Kalidadezko nobela historikua
Liburuan maketaziño artesanala ikusitta ez neban asko espero, baiña hara: barriro be, itxuriak eta mamiña ez dakela zertan bat etorri konprobau dot. Primerako liburua, biribilla gero.
Hasteko, irakortzeko oso erreza egin jata: hizkera bizi eta jatorra, baiña esaldixak antolatzeko modua ez da bape korapillotsua (Morillo & ciaren estiliuan). Hortaz gain, neuri interesatzen jatan gai bat (II Karlistadia) ezagutzeko balixo izan desta; nobelan gatazka horren testuingurua azaltzen bada, be, ez da didaktikerian jausten (ez dago harixa eteten daben azalpen parrafo luzerik, ezta oin-oharrik be); berau irakortzian, konturatu barik ikasten da. Tramia oso ondo manejatzen dau: ez dago hari solterik, bistan da idazliak eskarmentua dakala alde horretatik; suspensian bidez historixian interesari lehelengo pajinatik azkenera eusten detsa. Espia bikotxan jokuak alde bixen gorabeherak ezagutzeko aukeria emoten dau, eta mezu antibelizista leun baiña argixa. Amaieriak be maillia mantentzen dau.
Horixe: kalidadezko liburua begittandu jata, bai idazkeran eta bai mamiñian. Automatikoki, batek pentsatzen dau zelako eragiña dakan promoziñuak eta propagandiak liburu ediziñuan (izan be, nobela historiko eskas xamarrak irakorritta nago. zelofanetan bildutako pekorotzak).