Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Fonologia estrukturala

Fonologia estrukturala

Markos Zapiain 2024/07/27 12:17

“Estruktura” hitza erabili ez zuen hizkuntzalari batek jarri zuen abian Estrukturalismoa, Ferdinand de Saussure suitzarrak, Hizkuntzalaritza orokorreko ikastaroa liburuarekin —“estruktura” barik, “sistema” zerabilen—.

Liburua ez zuen berak idatzi; Saussurek unibertsitateko klaseetan esandakotik ikasle bik jasotakoa biltzen du. Saussure arte, hizkuntzalaritza historikoa zen, diakronikoa, konparatista eta atomista. Hizkuntzalari suitzarrak, berriz, azterketa sinkronikoa bultzatzen du, immanentea eta arreta jartzen duena ez hizkuntzako termino bakoitzean, baizik eta elementuen arteko harremanetan.

Ez zuen azterketa diakronikoaren aurka jo, baina sinkronikoak ere baduela bere esparrua aldarrikatu zuen. Alegia, hizkuntza ulertzeko bere historiako edozein unetan hizkuntzaren elementuek beren artean duten harreman sistematikoari erreparatu behar zaio, hizkuntza osatzen duten estrukturei.[1] Eta sistema hori osotasun itxia da, bere baitan balio du.

Fonologia izan zen bide zientifikoa hartu zuen estrukturalismo linguistikoaren lehenbiziko adarra, Nikolai Trubetskoi printzeari eta Roman Jakobsoni esker. Gizakiok milaka soinu ahoska ditzakegu. Fonetikak aztertzen ditu eztarriaren, ahosabaiaren eta mihiaren kokapenak, hotsen frekuentzia fisikoak, akustika, etab. Fonologiak, berriz, hizkuntzaren sistemaren baitan esanguratsuak diren soinuak hartzen ditu aintzat.[2] Fonetika funtzionala litzateke Fonologia. Horrela, Mitxelenak dioenez, Fonologiak «Fonetikak baino gehiago eskatzen dio beharbada adimenduari, baina, aitzitik, askozaz guttiago belarriari».[3]

Fonetikak erakutsiko digu “etxe berria” diogunean, ez direla berdinak “etxe”ko lehenbiziko /e/ hori eta “berri”ko /e/: meharra baita lehenbizikoa, bigarrena irekia. Fonologiari ez zaio bereizketa hori axola, /e/ meharra ez zaiolako /e/ irekiari kontrajartzen esanahia bideratzeko orduan. Euskaraz, /e/ irekiaren eta /e/ meharraren arteko aldeak ez du esanahiak bereizteko balio; soinu desberdinak izan arren, ez dira bi fonema desberdin.[4]

Aitzitik, euskarak /a/, /e/, /i/, /o/ eta /u/ kontrajartzea kontuan hartzekoa da —fonema desberdintzat ditu Fonologiak—, “gerra”, “garra” eta “gorra” ez baitira gauza bera; zentzu desberdina dute “baso” eta “beso” hitzek ere, edota “ikasi” eta “ikusi” hitzek, “arkatz” eta “orkatz”, “urkatu” eta “erkatu”, “irri”, “orri” eta “urri”, “hats, “hets”, “hits”, “hots” eta “huts”.

Horrela, giza ahoak sor ditzakeen bokal posible guztien artean  euskarak 5 bereizi ditu fonema gisa. Inuiterak, berriz, ez ditu /a/, /i/ eta /u/ baino. Ingelesak 13 fonema bokaliko ei ditu.

Datu horiek erakusten dutenez, bereizte eta aukeratze hori bere erara egiten du hizkuntza bakoitzak, ez da balizko logika unibertsal baten araberakoa. Eta inkontzientea da. Dagoena ordenatzeko eta taxutzeko beharra da giza adimenaren premia sakonena, eta hori hizkuntzak egiten du aurrenik.[5] Ondoren, giza adimenak estruktura fonologikoarekin bezalatsu dihardu ahaidetasun-harremanak, mitoak eta ametsak antolatzeko orduan: errealitate ugari lausoa ebaki, bereizketak egin, aukeratu, ordenatu eta erabili.



[1] Hizkuntza eta pentsakera, 28. or.

[2] TXILLARDEGI, Euskal Fonologia, Ediciones Vascas, Donostia, 1980, 10. or.

[3] MITXELENA, Koldo, Euskal idazlan guztiak VI, Hizkuntzalaritzaz I, EEE, Donostia, 1990, 131. or.

[4] Euskal Fonologia, 12. or.; MITXELENA, Koldo, Zenbait hitzaldi, EEE, Donostia, 2003, 55. or.

[5] Hizkuntza eta pentsakera, 43. or.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.