Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Berbak dantzan / Eskerrik asko Garitano

Eskerrik asko Garitano

Ane Sarasketa 2015/04/27 12:40
Ez naiz ni oso futbolzalea. Mundu arrotza eta urrutikoa iruditzen zait, eta erdalduna gainera. Atzo, ordea, ez zitzaidan hala iruditu. Futbol munduan ere badagoela euskaldun izateko hautua egiten duenik erakutsi zigun aspaldi Eibar futbol taldeko entrenatzaileak. Eskertu egin nahi diot Gaizka Garitanori halako dotoreziaz egindako hautua; eta gonbita luzatu Eibar Futbol taldeari entrenatzaileak egindako bideari jarrai diezaion. Gure eskubidea delako eta gurea delako. Eskerrik asko Garitano.

Haserretzeko modua ere dotorea iruditu zitzaidan Gaizka Garitanorena. Kazetariak euskaraz galdetu eta entrenatzaileak euskaraz erantzun. Nonbait hala egiten da futbol-munduan ere, sen naturalari erantzunez, noski; jarraian ematen omen da azalpena gazteleraz. Almeriako prentsa-bulegoan zegoen kazetariren baten keinu eta mespretxuak jasan behar izan zituen, eta lehenengoan eutsi egin zion. Bigarrenean, ospa egin zuen. Ondo, dotore bezain ausart, bere hautua garbi erakutsiz, duin (bide batez, txalotu nahi dut Almeriako prentsa-arduradunaren lana).

Eta, orain, esan ditzadan beste hainbat kontu:

Esan dezadan euskal hedabideek, irudi- edo audio-korteak behar dituztenean, hala egin behar izaten dutela: itxaron, eta nik dakidala ez dira lotsagabekeriatan hasi izan, ez orain artean behintzat; nahiz eta azken momentura arte itxaron behar izaten duten, sarritan luzeegi.

Esan dezadan, atzo harro sentitu nintzela nire herriko futbol taldearen entrenatzaileaz.

Eta esan dezadan ez naizela harro sentitzen askotan; lotsatuta baizik. Lotsatuta euskal hiztunek gazteleraz erantzuten dietenean hedabideei, euskal hedabideak izan edo ez; lotsatuta euskal selekzioak bere pankarta ingelesez ateratzen duenean -eta esan dezadan, azken selekzioen arteko partidan, katalanek katalanez atera zutela haiena-; lotsatuta gure presidente, jokalari, teknikari, politikari, Lehendakari, parlamentari, zinegotzi, aktore eta abarrek gazteleraz egiten dutenean lehen berba, parean euskal hiztunak egonda ere. Lotsatuta eta triste eta haserre halakoetan.

Esan dezadan, horregatik miresten dudala Gaizka Garitano besteak beste. Mundu horretan euskaldun delako, badakielako, eta hala nahi duelako. Eta nik, nire txoko xume honetatik eskerrak eman nahi dizkiot; miresten dudala eta dotorea bezain ausarta dela iruditzen zaidala esan nahi diot.

Esan dezadan gustatu zitzaidala Gaizka Garitanok atzo sartu zuen gola!

Eta esan dezadan azken kontu bat: Hordagoa jo nahi dut, eta Eibarri berari, Athletic-i, Errealari, Osasunari, Alavesi eta futbol taldeak ez diren beste kirol talde euskaldunei Garitanoren bideari eusteko eskatu nahi diet! Ni bezalako zaletuak bereganatuko lituzkete; beste kontu bat da, ni bezalako zaletuak nahi dituzten edo ez.

Bideoa (iturria: Eitb)

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Eibarren jaio eta hemen bizi naiz. Mendi puntan baina Eibarren. Esan ezin dudana idatzi egiten dut batzuetan. Ez nuen txoko honetan bakarrik agertzerik nahi eta bigarren eta hirugarren bati egin diet lekua; akaso, idazten ikasten dutenean lagunduko didate Izarok eta Maulek. Hemen idatzitakoek ez dute mundua aldatuko baina bihotzen bat ukituko balute gu konforme. Sentimenduez ari gara hemen.