Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan / Txango bat Azurmendiren liburuetan barrena

Txango bat Azurmendiren liburuetan barrena

xme 2012/11/09 10:28
“Azurmendi anglosaxoia izan balitz, munduko intelektual handienen artekotzat joko lukete denek” esan zidan noizbait lagun batek, ahaztu zait nork, esaldiak ez baininduen harritu. Izan ere, Joxeren ahotik zein lumatik ikasteko aukera izan dugun guztiok sentitu dugu inoiz halako sentipen bikoitza: zelako zortea, horrelako gizon jakintsuaren irakaspenak jaso ahal izatea, eta zelako pena, haren hitzek eta idazkiek duten baino oihartzun handiagorik ez izatea. Dena dela, sakonxeago pentsatzen jarrita, mugapen hori ez genuke zertan tamaltzat hartu: Azurmendi den bezalako intelektual handia da, besteak beste, herri txiki baten bizi beharrari lotu zaiolako, haren minekin mintzen eta petralkeriak barkatzen jakin duelako; osterantzean, Kanten kantiketan espezializaturiko kantiano kategoriako bat izan zitekeen, agian, berezilarien biltzarretan bildutako bitxorraroei bildungsroman bitxienak kontatuko zizkiena.

Joxe Azurmendiren bibliografia oso bat egin nahi duenak lanak izango ditu, bere izenez sinaturiko liburu nagusiez gain, era askotako izkribuak hartu beharko baititu aintzat: ezizenez agerturiko artikuluak, lan kolektiboetarako idatziak bere izenez nahiz besterenez, idazle askoren eskariz haien liburuei paraturiko hitzaurreak… Denetan ere, idazkeraren oparoa eta zehatza da etxeko marka, pentsamenduaren originala eta zorrotza, jakituriaren zabala eta iturrien fidagarritasuna.

 

Bibliografia osorik ezean, Azurmendiren liburuetan barneratu nahi duenarentzako lehen hurbilpen moduko bat izan nahi du honek; ez gida osatu bat ez bitakora fidagarria, oroitzapenei tiraka osaturiko komentario sorta xume bat baizik; eta sailkapenetarako beste edozein bide bezain baliagarria delakoan, kronologia hartuko dut irizpidetzat.

 

Hasteko, bitxitasun bat: Azurmendiren lehen liburua poema-bilduma bat da: Hitz berdeak (1971n kaleratua); geroztik ez du besterik idatzi, poesia gaztetako bekatu arintzat jo balu bezala. Dena dela, Koldo Izagirrek XX. mendeko poesia-kaieretan sartzeko modukoa iritzi zion, eta hantxe dago. Hitz berdeetako testurik esanguratsuena, baina, zentsurak bertan ateratzea debekatu zuen bat da: “Manifestu atzeratua”, hasiera gogoangarri hura zeukana: “Gure herriak ez dauka kondairarik. / Pobrea da. Ez dauka / pirata koxkor pare bat, / langile sofritu batzuk, / muga zentzugabe asko, / mila zorigaizto / besterik.” Pasadizo pertsonal bat kontatzen uzten badidazue: editore lanean hasi nintzenean, 1988ko urtarrilean, ahazturatik erreskatatu beharreko liburu batzuk eman zizkidaten argitaletxeko arduradunek; horietako bat, Hitz berdeak. Egileari deitu nion, proiektu horretaz hitz egiteko. Garbi utzi zidan lehen momentutik nahiago zuela testu hark hauts artean jarraitzea; deigarria egin zitzaidan, lehen momentutik halaber, gizonaren apaltasuna, bera euskal kulturako behi sakratua baitzen, ni berriz 23 urteko bigantxa bihurria, izatekotan, eta hala ere natural bezain jator hartu ninduen uneoro. Esan nezake huraxe izan zela, filmak zioen bezala, adiskidetasun eder baten hasiera.

 

Poesiatik saiakerara pasatuta, Azurmendiren liburuak, askotan, binaka edo hirunaka aipatu behar dira: batzuetan egileak halaxe pentsatu zituelako, beste zenbaitetan editoreek zatika argitaratzea erabaki zutelako, eta azken batzuetan egileari egitasmoa luzatu eta biderkatu egin zaiolako.

 

Hizkuntza, etnia eta marxismoa dugu zerrendako lehena, 1971koa hau ere, gaia eta garaia kontuan hartuta ulertzekoa den legez, klandestinoki zabaldu zena. Abertzaletasun berri bat sortzeko garaian berealdiko ekarpena egindako liburua, teorian bederen, ez baitakit egiazki askorik irakurri zen: orduko iraultzaile gazteentzat ere errazagoa zen Krutwig-en Vasconia edo Oteizaren Quosque tandem irakurtzea, edo soilik aipatzea, askatu nahi zuten herriaren hizkuntzan idatzitako beste hau baino. Ezker berri bat eraikitzeko asmoari loturik dago Kolakowski, 1972koa, poloniar marxista heterodoxo haren itzulpenaz eta hari buruzko ikerketaz osaturiko liburua, Joseba Arregi gaxte baten laguntzaz ondua (mentorea ezin egingo dugu dizipuluaren hautuen errudun, ezta?).

 

Marxismoa modako gaia zen, eta Azurmendik gure artean beste inork baino informazio gehiago zeukan (baita sinpatia ere, baina ez miresmen akritikoa); gogora bestela Arestik 64ko Harri eta Herri-n eskainitako aipu hura: “Joxepe, nire laguna, (…) han goian, tobaritx guztiak baino tobaritxagoa”. Baina kulturgintza zuen Joxek berezko kezka eta interesgunea: horregatik idatzi zuen iraultza sobietarraren garaian Errusian izandako joera eta eztabaida artistikoei buruzko liburu sorta bat: Iraultza sobietarra eta literatura (1975), Kultura proletarioaz (1973), Errealismo sozialistaz (1978), Artea eta gizartea (1978).

 

Kanpoko mugimendu sozial eta artistikoak aztertu bai, hango eta hemengo idazleak irakurri ere bai (garai guztietakoak, eta nor bere hizkuntzan gehienetan: txundigarria da alde horretatik bere liburuetako aipamen eta oharretan ageri duen erudizioa), baina Azurmendik bereziki euskal literatura maite du; hobeto esateko, maite, zentzu frantsesean, seguru asko gehiago maiteko du Pirinioetako ermita erromaniko txiki batean ikusitako kapitel txairoa, edo Siziliako puskailetan atzemandako kourós greziar liraina, baina euskaltasuna bere-berea du, haserretzeko zein pozteko, ernegatzeko zein hunkitzeko, eta sentimendu mami horri zor dizkiogu XX. mendeko euskal idazle handienetako batzuei buruzko lanik sakonenak, 30 urteko unibertsitate-jardunak urrundik ere berdindu ez dituenak. Orixeri buruzko biak: Zer dugu Orixeren kontra (1976) eta Zer dugu Orixeren alde (1977); eta Miranderi buruzko beste bi: Mirande eta kristautasuna (1979) eta Schopenhauer, Nietzsche, Spengler Miranderen pentsamenduan (1989). Guztiz ohargarria da liburuotan, idazlea bere soilean ez baizik eta gizarteko gorabeheretan txertatzeko eta aztertzeko nahia, baita gure herriko autoreak pentsamendu-korronte unibertsaletan kokatzeko lana ere.

 

Urte horietan onduriko beste liburu-sorta bat Euskal Herriko ideologia politiko nagusiei buruzko saiakerek osatzen dute: Sabino Aranaren pentsamendu politikoa (1979), Nazionalimo/internazionalismo Euskadin (1979), PSOE eta euskal abertzaletasuna (1979). Egileari entzunda, enkarguz egin omen zituen, orduko militante gazteak gai politikoetan janzteko plan zabal baten barruan, hainbat intelektuali honetaz eta hartaz idazteko eskatu omen baitzitzaien; gurean sarritan gertatu ohi den moduan, plan hura ezerezean geratu omen zen eta intelektual gehienek agindutakoa bete ez; baina Azurmendiren ekarpena hor dago oraindik, presaka egindako apunte historikoak izanik ere.

 

Politika eta literaturarekin zerikusi zuzenik gabeko beste saio pare bat ere idatzi zuen Azurmendik urte horietan: Gizona abere hutsa da (1975), nolabait sailkatzekotan antropologiaren eta etologiaren artean kokatuko nukeena: gizakiaren azterketa animalien jokabidearen argitan; ikuspegi materialista eta guztiz antitraszendente hori elizgizon batengan onartezina izango zela-eta, ezizenez sinatu zuen: Lazkano Mendizabal, bere hirugarren eta laugarren abizenak erabiliz, eta hala ere Setienen haserrea piztu omen zuen. Liburu hark bazuen segida, orduan argitaratu ezinik handik urteetara kaleratu zena: Gizaberearen bakeak eta gerrak (1991).

 

Urte horietan idatzitakoa da, halaber, nahiz eta materialaren tamainagatik bere garaian argitaratzailerik topatu ez, Espainolak eta euskaldunak (1992), egilearen lanik sonatuena beharbada, bere pentsaeraren eta idazmoldearen adierazgarri enblematikotzat hartu litekeena: prosa oparo eta dotorea, iturri askotarikoak, irakurlearen gogoa astintzeko borondatea…

 

Orain arte aipatu ditudan saiakera horiek guztiak hamarkada batean idatziak dira, dozena erdi bat urtean funtsean, nahiz batzuk handik 15 urtera plazaratu; kalitatez zein kopuruz halako produkzioa eman duten egileak apur batzuk izango dira literaturaren historia osoan, eta azalpenen bat ematekokan, buru-argitasun izugarria, jakintza guztiz zabala, lanerako diziplina estua aipatu behar, baita garai hartan Azurmendi Alemanian zegoela ere (aurrena ikasketek hara eramanda eta gero frankismoak jazarria): miresle, lagun eta herrikide kaparrek bakean utzita, lan egiteko lekurik aproposena berarentzat.

 

Erregimen aldaketarekin Hego Euskal Herrira itzuli zen, eta irakaskuntzan hasi: orduko EUTGn (Deustuko Unibertsitatearen Donostiako kanpusean) aurrena, eta EHUn hurrena. Azurmendiren beste alderdi publiko bat hasten da hor: maisu handiarena, asko baitira haren gelatik pasata oroitzapena gorde eta eragina jaso duten ikasleak, batik bat filosofia euskaraz landu dutenen artean. Gaitz erdi, maisutza horrek galarazi baitio garai bateko maiztasunez idaztea. Berak esana da, klasean eman beharreko guztia idatziz jartzen zuela beti, eta bost bat orduko lana behar zuela ordubeteko eskola prestatzeko.

 

Eskolak ematen ez ezik, beste hamaika zereginetan ere jardun du halere: Jakin taldeko barne lanetan batetik, eta handik edo hemendik jasotako eskariei erantzuten bestetik: artikuluak, hitzaldiak, hitzaurreak… Irakurri edo entzun dituenak badaki Azurmendiren hitzaldiak zenbateraino diren magistralak, eta zenbat aldiz bihurtu diren haren hitzaurreak liburu osoko parterik interesgarriena. Zirkunstantziek agindutako lan hauetako hainbat liburu bihurtu dira eta jendearen eskura daude, hala nola El hombre cooperativo (1998), Arizmendiarrietaren pentsamenduaren azterketa, Mondragon taldearen enkarguz gaztelaniaz egina, edo Oraingo gazte eroak (1998), azkenean argitaratu ez zen liburu batentzako hitzaurre gisa idatzia, Orixeri buruzko liburuetan jorraturiko gai bat sakonago lantzen duena: euskaltzale zahar eta berrien arteko etena eta belaunaldi-talkak oro har; artikulu eta hitzaldiak bilduz osatu dira Demokrata eta biolentoak (1997) eta Euskal Herria krisian (1999) ere, betiko kezka zaharberritu baten inguruan: gure herri honetako egoera politiko petrala. Euskal intelektual batzuen azterlan sistematiko samarrak ere ondu ditu azken urteetan, hala nola Karlos Santamariaz ( www.karlossantamaria.com/azterke/aazur01.htm ) edo Etienne Salaberry. Bere pentsamenduaz (2003). Garaitsu honetakoa baina oso bestelakoa da Teknikaren meditazioa (1999), mendebaldeko zibilizazioaren nondik norakoaz eta homo faber-aren izateaz hausnartzen duena.

 

Azken urteetan, proiektu pertsonalago eta anbizio handiagokoetara itzuli dela esan daiteke, eman beharreko eskola orduak gutxitzearekin batera edo. Aspalditik zuen Humboldt-en pentsamendua lantzeko asmoa, eta ikerketa hori, berez, liburu batean biltzekoa zen arren, azkenean hiru liburukitakoa izan da emaitza, hirurak ere mardulak eta mamitsuak: Humboldt. Hizkuntza eta pentsamendua (2007), Volksgeist-Herri gogoa. Ilustraziotik nazismora (2007) eta Espainiaren arimaz (2006). Filosofiaz, historiaz, mintzairaz, auzo-herriaz gogoeta egiteko maisu-lan hirukoitza.

 

Orain arteko ibilbidea ixteko, berriz, seguru asko Azurmendiren liburugintza osoko obrarik mamiena, bereziena, pertsonalena: Azken orduak Gandiagarekin (2009): adiskidearen heriotzaren aurrean, haren poesiaren analisiarekin hasi, haren haziera eta hezierarekin segi, eta hortik aurrera teologia eta metafisikazko ur handietan murgil egiten duena.

 

Eta honekin amaitu dut errepaso ez labur baina bai arin hau. Ezinbestean behin-behinekoa, gainera, hemendik aurrera ere lan gehiago eskainiko digula espero baitugu denok. Nahiz eta Azurmendik lagunei beti esan bera ez dela garai batekoa, asko galdu duela, izugarri kostatzen zaiola kontzentratzea… Baliteke, orain dela 40 urteko gaztearen aldean, makalagoa izatea sasoia, itzalixeagoa kemena, baina argitasunean beti bezain zalu eta zoli sumatzen dut nik.

 

Alabaina, ohore eta omenaldien aroa iritsi zaio, berak beti eta egin ahala guztian ihes egin badie ere. Hori bai zahardadearen zantzua! Dena dela, espanturik gabe onartzeko opa diot hemendik, apaltasunaren marka izaten baita, ematen bezala, hartzen ere jakitea. Eta Joxerengan beti miretsi dudana da, gauza bakarra duela bere jakituriaren eta intelijentziaren tamainakoa: esku zabala eta bihotz handia.

 

 

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.