Galarrena Lekitxoko erara
GALARRENA LEKITXOKO ERARA Hamabitik hamabira dator / haizetan dan zantarrena, ehun urteko itsasoan zehar / ukabilka galarrena. San Nikolas ta San Juan Bautista, / pal-pal daroizuez belak! Iluntzerako beharko dozuez / kanpaiak eta kandelak. Krabelin eta larrosa meheak / itxi genduzan portuan. Egunen baten batuko doguz / zeruetako ortuan. Mariposa bat bialdu eidazu / olatutxuen artean, Lekitxo bidean para naiten / izarrik ez dagoenean. Antiaguakoa, libratu gaizuz / uraren haginetatik! Korroskadaka jan nahi gaitu-eta /ezer ez eginagaitik. Egurren untzek urratu dabez / gure eskuetako maminak. Atun bila urten gendun baina / geu gara orain txitxinak. Bai gau luzea! Bai alba baltza! / Urrun ikusten da lurra; luze ta baltzagoa da ondino / heriotzaren adurra. Palu bi ahal bestean lotuta / egin eben kurtzioa; hari heldu nahia ta ezin heltzea, / gizonen kalbarioa. Ai, laguntzarra, banoia eta / entzuixu nire mezua: txarto eginak parkatu eta / etxekoentzat mosuak. Izaratxu bat zabalduko dot, / arreorako josia, neure maitxia hartzeko ez bada, / neutzako da mortajia. Kalatxori lemazain leialak, / mututu jat eztarria. Altxa zaiteze mastatik eta / sokorro eskatu herrian. Izurdak harro bronpadaka, / lazunak olgetan kaian, nahi ez danean ez dago agurrik / memoriaren talaian. Miren Agur Meabe Lekeition, 2012ko abuztuaren 12an