Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Berbak dantzan / Laboari kontra egin nahi diot gaur

Laboari kontra egin nahi diot gaur

Ane Sarasketa 2014/04/03 15:50
Naturaz kontra aritzen da bizitza batzuetan. Gaur, Mikel Laboari arrazoia kendu nahi izan diot nire gogoetetan; gaur bakarrik. Ez dut uste inoiz eten daitekeenik ama eta seme edo alaba batzen dituen zilbor-hestea. Ez nahi ez dugulako, ezin delako baizik.


Hezur berritan gaudenean gelditzen gara gatibu; zorionaren, arduraren, bizi-pozaren, eta, batzuetan, tristuraren esku artean preso. Nahita eta nahigabe, aldi berean.

Gogoaren zilbor-heste sendoak harrapatzen gaitu biok/hirurok/laurok. Hasieran, sendoa da biontzat lotura; gerora, berriz, sendo izaten jarraituko du amarentzat, ez horrenbeste seme edo alabarentzat, akaso. Horregatik, oreka baten bila, askatasun hori bermatu nahian, bihurtzen da zilbor-hestea ikusezin; baina hor jarraitzen du loturak, pita-haria bailitzan, ikusezin baina sendo.

Norbaitek, zerbaitek, inork pita-haria apurtzen duenean, bortxaz, derrigorrean, orduan, barrua urratzen da; eta, gerora, bihotza ez da bihotz; arnasa ez da arnas; pausoa ez da pauso. Ama batek ez luke semea edo alaba hilda ikusi beharko. Gurasoek ez dute semea edo alaba hilda ikusterik merezi. Naturaz kontra aritzen da bizitza batzuetan, eta injustua bezain gordina da.

Zorionez, ez dut halakorik bizi izan orain artean; baina ez dut uste enpatia-ariketa gogorregirik egin behar denik hala dela pentsatzeko. Ez dut halakorik bizitzerik nahi; ez diot inori halakorik desio. Gertatzen dira halakoak, ordea, eta gertatzen direlako nago haserre. Horregatik, ama-aita-guraso horiek guztiak gogoratu nahi ditut hemen, gaur: gerran, istripuan, lanean, bidean, han eta hemen umea galdu duten guraso horiek laztandu nahi ditut; eta, gaur, bereziki Carmen eta Jose Ramon, sofan galdu dutelako semea Koldo. Laztan bana.

Agur, Koldo.

Serafin
Serafin dio:
2014/04/04 17:12
Bai, latza da oso. Zurekin nago Ane, hunkituta. Jose Ramonekin egon nintzan eta agertu netsan nire sentimendua, ez horraittiok zuk bezin dotore.
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Eibarren jaio eta hemen bizi naiz. Mendi puntan baina Eibarren. Esan ezin dudana idatzi egiten dut batzuetan. Ez nuen txoko honetan bakarrik agertzerik nahi eta bigarren eta hirugarren bati egin diet lekua; akaso, idazten ikasten dutenean lagunduko didate Izarok eta Maulek. Hemen idatzitakoek ez dute mundua aldatuko baina bihotzen bat ukituko balute gu konforme. Sentimenduez ari gara hemen.