Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Den-dena jan behar duzu!

Den-dena jan behar duzu!

Markos Zapiain 2024/08/13 19:45

Oso da konplexua eta interesgarria gizakion bizitza psikikoa. “Den-dena jan behar duzu!” horrek bulimia ez ezik zakilak jateko grina konpultsiboa ere eragin lezake, adierazleen kate jakin bateko katebegi nagusi bilakatuz gero.

Bete-betean gaude bigarren adibidean sartuak. Gizon batek marranta du, baina ez diote arrazoi fisikorik aurkitzen. Psikoanalistarenean amaitu du etzanda, Anna O.k bezala. Elkarrizketan, asoziazio libreari esker, ageri da marranta zakilak zurrupatzeko irrika zapaltzetik datorkiola. Histerikoa da mafrundia, errepresioak eragin du.

Psikoanalisiaren ustetan, haurtzarotik datozkigu funtsezko sentimenduak. Haurtzaroko emozioa edo gertaera errepikatzeko joera da gizakiaren giltzarrietako bat. Eta amaren, inudearen edo biberoiaren titiburuari entxufatuta igaro ditu jende askok haurtzaroko unerik zoragarrienak, esnea goxo-goxo irensten. Horregatik da belauna baino garrantzitsuagoa bularra iruditeria kolektiboan —publizitatean bezala pornografian—, berez grasa piloa baino ez izan arren. Titiak pizten ditu fantasiak eta mamuak, ez belaunak. Bularretik elikatzearen errepikatzat har liteke zakila zurrupatzea: ahoratu, eragin eta azkenik esnea jario.  

Errepikatzeko joera horri, erantsi txikitan “Den-dena jan behar duzu!” agindua egunero-egunero entzuteak inkontzienteko adierazle nagusi bihurtu izana: zinez indartsua izango da orduan pitozaletasuna.

Arazoa da zakilak jateko izan dezakezun afizio naturala gizarte eta familia gehienek zapaltzen dutela. Ez dago irudimena asko behartu beharrik ikusteko zelakoak sufritu beharko dituzun jendarte monoteista bateko familia tradizional txintxo batean sortu baldin bazara, edo gizarte politeista, panteista, ateista zein animista batekoan.

Familiaren barrunbeari dagokionez, Freudek idatzi zuen aitak zikira zaitzan beldur handitik erator litekeela homosexualtasun maskulino mota bat eta zakilak zurrupatzeari atxikimendua. Eta nondik datorkio umeari aitak zikiratua izateko izua? Ama larregi maitatzetik. Horixe da funtsean Freuden Edipo.

Gizarteak zapaldua, familiak zapaldua, inkontzientean hertsia eta bertan adierazle nagusi bilakatua, ez da harritzekoa buztanak miazkatzeko joera inkontzientea sintoma bilakatzea, gure kasuan mafrundi.

Freudenean, mafrundia sintoma da, adierazlea; eta interpretazioak erakutsiko du zakilak jateko zaletasun erreprimitua dela marrantaren adierazia edo esanahia. Lacanentzat, berriz, Freudek adierazi deritzona ere adierazletzat hartu beharra dago, estruktura jakin bateko katebegitzat. Bere bakardadean, ulergaitza litzaiguke zakilak miazkatzeko grina, hizkuntza ezezagun bateko hitz, sintoma bezala. Txillardegik ere aipuaren estatusera igo zuen Lacanen «Sintoma hitza da» ospetsua.[1] Sintoma ulertzen hasteko, adierazleen katean edo estrukturan kokatu beharra dago.

Noski, paziente bakoitzak biografia berezia dauka, eta haurtzaroan errepikatu eta azpimarratu dizkioten hitzak eta aginduak, besteek entzundakoen berdinak izanik ere, bestela entzun, ulertu eta sentitu ditu, era propioan; beraz, ez dago interpretazio estandarrik. Gainera, adierazlearen eta adieraziaren arteko harremana, Torrealdairen sotanaren kasuan ikusi dugunez, fluidoa da, labainkorra, flotatzailea. Halatan, zakilak zupatzeko desira zapaltzeak sor lezake ez marranta, baizik eta txurro-zaletasuna, edo fakirra izan nahia, ezpatak eztarritik etengabe sartzeko eta ateratzeko. Horregatik da beharrezkoa paziente bakoitzaren asoziazio eta amets bakoitzaren berezitasunak kontuan hartzea, horregatik dira arbuiatzekoak edonori aplika omen dakizkiokeen ulerbideak.

Lacandar saio psikoanalitikoan, asoziazio libreen eta ametsen bitartez, ikertu beharra dago “Den-dena jan behar duzu!” hori —zakilak ere jatera daramana—, inkontzienteko adierazle nagusi bihurtua, adierazleen kateko zein beste katebegirekin dagoen erlazionatua, zeintzuk diren estruktura zehatz batean kide dituen gainerako adierazleak.

Eta pixkanaka ageri da "Normala" eta “Bestea” adierazleekin dagoela lotua; eta "Ama" adierazlearekin, “Ama elikatzaile”; baita “Edipo” gogor batekin ere, zeina “Aita” eta “Aita tirano” adierazleekin baitago konektaturik; orobat, “Beldur” eta “Beldurra gainditu” adierazleekin. Horiek guztiek eta gehiagok, elkarloturik, osatzen dute adierazleen katea. Estruktura horrek zaramatza zenbait agindu inkontzientetan murgiltzera: “Edozer egingo duzu beldurra gainetik kentzeko”, “Aita tiranoari bere aurrean makurtuz eta belaunikatuz aitortuko diozu agintaritza”, “Gozamena eskainirik apalduko duzu aita”, etab.

[1] Hizkuntza eta pentsakera, 96. or.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.