Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Garagoittiko Orakulua

Txakur kontuak

Oier Gorosabel 2019/06/05 13:55
Lea-Artibaien txakur jabe baten eta artzain baten artian atzo gertatutako mobidia.
Txakur kontuak

Argazkixa: Etxaburu (cc-by-sa lizentzia)

190919 eguneraketa:

  • Txakur jabia kontaktuan jarri da (ikusi beheko erantzunak) kontakizunakin konforme ez dagola esateko. Euren bertsiñua kontatzeko eskatu detsat, eta hamentxe argitaratzeko prest nago.
  • Konturatu naizenez, cani / choni / poligonero etiketak eurendako iraingarrixak dira; beraz artikuluan berba batzuk aldatu dittudaz.

Lea-Artibaiko leku batian gertatua:

  • Txakurra, artzain baten terrenuetan sartzen da eta ardixak hiltzen dittu. Behiñ baiño gehixagotan.

  • Artzaiñak txakurdunari: "Lotu txakur hori, ardixak hil jostezek-eta".

  • Txakur jabia: "Ez dok nere txakurra izan!".

  • Artzaiñak: "Hurrengo ikusten dotenian tirua botakotsat; orduan ikusiko juau hire txakurra dan edo ez dan".

  • Txakurra barriro sartu, eta ardixei barriro eraso. Artzaiñak txakurra tiroz hil.

  • Artzaiñak txakurdunari: "Txakurra hil juat; juhari larrera eta ikusi, heuria dan edo ez dan".

Gaur paziente batek kontau desta atzo (ekaiñan 4a) txakur jabiak eta artzaiñak basarriko jeneroko saltoki baten alkar topau zebela. Txakur jabiak: "Txakurra ordaindu biestak!". Artzaiñak: "Bai. Heuk ardixak ordaintzen destaazanian". Txakur jabiak -arte martzialak be egitten dittu- kerten bat hartu (atxurretarako, aizkoretarako saltzen dirazenak) eta artzaiña blastiatzen hasi; saltokiko jentiak geratu, errematau baiño lehen; gaur artzaiña ospittalian dago, eta txakur jabia atxilotuta.

Ez dakitt zer gertatuko dan, baiña nik neuriakin segitzen dot: pertsona batzuei txakurra eukitzeko baimena emon baiño lehen, adimen frogak pasauarazi biharko litxakixo.

Oharra: lagun batek kontautako moduan ipiñi dot hamen, amorratu xamar; badakitt zein dan artzaiña, ezagutzen dot basarrixa, eta euren gaztaia be oso ezaguna da inguruotan; halan be, nahixago dot izenik ez aittatzia, ondiok ez dakittelako eurak gertatutakua argitaratzeko edo publikoki salatzeko asmua daken. Baiña nik neuk hasarre honi salidia emon bihar netsan!

Autoazalpenak sobra

Oier Gorosabel 2019/06/05 00:20
DELAFOSSE, Jerôme. 2006. Círculo de sangre. Styria argitaletxea, Bartzelona.

Ez nebalako ezer espero, igual atsegiñagua izan da liburu honetako jokuan sartzia: txatal soltez osatutako puzzle hasieran ulerteziña, baiña bigarren kapitulutik aurrera tentsiñua eta jakinmiña maisuki txirikordatzen dabena, erdittik aurrera literalki ezin irakortziari lagatzeraiñok. Erreloju madarikatu baten atzera, protagonistiak argittu nahi daben misterixua argitzen doia, Poloko izotzetatik Afrika Erdira garoian bide interesgarrixa eginda, espediziño glaziologikuen eta GKE-en biharran detalle asko jakinda. Ondo dokumentatua bada, behintzat. Liburuan huts bakarra autoazalpenak diraz: sekretuak gordetzen dittuezen pertsonaiak, halako baten, eta asko sakatu barik, parrafada luzietan sekretuok argitzen dittuez, modu ez oso berosimillian; azken kapituluan bereziki (supergaiztuak hori egitten dabenian), liburu osuan mantendu dan tentsiño hori derrepentian galtzen da. Baiña tira: horrenbeste barkatuko detsagu, liburu osuan mailla altuan mantentzen dan interesa kontuan hartuta.

Masters of puppets

Oier Gorosabel 2019/05/26 02:13
ZELAIETA, Ahoztar. 2016. Evasores, morosos y millonarios vascos. Panamá connections. Revista Hincapié.

"Danok bardiñak garan" american dream horretatik esnatuta, jauzi kualitatibo politta da konturatzia Euzkadin diru gehixena 2000 pertsonan artian manejatzen dabela (euretako bakotxak 2.500.000 eurotik gorako ondasun deklarauekin), eta 800.000 pertsonak, ostera, hillian 1000 euro baiño gitxiagokin konpondu bihar izaten dirazela. Jauntxo aberatsotatik askok dirua paradisu fiskaletan dake, Foru Ogasunari zergarik emon barik, eta ez dira gitxi berakin zor itzalak daukezenak. Ogasunak, baiña, morroi modura jokatzen dau: haundikixekin bigun -zein da zeiñen bezero?- eta falta dan diru-zulo hori txikixen zergekin bardintzen. Liburu honetan egoera iraingarri honen panoramia ederto pinttatzen da, eta ez naiz harritzen ez, mainstream komunikabidietan eta Euzkadiko hainbat liburutegittan betoa jaso izana. Izan be, horretaz jabetzia, eta gillotinia erabiltzeko gogua piztia, dana da bat...

 

Txaplata traketsak... eta batzuk ederrak

Oier Gorosabel 2019/05/15 13:24
RODRIGUEZ, Eider. 2017. Bihotz handiegia. Susa, 2018.

Irakorketa abrupto xamarra. Oiñ hartu, oiñ laga, oiñ iruntsi. Ipoiñak hori jaukek. Baiña gatxa egitten jatak esplikatzia zer gertatu jatan... Zeozelan esateko, arte abstraktuakin gertatzen jatana pasau jatak. Etxatak arte abstraktua gustatzen, berez; baiña iñoiz kuadroren bat topau juat, jo-ta hipnotizau egin nabena. Bueno, ba honekin antzera: ipoin gehixenak traketsak egin jataaz, hilvan narrasekin lotutakuak, txaplata-egittura ez oso erakargarrixakin -oi planteamiento, nudo, desenlace, non hago!-. Kontserbadore xamarra ni. Baiña.... baiña. Euretako batzuk, halan be, lilluragarrixak egin jataaz, eta danen artian “Urtebetetze festa”, asko asko gustau jatana. Eta, arraixua, ezin juat esan zergaittik. Perplejo laga nau liburu honek.

Laginketa (II)

Oier Gorosabel 2019/05/03 16:39
Ustez oso erdelduna dan herri haundi batetik zihar.

Badirudi Zuzeukuei aurreko egunian egindako laginketia interesau jakela. Ba hara: bigarren zati bat egitteko moduan nago, astion Eibarrera juan naizelako ama medikuanera laguntzera.

 

Lehelengo lagiña: Eibarko Ospittale barrixan. Bai erizaiña, bai kardiologua be, euskeraz (guri, eta euren artian). Etara kontuak, neuk eskatu bihar izan detset amari erderaz egitteko!

 

Bigarren lagiña: Ibarkurutzeko taberna modernillo batian, barrakuak bezeruekin erderaz (itxura poligoneroko ugezaba, eta hegoamerikar itxurako zerbitzarixa). Nik “ebaki deskafeinatu bat” eskatu, erderazko erantzuna jasotzeko prest, eta... euskeraz erantzun! Bai ugezabak, bai zerbitzarixak.

 

Hamen be, ez naiz interpretatzen hasiko.

Jan, edan, erre eta jo

Oier Gorosabel 2019/04/22 00:26
FIELDING, Helen. 1999. Bridget Jones: sobreviviré. Circulo de Lectores, Barcelona

Antiheroien bidetik, emakume gazte baten kezka fribolo-neurotikuen egutegi bat (lehelengo atal baten jarraipena, uste dot). Ez da literaturako antologietan agertuko, baiña tira: karkara batzuk gustora bota dittudaz.

Laginketia

Oier Gorosabel 2019/04/20 14:14
Urdiñarben eta Lekeition, kaleko euskera erabilleriaz.

Lehenengo lagiña.

Speleo kontuak dirala eta, bezperan ezagututako Urdiñarbeko familia batek etxian bazkaltzera gonbidatu gaittu: familia giruan, sutondo goxuan, ez ahazteko moduko otordua izan dogu. Arratsaldian, etxeko alhaba Baionara eruan dogu, astian zihar han bizi da eta. Bidian, bestiak beste, berak esandako gauza bat oso deigarrixa egin jata: “Züek, Lekeition eta Ondarroan, dendetan-eta eüskaraz egin dezakezüe?”. Miresmenez galdetzen zeban, guria pribilejio haundixa balitza legez. “Gürean, gaur egün, ia ezinezkoa beita ogia eüskaraz erostea...”.

Bigarrengo lagiña.

Lekitton, egunero moduan, umiak eskolara eruan ostian, guraso asko bi-hiru lagunetako taldetan juntatzen dira herrirutz juateko. Kafia hartzera edo errekauetara doiazen bittartian, barriketan doiaz. Hiru begiz jota dittudaz: hirurak euskaldunak dira, hirurak euren umiekin euskeraz egitten dabe, baiña umiak eskolan laga eta gero, halakuak esaten juaten dira:

  • Ya bas?
  • Ssi! Hai ke aprrobetxarr! Buen tienpo haze y.
  • Los rrekaos tambien ai ke azerr peró.
  • Ya e etxo yo la buelta de Eroski.

Eta holan doiaz, txor-txor-txor barriketan, bistatik galdu arte.

 

Interpretaziñuak, zuen esku.

Milioitxuanekuak

Oier Gorosabel 2019/04/10 18:15
ZELAIETA, Ahoztar. 2018. La trama del 4%. Las comisiones del Caso De Miguel. Revistahincapie.com

EAE-n edozer egitteko –biharra, zientzia, kultura- beti, uneren baten edo bestian, Alderdixakin harremana izan biharra dago. Hori dala eta, ondo dago bere orbitako funtzionamendua ezagutzia; praktikotasun hutsez; juzku moraletan sartu barik. Zentzu horretan, alderdi guztiekin lez, informaziño interesgarrixena haren kontrakuengandik dator. Haren aldekuak esaten dabena be kontuan hartu bihar da, jakiña; nahiz eta askotan prebisibliagua izan (ustelkerixa kasuak ez dakela Alderdixakin zerikusirik, sekulan; beti, kasu isolatuak dirazela...).

Alderdiko jentia ezagutzen dot, eta benetan uste dot euretako asko pertsona zintzuak dirazela. Esan gura dot: ez dot ikusten zittalkerixarik euren jokaeretan, ezta liburu honetan salatzen dirazen maniobrak egitterakuan be. Egongo dira putasemeren batzuk, jakiña –alderdi guztietan legez-, baiña nik uste dot hónek portaerak, orokorrian, Alderdixan sano-sano egitten dirazela. Kanpetxanoki. Euzkadiren alde dabizela bete-betian siñistuta. Izan be, Alderdiko lagunon ezaugarri bat bada Alderdixa eta Euzkadi kontzeptuak nahastatzia; behiñ eta barriro; esparru guztietan. Ez dakitt noraiñok dan apropos egindako gauzia (irizpide politikua), eta nundik aurrera inkonszientia. Baiña hau askotan ikusi dot; azkena, herri bateko Alderdixan buruekin billera bat lotu nebanian; azkenian, nere harridurarako, billeriori Alkatian buleguan burutzeko. Nahaste borraste horren beste adibidia, Patxi Lopezen lehendakaritzan ikusi neban, edo hobeto esanda, Lopezek agintaldixa amaittu eta Urkulluri pasau zetsanian: mitin batian, telebistan alderdikide zahar bat negarrez agertu zan, “aginte makilla etxera itzuli zalako” emoziño betian. “Etxera”. Euzkadiko lehendakaritzia gauza propixua balitza legez.

Lehengo puntura bueltauta, hori da kontua: Euzkadiren alde, edo Alderdixan alde egittiak, alderdikidien begixetara, tanto monta, monta tanto. Hori onartzen badogu, ezin koherentiagua da 100 milioi euroko esleipena jokuan badago, Euzkadiri 4 milioittako eskupekua emongo detsan lehiakidia aukeratzia. Hori dalako normalena (De Miguel sareko akusauak behiñ eta barriro adierazi dabenez). Alderdixan hori ez da usteltzat hartzen, alderdikide zintzuan gauzatzat baiño; eta “hombres de partido” dirazenak halan jaixo, halan bizi, eta halan hiltzen dira, tautik esan barik.

Epiloguan ondo laburbiltzen da liburuan muiña:

“...esta especie de “noria” vasca de personajes y escándalos permite deducir una permanencia lineal en el tiempo del escándalo, o negocio a la sombra del poder si se prefiere, como realidad casi cotidiana. (...) Después de años publicando el superficial entretejido de escándalos relacionados con la corrupción, nos falta comprender más, comprender de verdad o realmente. Reconocemos que hay una contradicción intrínseca en este empeño. Lo que conocemos hasta la fecha es verdad, pero no lo que de verdad hay, ese “en el fondo” del que se habla comúnmente. (...) La tarea de visibilizar la corrupción en la Comunidad Autónoma Vasca es enormemente compleja. (...) Pero en unos pocos años, de repente el estamento judicial antes impermeable a cualquier iniciativa hostil frente al partido dominante en Euskadi, ha optado por no mirar más hacia otro lado. No sin el esfuerzo heroico de jueces instructores. Este ha sido el caso de la mayor investigación por corrupción habida en la Comunidad Autónoma Vasca, la trama del diputado y dirigente alavés del Partido Nacionalista Vasco Alfredo De Miguel. Pero el heroísmo en esta historia es coral: un juez y un fiscal; una empresaria y unos agentes de la policía autónoma vasca”.

Asko harrittu nau hau irakortziak: nor eta Zelaieta, ertzain batzuei gorazarre egitten? Benetakotasun sentsaziñua indartu desta (konspiranoia zeinuak atzera eragitten nabe, eta liburu honetan hortik gitxi dago, eta datu objetibuetatik asko). Bai, kaso honen jarraipena egitteko gogua sartu jata (argitaratzen dirazen albiste superfizialekin egin ezin dana). Epiloguakin jarraittuz:

“...Son probablemente la principal novedad: la trama como una red más de las diferentes redes que se reparten a la sombra del partido la geografía vasca. La Comunidad Autónoma Vasca o el partido serían una red de redes. Así permiten verlo las andanzas de los miembros de la trama, su modus operandi, sus relaciones con otros miembros del partido...”  auto judizialetan ondo ikusten danez.

Gordetzeko moduko liburua, azken fiñian; edozein momentutan kontsultatzeko moduan. Eta Zelaieta jaunari aholku bat emoteko atrebentzixiakin amaittuko dot (berrargitalpenetarako): liburu amaierako indize onomastikuan atala gehitxuago lantzia, izen batiburrillo horren barruan hobeto nabigatzeko.

Paletia

Oier Gorosabel 2019/04/10 15:44
Gabonetan aittan oleo-paleta zaharra topau genduan aman etxian, Eroskiko poltsa zahar batian. Hain koloretsua da, eze, barniza emon eta, bere horretan, egongelan kuadro modura esegi dogun! :-)

Kuriosua da: oleuan zati batzuk ondiokan bigunak dagoz. Nik pintturaz ixa ez dakitt ezer, baiña goguan dakat aittak drogerixara “linaza-olixua” erostera bialdu ninduala iñoiz. Kolorien alkimismo misteriotsuak: aitta hil eta 28 urtera, ondiok hatzapar puntak bere pintturekin zikindu dittudaz.

Usaina

Oier Gorosabel 2019/03/28 12:45
SÜSKIND, Patrick. 1985. El perfume. Historia de un asesino. Seix Barral. Barcelona, 2007.

Liburu sentsuala benetan, azken hiru kapituluetaraiñok tonika erakargarrixa mantentzen dabena. “Ugaratxo” jaunan nundik norakuak, detalle surrealistaren bat kenduta (usain faltiana), sinisgarrixa gertatzen dana. Pertsona berekoia, psikopata normala, bere balore xelebriei fidela. Koherente xamarra dana, eta neurri onian –larregi bez- interesa eta irakortzeko gogua mantendu destana. Oiñ: ordura arte mantendu dirazen balixuak, derrepentian galtzen diraz azken hiru kapituluetako fartsa barregarrixakin. Ez dakitt; nahikua inkoherentia begittandu jata, idazlian aldetik hankasartu bat, edo bestela arrazoiren batengaittik disonantzia ikaragarri batekin amaitzeko gogua. Broma bat.

Bestalde, liburuan zihar (barriro be) Pariseko kalietatik ibiltzeko aukeria izan dot; kasu honetan XVIII gizaldiko Cimetiere des Innocents ingurua izan da, eta Iraultza aurreko hiriko “perfume” usaintsuak. Bueltatzen naizenerako badakat nundik pasiau.

Aurkezpena

Oier Gorosabel Larrañaga, Lekeittioko Eibartar bat

 preacher.gif

Eibarrespaziuan zihar esan zesten pizkat mesianikua nintzala idaztian, eta bloga sortzerako orduan horregaittik ipiñi netsan izenburu hau. Lehen nere gauza guztiak (argitaratzeko morokuak, behintzat) hamen idazten banittuan be, espeleologixiari buruzko gauza guztiak ADES-en webgunian emoten dittudaz, eta osasun asuntoko artikulu guztiak hona mobidu dittudaz, gaika klasifikauta.

Txorrotxioak
Etiketak
ETB1 Eibar EibarOrg Info7 Zer erantzi abertzale abittaga abortuak adela larrañaga aitor_eguren aittitta raduga aldatze amarauna amuategi andoain antzerkia araba arantzazu aranzadi ardantza argentina_2005 armando gorosabel armeria eskola arrajola arrakala arrantza literarixuak arrate arrosa artxanda aulestia axpe_martzana azkue ipuin bilduma azpimarra banu_qasi baxenafarroa baztan belaunologia berasueta berbologia berriatua bidai_aluzinantia bilbao bittorixa buruntza chill_mafia comunitat_valenciana covid19 culineitor deba desempolving diaspora diego-rivera durangoko-plateruak egillor eibar eibarko_lagunak ekialdeko nafarrera eraikinologia erdialdekoa erresuma_batua erronkari eskorbuto espeleologia etxebarria eup eusebio-azkue euskadi_irratia euskal_erria_aldizkaria euskalkia faktoria felix_arrieta felix_ruiz_de_arkaute galicia ganbara gasteiz gatobazka gce gernika girua gisasola gorosabel hormasprayko igotz_ziarreta ikerkuntza ilegales indalecio ojanguren info7 irabiaketa irati-filma irratia irun iruñea izarraitz iñigo_aranbarri jacinto_olabe jamo_savoi jendartologia jeremiah_alcalde jon-etxabe jose-antonio-uriarte juan de easo juan san martin julen_gabiria julian etxeberria kalamua kanposantuak katarain kirola komikiak koska kuku kurik-3 kurosawel labordeta lagunologia lalolalia lamaiko_operia lasarte leintz_gatzaga lekeitio lekeitioko_lagunak lituenigo lopez maeztu magia manex_agirre maputxe mariola-reigosa markina-xemein markos_gimeno_vesga markues matrallako mendaro mendebalekoa mezo_bigarrena mineralak mogel morau musikeruak muskildi mutriku nafar_lapurtera nafarrera noain oiartzun oioioi-lur ondarroa opaybo orakulua otsagabia ozeta paisajiak parakaidistiarenak paris patxi_gallego pedro chastang pedro gisasola polo_garat porrot rufino sande sagartegieta san antoni sartei sasiola sega segura slovakia tafalla2016 talaiatik telebista toribio_etxebarria txarli-gracia ugaroia umeologia urberuaga urdaibai urkiola xabier_lete xoxote zaharrea zaharreologia zaragoza zer erantzi zerain zornotza zuberera zuberoa
hgikj
2002 2003 2004 2005 2006 2007 2008 2009 2010 2011 2012 2013 2014 2015 2016 2017 2018 2019 2020 2021 2022 2023 2024 2025