik. Hona hemen gizarteak "itsusitzat" jotzen dituenak baztertzeko eta zigortzeko darabiltzan zenbait azote:
Bazterketa: erakargarritasun gutxikotzat hartzen diren pertsonek gizarte-bazterkeriari edo ostrazismoari aurre egin behar izaten diote. Garbi sumatzen dute onarpen falta, kuadrilletatik kanpo geratzen dira, lagunak egiteko edo harremanak sortzeko zailtasunak izaten dituzte.
Estereotipoak eta aurreiritziak: itxura fisikoari lotutako estereotipo eta aurreiritziek susmo negatiboak eta tratu bidegabeak eragiten dituzte. Erakargarritzat jotzen ez diren pertsonak barregarri utzi edo estigmatizatzen dira, eta barre eta estigma horiek ez dute oinarri itxura baizik.
Diskriminazioa lantokian: ikerketek erakutsi dute erakargarritasun fisikoak enplegu-aukeretan eragina izaten duela. Erakargarriak ez diren pertsonak galtzaile ateratzen dira nor kontratatu erabakitzeko orduan, edo enpresa barruan nork egingo duen gora. Enplegatzaileek edertasunaren estandarrekin bat datozenen alde egiten dute. Nabarmenagoa da emakumeen kasuan: Barbie ETBn (eta non dago Ken?).
Bullyinga: erakargarritasun gutxikotzat hartzen diren pertsonak ahulagoak eta zaurgarriagoak izaten dira bullyingaren edo txantxa krudelaren aurrean. Horrek eragin penagarria izaten du haien izaeran, bizimoduan eta osasun psikologikoan.
Hedabideen jazarpena: komunikabideek behin eta berriro azpimarratzen dute edertasun-estandar jakin batzuk ezinbestekoak direla onarpen soziala, arrakasta eta zoriona erdiesteko. Ez bazara iristen, ez duzu izango bazterketa eta miseria baizik.
Sare sozialetako irainak eta dietei ekiteko presioa: erakargarritzat jotzen ez diren lagunak lotsari aurre egin eta gorputza jendaurrean erakustera ausartuz gero, adibidez sare sozialetan, barre gaiztoak eta irainak erakarriko dituzte: Desaparece del mapa, puta gorda!
Orobat, sarkasmoz zipriztinduriko presioa jasango dute, gizarteak edertzat duenera egokitzen ahalegintzeko dietak eta kosmetikoak erabiltzen hasteko, behingoz.
ZER EGIN
Hasteko, batez ere neska nerabeak burua hiltzera eraman dituzten sare sozialetako milaka irain anonimo horien aurka, zentzuduna dirudi sareetako anonimotasuna debekatzea, eta, debekua ezartzen ez den bitartean, sareetan idazten denak erantzule garbi bat edukitzea. Elon Musk litzateke Twitterren, egunkari eta aldizkarietan idazten denaren azken erantzulea zuzendaria den bezala.
FILOSOFIA HELENISTIKOA
Filosofia helenistikoaren printzipioak barneratzea ez da txarra ez itsusientzat, txorakeria sozialetatik paso egiteko, baina ezta ere ederrentzat, bizitzak aurrera egin ahala sorpresa handi bat izaten baitute ezustean: nola da posible, ezin ederragoa naiz, arrakastatsua, nonahi pizten dut inbidia, eta hala ere larridura ilun bat sentitzen dut beti bularraldean.
Itsusismoa
Arteak itsusia salba dezake, badago itsusiaren errepresentazio ederra. San Buenaventurak zioenez, Luziferren beraren errepresentazioa ere ederra izan liteke. Adibide asko dauzkagu pinturan, literaturan. Badago mugimendu bat itsusiari balio estetiko garrantzitsua ematen diona, Itsusismoa. Itsusismoaren obretan artista laketzen da gauza, piztia, jende, toki edo egoera nazkagarriak irudikatzen.
Artistak, itsusia berariaz erakusteko, hainbat bultzada izan ditzake. Errealitatearen alderen bat salatu nahi izan dezake, edo bizitza bera. Higuina eragiten dioten pertsonak edo egoerak irudikatuz, ikusleak kontzientzia hartzera bultzatu nahi ditzake, eta ankerkeria aldatzen laguntzera, "Gernika" margolanean, "Hurricane" abestian edo “Dortokek hegan egin dezakete” filmean bezala.
Bestelako bultzada bat: edozein konbentzio solidoren aurkako mespretxua aldarrikatu; esaterako, nagusi den irizpide estetikoaren aurka. Baudelairek burgesa nazkatu nahi du, sentiberatasun txintxoari izugarri eta kondenagarri zaionari kantatu: ardoa, eritasuna, intzestua, krudelkeria, satanismoa, krimena…
"Hurricane", “Dortokek hegan egin dezakete”, “Gaizkiaren loreak” edo “Gernika”ren kasuetan, behintzat, ia inork ez du eztabaidatuko: Itsusismo izena artelanak irudikatutakoari dagokio, ez teknikari, hain gutxi emaitzari. Artelan horiek politak ez agian, baina ederrak bai, badira, formari dagokionez bikainak, irudikatzen dutena higuingarria izan arren.
Sakonki aztertu ditu Seve Callejak gaur egungo Itsusismoaren adierazpenak “Zoritxarreko munstroak: bestearen irudi deformatu eta groteskoa” liburuan. Callejaren ustez, Itsusismoak, estetika modernoan, makabroa egunerokotasunera dakarkigu, gugandik hurbilegi, eta espektakulua eskaintzen digu, salaketa edo kontzientzia konbentzionalaren astintzea baino gehiago. Ankerkeriaren erakustaldiak ez duenean helburu artistiko edo etikorik (Edgar Allan Poek bai, edertasunaren eta sublimearen zerbitzura jartzen zuen makabroa), orduan artearen beraren eremutik kanpo geratzen da. Egia da espektakulua erakargarria izan daitekeela, ikusle batzuek gozamen sadikoa aurki baitezakete bertan, edo emozio gogorrak. Baina hor ez dago ez bidegabekeriaren kritikarik ez pretentsio artistikorik: itsuskeriaren esplotazio komertziala baino ez, jende ero eta deformea zirkuan erakusten zutenean bezala.
Edertasuna bilatzen ez duen artea
Abangoardiek piztu zuten harmonian eta proportzioan oinarritzen zen edertasun kanonikoaren aurkako matxinada. Konbentzionaltzat jo zuten edertasun klasikoa, burgestzat. Maneten Olympia, Picassoren Avignongo andereñoak, Marcel Duchampen pixatokia… Lehenbiziko biek edertasun klasikoaren aurka jo zuten eta Duchampen pixatokiak arte klasikoaren aurka. Aurrerantzean, artetzat hartuko da ez ikusleak edertzat duena, edo gustuko duena bederen, baizik artistak berak artea dela erabakiko duena. Zerikusi gutxi Diskoboloaren, Udaberriaren kontsakrazioaren edo Delft-eko ikuspegiaren oreka lasai atseginarekin.
XXI. mendeko lehenbiziko laurden honetan indartsuen dabiltzan mugimendu artistikoen artean, adituek gorea lehenesten dute (anputazioak, kanibalismoa, serieko hiltzaileekin lankidetza...). Diru-laguntzen %80 harrapatzen du eta aldi berean gore-obrak dira garestienak. Adituek aipatzen dituzte, orobat, gorputzaren artea, grafitia, performancea eta arte birtuala; azken hau, batez ere, mangaren eta fantasia heroikoaren eraginpean dauden gazteek baliatua. Artista askok jarraitzen dute sentitzen tradizioa hautsi eta estiloz aldatzera behartuta daudela, Duchamp edo Picassoren ildotik. Panorama horrek mugimendua adierazten du, gaztetasuna, berrikuntzen bilaketa etengabea, Grezia klasikotik XX. mendera arte edertzat hartu izan denaren aurkako errebolta.
Hedabideen arreta bereganatzen duen sortzaile mota horrekin kontrastean, dena den, badira erakusleiho distiratsuari eta ateraldi harrigarriari uko egiten diotenak ere, artista-jarreran zein obraren edukian, berria baino gehiago ederra bilatzen duten artista diskretuak, erreserbatuak, museo, galeria eta aldizkari espezializatuetako popeei keinu konplizeak egiteari uko egiten diotenak. Ez gara alferrik zortzi mila milioi biztanle gure planetan. Denetarik aurki dezakezu artearen munduan ere.
Distopien funtsezko helburuaz
XX. mendeko distopien artean, lau eleberri hauek nabarmendu ohi dira: Aldous Huxleyren Bai mundu berria; George Orwellen1984; Ray Bradburyren Fahrenheit 451; eta G.H. Wellsen Denboraren makina. Wellsek idatzi zuen hainbat espezie desagertu dela gure planetan era atseginean, molestatu gabe; aldiz, gizakiok labirintoan galdutako mozkor koldarren antzera suntsituko omen gara, edo arratoiak bezala zakuaren barruan, elkarri min eginez.
Deigarria da zelan joan den utopien eta distopien kopuruen arteko aldea zabaltzen. XXI. mendean, ia ez dago honezkero utopiarik; aitzitik, izugarri ugaritu dira distopiak: Neskamearen ipuina, Black Mirror, Minority Report, Robocop, Mad Max, Laranja mekanikoa, Matrix eta hainbeste eleberri, film eta serie.
KAPITALISMOA IRAUNARAZEA XEDE
Distopia-parrasta hori batez ere AEBetatik datorkigunez, Layla Martinezek eta beste aditu batzuek ondorioztatu dute hor atzean konfabulazio bat egon behar duela, kapitalismoa iraunaraztea duena helburu.
Hauxe arrazoibidea, gutxi gorabehera: etorkizuneko gizarteak behin eta berriro agertzen bazaizkigu bidegabe eta klasista, miserable, matxista, arrazista eta homofobo, suntsituriko naturan erdi itoak, orduan inkontzienteki pentsatuko dugu: hobe ezertxo ere aldatu gabe, edozein etorkizun izango baita orain duguna baino are okerragoa. Edozein aldaketak eramango gaitu hondamendira. Akatsak akats, neoliberalismo kapitalista hau baino hoberik ez dugu asmatuko, eta, abenturetan sartuz gero, ezingo dugu erabateko desastrea eragotzi.
ZALANTZAK
Ez da ezinezkoa Bill Gates, Georges Soros, Vladimir Putin, Donald Trump eta Trilateralak konplota egin izana, eta distopiak barra-barra ekoitzi eta zabaldu izana gure garunetan halako mezu ezkorrak txertatzeko, daukaguna hobetzeko edozein ahalegin eragozteko.
Dena den, litekeena da ugaritze horretan garrantzitsua izatea halaber kasualitatea, eta moda, eta artean eta literaturan tristurak eta tragediak izan duten eta duten ospea, alaitasunaren eta baikortasunaren gainetik... Sakontzat jo izan baita oro har tristura, eta poza axalekotzat, nahiz eta kontrakoa izan egia. The Office da munduko telesailik sakonena.
ORAINGO GIZARTEETAKO AKATSAK SALATU
Eta distopiagileek funtsezko zerbait irakatsi nahi izan badigute, apika ez da edozein aldaketa kaltegarri izan dakigukeela, baizik eta orain bertan ez bagara kontuz ibiltzen eta ez baditugu lehenbailehen neurri zentzudunak hartzen, berandu baino lehen distopiak darakutsana jasan beharko dugula. Beraz, mezua ez litzateke “ez kapitalismoa aldatu”, baizik eta “aldatu zuhurtziaz kapitalismoa, baina aldatu”.
Distopien funtsezko helburua oraingo gizarteetako okerrak salatzea litzateke. Ez baldin bagara bidegabekeria horiek zuzentzen hasten, etorkizunak erremediorik gabe ekarriko digu distopian ageri denaren antzeko hondamendia: botere-gose ergel eta txoroen kontrolpean jendea; askatasuna, berdintasuna eta senidetasuna birrindurik, eta berpizteko inongo itxaropenik gabe…
Zenbait garaikideri ezaguna egingo zaio. Baina, distopien gaztiguaren arabera, espabilatu ezean, are larriagoa izango da etorkizuna.
Esperantza eta desesperantza
Heriotzaren ezinbestekotasunak beldurra ematen du, eta beldur hori ei da gizakion gainerako beldur atabiko ugarien jatorri eta eredu (mikrobio pandemikoz kutsatzeari beldurra, sugeari, iluntasunari, ezezagun batek ezustean oratua izateari, Andoni Ortuzarri...).
Eta filosofiaren zeregin nagusietakoa denez edozein beldur apaltzen eta sendatzen laguntzea, heriotzaren beldurrari erantzun behar izan dio sortu zenez geroztik, erlijioak bezala. Halatan, filosofiari, etorkizunaz diharduela, eta ez baldin bada etorkizunaren garrantzia erlatibizatzera animatzen, zaila izaten zaio kutsu mesianikoa zeharo baztertzea (batez ere filosofia politikoan gertatu da).
Orain arte, hil ostean arima gorputzetik bereizi eta eternitatean sartuko dela, esperantza erlijiosotzat genuen eskuarki, dualistek etorkizunari begira eta heriotzaren beldurra uxatzeko asmaturiko baliabidetzat.
Aldiz, monistak eta materialistak dira Singulartasunaren Unibertsitatean gizakiak heriotza desagerrarazi eta betiereko bilaka daitekeela aldarrikatzen ari diren ingeniari eta filosofoak, adimen artifiziala garatzen dihardutenak. Berandu baino lehen lortuko ei du adimen artifizialak bere buruaren kontzientzia, bere burua pentsatzen ikustea, Turingen testa gainditzea, hunkitzea, beldurtzea, desesperatzea, mendekatzea. Eta, ohartuko denez gizakia dela bere garapena eta ahala kontrolatzen duena eta eragotz dezakeena, errukirik gabe suntsituko du. Beldur handia diote adimen artifizialaren sortzaileek adimen artifizialaren etorkizunari; telesailek utopiak baino maizago erakusten dizkiguten distopietan garbi ageri da esperantza handiek ekarri izan dituztela katastroferik latzenak.
Edonola ere, zerua bezain zalantzagarria da heriotzaren heriotza, eta horregatik da arriskutsua, filosofiak helburu duen bizitza zoriontsuari begira, etorkizun distiratsu horien esperantzari atxikitzea. Ez zuten alferrik bultzatu esperantzari ukoa estoikoek, Epikurok eta, zer esanik ez, Pirronek. Senekaren ustez, ondo bizitzeko oztoporik handiena da esperantza izateagatik gaurko eguna alferrik galtzen uztea. Spinozaren esanetan, ez dago beldurrik gabeko esperantzarik, ez esperantzarik gabeko beldurrik. Antzeko ikuspuntutik idatzi zuen Goethek ere esperantza dela gizaki malerusaren bigarren arima. Tradizio horretan oinarriturik idazten ari da gaur egun André Comte-Sponville ere desesperantzaren alde, hau da, etorkizunaren atxikimendutik libratzearen alde.
MAITE ETA IRATXE
Jaio zenez geroztik gaixorik dagoen lagun bat daukat, Maite. Herrena da, malformazioa hanketan, aldaka gaizki. Elbarri-aulkian ibili izan da luzaro. Ikastolan “hankoker” deitzen zioten.
Orain paliatiboetan dabil, hiltzera doazenei laguntzea du lanbide.
Umeekin ere lan egiten du, Onkologia Pediatrikoan. Bere nesketako batek, lau urteko Iratxek, minbizia zeukan.
Egun batean, Maite, Onkologikoan, igogailuan hiru solairu igo eta, atea ireki zenean, Iratxe bertan, burua soil-soil, baloi batekin. Galdetu zion:
-Maite, gaur hilko naiz?
-Ez, ez dut uste.
-A, orduan banoa jolastera.
Baloia hartu eta han joan zen pasillotik saltoka.
Odola atera bitartean
Erizainak, gaur goizean, nire besoko zainei eskuarekin kolpetxoak eman bitartean:
-Ezin ditut zure zainak esnatu. Oso zain lotsatiak dituzu.
Orotarikoan ikusi dut “zain hileko” pertsona apatikoa dela, flojoa.
Baina zainari berari, orratza sartu ahal izateko moduan nabarmentzea zaila zaiolarik, “lotsati” deitzea, ez dakar Orotarikoak, eta ezezaguna zitzaidan, yonkien garaikoa naizen arren. Ezta ere zain lotsatiak lortzen ez duen nabarmentze horri “esnatzea” deitzea.
Gaur arte, oroimenak ez badit huts egiten, gaztelaniaz atera didate beti odola, eta ez dut gogoratzen "tienes venas tímidas, de despertar difícil" bezalakorik.
Beste hizkuntza baten eragina egon daiteke beharbada "zain lotsati" horretan, baina itxura handiagoa du euskal hiztunen asmamen autonomoaren fruituarena.
Bizirik dago gure hizkuntza, odola dabilkio oraindik zainetan, nahiz eta gero eta maizago behar dituen transfusioak, txute gogorrak eta Ama Birxinaren laguntza.
Zertan da etorkizuna?
“Etorkizuna” hitz bat da, kontzeptu bat, aditzaren formetako bat, baina berez inoiz ez dator bat zentzumenezko errealitate zehatz batekin. Zentzu horretan, etorkizuna ez da deus, inoiz ez da ezer izan.
Metafora batzuek buruak eta adimenak nahastu dizkigute, eta etorkizuna mundu errealean existitzen dela pentsarazi. Keith Seddon-ek denbora errekarekin parekatzen duena aztertu du. Gu erreka-ertzean gaude, edo errekaren erdigunean, orainaldian, uraren emanari so. Eskuinetik edo goitik datorkigu ura, eta ur hori erreala da, eta horri deitu izan zaio metaforikoki etorkizuna, etorriko zaiguna, etengabe etortzen ari zaiguna. Halako batean, ur hori pixkanaka guregana hurbildu eta gure parean edo inguruan egokitzean oraina izango da, etorkizuna orainaldi bilakatuko da. Ondoren, ezkerrera hartuko du uraren emanak, edo beherantz, eta iraganean amilduko da. Beraz, errekaren metaforaren arabera, denboraren hiru geziek dute gutxi gorabehera antzeko izate-maila, eta etorkizuna erritmo jakin batean gure orainaldira hurbiltzen ari da, halako batean orainaldi bilakatu, eta ondoren iragan izatera pasako da.
Ordea, metaforak metafora, etorkizuna zinez ez dago orainaldian baino; zehazki, etorkizunari buruz pentsatzen ari direnen gogo eta irudimenetan. Agustin Doneak zioen bezala, edozein etorkizun da beti oraingo etorkizuna.
Noski, horrek ez du esan nahi etorkizunak mundu errealean efektu errealak ez dituenik. Jendeak etorkizunera begira buruan duenak eragin handia du orainaldian, eta izango du etorkizuneko orainaldian. Baina ez dago jadanik osatua legokeen etorkizunik, igarleek atzeman lezaketena, erritmo jakin batean hurbiltzen ari zaiguna; eskuineko edo goiko ura bai, jadanik badabil, badatorkigu, baina ura ez da denbora, baizik denboraren irudia.
Ia ziur dakiguna da etorkizunean, Ray Kurzweil-en ahaleginak gorabehera, gizaki bakoitzari heriotza etorriko zaiola; herri gisa ere, heriotza; eta gizateria, planeta eta eguzki sistema moduan ere, bukakorrak garela.
“Mozkorra” eta prostituta. Azalpen definitiboa
Hona hemen Barakaldoko jakintsu kalegarriaren hitzak, zuzeu.eus-etik atereak.
Zurea da hitza, Gilen:
"-Espainolaren CDH corpus historikoaren arabera, “moscorra” 1617an agertu zen lehen aldiz gaztelaniaz, “Entremés de los habladores” obra anonimoan:
Una criada se llama en Valencia fadrina; en Italia, masara; en Francia, gazpirria; en Alemania, filimoquia; en la corte, sirvienta; en Vizcaya, moscorra, y entre pícaros, daifa. Venga la comida alegremente, que quiero que vuesas mercedes me vean comer al uso de la Gran Bretaña.
– Auñamendin, berriz, prostituzioari buruzko artikuluan, hau esaten da:
Junto al tocado «corniforme» de las mujeres casadas, que escandalizó al famoso Inquisidor Pierre de Lancre y admiró a los viajeros de la época, se encuentra la no menos curiosa seña de identidad de las doncellas vírgenes; llevaban la cabeza rapada, salvo unos mechones a la altura de las sienes. Recibían, por ello, la denominación de «moças en cabello» o «vírgenes en cabello».
Azalpen hori bat dator OEHn hitzak duen 3. adierarekin:
Rapado, de pelo cortado. “Andando mozcorra en la cabeza, según y de la manera que andan las mozas de semejante calidad y vírgenes” (Pamplona, 1539). LexHNav I 112. “Mozas mozcorras y mujeres casadas” (Pamplona, 1575). Ib. 112. “Dicha criatura estaba moscorra, sin ningunos paños en la cabeza, toda la cabeza y frente y orejas llenas de sarnas” (Huarte, 1576). Ib. 112.
Ikusten denez, aipamen horiek CDHkoa baino lehenagokoak dira.
– Beraz, esan daiteke aro modernoan emakume kaskamotzei esaten zitzaiela mozkorra, batik bat neskatila birjinei, haien bereizgarria zelako, baina baita ere ilea arrasean moztuta zeukan beste edozein emakumeri ere (1576ko aipamena). Eramango al zuten prostitutek inoiz burua soilduta? Bai horixe. Ikus “La prostitución en los siglos XVI y XVI” lanak dakarren aipu hau:
El rey Felipe III fundó en Madrid en 1608 la primera cárcel de mujeres, a la que eran enviadas las delincuentes que merecían pena superior a la de azotes, vergüenza y destierro. La institución fue conocida con el nombre de “la Galera” por compararla con los delincuentes masculinos que eran castigados a remar en aquella época. Allí fueron, además de ladronas, vagabundas y alcahuetas, las prostitutas no regladas. La puesta en marcha de la Galera en Madrid supuso un clamoroso éxito en la lucha contra la criminalidad de la monarquía, y pronto comenzaron a fundarse otras muchas cárceles de mujeres a su imagen y semejanza en las grandes ciudades del territorio español. Fueron verdaderos presidios públicos en los que las reclusas, rapadas y vestidas con un sobrio sayal, eran retenidas por orden de los jueces durante largos periodos de tiempo para evitar que cometieran nuevos delitos en la calle.
– Eta gorago aipatutako Auñamendiko artikuluan ere aipatzen dira galerak:
Cobrarán auge las denominadas ‘Galeras’ o correccionales para mujeres, en donde se hacían cumplir las penas por el ejercicio ahora prohibido de la prostitución bajo durísimas condiciones de vida. Así, en Pamplona en 1684, bajo la rúbrica «Que se haga casa de la galera para mugeres sensuales» y alegando que «el vicio contagioso de la sensualidad va cada dia en aumento (…). Y la experiencia há mostrado, que para las mugeres que viven libremente divertidas, no basta el medio de que regularmente se usa, que es el de desterrarlas», se acuerda construir una de estas cárceles y se ordena: «que justificada la causa se hayan de mandar en la galera las mugeres libianas, que conocida, y públicamente lo son, quedando esto al prudente arbitrio de los Jueces».
Niri behintzat, RAEren hiztegian emandako azalpen etimologikoa, eta zer esanik ez Larramendirena, baino sinesgarriagoa iruditzen zait hipotesi hau."
Zeharo konbentzigarria. Mila esker, Gilen!
Hauteskunde-kanpainari ekarpena
Gure kalean ez soilik ez dago zakur-kaka jasotzeko ohiturarik; gainera, gaizki ikusia dago. Gure bizilagun batek txakurtxo polit bat dauka, Karlota. Behin batean, Karlotaren gorotza poltsatxoan sartzen ari zela, hamahiru urte inguruko mutila igaro zitzaion albotik bizikletan ziztuan, eta garrasi egin zion: "¡deja eso, que no hay que recoger, déjalo ya!"
Ataritik irten bezain laster, bertan topatuko duzu txakur-kaka mordoa, eta saihestu eta ez zapaltzeko erne eta tentuz beharko duzu ibili; ezin ibilian filosofatu.
Udalera laguntza-eske idatzi eta erantzun antologikoa jaso nuen, gordeta daukat: "no creo que sean cacas de perro, eso tiene que ser algún indigente que remueve las basuras de los contenedores". Ezin ukatu kontainerretako zaborra ere espaloian egoten ohi dela, baina Udaleko argiturria itxuraz oraindik ez da ohartu bilbotarrok duda barik, eta gainerako euskaldunek igual ere bai, ondo dakigula txakur-kaka eta betiko zaborra bereizten. Hasiera hartan, huts egin zidan Udalak.
Etsita baina adorez, mikropolitikari lotu nintzaion, gerra psikologikoa iskilu: egunero hasi nintzen Udalera gure espaloiko gorozkien argazkiak bidaltzen.
Behin Vitoria-Gasteiz kalea utzita, Cantalojasetik Deustu arte ia ez duzu txakur-kakarik ez bestelakorik aurkituko. Gorteetan, Fleming plazan eta Iturrizan, ez. Agian baten bat Elkanon, bost minutuan desagerraraziko dutena. Baina Rodriguez Arias, Errekalde Zumardia, Eliptikoa, Kale Nagusia, Maximo Agirre, Doña Casilda, Zubiarte, Deustuko zubia... kongitorik ere ez. Auzo horietan PNVk irabazten du (orain dela zenbait urte, batzuetan PPk). Gure auzoan, berriz, Podemosek edo Bilduk. Zeren, Bilboko kaleetako txakur-kakaren distribuzioa ezagutuz gero, ezin baitzara ezkerrekoa ez izan eta, hala ere, kontzientzia aratz, ondo lo egin.
Errudun sentiaraziko al zuten nire argazkiek Udaleko arduraduna? Ezinegon eta kezka itzel pairagaitza eragin akaso, durduza eta dardara? Edo hauteskundeak datozelako izango ote da?
Kontua da, notizia da, duela aste pare batez geroztik, Vitoria-Gasteiz kalean gero eta urriagoak direla txakur-mokordoak. Primeran. Topa dagigun eta bakean bizi gaitezen betiko.
Mozcorra. Me la pela
Hizkuntzen historiaren eta etimologiaren munduan ere, berri handirik ez eguzkipean: oso aspalditik bideratzen edo are determinatzen dute sentimendu politikoek ikuspuntu linguistikoa. Euskalduntze berantiarraren aldezleek PSOEkoak ematen dute. Celta esaten dutenean español diotela dirudi.
(Irungo adiskide sozialista batek Hendaiara doalarik "Voy a Frrrrrrancia" dioen bakoitzean idazten dut sozialisten kontrako txorakeriaren bat, barrua husteko eta konpentsatzeko. Adiskideak nahita egiten du, ondo daki izorratzen nauela, berari nire ziritxo hauek baino gehiago, agian ez direlako aski agresiboak. Nolanahi ere, hemendik aurrerakoa ez da sozialisten aurkakoa, baizik eta jakintza serioa, sozialistek ere onartzeko modukoa.)
XVIII. mendeko Diccionario de Autoridadesek latinetik eratorriak nahi zituen gaztelaniaren hitz guztiak, prestigiorik gabeko hizkuntza tristeak bazterturik. Hizkuntza Espainolaren Errege Akademiaren gehiegikeriek Manuel Larramendiren haserrea piztu eta irudimen etimologiko handiz erantzun zuen.
Iván Igartuak Euskara eta inguruko hizkuntzak historian zehar mamitsua argitaratu zuen 2012an. Sei hizkuntzalariren artikuluak biltzen ditu. Joakin Gorrotxategirenak “Euskaratiko osagaiak gaztelaniaren lexikoan” du izena. Orrialde batzuk eskaintzen dizkio Manuel Larramendik izan zuen eraginari Real Academia Españolaren Diccionario de Autoridades delakoan.
ANTZARA ETA AURRERAKA
Larramendiren jokabidearen adibide gisa, eta estandarte, Barcelona edo Andalucía bezalako ezagunagoak baztertuta, Gorrotxategik erakusten du nola eratortzen dituen latinezko anser eta anser-etik datorren gaztelaniazko ganso euskarazko anzarra edo anzerra-tik: "se llama assí, porque tiene en su boca, ò pico unos dientecillos como sierra, y en Bascuence aoancerra, quiere dezir sierra en la boca, y de aqui se dixo contrahido anzarra, anzerra. Lat. Anser.”
Larramendiren asmazio ausartek barrez jarri izan dituzte euskaldunak, euskararen egoera erreal tristearen eta Larramendiren izkribuetan hartzen zuen garrantzi mundial erabakigarriaren arteko kontrasteagatik (Bilboko umorearen ezaugarri nagusitzat hartu izan da hori); dena den, espainolek, euskaraz ez zekitenez, zenbait kasutan serio hartu zituzten. Adibidez, aurragado hitzari dagokionez, “barbecho de prissa, y mal arado” esan nahi duena, Larramendik argi dauka: “viene de Bascuence aurraca, aurreraca, à empujones, à saltos, con prissa. Gaizqui goldeatua, presaca landua”. Jakintsu espainolek sinetsi egin zioten, eta Diccionario de Autoridades-en 1925eko argitalpenak dakar ezen aurragado “del vasco aurraca” datorrela, “a empujones, de prisa. Aplícase a la tierra mal labrada”.
Gorrotxategiren esanetan, aurragado-ren kasuan bistakoa da Larramendiren eragina Real Academia Españolaren Diccionario de autoridades-ek euskal etimologia onartzeko orduan, baina lausoagoa da beste batzuetan eragin hori, hala nola gaztelaniak euskaratik jaso zuen mozcorra hitzaren kasuan. Gorrotxategik 114-115 orrialdeetan dakarrenari lotuko natzaio hurrengo atalean.
MOZCORRA
“Prostituta” izan da gazteleraz mozcorra.
RAEren Diccionario de Autoridades zaharrak (1734) ez zuen etimologiarik eman, definizio soila baino ez: “mozuela perdida y expuesta. Es voz baxa. Lat. Puella prostituta”.
1899ko edizioko moldatzaileek adierazi zuten lehenbizikoz mozcorraren etimologia: arabierazko maxgora ei da, ‘abierta de piernas’. Halaxe berrargitaratu zuen RAEk 1947ko edizioraino.
Gero, zenbait urtez, berriro utzi zion jatorri etimologikoa azaltzeari, harik eta 1992ko edizioan, ezustean, Academiak euskal etorkia hobetsi zuen arte: “Del vasco mozcor, muchacha tetuda”.
Kasu honetan, etimologia azken buruan Larramendirena bada ere, Gorrotxategik garbi nabarmendu du bidea Joan Coromines bitarte egin dela nahitaez, Diccionario crítico etimológico de la lengua castellana-n honela baitio mozcorra sarreran: 'muchacha perdida, ramera’, del vasco mozkor, ‘rechoncho, corpulento’, ‘muchacha tetona’, derivado del verbo moztu, ‘podar, pelar’.
Real Academia Españolari egokiago iruditu zaio ‘muchacha tetona’ beharrean ‘muchacha tetuda’ jartzea; edozelan ere, bistan da espainolen iturria Corominesen hiztegia dela.
Gorrotxategik dioenez, Larramendik “etimologiok euskararen jatorrizkotasuna defendatzeko erabiltzen zituen eta konbentzigarriagoak izaten ziren azalbidean metafora edo simil bidezko sormen semantikoko prozesuren bat tarte zelarik.” Horixe da hain zuzen mozkor hitzaren kasua, aurragado-rena ez bezala.
Ikus dezagun nola funtzionatu duten metaforak eta similak jatorrizko mozkor-aren zentzuaren hedatzean. Gaur egungo euskaldunok mozkor eta hordi identifikatzen ditugu. Ordea, Gorrotxategik erakutsi duenez, Orotariko Euskal Hiztegian ez dago esanahi horren tentigantzarik XIX. mendea baino lehen.
“Mozkor”, “hordi” eta "prostituta"ren arteko lotura metaforikoaren abiapuntua mozkor hitzaren oinarrizko esangurak lirateke (‘motza eta xapala’, ‘enborra’, ‘adarmotza’). Esangura horiek iradokiko lituzkete bai hordia eta bai prostituta, iradokizun eta simil horien bitartez zabalduko lirateke mozkor hitzaren hasierako esangura murritzak hordi eta putenganaino. Gorrotxategik, errematatzeko:
“Esangura hori da, hain zuzen, motz ‘labur’ eta moztu ‘ebaki’ hitzen eratorri bati egoki zaiona, eta hura erabili zuen Larramendik bere hiztegian erdarazko mozcorra euskaran oinarri harturik esplikatzeko: ‘es voz Bascongada, y significa facil de pelarse, como sucede a estas malas hembras’.”
LUMATU. AISA BILUZTEKO MODUKOAK
Zergatik ote dio Larramendik prostitutak “facil de pelarse” direla, mozgarriak, mozteko errazak?
Testuinguru honetan, berehala datorkigu masturbazioari lotuta dagoen “pelársela” esamolde erdalduna. Masturbazio maskulinoari dagokio, ordea. Baztertuta.
Larramendiren giroan bazebilen 1737ko Diccionario de Autoridades-en ageri den pelar hitzaren adiera hau ere, bereziki erraza baita prostitutei ebastea, prostitutak hondatzea: "Metaphoricamente vale quitar con engaño, arte o violencia, los bienes a otro... Quedar pelado, destruido, hambriento." Diccionario de la lengua española berriak pelar hitzaz dakartzan adieretatik laugarrena da: "desplumar, quitar con engaño, arte o violencia el dinero o los bienes a alquien".
Ez dirudi, hala ere, Larramendi josulagunak, Jesu Kristok ez bezala, erruki handirik sentitzen zuenik “malas hembras” horiengana; ez dirudi puta suntsituak loa galaraziko zionik.
Beharbada “erantzi, arropa erantzi, biluztu” izango zuen buruan Larramendik, pelar hitzaren beste adiera bat baita "desvestir, desnudar", reggaeton-zaleak ondo dakienez, Espainiako hiztegi akademiko ofizialetan aipatzen ez den arren, nik dakidala. Zentzu horretan lirateke prostitutak Larramendirentzat “facil de pelarse”. Auskalo.