Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Berbak dantzan / Emakumeen ahots musikatuak

Emakumeen ahots musikatuak

Ane Sarasketa 2013/12/01 23:36
Aspaldi, bertso-saio batera joan gabe. Oraingoan, …eta Kitto! euskara elkarteak eman dit aukera, eta aprobetxatu egin dut: San Andres bertso-jaialdia, 'Ez da kasualitatea' bertso musikatuak. Kartela polita. Ez-ohikoa, baina polita: Ainhoa Agirreazaldegi, Uxue Alberdi, Alaia Martin eta Oihana Bartra. Gai-jartzaile lanetan, Amaia Agirre (portzierto, lan ederra egin du).

Gustura egon naiz, goxo, epeletan, kanpoko hotzetik ondo babestuta. Bete egin da Portaleako areto txikia. Gutxi baina asko, nola esan.

Bertso musikatuak, 'Ez da kasualitatea' izenburupean. Esperimentua izan behar omen zena esperientzia bihurtu da. Akaso, beste plaza batzuetan izaten den bizkortasun hori ez da egon gaurkoan Eibarren. Ez dira bertso asko izan, eta saioa ere labur antzean gertatu da. Bertsoak ere normalean baino geldoago etorri dira; musikak tartea luzatzen zuen eta. Baina, zera pentsatu dut: “Lasai, Ane. Ez dago presarik”. Izan ere, presarik gabe entzuteko bertsoak ziren. Hitzaren jolasaz gain, saxoaren eta gitarraren soinuez gozatzeko tartea izan delako. Behin sosegua hartuta, benetan gozatu dut; eta hausnarrean aritu naiz gero.

Emakumeak, emakume garen aldetik, ezberdinak gara gizonengandik. Hala ere, batzuetan, zalantza izaten dut guk geuk bihurtzen ez dugun geure burua gizonezkoen eredu batzuen fotokopia, gehienetan baldar: keinu, hizkera, itxura, bizimodu, erronka… Generoaren aldea gutxitze aldera, bestearen esparruetara hurbiltzen garela uste izan dut behin baino gehiagotan; nahi eta ezin batean jokatuko bagenu bezala, beti kanpoan etxean beharrean.

Gaurkoan, aldiz, ezberdina izan da kontua. Ahotsa, pausa, etenak, esanak, sentsibilitateak… Ez dut oraindik asmatu zein zen giroan sumatzen zen aldea. Baina saioaren formatutik haratago, beste zerbaitek jantzi du aretoa. Ez dut hitzik aurkitu oraindik nahi dudan hori ongi azaltzeko. Bertso saio feminista eta femeninoa izan da, eta, asko gustatu zait. Gozatu egin dut, poliki, patxaraz. Gaurkoan, partida etxean jokatu den susmoa dut.

asier
asier dio:
2013/12/02 23:00
Animau zara, e? :)
Pozten gara!!
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Eibarren jaio eta hemen bizi naiz. Mendi puntan baina Eibarren. Esan ezin dudana idatzi egiten dut batzuetan. Ez nuen txoko honetan bakarrik agertzerik nahi eta bigarren eta hirugarren bati egin diet lekua; akaso, idazten ikasten dutenean lagunduko didate Izarok eta Maulek. Hemen idatzitakoek ez dute mundua aldatuko baina bihotzen bat ukituko balute gu konforme. Sentimenduez ari gara hemen.