Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan / Ego hegalariak

Ego hegalariak

xme 2012/10/13 08:41
Motibo, bultzada eta eragile ugari izan ditzake sortzaileak artelan bat sortzeko: gauzei buruzko bere ikuspegia azaltzea, mundua aldatzea, ospea lortzea, gizartean gora egitea, bere barruko obsesioak kanporatzea, ingurukoen maitasuna bilatzea, bizimodua ateratzea… Gehienetan hainbat faktore arituko dira batera lanean, eta seguru asko egileak berak ere ez daki garbi horietatik zein izan den inportanteena, alde batera utzirik lan horren bitartez halako ezer lortuko duen ala ez.

Bultzagarri horietako batzuk altruistak dira, beste batzuk berriz berekoi hutsak, baina hartzaileok gogoan izan behar genuke, sarritan errepikatu izan den moduan, sentimendu onek ez dutela obra ona ziurtatzen, ez barren gaiztoak lana baliogabetzen (alderantzizkoa ere egia dela gogorarazi behar litzateke, halaber: hau da, zitalkeria ez dela kalitatearen berme, ezta zintzotasuna kaxkarkeriaren sinonimo ere).

Kontu hauek direla-eta, behin baino gehiagotan topatu dut neure burua idazleen egolatriaz pentsatzen. Izatez, sentimendu gogaikarri eta jasangaitza egiten zait nork bere buruari inportantzia larregi ematea, txaloa bilatzea, munduko edozein gertakari norberarekiko loturaren arabera neurtzea. Nekagarria izan arren, ordea, ez zait iruditzen alde batera utzi beharreko “akatsa”: batetik, bakoitza den bezalakoa delako, eta gu ez garelako inoren epaile; baina, sakonago hartuta, egolatriaren eta sorkuntzaren arteko harremanak konplexuak direlako.

Artista batek bere onena eman ohi dio sorkuntzari: denbora, talentua, indarra, pentsamendua… Trukean, gutxitan jasoko du ordain material ganorazkorik; kolegen aitortza lortuko balu edo publikoaren esker ona, pozik legoke, baina horiek ere nahi baino eskasagoak izan ohi dira. Bere barrutik atera behar du aurrera jarraitzeko kemena, sorkuntza berriei ekiteko energia. Eta hor, bietako bat: edo nortasun sendo bat daukazu, segurtasuna eta konfiantza ematen dizkizuna, edo nortasun mindu bat, kritikoen ziriek zauritu baina, hala ere, indarberritu egiten dutena. Halakoetan barkagarria izan liteke egoa.

Badira laudorioak eta laidoak, denak birziklatzen dituzten egolatra izugarriak ere. Beharbada eskuzabalak dira bizitza pribatuan, eta kausa bidezkoen alde engaiatuak beren jarrera publikoetan, baina mundua eszenategi baten gisa ikusten dute, eurak eta euren obrak luzitu ahal izateko. Pentsatzen jarrita, horrelako bi munstro datozkit gogora: Miguel Unamuno eta Jorge Oteiza. Lehena asko irakurri eta dexente ikasi nuen gaztetxoa nintzela; bigarrena apur bat ezagutu ere bai, gaztetan, haren lanak miresteaz batera; geroago, biak iruditu zitzaizkidan bi histrioi etengabeko antzezpenean, banitatez hanpatuak, adoleszenteak bezain apetatsuak eta bere buruaz maiteminduak.

Gogorregi ari ote naiz? Nik uste haien bizitza eta obra sakon samar aztertu dituen inork ezingo dituela ukatu lore horiek. Baina egia da, orobat, Euskal Herriak emandako artista handienetakoak izan direla, XX. mendearen lehen eta hirugarren herenak guztiz markatu eta egundoko eragina izan dutenak ingurukoen kontzientziak pizten eta inarrosten; Unamuno gabe ez legoke euskal existentzialismorik, Txillardegirik, Salbatore Mitxelenarik... Oteiza gabe, euskal artea ez zen berdina izango, beharbada ez zion inoiz "euskal" izateaz galdegingo bere buruari. Haien egoek hegoak eman dizkiete ondotik etorri direnei.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.