Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Ispilua eta ni

Ispilua eta ni

Markos Zapiain 2024/08/09 11:10

Ispiluaren aroarena da Txillardegik nabarmentzen duen Lacanen beste kontzeptu garrantzitsu bat.[1] Arrazoi guztiarekin, bestalde, Lacanen teoria psikoanalitiko osoan baititu inplikazio sakonak. Ispiluaren fasea funtsezkoa ei da norbanakoaren garapen psikikoan, niaren eraketaren hasiera markatzen baitu, eta gorputzaren irudi idealizatuaren eta errealaren arteko dinamika konplexua abiarazten.

1949an erabili zuen ideia hori Lacanek lehenbizikoz, “Ispiluaren estadioa Niaren funtzioaren formatzaile gisa” izeneko hitzaldian.[2] Oihartzun egiten die Lacanen beste kontzeptu batzuei: identitatea, ideala, ilusioa, erreala eta sinbolikoa, etab.

Freudek ez zuen azaldu zelan sortzen den Nia. Lacanek ispiluaren aroari lotzen dio. Gehienetan, sei hilabete eta hemezortzi hilabete bitartean gertatzen da.[3]

Haurra beste edozein animalia-kume baino gordinago eta zaurgarriago jaiotzen da. Txillardegiren hitzetan, txinpantze-kumea, tresnagintzari dagokionez, bolada labur batez gehiago da haurra baino.[4] Haurraren baldarkeriak helduen irria eta errukia eragiten ditu. Lacanek umetxoa dandarrez dakusa etxeko korridoreetan: ezin zutitu, ezin nahi duena eskuratu. Jadanik titia kendu dioten arren, berbabakoa da oraindik, eta hara, norbait sumatu du gaur aurrez aurre. Sarritan igaro izan da ispiluaren aurretik, baina orain, lehen aldiz, bere isla bertan ikusi eta bera dela ohartu da. Ispiluko irudiari begiratzen dio, ostera bere gorputzari. Irri egiten du. Bozkarioz onartzen du normalean bere irudia, bere burua.[5] Kezkatzekoa litzateke serios eta larri hartuko balu. Txillardegik hemen kokatzen du haurraren eta txinpantze-kumearen arteko lehenbiziko diferentzia garrantzitsua: haurrak bere burua ezagutzen baitu ispiluan, eta txinpantzeak ez.[6]

Haurra ez da bere irudia ezagutzera mugatzen; gainera, irudi horrekin identifikatzen da. Bere irudi osoa, bildua, bakarra dakusa ispiluan. Kanpoan ikusten du, proiekzio batean bezala, eta horrek bere ordu arteko gorputz-esperientzia zatikatua gainditzen lagunduko dio. Orain arte anabasa izan baita umea, organo-multzo iheskor kontrolagaitza, askotariko jario estrainioa, atal kontagaitzen zirimola, batasun barik, ziurtasun barik, irudi barik. Aitzitik, hemendik aurrera norbait dateke, badu makulua, badoa gizarterantz, komunikaziorantz: gerora izango dena oraintxe ari da igartzen. Ispilurik gabe, Lacanen esanetan, ez dago hizkuntzarik, autismoaren urrutia baino ez. Gerora ere, beste norbaitekin identifikatzeak ahalbidetuko dio bere kabuz egin ez ditzakeenak egitea.[7]

Nortasun bat izango du aurrerantzean. Irudimenezkoa, noski; Lacanek dioenez, identitate oro baitagokio irudimenari. Identitatea ortopedia da beti, baina aldi berean beharrezkoa, zuzen samar ibili ahal izateko. Giza identitatea sortzen da kanpoan ikusiriko irudi batek umearen organismo kaotikoa harrapatu, bereganatu eta biltzen duenean.[8] Ez dago identitate faltsurik, ez baitago benetakorik. Nortasun oro baita protesi, emendio. Arbitrariotasunean oinarriturik dago ortopedia hori, bestalde. Nortasun indibidualei dagokienez ere gertatzen baita lehenbiziko atalean hizkuntzei eta herriei loturik aipatu dugun arbitrariotasunaren eta identitatearen arteko lotura estrukturalista.

Edozelan ere, identifikazio une horrek Niaren eraketaren hasiera markatzen du. Nia, Lacanentzat, ez da entitate egonkor eta koherentea, baizik eta prozesu dinamikoa, etengabe aldatzen ari dena, eta aho biko ezpata: identitateak, euforiarekin batera, arazoak erakarriko ditu. Ispilua lagungarria da norberaren sentimendua eraikitzeko orduan, baina tentsio psikikoak ere sortzen ditu, irudi idealizatuaren eta gorputz errealaren arteko arrakalarengatik. Txillardegi: «Ispiluaren aurrean gizakiak iskilurik perilosena eta jakintza-iturririk nasaiena aurkitu ditu. Biak batera». Bestela esanda: «Kulturaren jatorri dena […] alienazio-iturri ere gerta daiteke».[9]

Lacanek azpimarratzen du ilusioa dela ispiluaren irudian hautemandako batasuna, gorputzaren errealitatea zatikatua eta osatugabea baita. Halatan, berezkoa da irudimenezko idealaren eta bizitza errealaren arteko gatazka, Ni idealaren eta benetan naizen anabasaren artekoa.

Eta hemen, Txillardegik ederto ikusi duenez, Freud apur bat ahaztu eta Budarengana egingo du Lacanek: identitatea eta Nia, esan bezala, irudimenezkoak dira beti, alegiazko protesiak:

«Budismoaren tesirik ezagunenak berrituz, Lacanek nahasketa horretan ikusi uste du alienazio guztien gakoa: gizakiak ez daki “ni” hori ez dela “adierazle” bat baizik; eta “adierazia”ri ezartzen zaizkion batasuna eta gotortasuna, alegiazkoak direla. “Ez jakite” hau, alienazio hau, orain dela 2.500 urte salatu zuen Budak. Freudengandik, Lacan Budagana doa; eta badaki: “Il n'est que de recourir aux données traditionnelles que les bouddhistes nous fourniront... pour reconnaître dans cette forme de transfert l'erreur propre de l'existence” (Écrits, 192)».[10]

AEBetako psikoanalisi humanistak Nia sendotzea duen bitartean helburu, Lacanen artatze psikoanalitikoak Nia disolbatzea ekarriko du. Descartesen ustez, Niak sortzen dituen ilusioak desegin behar dira. Budaren, Lévi-Straussen eta Lacanen iritziz, berriz, Nia bera da desegin beharreko ilusioa.

Hobeki uler dezakegu orain Lacanen triada: giza subjektuan Irudimenezkoa, Sinbolikoa eta Erreala ditugu aldi berean. Irudimenezkoa ispiluaren aroari dagokio. Sinbolikoa hizkuntzari eta logikari dago lotua. Erregistro sinbolikoak eratzen du jendea.[11]

Eta Erreala, azkenik, irudimenezkoa pitzatu eta sinbolizazioari ihes egiten diona litzateke. Gizakiak ezin du bere egin, ezta hizkuntzak ere. Erreala ezinezkoa dela dio Lacanek, ez dabilela. Estrukturako zuloa da, haustura. Traumari lotua izaten da. Adierazleen egitura eta lege sinbolikoa zapartatzen ditu.

Mamua da Erreala erakusten digun leihoa, Errealaren pantaila; eta, aldi berean, Errealaren inbasiotik babesten gaituen markoa.[12]  



[1] Hizkuntza eta pentsakera, 90-91. orr.

[2] Écrits liburuan dago bildua, Seuil, Paris, 1966.

[3] Écrits, 93-94. orr.

[4] Hizkuntza eta pentsakera, 91. or.

[5] Écrits, 94. or.

[6] Hizkuntza eta pentsakera, 91. or.

[7] Écrits, 93-94. orr.

[8] Ibidem, 97-98. orr.

[9] Hizkuntza eta pentsakera, 91. or.

[10] Ibidem, 93. or.

[11] Ibidem, 91. or.

[12] Los cuatro conceptos fundamentales del psicoanálisis, 49. or.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.