Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Berbak dantzan / Erlamiñoak etxean

Erlamiñoak etxean

Ane Sarasketa 2012/08/30 23:40
'Erlamiño-baltzak zurian ataratzen dittu umiak! Hala jaso zuen Toribio Etxeberriak bere hiztegian. Aurten, 'zurian' ez baina, gurean bai; gurean egin dute etxea. Horma biren artean, egurretan ez baina hormigoi artean. Hormaren danborrean danbor-hotsa entzun eta gerrarako prestatu garen arte.
Erlamiñoak etxean

erlamiñoa

Gaueko isiltasunean, zarata batek ohartarazi gintuen. Zer ote? Egur barruan zeudela pentsatu genuen baina, ez, horma artean kokatu ziren. Hasieran, erleak zirelakoan, erlezainak diren lagun batzuei deitu genien. Erleak handik atera eta beste nonbaitera eramateko asmoarekin-edo (hiru kilometro baino urrutiago dagoen erlauntzaren batera, bestela, berriro jatorrizko etxera bueltatzen omen dira-eta). Etorri ziren Manex eta Leire eta erlamiñoak zirela esan ziguten. Beraz, akabatu egin behar zirela. Egia esan behar badut, disgustua hartu nuen! Prestatu ginen gerrarako. Esprai-lantzak esku batean; poliespan-ezpatak bestean; sarezko-armadurak eta eskailera luze batekin heldu ginen haien lubakira. Itxi genien bidea eta bertan itoko zirela pentsatu genuen. Koitaduak, gu! Horma barrutik logela batera egin zuten bidea. Esprai-lantzak erabili genituen orduan, berriro. Baina, nonbait (eta hau nire teoria ez-zientifikoa da), hiltzear dauden erlamiñoek dei egin diete kanpoan gelditu direnei; eta kanpokoak beste batzuei; komunikatu egiten dira, danbor-hotsekin igual. Gerra irabazteko prest beti! Kanpokoek zulotxo bat aurkitu dute eta barrura sartzen hasi dira, etengabe (eta orainaldira pasatu naiz, hala gaudelako oraindik, gerra bete-betean). Ehundaka hil dira logela barruan, ‘Raid’ usainak akabatuta (gu ere akabatu gaitu ia-ia). Baina ez dira nekatzen eta barrura sartzen segitzen dute; gerrarako prest, taldekoei laguntzeko prest. Ea nork irabazten duen. Eskerrak euria heldu den gaur. Ateratako ondorioak: tematiak dira erlamiñoak; etxeak zulo mordoa ditu; guk (eta ez konstruktoreak) bete beharko ditugun zuloak; azkena, erlamiñoaren eztenkadak ez dira goxoak; gerra guztiak dira luzeak, luzeegiak, zentzugabeak.
Oier Araolaza
Oier Araolaza dio:
2012/09/01 12:07
Ai ene, edarra dakazueee!!! Sagastixan, txabola txikian sartu zitzaizkigun behin liztorrak. Ateratzeko modu bakarra keia edo sua zela esan ziguten, eta bai su eman ere! Txabola kiskaldu genuen! Aber Raid horrekin lortzen dozuezen kanporatzea. Animo!!
leire
leire dio:
2012/09/01 13:36
Aupa, Ane!
Edarra dakazue! eta erlamiñuen eztenkadak ez dira gozuak, ez! Animo!
Ane, jarri dozun erretratua ez da erliana?
Gero kontau zelan amaittu dozuen!
asier
asier dio:
2012/09/01 21:18
Ai ama! Animalixak eta kokuak maitte dittut, baiña erlamiño-habixia etxe barruan eukitzia... hori bildurra! Eta zer? Honezkero domiñau dozuez fristixok? animo!
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Eibarren jaio eta hemen bizi naiz. Mendi puntan baina Eibarren. Esan ezin dudana idatzi egiten dut batzuetan. Ez nuen txoko honetan bakarrik agertzerik nahi eta bigarren eta hirugarren bati egin diet lekua; akaso, idazten ikasten dutenean lagunduko didate Izarok eta Maulek. Hemen idatzitakoek ez dute mundua aldatuko baina bihotzen bat ukituko balute gu konforme. Sentimenduez ari gara hemen.