Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan / Maite ditudan leku-izenak

Maite ditudan leku-izenak

xme 2012/09/14 20:38
Toponimia (leku-izenak) zientzia sorgina da: errota berri bat egin dutela-eta, etxe horri Errotaberri deitzen badiote, hor ez dago zertan harritu, baina, askotan, misterioz beteak izaten dira izen horiek. "Honek zer esan nahi du?" galdetzen dizute, zu euskal gauzetan jantzia zarela-eta, dena jakin behar duzulakoan. Zer esan nahi du Beasainek, adibidez? Ba, arrastorik ez. Beste batzuetan, berriz, nahiz eta egiazko jatorria ez jakin, etimologia xelebreak asmatzera jolasten gara: bart-ze-lo-ona, eta tankera horretakoak.

Ruper Ordorikak badu kanta bat, ezinago tristea eta aldi berean ederra, "Izen zaharrak" izenekoa, Joseba Sarrionandiak idatzia; etorkizun zehaztu gabe batean, euskal jendea eta bere kultura guztiz galbidean imajinatzen ditu, Ipar Amerikako indiar tribu baten antzera. Gerorako zer geratuko den zehaztean, hala dio: "Leku izenak agian, ez besterik: Ursuia, Itsasu, Irulegi, Ausuruq eta Txoko-Maitea... Jendeak misterio aire batekin ahoskatuko ditu izen zaharrok".

Gurean ez gara iritsi halako hilzorira, baina batzuetan jartzen naiz pentsatzen zein diren bereziki maite ditudan leku-izenak, gure inguruan. Ez lekuak berak, izenak baizik. Hain zuzen, aipatuko ditudan leku horietan sekula ez naiz izan: izan ere, bertara joan eta toki normalak direla ikusiko nuke, seguru asko: baserri bat edo bizpahiru baserrik osatutako multzoa, politago edo zatarxeagoa baina ez inola ere magikoa. Hala eta guztiz, esango dizuet, bada, zein diren hautatu ditudan toki-izenok.

Bata da Barbari edo Barbaris. Zeraingo auzoa, nik dakidala, baina Segura eta Zegamatik ere hurbil samar. Nondik ote datorkio izena? Auskalo. Santa Barbara izeneko bazter ugari daude Euskal Herri osoan, eta horren antza nabarmena da, baina baita diferentzia ere. Garai bateko Ipar Afrikako mairu-herriei ematen zitzaien Berberiarekin ote du lotura? Jakintsuagoei utziko diegu azalpenak ematen.

Beste bat gustuko dudana, Aizkorpe alde horretatik ez urruti: Arimasagasti, Idiazabalgo auzoa. Sagastiak ugari dira Euskal Herri osoan, baita sagarrarekin lotutako leku-izen eta abizenak ere. Bitxia, berriz, hitz elkarketa hori da, arimak eta sagastiak; zer dela-eta? Niri ez galdetu. Arima herratuak sagarrondo artean pasieran imajinatzen ote zituzten paraje horretan? Hildakoen arrastoren bat geratzen ote zen horko arbolen arrimuan?

Eta azkena, gaurkoz: Emakumaran, Zaldibiako baserri bat, Egileor auzoan, herritik Larraitza goazela eskubitara, bide-seinaleen arabera. Hitzaren jatorria beste bat izan liteke baina, itxura batean, "emakumeen harana" imajinatzen du batek. Gizonezkorik gabeko bizilekua ote zuten garai batean bertako andrazkoek? Gizasemeak sartu ezin ziren Amazona-herri bat ote zen Txindokipean? Zer ote diote gaur hor bizi diren andre eta gizonek?

(GoiBerri astekarian argitaratua)

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.