Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Adierazlea katebegi. Jipoia

Adierazlea katebegi. Jipoia

Markos Zapiain 2024/08/08 22:45

Psikoanalisi estrukturalistan adierazleek esanahia hartzen dute osatzen duten kateko beste adierazleekin dituzten harremanen bitartez. Adierazleen katearen baitan funtzionatzen dute. Kate horrek hornitzen ditu zentzuz.[1]

Lacanen ildoko saio psikoanalitikoen adibide bi jarriko ditut orain. Fikziozkoak izan arren, aski tipikoak dira. Egia da bereziak eta bestelakoak direla paziente bakoitza, analisi bakoitza eta saio bakoitza; hala ere, argitasuna xede, ez zaizkigu gaizki etorriko, kasu konkretuen bitartez irudikatzeko zer izan ote daitekeen adierazleen katea eta adierazleen arteko harremana paziente baten inkontzientean. Hans txikiaren kasua du inspirazio-iturri lehenbiziko honek. 

Pazienteak fobia die zakurrei. Behin baino gehiagotan amets egin du zakur batek jarraitzen diola, zaunka. Larridura sakona eragiten dio amesgaizto horrek. Pazienteak, saio psikoanalitikoan, amets horretatik abiatuta libreki asoziatzeari ekin eta elementu hauek gogoratzen zaizkio: zakurra, zaunka, beldurra, haurtzaroa, aita, autoritatea. Horiexek dira adierazleak, eta zerrenda horixe da adierazleen katea. Ez da zerrenda hutsa, haatik; “zakur” adierazleak, esan bezala, gainerako adierazleekin harremanetan hartzen baitu zentzua. Nekez funtzionatuko lukete katebegiek katetik at.   

Ametsa zakurrak jartzen du abian, lehenbiziko adierazleak. Mehatxu zaio pazienteari. Emozioz eta sinbolismoz beterik dago zakurra. Bigarren adierazlea zaunka da. Lokamutsetako zakurra ez zaio sekula isilik agertu. Zarata mehatxaria da zaunka, arriskua dakarrena. Hirugarrenik, beldur handia eragiten dio zaunkak pazienteari. Beldur horixe da adierazleen kateko lotura-gune afektibo gogorrena. Laugarren: beldur horri buruz solasean, pazienteari haurtzaroa itzuli zaio. Garai hartan maiz izutzen zuten etxeko zakurrek. Eta asoziazioekin jarraituz ohartu da aitak, etxeko jaunak, hainbat zakur zeuzkala. Horrela, katearen erdigunean kokatzen da “aita” adierazlea. Azkenik, seigarren katebegia: autoritateari eta kontrolari dago lotua aitaren figura.

Bistan da: adierazleak ez dabiltza bakarka; elkarri lotuta daude. Zakur mehatxaria zaunkari dagokio, zaunka funtsezko beldur bati, beldurra haurtzaroan dago sustraitua, aitari konektatzen zaio haurtzaroa eta autoritatearen eta kontrolaren iturri da aita. Kate dinamiko batean estrukturatzen dira pazientearen inkontzienteko adierazleak. Katearen osotasunak erakusten du pazientearen inkontzientearen azpiegituretako bat.   

Halako batean, supituki, oroitzapen traumatiko erreprimitua ageri zaio pazienteari, ordu arte inkontzientean hertsia: behin batean aitak egundoko jipoia eman zion zakurretako bati, obeditu ez ziolako. Zaunka ikaragarriak egin zituen. Umea zen pazientea jipoiaren garaian. Jipoiaren eszenari tinki so, bere burua zeharo ahaztu eta zakurraren azalean jarri zen, zakurrarekin bat egin zuen eta shock egoeran gelditu zen.

Inkontzientean, zakurrarekin identifikatu zen pazientea, eta zakur bilakarazi zuen aita. Aurrerantzean, zakurrengan proiektatuko zuen aitak eraginiko izua. Ez aitari baizik eta zakurrei izango zien fobia.

Gainera, pazientea konturatu da oso otzana izan dela orain arteko bizialdian, etorkorra agintariekin, goikoen gehiegikeriei eta ustelkeriei ezikusia egiteko gertu beti, are horiek ulertzeko eta zuritzeko. Alta, sendabidean ohartu da aitaren beldurra izan duela otzantasun horrek oinarri. Patologikoak iruditzen zaizkio orain otzantasun asko.

Beldur eta mendekokeria batzuk nondik datozkion ikasi du pazienteak, eta horrek lagunduko dio emozio txar horiek epeltzen eta jarrera makur horiek zuzentzen, baita distantzia egokia hartzen ere, eta libreago bizitzen.  

[1] Écrits, 11. or.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.