Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan / Betiko

Betiko

xme 2012/09/01 19:55
Joze Azurmendiri buruzko monografikoa atera du 2012ko irailaren 1ean Noticias taldeko Ortzadar gehigarriak. Hona nire ekarpena.

Joxe Azurmendiren berri, mutikoa nintzela izan nuen lehenengoz: Euskal Idazleak, Gaur azterketa mardula kaleratu zuen Joan Mari Torrealdaik 1977an, Lankide Aurrezkiaren bidez etxe askotara iritsi zena, eta han ezagutu nituen garaiko euskal intelektual nagusiak. Azurmendiren beraren hitzaurre txundigarri bat oroitzen dut, erdaraz, ni neu nintzen gaztetxo analfabeto eta erdaldunduari begiak irekitzen lagundu ziona. Azurmendi bera ere euskal idazle estimatuenen zerrenda ohorezkoan zegoela ikusi nuen liburu horretan, orduko erraldoiekin batera: Koldo Mitxelena, Txillardegi, Aresti... Joxe bera izango zen gazteena ia erabat saiogilez osaturiko Top-Ten hartan, baina "betikoa" zela iruditzen zitzaidan niri.

Urteak pasatu ziren. Neu ere euskal irakurle bihurtu nintzen (baita nolabaiteko idazle ere), Azurmendiren lanak irakurtzeko plazera izan nuen, haien bidez ikasteko eta gozatzeko aukera, eta geroxeago bera ezagutzeko eta tratatzeko pribilegioa. Zorte hau izan duten guztiek berretsiko duten bezala, gauza bakarra dago Azurmendirengan bere jakintzaren zabala eta intelijentziaren sakona bezain harrigarria, eta da bere gizatasun aparta: apal bezain hurbil, goxo bezain jator beti. Bere hezkuntza frantziskanoari atxikitzen diote batzuek izaera xume hori, baina alderantziz ere interpreta liteke: berezkoa duen umiltasunak eraman zuela zegamarra Asiskoa eredutzat hartzera.

Torrealdaik, 20 urteren ondoren, gure idazleen erradiografiaren gaurkotze bat egin zuen, Euskal Kultura Gaur izenekoa, 1997. Aurrekoan bezala, idazleei eurei eskatu zitzaien beren kolega kuttunenak hautatzeko, eta guztiz bestelako zerrenda osatu zuten; gustuak, joerak eta pertsonak aldatu ziren seinale, orain fikziogileak ziren nagusi, eta bi izen besterik ez 20 urteren buruan goian jarraitzen zutenak: Txillardegi zena eta Azurmendi bera.

Beste 15 urte iragan dira geroztik, eta Azurmendik hortxe segitzen du, txirri-txarra, liburu liluragarriak idazten, Humboldt/Volksgeist/Espainiaren arimaz trilogia alimalekoa esaterako, Santamaria edo Salaberri bezalako pentsalarien azterketak, hitzaldi magistral bezain zoragarriak. Bere bereizgarria da nola uztartzen dituen erudiziozko altxorra (nonahiko eta noiznahiko autoreak jatorrizko hizkuntzan irakurriz) eta gogoeta zorrotza, gaurko eta hemengo errealitateari lotua. Esan izan da Azurmendi, hizkuntza handi batean ari izan balitz, munduko intelektual handienen artean egongo zela; ez du horretarako dohainik falta, baina bere merituen artean dago beti paratu izan dela herri sufritu honen eta bertako herrital zapalduen alde. Beti.

Orain bai, zahartzaroan sarturik dago Azurmendi, eta osasunean ere gorabeherak ditu. Gizarteko ekitaldietan inoiz baino gutxiago parte hartu arren, eragin nabarmena du oraindik, bai bere lanen, bai bere dizipuluengan izandako eraginaren bitartez. Berak dio ez dela lehengoa idazteko orduan ere, baina kontrakoa diote bere azken lanek: Barkamena, kondena, tortura hiru saio laburren bildumak, esaterako, non betiko esijentzia intelektuala eta argikusmena erakusten dituen. Ikustekoa izango da aspalditxoan Renan eta nazioari buruz idazten ari den saiakera ere. Monumentala.

Ez dakit beste bost urte barru Torrealdaik edo beste nornahik euskal idazleen ikerketa soziologikorik egingo duen. Egitez gerotan, eta nire idazle faboritoak hautatzeko eskatzen badidate, garbi daukat nor ipiniko dudan zerrendako lehenengo postuetako batean. Betiko eta betirako nahi nukeen horri.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.