Munstro zoragarri bat
Ander Lipus antzerki-antzerkia egiten baino gehiago ikusiko zuten askok bertsolarien lagun, “Erregea eta bufoia” ikuskizunean, bere pertsonaia-sortarekin: Juan Junda, Euxebio Egaña, Manex Domintxine, katedratiko argentinarra… Badu bere interpretazio erak histrioi puntu bat, eta maitasun-adierazpen honetan aitortuko dut hasiera batean ni urduri ipintzen ninduela; gero, bere dramaturgia hobeto ulertu dudalako, edo Iñigo Ibarra gertutik ezagutzeko aukera izan dudalako, estimatzera iritsi naizen arren.
Nire iritziaren gainetik, ordea, Lipusek antzerkia egiteko moduari eman dizkion ezaugarriek egiten dute, nire ustez, objektiboki interesgarri: euskara hutsez aritzea erabaki du, sarri gure hizkuntza bigarren mailan uzten duen eta artistikoki hutsal samarra den elebitasuna alde batera utzita; Iparraldearen eta Hegoaldearen arteko kolaborazioa modu normal eta sistematikoan landu du (Fuchs anaiekin, Haize Berri elkartearekin eta abar), bide hori posible ez ezik emankorra izan daitekeela frogatuz; teatro komertzial eta konbentzionalean erori gabe, abangoardia herrikoi bat egiten asmatzen du; profesionala izanik ere, auzolana praktikatzen du, ikastaroak emanez, talde amateurrak zuzenduz, eta abar; euskal dramaturgia baten alde egiten du, bertako autoreen testuak taularatuz (ez orain bakarrik, urteetan lan egin izan du Jon Gerediagarekin). Bereizgarri hauen guztien kontrako bidea hartu zen, aspaldidanik, gure antzerki nazionalaren gunetzat hartu izan den Donostian, baina nagusi bihurturiko joera horretaz, zergatiez eta ondorioez beste batean jardun beharko dut luzeago, gaurko zutabearen lekua bukatzen ari naiz eta.
Ander Lipus, esan bezala, Publikoari gorroto ari da antzezten oraintxe bertan, Manex Fuchsen zuzendaritzapean, Iñaki Ziarrusta eta Miren Tirapu aktoreekin batera. Obra bortitza da, gogortasun hori goxatzeko umore ukendua ere baduen arren, ikuslearekin jolas egiten duena, egoera psikologiko batetik bestera eramanez. Baina, batik bat, aktore protagonistaren errezitaldi izugarria da: gorputzez eta arimaz hustu egiten da, hainbat erregistro erabiliz, dramatik komediaraino eta tarteko genero guztiak probatuz, ahalegin fisiko ikusgarri batean, munstro bat dela erakutsiz, hitzaren adiera guztietan. Artikulu hau argitaratzen den egunean Elorrioko Arriola antzokian emango dute arratseko zortzietan; bihar, domekan, Durangoko San Agustin kulturgunean zazpietan; datorren astean Zumaian eta Donostian, eta hortik aurrera beste hainbat herritan. (Lagun baten alde egiteak propaganda zilegi egingo duelakoan.)
(2012ko azaroaren 10ean Noticias taldeko "Ortzadar" gehiagarrian argitaratua)