Adierazle nagusi batzuk: alu-zikin, pijonauta, normal...
Inkontzienteko adierazle guztiek ez dute garrantzi berdina. Lacanek dioenez, badira inkontzienteaz nagusitzera heltzen diren adierazleak. Horien artean daude umetan behin eta berriz entzundako zenbait esapide, helduaroko zeure ametsak eta jokabideak inkontzientetik erabakitzera irits daitezkeenak, etengabe errepikatzen baitzaizkizu eta entzuten baitituzu inkontzientean. Txillardegik ere aipuaren estatusa eman zion Lacanen «Sintoma hitza da» ospetsuari.[1]
Adierazle nagusi horietako batzuk izan litezke gurasoek botatako “Ergel alaena!”, “Mari-zikin!”, “Tripa-handi!”, “Ez duk deusetarako balio!”, “Den-dena jan behar duzu!”, “Ez zaitez nabarmendu” edota, alderantzizko zentzuan, “Neure erregea!”, “Onena zara!” eta “Einstein!” bezalako esapideak, uzkurkeria edo autoestimu puztu barregarria edo bulimia eragin dezaketenak.
Era berean, nagusikeriaz jabe litezke inkontzienteaz txitean-pitean zentzu eta doinu goibel batean entzundako “Larridura”, “Depresio”, “Tristura” edo “Antsietate” hitzak eta “Oso-oso gaizki nago, gero eta okerrago” legezko esapideak.
Badira halaber herritartasunari, gizarte mailari edo sexu-joerari loturiko adierazle nagusiak. Aurrekoen kontrara, maizago botako dizkizute kalean etxean baino. Horien artean ditugu "Arlote!", “Mantxurriano!”, "Pijonauta!", “Puto vasco el que no bote!”, “Puto español!”, “Basque têtu!”, “Frantximenta!”, “Basque contrebandier!”, “Mari-mutil!”, “Belarrimotz!”, “Maritxu!”. Gorpuzkerari lotuek ere konplexuak eta traumak eragin ditzakete inkontzientetik: “Hankoker”, “Ipurtandi”, “Alu-zikin”.
Lanbideari edo anbizioari dagozkio “Arrakasta”, “Onena”, “Porrota”, “Karrera”, “Gainbehera”, “Katedra” adierazleak; sare horretan daude idealen adierazpenak ere: “Perfekzio”, “Eginbehar”, “Lorpen”, “Normal”. Halako kutsuko hitzek, adierazle nagusi izatera heldurik, edozelako exijentziak ezarriz egituratzen dute pazientearen bizitza psikikoa. Suizidio-eragile ere izaten da gehiegizko exijentzietara heldu ezina. Ikaragarria da “Pureza de María” izeneko eskolak diru publikoa jasotzea, salaketa beharrean gorroto-delituagatik. Aspalditik daki herriak purutasunaren idealak uzki-obsesioa disimulatzen duela.