Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan / Nitasunaren literatura

Nitasunaren literatura

xme 2012/10/02 22:27
Egunotan, idazle lagun batek pasatuta, bere hurrengo liburua izango denaren eskuizkribua irakurtzeko aukera eta plazera izan dut; diskrezioaren amoreagatik, ez dut emango egilearen berri; esan dezadan, hala ere, egileak bere burua hartu duela mintzagaitzat: berari gertaturiko istorio eta pasadizoak kontatzen ditu, bere obsesio eta kezkak aitortzen, bere irakurketa eta burutazioak komentatzen.

Idazleok oro erabiltzen ditugu, nola edo hala, geure gorabehera biografikoak, eta (fikzioen sormena lan objektibo eta ia profesionaltzat hartzen dutenak kenduta: genero-idazleak, batez ere) geure nahi eta ezinei buruz aritu ohi gara gehienbat; hala ere, asmaturiko zirkunstantziekin nahasturik eman ohi ditugu egiazkoak, eta pertsonaia asmatuen bitartez bideratu geure xehetasunak.

Kasu batzuetan, ordea, elementu autobiografiko hori inongo disimulurik gabe agertzen da: nitasunetik aritu beharra sentitzen du idazleak, eta bere barrena zintzotasunez hustea du literatura egiteko baldintza. Idazlea beldur izaten da, halakoetan, egolatrian erori ote den: zer axola ote zaizkio irakurleari sortzailearen arimako zoko-mokoak? Norentzat eta zertarako nabil neure zertzelada partikularrak zehatz-mehatz kontatzen? Nik zinez uste dut ez dagoela halako egolatriarik: hain zuzen, besterik ezin dezakeela egin sentitzen duenean jo ohi du idazle benetakoak halako lan bat sortzera, jakinda, askotan, bere buruaren luzimendua baino gehiago biluztea izango dela lortuko duena, biluzte horren bitartez irakurlearen enpatia bereganatuko duelakoan. Eta hau askoz gauza serioagoa da "autofikzioa" deitu den modako genero hori baino.

Hasieran aipatu dudan idazle laguna da azaldu dudanaren adibide bat, baina ez bakarra. Gure artean badira Nitasunaren Literatura hau bikain landu duten autoreak, batzuk ezagunak eta beste batzuk ez horrenbeste. Azken horietako batzuk aipatu nahi dizkizut, beharbada haien lanak irakurtzeko gogoa piztuko zaizulakoan.

Bata, Agurtzane Juanenaren Esan gabe neukana: 18 urte zituela, Franco hiltzeko bezperetan, atxilotu egin zuten, eta, tortura hasia zelarik, leiho ireki batetik jauzi egin zuen; horren ondorioz hilabeteak eman zituen ospitalean eta urteak tratamendu psikologikoan. Bizitza erdia baino gehiago pasatu zuen historia hori kontatu nahi eta ezinik, azkenean pausoa eman zuen arte. Bere militantziaren nondik norakoa eta torturaren inguruko hausnarketa eskaintzen ditu aitortza labur, apal eta zirraragarrian.

Beste bat, Xabier Etxaberen Lurtarra da begiratua: bere buruaz ez baizik aitona soinu-jotzaileaz ari da batez ere zarauztarra, baina modu guztiz sinesgarri bezain modernoan lortzen du transmititzea erromerien eta apustuen mundu galdua, bestela Auspoa bildumaren eta etnografia-lanen bidez iritsi izan zaiguna.

Eta gaurko azkena, Imanol Zurutuzaren Errautsera arteko sugarra: bere emazteari minbizia diagnostikatu ziotenetik hil arteko prozesua kontatzen digu espiral baten moduan, gai eta motibo batzuk antzera baina beti desberdin harilkatuz, lekukotza mingarri bezain eder batean, estetizatzeak eta sublimatzeak izan dezaketen ahalmen katartikoaren adierazgarri.

Beharbada niaren barruan sakontzea da zuaren barrenera iristeko modurik zuzenena.

(Noticias taldeko Ortzadar gehigarrian argitaratua)

 

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.