Miren Azkarateri, saminez
(Berria-n azaldutako iritzi-artikulua)
Gaur ikusi eta entzun zaitut (asteartea, hilak 23), Eibarko zinegotzi Vallesi auto azpian jarri dioten gezurrezko lehergailua dela-eta mintzatzen, bi gauza esateko: 1) hori ere tortura dela; 2) hau salatzen ez duenak ez duela zilegitasunik bestelako torturak salatzeko.
Zer pentsatua eman didate zure hitzek; adierazpen horien egun berean luntxa ere eskaini diguzu, Euskadi Sariak emateko ekitaldian, eta heziera txarrekoa izan daiteke beraz zure kontrako ezer idaztea, baina konplimenduen gainetik dagoen gizalegeak behartzen nau nire ezinengona agertzera.
Hasteko, zu bezalako hizkuntzalari eta euskaltzainak jakin beharko luke hitzak ezin direla merke saldu. Eibarko Valles sozialistari egin diotena txarkeria, bilaukeria, matonismoa... modu askotan izenda daiteke, ez da hitzik falta gure hizkuntzan nahiz auzokoetan. Torturak, ordea, definizio zehatzak ditu, bai hiztegi arruntetan bai nazioarteko tratatuetan "izango duzu non kontsultatu", eta kasu hori ez zaio egokitzen hitzari, lizentzia poetikotzat hartzen ez badugu.
Munta handiagoa du bigarren puntuak, hala ere. Ekidistantziaren diskurtsotik arrazoizkoa irudi lezake: tortura guztiak salatzen ez dituenak ez du sinesgarritasunik berari komeni zaizkionak bakarrik aipatzeko. Alabaina, pentsatzen jarrita, noiz salatu du Jarularitzak tortura-kasurik? Nik dakidala inoiz ez. Epaitegiek tortura izan dela frogatu arte ez baitago halakorik administrazioarentzat, eta torturak egin, ezin frogatzeko moduan egiten dira. Unai Romano gizajoak ere, fiskalaren arabera, bere buruarekin jo omen zuen paretaren kontra, hori da hori gizonaren zoroa!
Gehienez ere, atxilotuei eman omen zaien tratuaren inguruko kezka entzun izan dizut, inoiz edo behin: Egunkariko razzia hartan esaterako, zuk ere ondo baitakizu haiek txintxoak zirela; hala eta guztiz, gogorarazi nahi nizuke tortura edozein kasutan dela bidegabe eta salagarri. Edozein dela ere sufritzen duena, edozein dela ere sufriarazten duena.
Hor baitago kontu honen muina: tortura izugarrikeria bat dela bat baldin bagatoz, jar ditzagun bitarteko guztiak halakorik berriro gerta ez dadin. Ez dago zure eskutan Guardia Zibilak edo Espainiako Poliziak zer egingo duen, badakit, baina zu partaide zaituen gobernuak gaur bertan erabaki dezake Herrizaingo Sailak ez ezartzea inkomunikaziorik atxilotuei.
Nik ez dakit Ertzaintzak torturatzen duen. Salaketak hor daudela, bai. Salaketa horiek funsgabeak direla erakutsi nahi baduzue, eta Jaurlaritza benetan dagoela torturaren kontra, erraza duzue bidea. Erraza bezain eraginkorra, Theo van Boven-en aholkuei behingoz kasu eginik: ez erabili Espainiako legediak aurreikusitako inkomunikazio-aldia; atxilotuak izan dezala, zinez, isilik egoteko eskubidea eta bere abokatuarekin deklaratzekoa. Orduan bai, orduan sinesgarritasun guztia izango duzu, bai zuk bai zure gobernuak, inoren torturak salatzeko, eta denenak salatzen ez dituztenei kontuak eskatzeko.
Hurrengoan literatura eta kultura kontuez ariko garelakoan, agur terdi.
Joan Mari Irigoien: Beti gertatu zaizkit erakargarri arrakastaren ondoren hondoa jotzen dutenak
"Odolean neraman" izeneko nobelarekin datorkigu Joan Mari Irigoien urteroko Durangoko hitzordura. Betiko Irigoien topatuko dugu hemen ere, ohikoa duen idazkera dotore eta aspaldi honetako bere gai kutun batzuekin, baina giroa da berezi eta berria: futbola.
Futbolaren mundura eraman gaituzu "Odolean neraman" honekin. Nondik nora bururatu zaizu?
Aspaldi idatzi nahi nuen zerbait futbolaren inguruan. Bestalde, betidanik gertatu izan zaizkit erakargarri kirol-izarrak, arrakastaren aparretan ibili ondoren hondoa jotzen duten horiek bereziki, edo bestela esanda: garaile diren arren galtzaile direnak. Maradonaren kasua egunotakoa dugu, edo Pantanirena, atzo bertakoa. Edo, hurbilago eta atzerago etorrita, Urtainena.
Zu zeu ere futbolari izana zara, gazte denboran...
Bai. Eta, nola mundutxo hori ezagutzen baitut, pentsatu nuen egoki izango litzatekeela euskal futbolariren bat jartzea protagonista edo heroi gisa, garai batean heroi zena antiheroi bihurtuko bada ere, nobelan kontatzen den historiaren arabera.
Hala ere, ez da gai eta giro ohikoena, literaturan...
Ez. Gurean ez behintzat. Baina gairik ezohikoena ere literaturagai izan daiteke: inportanteena ez baita, ausaz, gaia, gaiaren tratamendua baizik.
Botereak eskaintzen dituen zorion-ereduen kritika
Futbolak gizartean daukan eragina dela-eta, aitzakia ona izan liteke beste hainbat gauzataz hitz egiteko. Zertaz dihardu nobelak, futbolaz gain?
Futbolaren eragina aprobetxatu nahi nuen, bai, botereak eskaintzen dituen hainbat zorion-ereduren inguruan kritika latza egiteko: kontsumoaren ingurukoa, esate baterako, gure arnasa ere horixe bihurtu baita, zoritxarrez, gaur egungo gizartean: "consum, consum eta consum".
Umore-zipriztinak ere hortxe daude, uneoro...
Umorea daukagun terapiarik onena da, baita unerik larrienetan ere.
Kontraste handiak ditu zure produkzioak: poesian, "Letra txikiaz bada ere" eta gero "Biziminaren sonetoak", eleberrian "Lur bat haratago" eta "Odolean neraman" hau...
Poliedro batean bezala, gure nortasunak "nireak behintzat bai" alde eta aurpegi asko ditu, halako moldez, non aurpegi-gogorra ere izan bainaiteke "ez Aznar edo Bush bezainbat, bistan da", herabea naizen arren; eta eguna izan naiteke momentu batzuetan, eta besteetan gaua; orain pertsonarik serioena naiz, eta orain katxondoena: nire joera horiek, beraz, nire nortasunaren islak dira, eta argitaratzen ditudan liburuak ere bai.
Hala ere, badira konstanteak, hala nola, familiaren garrantzia, gertakarien gune bezala. Halaxe planteatu duzu ala berez atera zaizu?
Gaurko egunean familia dugu, oraindik ere, gure harremanetarako lehen erreferentzia. Baina familiaren kontzeptua zabaldu beharra dago, gaurko errealitateak, besterik gabe, halaxe eskatzen duelako: emakumea ez da etxeko lau hormen artean itxita bizi, eta dibortzioak eta bereizteak hor daude, homosexualen eskabideak ere hortxe dauden bezala, eta abar. Bide batez, esan dezadan gotzainen iritzien kontra nagoela, guztiz, homosexualen aurka daramaten gurutzada horrekin. Hain zaila ote da, bada, jendea bakean uztea? Eta gogoraziko nizkieke, bide batez, Jesusek fariseuei zuzendutako hitzak: "Benetan diotsuet publikanoak eta putak zuen aurretik izango direla zeruko erreinuan". Gaurko egunean biziko balitz, "putak eta marikoiak" esango bailuke Kristok, ausaz.
Infinitu-egarria ase nahirik
Ohartzekoa da, aldi berean, balio materialen eta espiritualen arteko tenka. Nola bizi duzu?
Ni bilatzaile bat naiz: ahuntz bat naiz, beraz, mendirako eta bakardaderako joera duena, eta ez artaldeko ardia. Ondorioz, elizatik eta eliza guztietatik aparte nabil. Halaxe da, oraingoz. Baina badaukat, bai, aitor dezadan, infinitu-egarri bat, nola edo hala eramaten ahalegintzen naizena. Garai batean, mistiko kristauen liburuak irakurri nituen, eta sufienak. Azken bolada honetan, berriz, ekialdeko hainbat filosofia izan dut eta dut ikergai: budismoa, taoa, zena, hinduismoa. Eta gauza interesgarri asko aurkitu ditut, gero neure bizitzan txertatzen ditudanak edo txertatzen ahalegintzen, ekintza poetiko bat gehiago bezala, neure baitan ekialdea eta mendebaldea batu nahi bainituzke, posible bada. Eta horretan segituko dut buru-belarri, buru-belarriak lepotik erortzen ez zaizkidan bitartean. Hala ere, gauza bat argi eta garbi esan nahi dut: nahiago dut mila aldiz ateoa izan, hainbat kristauk bereganatu duten Jainko justizieroaren sinesle sutsua baino: Bushena, Aznarrena edo Kristoren legionariena, kasu.
Eta, galdetzerik baldin badago, hurrena zer eskainiko digu Joan Mari Irigoienek?
Baditut kaxoian hiru zirriborro, eta baliteke haietakoren bat argitaratzea hurrengo, argitaletxearen interesen arabera. Baina barkatu, ahaztuta bainengoen gazteentzako nobelatxo bat egina dudala "Komunista.com", datorren urte hasieran argitaratzekotan gaudena. Horrezaz aparte, baina, nire asmoa bestelakoa da, oraindanik "ur handitan" sartu nahi bainuke berriro, bizpahiru edo hiruzpalau urteko proiektuan. Badakit, bai, zer datorkidan, ur handitan sartzen denak berea baitu ur handitan itotzeko arriskua. Edo gaitzen batek jota hil naiteke bide erdian. Baina, hala balitz ere, ez litzaidake titulu txarra geldituko: "Joan Mariren Nobela Bukatu Gabea". Ez al zen, bada, Schubert bera ere bere "Bukatu Gabearekin" historiara pasatu?
Langosta baten aitzakian
(Joan den astean, Telesforo Monzonen jaiotzaren mendeurrena zela-eta, Egan aldizkariak antolatutako ekitaldien barruan eman nuen hitzaldiaren testua)
Bat. Aitorpen moduan
Telesforo Monzonek XX. mendearen erdi aldera idatzi zituen artikulurik onenen antologia bat kaleratu zen 1995ean, Koldo Izagirreren ardurapean, "Langosta baten inguruan" izenaz. Liburu horren hitzaurrean, Agirre lehendakariaren gau-beila deritzan artikulua oroituz, bera ere "Izagirre, alegia" lan horretako protagonista izengabeetako bat izan zitekeela oroitzen du, bera ere, artean haurra zela, muga pasatu eta Telesfororen Donibane Lohizuneko etxe Mende Berrira joan baitzen, osabak ezkutuan eramanda, Jose Antoniori azken agurra ematera.
Ni artean jaio gabea nintzen; beraz, historia-liburuetatik ezagutu dezaket pasadizo hura, edo Monzonena bezalako kontaera hunkigarrietatik, edo bertan izan zirenen ahotik. Handik hogeita bat urtera hil zen Telesforo (1981eko martxoaren 9an), eta zirraragarria izan zitekeen haren hiletaren kontaketa ere: Lohizunetik Bergararainoko bidaia zalapartatsua, poliziek bahitutako hilkutxa, hil ondoan ere bazterrak nahasten jarraitu zuen gorpua...
Eta non nengoen ni? Ez inola ere ukabila altxatuta eta begiak malkotan Eusko Gudariak kantari. Hamasei urte neuzkan nik orduan, hamazazpi aurki betetzeko: adin egokia kontzientzia ernetzeko eta buru-bihotzak berotzeko; ni, ordea, gazte desnazionalizatua nintzela esan liteke, bere herriaren berri ez zekiena, aberriaren patua eta hizkuntzaren geroa bost axola zitzaizkiona.
Neure buruaren berri ematen badut, ez da nabarmentzearren, mintzagai dudan gaiarekin lotura duelakoan baizik: batetik, Monzon bera ere umetan eta gaztetan Euskal Herriaren izatearen kezkarik edo oharpenik gabe bizi izan zelako, Madrilen ikasle zela bere euskalduntasunaz konturatu zen arte; bestetik, Monzonen obran ere inportantea delako belaunaldi gazteek zaharren esperientzia eta ondarea bereganatzea, bere erara moldatzeko gero.
Biribila izango litzateke orain esango banu Telesfororen obrari esker deskubritu nuela neure herria, hari zor diodala neure euskaltzaletasuna. Ez dago halakorik ordea. Gaztetan izan nuen Monzonen ikuspegia hurbilago zegoen haren aurkariek zabaldutako eroaren estereotipotik, haren zaleek bultzatu nahiko zuketen heroiaren iruditik baino: mesianikoa, profeta ustekoa, populista, talde sendo baten zati baino taldexka bateko buru izatea nahiago zuena... Esana dut gaztetxo desnazionalizatua nintzela, kanpokoak nituen kultur erreferentziak eta gure errealitatea ulertzeko irizpideak.
Handik urte batzuetara, nire euskaltasunaz jabetuta eta euskaraz idazten hasia nintzela, Telesforo Monzon izeneko antzerki sari bat irabazi nuen, Euskal Herriko Antzerki Taldeen Biltzarrak antolatua, Iparraldean. 1984ko hondarrean izan zen, oker ez banago, eta oroitzen naiz orduan joan nintzela lehen aldiz Ipar Euskal Herriko barnealdera, baita lehenengo aldiz Iparraldeko euskaldunak ezagutu eta haiekin mintzatu ere. Euskal Herriaren lurraldezko nahiz jendezko osotasuna konsigna politikoa baino zerbait gehiago zen Monzonengan: lurralde nahiz jende horren ezagutzetik hasten zen, eta haienganako maitasunetik segitzen.
Sari haren aitzakiaz egin zidaten nire lehenengo elkarrizketa luzea komunikabide batean. Pello Zubiria etorri zitzaidan, Argia taldekoek Egin-entzat astelehenetan egiten zuten kultur gehigarrirako, eta gogoan dut Beasaingo Ezkertokian bilduta egin zidan lehenengo galdera: ea zer esan nahi zuen ni bezalako gazte batentzat Monzonek, edo Monzonen izena zeraman saria irabazteak. Pellok mirespen zintzoz aipatzen zuen Telesfororen izena, eta zintzotasun berberarekin erantzun nion izen bat besterik ez zela niretzat hura, mistika abertzale iragandako baten aztarna edo.
Monzon ez ezagutze hori ez da nire arazo soila. Esango nuke ezezagun handi bat dela Telesforo; norberaren jarrera politikoaren arabera jainkotu edo deabrutua izan zen bere garaian, eta gaur egun besterik gabe ahantzia dago batzuentzat nahiz besteentzat.
Ahantzia bai, baina deserosoa gertatzen da oraindik ere. Bidegileak deritzan liburu-sorta bat kaleratzen du Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak, euskalgintzan nabarmendu ziren gizon-emakumeen biografia laburrak plazaratzeko. Bada, Lizarra-Garazi garaiko su-eten eta akordio-aldia iritsi arte itxaron behar izan zuten bilduma horren arduradunek Monzonen gaineko liburuxka eskatzeko, ordura arte denon arteko ondarean irentsi ezin zutelako edo.
Bi. Mendeurrenaren aitzakian
Ehun urte betetzen dira Telesforo Monzon jaio zela, eta horren kariaz antolatu da hitzaldi-sorta hau eta beste zenbait ekitaldi. Onarpen ofizialaren eguna iritsi ote zaio? Itxiak ote dira garai bateko zauriak? Ez nuke horrenbeste esango: berak sortzen lagundu zuen mugimendu politikoa legez kanpo dago Hego Euskal Herrian, eta, Bergaran plaza bati haren izena emango baliote ere, orduko ezin ikusiak berdintsu jarraitzen du gaur egun ere. Bakarrik, 23 urte urte asko direla, gizonaren oroitza galtzeko edo gutxienez lausotzeko aski, bai lagunen bai etsaien artean; badira, noski, bertatik bertara ezagutu zutenak, ezagutu eta estimatu; baina, Euskadi burujabe bat edo abertzaleen arteko batasuna lortu zituen politikotzat oroitu ezingo dugunez, bere obra literarioaren bitartez iraun beharko du geroan, irautekotan.
Monzonen literatur lanak aztertzean, lau ataletan banatuko nituzke: olerkia, antzerkia, kantuak eta hitz lauzko idazlanak. Aipa ditzadan banan-banan:
-Olerkari legez plazaratu zen Monzon idazlea. 36ko gerrak erbestera eraman ez balu beharbada ez zen idazten hasiko, nork jakin, baina herriaren oroiminak eta eguneroko lan politikoaren etenak argitara ekarri zuen itzalirik edo itzalean egondako poeta. Urrundik izan zen bere lehen obra, Mexikon 1945ean plazaratua, eta Gudarien egiñak kaleratu zuen Donibane Lohizunen 1947an, Euskal Herrira itzulita. Lizardiren jarraitzailetzat jo dezakegu, gerraurreko mugimenduaren epigonotzat; gerraosteko lehen lanak izatea dute meritu nagusia "eta ez da makala, garaia ezagututa", baina zorrotz epaituz gero belaxkak iritziko genieke eta, bestalde, ez zuten berrikuntza handirik ekarri (kantua eta olerkia lotzeko saiakera, aipagarriena).
-Antzerkia ez zuen gerraurreko tradizioari loturik egin, eta erreferentzia ez zuen Hego Euskal Herrikoa ere: 50-60 hamarkadetan hainbat antzezlan idatzi zuen: Zurgin zaharra (Lau kantari eta xori bat), Menditarrak, Gure behia hila da, Behorraren ostikoa, Hazparneko anderea, Eneko Bizkai eta Maria Lorka. Antzerki herrikoiak dira, ez libururako baizik oholtzarako pentsatuak, Lapurdi edo Baxenabarreko herrietako taldeek jokatzeko, haien neurri eta beharretara egokituak. Idatzi ez ezik, obren zuzendari ere izan zen behin baino gehiagotan, baita beste batzuen antzerkiekin ere (Larzabalenekin batik bat). Iparraldeko herri-giroa biziarazteko helburu apal bezain txalogarri hori ahaztuz gero, ezin esan goi mailako lanak direnik, baina badituzte, nolanahi ere, edertasun printzak; azpimarratzekoa da, esate baterako, antzerkian hitz neurtua erabiltzeko saioa, Menditarrak eta Hazparneko anderea obretan.
-Kantuak dira Monzonen obran ezagunenak. Dozena bat abesti baditu gutxienez, gaiaz aberkoiak, guztiz herrikoi eta ezagunak bihurtu zirenak, Pantxoa Carrere eta Peio Ospitalen ahotsean lehenik, eta edozeinen ahotan ondotik: Aupa gizona (Batasuna), Lepoan hartu, Bai euskarari, Euskalduna naiz eta, Irabazi, irabazi dugu, Itziarren semea, Kalera, kalera, Aita kartzelan duzu, Txikia... Herriaren gogoa pizteko eta sutzeko asmoz egin zituen Monzonek kantuok, eta ezin ukatu bete-betean lortu zuela, kantugile gutxi izango baitira horrenbesteko arrakasta izan dutenak. Kantuaren arrakastak berak dakar ordea bere tribializazioa, mistika abertzalerako egindakoa folklore abertzale bihurtzea, afari nostalgikoetako jostagai eta mozkorraldietako lagun.
-Prosazko artikuluak geratzen zaizkigu azkenik. Horien artean bi zati egingo dut: batetik, bere azken urteetako iritzi-artikuluak daude, zuzenean politikoak; bestetik, berriz, 50eko hamarkadan barrena ateratako hainbat testu, Monzonen obraren zatirik ezezagunena eta, nire ustetan, azpimarragarriena, gaur egungo irakurketa kritiko batetik ere interesari eta kalitateari eusten diotenak, dotore asko gainera. Artikulu horiek nekez izango zuten zabalkunde handirik, Alderdi EAJren agerkarian atera baitziren, eta klandestinoa baitzen hura Hegoaldean. Haien arteko onenak, hasieran esan dugun bezala, Koldo Izagirreren ardurapean berrargitaratu ziren orain dela bederatzi urte, Langosta baten inguruan izeneko liburuan, eta liburu honetaz hitz egingo dut aurrerantzean.
Hiru. Zahar eta berri
Koldo Izagirreren bitartez izan nuen, hain zuzen, artikulu hauen berri; Euskal Idazleen Elkarteak antolatutako jardunaldi batzuetan hitzaldia eman zuen, eta Monzonen gainean hitz egin ondoren pasarte batzuk irakurri. Eta, ordura arte ezaxola edo mespretxu izandakoa interes bihurtu zitzaidan. Gehiago irakurri eta ezagutu nahi izan nuen, irakurle moduan. Irakurri eta ezagutu ahala, editore nintzen aldetik pentsatu nuen merezi zuela beste batzuek ere ezagutu eta irakurtzea, eta horregatik proposatu nion Izagirreri bilduma bat prestatzeko. Ez naiz paparra dominaz betetzeko zalea, baina esango dut ilusio eta ardura bereziak jarri nituela liburu horrekin: batetik, zein testu hautatu eta zein ez, eztabaidara iritsi ez ziren hainbat solasaldi izan nuen Izagirrerekin; bestetik, Monzonen orduko euskara egungo batuaren moldera aldatzeko lana hartu nuen, jatorrizkoa ahalik eta gutxien ukituz eta zenbait berezitasun errespetatuz; ordu askotako lana izan zen, baina esker onekoa eta ez bereziki konplikatua, artikuluok idatzi zituenerako egina baitzuen Monzonek hizkuntzazko sintesi berezi eta pertsonal bat (sorlekuko bizkaiera, gero hobeki ikasi zuen gipuzkera eta bizitokiko lapurtera nahasten zituena) euskara batura arazorik gabe egokitzen zena.
Hizkeran bezala, esaten duen horretan ere, eta estiloan oro har, sintesi pertsonal bat ageri dute artikuluok, eta hori dute beren bereizgarri nagusi: alde batera, modernitatearen inolako kezkarik gabeko molde zaharkitu batean ari dela irudi lezake, Lizardiren artikuluen ildotik (izan ere, Lizardiren kazetaritza-lan onenak ekartzen baitizkigute gogora: Andereño Izardi, Etxe-barne bizia...); beste alde batera, berriz, gogoeta, oroitzapena, iritzia eta pasadizo pertsonalak nahasteko modu horrek, kronika itxurako batean norbera pertsonalki inplikatzeko modu lotsagabe horrek 60ko hamarkadaz gero Estatu Batuetan Kazetaritza Berria deitu zitzaionaren ezaugarriak dakarzkigu gogora, Monzonek Tom Wolfe eta abarrekin zerikusirik ez badu ere, ez giroan, ez helburuetan.
Lau. 50eko giroa
Testuak testuingurua behar duen bezala, aipagai ditugun idazlanok behar bezala ulertzeko aintzat hartu behar da sortu zireneko giroa; 50 urte ez baitira alferrik pasa, eta orduko zenbait kontu urrunak bezain arrotzak baitzaizkigu orain. Egileak, gainera, ardura eta erantzukizun handiak zituen politikan, eta artikuluok bere eginkizun nagusi horietatik kanpo egin arren, bere buru-arduraren seme-alaba dira, zalantzarik gabe.
1950eko hamarraldia aipatu dugu behin eta berriz. Zabalxeagoa da berez artikuluek hartzen duten aldia, 1949koa baita lehena eta 1960koa azkena. Funtsean, baina, 50eko hamarkada. Zer gertatu zen hor funtsezkorik? 40ko hamarraldia lurrikara erabatekoa izan zen, II. Mundu Gerra zela-eta; 60koak ere zurrunbiloaren ospea du, kulturan bezala politikan mugimendu handiak izan baitziren. Horien artean, 50ekoak lasaia dirudi. Lasaia baino egokiago izango da tentsio moteldu bateko sasoia izan zela esatea. Mundua banatzen zuten bi blokeak finkatu ziren garai hartan, eta bien arteko Gerra Hotzak bete zituen planetako txoko guztiak, aldez edo moldez. Era berean, goraka zihoan ekonomia batek eta indarrean zetorren gazteriak teinka egingo zuten aurki gizarte-balio zaharkitu bezain zurrunekin.
Euskal Herriari dagokionez, itxaropena zapuztu zeneko garaia izan zen hau: Hitler eta Mussolini garbiturik, haien lagun Franco agintetik botako zutela uste zuten haren kontrako ezkertiar eta abertzaleek (uste, eta nahi, eta behar). Aliatuek, baina (Estatu Batuen blokeak), nahiago izan zuen faxismoaren menpeko Espainia bat komunismoari eusteko, ezkertiarrek indar gehiegi izan zezaketen Errepublika berrezartzea baino. Hamarkadaren hasieran onartu zuten Francoren diktadura Vatikanoak lehenik eta Estatu Batuek geroxeago, eta 1955ean Nazio Batuen Erakundean sartu zen Espainia. Aliatuen alde hainbeste lan egindako euskaldunentzat traizio erabatekoa; zintzotasunak eta zilegitasun demokratikoak emandako baikortasun historikoaz jantzitako Jose Antonio Agirrerentzat, bere politika ezerezean uzten zuen mailukada.
Egoera horretan, bi jarrera ziren posible: bata, arrazoia dugula eta eskubiderik ez dagoela aldarrikatzea, garai hobeak noiz etorriko zain; hauxe izan zen, praktikan, PNVren ildo nagusiak hartu zuen jokabidea, egonean egotera mugatu zena. Bestea, bide berriak bilatzea, handik edo hemendik: Monzon horietakoa zen, ez zuen geldirik itxaron nahi Franco noiz hilko, eta hainbat mugimendu egin zituen; ezagunena, espainiar monarkikoekiko hurbilpena, gerora hainbat gaitzespen ekarriko ziona, nahiz eta gaur egun ezaguna izan alderdiaren aginduz egin zituela egin zituen burubideak. Dena dela, ez da gure asmoa orduko gorabehera historikoak aztertzea; garaiaren berri eman nahi genuen laburki, eta honenbestez artikuluak komentatzera pasatuko gara.
Bost. Zaletasunak eta ezinikusiak
Askotan esan izan da idazleak bere burua erretratatzen duela bere idazkien bitartez. Monzonen kasuan nabarmena da hori, lehen pertsonan idazten baitu beti, bere uste eta iritzien berri uneoro emanez. Ez da, beraz, ariketa psikologiko sakon eta ñabarduraz beterik egin behar idazlanen atzeko gizona nolakoa ote zen antzemateko: beraiek mintzo dira ozen asko. Dena dela, ni hemen ezaugarriok hotz-hotzean ematen eta erabakitzen aritu ordez, hobe izango du irakurleak berak bere begiz ikustea, eta, horretarako, aipagai ditugun idazlanetako bat irakurtzea baino hoberik ez. Labur bat hautatuko dugu, aski esanguratsua delakoan: Lurraren mintzoa, 1953koa.
Jaun eskolatu batek izikorregia nik uste hauxe idatzi ez dit ba: Aunque yo no comprendo desgraciadamente el vascuence, un amigo ha tenido la bondad de traducirme su último artículo Sagar-lore. Kirkir. Kuku ta Pastualak. Me han parecido de interés algunas de sus observaciones sobre el teatro vasco antiguo y moderno. Pero he creído observar a través de todo el artículo un cierto tufillo panteísta....
Panteista? Zer duk hori? Hitz handi harrook: Panteismo-ta, Parlamentarismo-ta, Existencialismo-ta horiek izitu egiten naute ni. Izitu ta nahasi zeharo. Ez baititut aditzen. Ez baitiet itxurarik hartzen. Beñat Larratxe nor den galdetzen badidazu, erantzungo dizut kusian: hauxe. Baina Panteismo nor edo zer den galdezka etorri ezkero, ez dakit erantzun beharko dizut: ez baitut behin ere ikusia. Holako hitz handi gutxiago balira, ez lirateke beharbada gizonen artean horrenbeste denboragaltze ta borroka ibiliko.
Lurraren emanak euskaraz zaizkidala mintzo errana baitut. Horrek ene laguna izitu. Baina gizona: Jainkoaren mintzoa duzu lurraren mintzoa ere. Lurraren mintzoa otoitza duzu. Jainkoak ezarritako Lege-betetzea baino otoitz ederragorik ez bada, porru-ta gari-ta artoen urteroko sortze hura ere otoitza. Zer ba. Espainiako elizetan noizbait entzun izan diren gorroto-hitz batzuk baino ederragoa ez ote zaio Jainkoari, mendi-tontorretik errotara datorren erreka garbi haren kanta? Iguzkiak horitutako gari-soro hura ere ez al zaizu mintzatzen, etxeko ogiari buruz? Gari-soro beltzaran hauxe duzu ba, Jainko-semearen gorputz-gaia.
Bakoitzari bere hizkeraz egiten diola lurrak, egia hutsa. Guri euskaraz noski. Fray Luis de Leon olerkaririk handienari, gazteleraz egiten zion bezala. Salamanca inguruetako lur latz haien mintzo ederra: Del monte en la ladera / De mi mano plantado tengo un huerto / Que por la primavera... Gure Elizanburuk ez zuen segurki, Salamanca inguruetako lur soil haien hizketa adituko. Ez-eta Fray Luis de Leon zenak Versaillesko oihanetakoa. Garcia Lorca zenak adituko ote zuen, Sara inguruetako artalor haien mintzaira?
Etxe, ontasun, baserri bakoitzeko lurrek ere badutela beren hizkera. Beren hizkera berezia. Norbere baratzakoarena duk eder. Lurrarekin gizonak bat egiten dizunean, gizona lurrari bezain beharrezkoa izaten baitzaio bere lur hura gizonari. Eta elkarrengandik urrun ezin etsi, ezin bizi, ezin egon. Lurrarenganako maitasunik gabe, ez da niretzat egiazko abertzaletasunik. Hamaika gizon handi baino barneagotik eta barneago mintzo zait niri ene Herriaren izenean nik ongi dakidan oihan azpiko iturriño hura. Lurrarekin hartu-emanik gabe ez da egiazko gizontasunik ere. Itsaso nahiz lurrarengandik bizitzeko sortua baita gizona berez. Unamunok dioena: La civilización la han inventado los hombres por no hacer una de estas tres cosas: labrar, pescar o cazar. Itsasoa harrotua dagoelarik, noiznahi ikusiko dituzu arrantzaleak, egon ta egon, lehorretik beren itsasoari begira. Baita nekazariak ere beren lurrari so. Baina kaletar langileok ikusi izan al dituzue inoiz, hiri nagusietan eta, beren ola handi ilun haiei amodioz begira? Maitasunik gabeko lan hura ez al duk gizontasunaren etsai?
Badirela gure lurretan ere, esango didazue, euskaraz mintzo ez diren zuhaitz eta barazkiak. Egia hutsa. Horra pinuok. Pinu ganorabakoak. Negu ta uda uniforme berarekin, gure mendietan goardia zibilak bezala dagozenok. Gure gazte denboran ez zen Gipuzkoa alde hartan pinu askorik ikusten, Oñatiko bidean edo, horietakoren bat topatzen banuen, hari doi-doia buenas tardes esanda, laster jarraitzen nion bideari. Holakoekin hobe baita berriketa gutxi ibili.
Haritz eta Pago izan ditut nire haurtzarotiko lagunik handienak. Baita Gaztainondo ere, Euskalerrian bizi zela. Igorri baitzuten hau ere handik, geu bezalaxe. Orain ere, nonahi atxematen dudalarik, egiten ditugu, euskaraz beti, berriketa luzeak. Harentzat ez da falangistarik. Hura pinuengatik ibiltzen da zernahi esanka: Ikusiko dute, pinu zikinok, zu itzultzean. Egun hura ere laster etorriko baita. Erantzun behar izan nion lehengoan: Hago ixilik Gaztainondo zozoa. Gu ere halakoak esaten gabiltza-eta, hamazazpi urte hauetan!
Alboekin (platanuekin) eginak ditut, hemen Lapurdin, berriketa batzuk. Erdaraz gehienetan. Itsasertzekook behintzat erdaldunak baitira. Edozein hiztegitan irakur daiteke: Platane. Arbre du Pays Basque au service du tourisme p.e. Hôtel Maitagarria, tout confort, terrasse sous les platanes. Alboen azpirat igortzen zion Lotik bere Ramuntxo Gaxuxari. Eta horra: Pariseko eguneroko batean ere irakurria dut hauxe: Le soir sur la Côte Basque, cest sous les platanes quon récite lAngélus, quon danse le fandango, quon cache la contrebande (!!!) Lapurdi ta Baxenabarreko herrietan badira haatik, etxe-aitzinetan eta, Zerbitzarik bezain ederki euskaraz egiten duten albo itzal-emaile politak. Alboa Lapurdiko. Haritza bizkaitar.
Sagarrondok bezain euskara ederra egiten duenik, ez da Euskalerrian. Oraindik badira, erdaraz hitzik ikasia ez duten sagarrondo zaharrak. Orain landatzen dituztenak-eta, kanpoko eskoletan ibiliak dira gehienak. Baina laster hartzen dute hauek ere berriz gure lur-usaina. Eta egia diotsuet: ez da niretzat sagar-usain gabeko egiazko Euskalerririk. Udareagatik zer diodan? Mertxika ta horiek baino guretarragoa da bai udarea. Baina ez sagarra bezain herrikoia. Baserri jatorretan, sagarra eskainiko dizute orain ere. Herrietako jauntxo, midiku, mutxurdin, aberats eta apaiz batzuen ale-baratza polit horietan atxemanen dituzue orain ere udarerik ederrenak. Badakite bai hauek euskaraz zuk bezain ederki egiten baina, erdaraz nahiago gehienetan. Handinahikeria pixkat sartua baitzaie udareei. Ez da harritzekoa. Merkatuetan-eta garesti saltzen direla-ta, euskaraz egiteko lotsatzen hasiak. Marrubiari ere gertatzen zaiona. Ez gereziari ordea. Gure gerezi ederrok ez baitira, gorrienak ere, euskaraz egiten aise lotsatuko. Topa zuei, Gerezi ta Sagar!
Porru gaixoa ere. Bururatuko al litzaizuke zuri, gure Herrian porruari erdaraz egitea? Horretan argi esan beharra dago: artoa ta porrua bezalako euskaldun garbirik, gutxi. Oso gutxi. Hor egoten dira porru gaixook, gure baratzetan, tomateekin-eta ezin elkar adituz. Hauek ez baitakite ez-eta ikasi nahi ere tutik euskaraz. Horretan gure serorak baino okerragoak ditut tomateok. Ikusten da bai, gorriak direla. Aspalditik jakina baita: gorrietan, gereziak eta Eibarko sozialistak omen euskaltzale bakarrak.
Egilearen zaletasun eta ezinikusiak argi aski ikus litezke artikulu honetan. Zer ez du maite oroz gainetik Monzonek? Ideologia, abstrakzioa, intelektualismoa. Idazle bitalista bat dela esan liteke, bizitza maite duela, bere luze-zabalean, bere izaki bizidun guztiak banan-banan eta beren konkretutasunean, eta harekin zerikusirik ez duten eraikuntza mental hutsak alferrikako bezain hutsalak iruditzen zaizkiola.
Monzonen ziriek izaten dute beste hartzailerik ere: burgesak adibidez, eliza frankista ere bai goian ikusi dugunez, herriari bizkar emandako handikiak sarri. Inoiz ez dio burlarik txikiena egingo herri xeheari; eta ogibide tradizionaletakoa denean (arrantzale eta baserritarrak bereziki) mirespenik sakonena adieraziko dio (adibidetzat ikus, besteak beste, Ta-pa, ta-pa, ta-pa, txi-ru-li-ru-li artikulua, edo Bergarako jaiak eta Lapurdiko lusagarrak). Horren atzean (eta orobat, baten bati harrigarri egingo zaion arren, politikarekin ageri duen arbuio etengabean), aristokrata herrizalearen irudia daukagu, noski, estu jarriz gero batzuetan barregarri edo are mingarri ere izan litekeena, hala nola jauregietako jaun-andreen eta neskame-morroien arteko batasun eta maitasuna goraipatzen duenean (ikus New Yorkeko Miss Griffing eta Bergarako Kasimira), baina guk ez dugu gizona ez aldarera ez infernura eraman nahi: ulertu egin nahi dugu bere osoan eta bere egian.
Burgesa trufagai bihurtzen duela esan dugu lehen; zehatzago esanda, ez burgesa bere hartan, baizik eta bizimodu modernoak irrigarri bihurtzen duena: eta bereziki turista. Diogunaren erakusgarri, beste pasarte bat ekarriko dugu, Donibane Lohitzune eta inguruak artikuluaren hasierakoa. Ohartzekoa da, halaber, idazkiari darion kostunbrismo goxoa, bere baikorrean guztiz idealizatua, eta gogoan hartu behar 1949an idatzia dela: Donibanen laketu da, maite du, lehen ezagutzen ez zuen Euskal Herri bat deskubritu du, baina beste aldera itzultzea ere ez du, seguru asko, urrun ikusten. Hona testua:
Gizonak bizitzeari har liezaiokeen goxoa hartzeko, bai ote, munduan, Donibane Lohitzune bezalako bertze herririk? Ez dakit ba. Euliak eztian bezalaxe, gelditu izan dira anitz Donibanen: oinak hemen ipinita, gero ezin irten.
Izango dira hau baino leku egokiagoak, bai lanerako, bai gizon handien semeek behar izaten duten (?) adina eskola hartzeko, bai diru egiteko ere. Baina, bizitzeko? Bakean, erraz, leun, ia-ia konturatzeke bizitzeko? Honetarako ez munduan ezta munduaren inguruetan Donibane Lohitzune bezalako herri egoki ta... xarmantik!
Itsasertzean, mendi politak hurbil, (noranahi jota, ibil-leku zoragarriak) herri baitan behar eta nahi beste, Donibaneko seme-alabak atsegin eta leunak dituzu. Hemen bospasei neskazahar intellectuelle alde batera utzita ez zaizu inor galdezka etorriko: Que pensez-vous de lavenir de la Russie? edo Et alors, cette bombe atomique? Ez. Hemen bakoitzak bere bizitza, edo herriko bizitza bizi du, buruhauste handi horiek zer nahi duzu ba! pittat alde batera utzita. Errusiako bizimodua, Donibandarrek alda al lezakete ba? Hobe dugu, beraz, txarto bizi direnengatik gaizki esaten ibiltzea baino, mundu honetan nola hobekixeago bizi litekeen erakusten saiatu. Ez al da lan hobea?
Negu aspaldi honetan eguzkitsuak ditugu, udaberri zerutar eta beti bezalako hego-udazken gorri berdingabeak. (Lagunak bezala maite ditut nik urte-sasoiak, eta haiekin lagun bezala ibiltzen naiz mintzo: Kaixo Udazken! Agur Negu! Zer dugu ba, zer dugu, aspaldiko Udaberri!)
Udaz, prakamotz hodeiak heltzen hasi orduko, hemen denda edo jatetxerik ez dugunok, goiz-goizetik mendirat edo norabait, urrun hiritik alde egitea hobe: turisten besape-izerdi horrek, pufff!, ez usain eder. Sudurrak itxi ta mendira. Baina, zer nahi duzu ba? Udaz, bi hilabetez, kanpotarrek utzitako urin eta koipez bizi baikara urte guzian gero, donibandarrok, lanean sobera estutu gabe... Alors! Voyons! Il faut être raisonnable, tout de même...!
Gure Donibane honetan, bakoitzak (Jainkoari behar beldur, ez jendarmeari) zernahi pentsa, egin eta irakur lezake; nolanahi jantzi; orotatik jan-edan... Ba! esango didazue dirua izan ezkero bai! Jakina: sosik gabe, ez da hemen ere jaterik. Baina joan zaitez, eguerdiz, Donibaneko langile baten etxerat, eta ikusiko diezu: elurra bezain mahai-zapi zuriaren gain, eltzekari bero begidun, haragi biguin odoltsu, arno gorri eder, eta... nolako ogi zuria!
Inguruko zenbait baserritan ere, markesarenean bezain dir-dir atzemanen dituzue hemen, argizariz igurtziak, etxe barne-beheak. Eta jan? Galde hemengo baserritar mutil gazteei, behar denean erretore jauna datorrela-edo nola antolatzen dituzten amak edo arrebak, Le canard à lorange, Les couchées à la reine eta nolanahiko pastixa gozoak. Parisen nonahi bezain ongi. Jantzi berriz? Ikustekoa da baserritarrak, igandez, zaldi-gurdi polit horietan, bezperetara nola jantzita etortzen diren. Lehen ez hala, noski Gure denboran esaten zidan hirurogei bat urteko emazteki kanpañatar batek ahizpa bi etxean, eta bientzat soineko bat: ahizpa bat Elizan zela, bestea etxean behar. Orain berriz!
Arrantzaleak, hemen ere, arloteenak: Dagoenean bonbon, ez dagoenean egon. Ontzia hutsik dakartela, gerrikoa estutu behar. Sardinaz-edo bete-betean baldin badatoz, harrapagarri hustuko dira, gau hartan, Donibaneko haragitegi ta goxotegiak. Zer nahi duzue, ba? Jainkoak egin zuen Martin, bere prakekin. Arloteak bai baina...? Bai al da, gure Herrian, arrantzaleok bezain bihotz eta esku zabalekorik? Euren Kantauri itsasoa ere, zabala baita...!
Zeren kontra ari den ikusi dugu. Zeren alde dagoen ere ez da zaila ikusten, agerikoak baititu maitasunak: lurra, natura, hizkuntza, jendea, herria... Sakonxeago begiratuta, nik esango nuke sentimendu estetiko bat duela (sentimendu erlijiosotik ere zerbait baduena; Gure parasolaren ibilketak artikulua ere adierazgarria da), Jainkoa-Lurra-Herria kate bakarraren hiru mailak elkartzen dituena; halaber, artikulu hauetan eta beste askotan, politika baino lehenagoko edo politika baino haragoko Euskal Herriaren batasun-ikuspegi bat erakusten du Monzonek. Batasun geografikoa (Kresala eta Garoa-ren mundua, biak maite ditu, azken hau hurbilago sentitu arren); batasun denborazkoa (Donibaneko artikulu berean, aurreraxeago, hala dio: Oi hilak biziekin bat egite ederra! Oi eten gabeko lehenaren orain eta geroa! Gure Euskalerri zahar eta gazte!); gazte eta zaharren arteko batasuna ere bai, aurrekoari lotua (gazteenganako mirespena beti erakutsi zuen, eta beranduago etorriko zen belaunaldi-etena 1951n aurreikusi zuela esan liteke Cecile sorel eta Borda-zuriko amatxi irakurriz); ideologien gainetiko batasuna ere nabarmena da beste artikulu batzuetan (esaterako, Eguberri gertaera bat, non Baleztena errekete-familia ezagunekoei ogia ematen dien); eta batasun interklasista aipatua dugu dagoeneko.
Sei. Kontalari iaioa
Filia eta fobien zerrendarekin jarrai genezake oraindik (esaterako, estereotipoen kontra eta tolerantziaren aldeko jarrera garbia erakusten du Apeza nola ezagutu dudan idazkian), baina arlo hori nahikoa landu dugu. Horrekin batera, orain arte aipatu ez badugu ere, nik uste nabarmen geratuko zirela bai Telesfororen aldarte alaia, bai haren ironia mehe adeitsua, bi ezaugarri nabarmen seinalatzearren. Amaitzeko, baina, Monzonen kontalari-alderdia azpimarratu nahiko nuke, orain arte haren pentsaera islatuko zuten testuak aukeratu ditut-eta. Ez du ematen fikzio-asmatzaile izateko grinarik zeukanik, ideia politikoak zabaltzeko helburuz parabolak asmatzen zituen arren (Belar orga lokatzetan gogoangarria, gure bilduma honetan); oro har, nahiago zuen gertaera egiazkoak kontatu: batzuetan dramatismoz (Angiolillo anarkistak Canovas hil eta gero bera urkamendira eraman zutenekoan, kasu), besteetan umorez (Beñat Elizanburu xelebrearen gorabeherak erakusten dizkigunean), eta inoiz baita egiazko zirraraz ere (Agirreren gau-beila oilo-ipurdia jartzeko kronikan, konparaziorako).
Pasadizoak kontatzeko egundoko dohainak zituen, beraz; berezitasun bat ere badu horretan, hala ere: pasadizo bat beste batekin kateatzeko joera, eta horri guztiari halako irakasgai bat eranstekoa. Esandakoaren adibide, liburua ixten duen ipuina ekarriko dizuet hona, hitzaldia bukatzeko ere nire hitzak baino idazlearenak ederrago eta esanguratsuagoak izango direlakoan. Hemen duzue bada Langosta baten inguruan, 1960ko artikulua:
Ziburun, Bordagain-eko tontorrean, bada etxe eder bat. Arizti esaten diotena. Etxe hori, aspaldi, Abadi-tarrena zen. Antoine dAbbadie euskalzale aipatuaren anai batena. Gero, Pariseko jostun handi batek erosi zuen. Eta horren ondotik, berriz, Pariseko andere handiki eta aberats batek. Udan, hauxe bizi da orain Ariztin. Eta bazkari dotoreak ematen ditu bertan. Hantxe jaten ditut, nik ere, urteko langosta bakarrak...
Alde batetik itsaso eta bestetik mendi, harritzekoak dira etxe horrek ageri dituen ikusgaiak. Iduri du, etxea bera, Euskalerriaren gain zankalatraba jarria. Baina nik behintzat ez dut zalantza handirik izaten. Etxe hartara joaten naizela, ez naute ni luzaroan ikusiko itsasoari begira. (Ez inori esan baina... ez dut itsasoa maite). Handik ageri diren mendien atzetik dihoazkit begiak. Eta hantxe ibiltzen zaizkit ederrez beterik, tontor batetik bestera nora jo ez dakitela.
Arizti etxe horren ondoan bada harrizko gurutze handi bat. Eta Bordagaineko gurutze horrek egiazko oroitzapena izaki guretzat. Toki hartantxe hila baitzaigu, Lardizabal aldetik, gure aitona zenaren aita. Bat-batean. Bere zakurrarekin ehizan zebilela gizona. Nagusia lurrean ikustearekin, zeharo erotu omen zen zakurra. Eta zaunka ta zaunka etorri omen zen Zibururaino norbaiten bila. Etxekoak ohartu nonbait. Eta zakurrari jarraitu ziotela. Bordagaineko gurutze ondoan atxeman zuten, lurrean etzanik, Laurgain-eko nagusia.
Baina ehiztari eta beren zakurrei buruz, badira hau baino ixtorio politagoak ere. Ez dakit denak egiazkoak diren. (Ehiztariak hatsa gezur baita erran zaharra.) Halere, entzungarriak dira batzuk. Eta honetan gabiltzan ezkero, aipatuko dizuet batto. Egiaz polita.
Sarako inguruetan iluntze batez, Lerenburu nire osaba zaharra zenarekin ibilian nenbilela, pasa zitzaigun ondotik iratze-orga bat karraxika. Itzain gaztea, aurretik, kantuz zetorren etxe aldera...
Ikusten duzu goizean, / eguna hasten denean...
Gelditu ginen biok, xoratuta. Eta gurdia urrundu zelarik, esan nion nire osabari: Errazu osaba. Hori baino olerki ederragorik egin ote da euskaraz? Goxoki begiratu zidan endore-midiku zaharrak, eta bota zidan kolpez (berak zuen berdingabeko dotoretasun harekin): Olerki eder hori ba al dakizu non eta nola sortua den? Adi zazu ba ongi. Eta Sarako plazarat hurbiltzen ari ginelarik, gertaera polit hauxe aipatu zidan:
Elizanburu zena, ehiztari amorratua zenuen. Bai-eta gure aita zena ere. Biak ibiltzen zitzaizkizun beti, noiz-nonahi, elkarrekin ehizan. Egun batez goizean goizik, Sarako beste lagun batzuekin, atera ziren biok erbitara. Eta aitzinetik hauta lekurat heldu zirelarik, zakurrak askatu eta jarri zen ehiztari bakoitza bere tokian. Elizanburu eta gure aita ez ziren elkarrengandik urrun. Bakotxa, ixil-ixilik, bere bide-gurutzeari so. Halako batez, urrun, hasi ziren zakurrak saingaka. Eta zaunka haiek errekako bidea hartu zutelarik, ehiztariak ari omen ziren bere baitan: To! Oraingoan Elizanbururi datorkio erbia! Esan ta izan. Zakurrak amorru bizian karraxika zituela ondotik, hurbil-hurbiletik igaro omen zitzaion Elizanbururi erbia. Baina... tirorik ez!! Non zen ba Elizanburu? Zerbait gerta ote zitzaion beldur, hurbildu omen zitzaizkion lagun guziak lasterka. Eta... belarrean etzanda atxeman omen zuten gure Elizanburu, paper puntta batean zerbait idazten ari zela. Non hintzen gizona? Erbia ez duk ikusi? Eta Elizanburuk: Erbia? Bazen erbirik? Ez naiz ohartu ere. Eta xutiturik, eman omen zien kantuz orduantxe sortua zuen olerkia...
Ikusten duzu goizean, / eguna hasten denean...
Olerki haren adituz xoraturik, abantxu barkatu ere egin omen zioten Elizanbururi, bere Sarako lagunek, erbi eder haren ihesia!.
Egia ote, ez ote? Nik, entzun bezalaxe ekarki. Beharbada, osaba ari zait Zerutik irriz keinuka: Egia ote den? Egia itsusiak baino, nahiago nitian nik munduan gezur pullitak!
Baina non nabil ni? Zer ari naiz ni kontu-kontari, Ziburutik Sararat zerutik barna? Gatozen berriz zintzoki Bordagain tontorrerat. Handik ateratuak baikara. Eta ipuinetan ari garen ezkero, aipa dezagun niri, aste honetan, Arizti jauregian gertatua.
Komitatuak ginen bazkaritarat. Nor atxeman behar genuen jakiteke. Eta gure ondotik laster, sartu zen gizon zahar dotore bat ere, monokulua zintzilik zekarrela. Nor dugu hori?, galdetu nuen. Eta belarri ondorat erantzuna: X-ko enbaxadorea, Madrilen. Gure anaia ere gurekin baitzen, eta haren ez-ixiltzeak ezagutzen baititut aspalditik, egin nion neure buruari: To! Gaur badiagu hemen xaltxa.
Izan ere, bi xaltxa atera zizkiguten mahaian jarri orduko. Bata langostaren laguntzaile hura. Ze xaltxa! Eta bestea berriz enbaxadoreak berak sortua. Donostiatik nator esan zigun eta Castiella-k komitatua nau gaur berarekin afaltzeko. Mahaiaren beste aldetik nire anaiaren ahotsa: Hori! Euskal apaizen arazoa aipatuko diozu beraz, enbaxadore jauna. Akabo! Gerta beharra gertatua zen. Gero gerokoak.
Enbaxadore gizajoak ez omen zekien halaxe esan zigun euskal apaizen berri deusik. Nola aipatuko zion fitxik ministroari beraz? Etxekoandreak esan zion nola aspaldiko kontua zen eta, munduko izparringi guziek nola aipatua zuten euskal apaizen idazkia. Alferrik, harek ez omen zuen ezer ez jakin eta ez irakurri. (Monokulua zertarako zuen ba?) Nire anaiak ez baitzion barkatzen ordea, azkenean aitortu zigun: Horra. Nire erregea ez da Francoren lagun. Nire Gobernamendua ere ez. Baina ni bai. Ni zeharo nauzue Francoren aldekoa. Jainko maitea! pentsatu nuen nik, a ze ordezkariak dituzten munduko xoxolista batzuek ere!! Gu katolikooi bezala gertatzen zaie nonbait xoxolista gaixoei ere: horra ze enbaxadorea Madrilen! Hortaz, frankokeriaz, Antoniutti gure Nuntzio jaunaren antzekoa! Badakit zer erantzungo didaten xoxolista jatorrek: Zer nahi duzu! Asmoak asmo izaki, eta gizonak gizon.
Badakit. Horixe bera esan behar izaten dugu katolikook maiz. Egun batez, asmoek atxemanen dituzte beharbada zerbitzari egokiagoak. Artean... zatozte xoxolista gaixook, eta kontsola dezagun elkar!
Baina zergatik eta zertako negar? Utzi negarra negartientzat. Hobe dugu irria. Hargatik, barre pixkat egiteagatik, esan nion enbaxadoreari: Enbaxadore jauna! Utzagun politika alde batera. Bestela haserretuko baikara. Eta ez merezi. Begira zein ederki garen hemen: bista eder, mahai aberats, giro atsegina. Eta...
Errazu, etxekoandre, jarleku hauek zureak al dira?
Jarleku hauek nireak diren? Nik uste! Zer ba?
Denek ezin baitute gauza bera esan.
Zer ari zara?
Horra. Nik badut zuei egiteko, enbaxadore jauna, otoitz bat. Behar dizuet mesede bat eskatu.
Politikaz?
Ez, ez. Gizabidez.
Esan.
Uda da eta, Donostian zagozte orain guziok. Horra ba, Francoren etxera zoaztelarik, harek esango dizue: Jarri, enbaxadore jaunak. Ordurako da nire otoitza. Arren eta arren! Hango jarlekuak hartu itzazuela goxoki. Exeri zaitezte emeki, jarlekuok urratzeke. Otoi!
Zer ba?
Eta ixilaren ixilean esan nion:
Nireak baitira.
Zureak?
Bai jauna. Nireak. Orain zuen ipurdien azpian ibiltzen diren jarlekuok, enbaxadore jauna, gure Bergarako etxean ikusiak ditut, sortu nintzenetik, gure saloi nagusiko ixilaren ixilean. Jarleku horietan ikusia jarririk, jai handietan, gure aita zena.
Nola? Francoren jarlekuok zuenak izaki?
Zergatik harritzen zara hola, enbaxadore jauna? Francok bere zangoen azpian daukan Herria ere, gauza bera duzu: Gurea!
Urtebetetze-opariaren aitzakian
(Joan den astean Txalaparta argitaletxeak Literotura bilduman aurkeztu zuen "Lehenengo aldia" ipuin-bilduma kolektiboan ageri den testua)
"Ai!
"Zer?
"Azazkalak.
"Barkatu, nahi gabe izan da.
"Ez, ez, segi.
"Hola?
"Bai, orain ondo.
"Nola bi hatz eskatu zenizkidan urtebetetzerako...
"Zu bai eskuzabala.
"Oraindik beste zortzi geratzen zaizkit.
"Eta zer egin behar duzu horrenbeste hatzekin?
"Izango da beste zuloren bat tapatzeko, ezta?
"Izango da zer edo zer. Baina zuk oraingoz segi horrela.
"Hemen?
"Goraxeago.
"Hola?
"Bai, bai, segi.
(...)
"Gustura?
"Bai. Itxoin... geldi.
"Zer?
"Ez, ez dut nahi azkarregi amaitzea.
"Aterako ditut hatzak?
"Ez, ez, utzi hor.
"Itxoin. Postura egokia hartu behar dut... Hola ondo.
"Kontaidazu zer edo zer.
"Kontatu... zer?
"Nahi duzuna.
"Ni ez naiz berez egoera hauetan asko hitz egitekoa...
"Kontaidazu lehenengo aldia.
"Lehenengo aldia?
"Bai, estreinaldikoa.
"Ez naiz gogoratzen.
"Nola ez zarela gogoratzen?
"Lehenengo aldi asko daude. Muxu ematen duzun lehenengo aldia, titia ukitzen diozun lehenengo aldia, zakila hartzen dizuten lehenengo aldia...
"Ba kontaidazu bat. Politena.
"Ez dakit.
"Nola ez dakizula? Segi hatzak mugitzen.
"Horrela?
"Bai, bai... Hatz batekin hobe.
"Honela?
"Ze ondo...
(...)
"Ondo?
"Uf! Primeran.
"Pozten naiz.
"Jarri hor. Orain nire txanda da.
"Ez da derrigorrezkoa. Zeure urtebetetzeko oparia zen.
"Baina nik nahi dut. Eta horko horrek ere bai, nik uste.
"Bai, horko horrek...
"Baina lehen ez didazu kontatu.
"Zer?
"Lehenengo aldia.
"Ez naizela oroitzen!
"Ze lotsatia.
"A!
"Zer?
"Hori... gustatu egin zaidala.
"Ba, kontatu zerbait, bestela gelditu egingo naiz.
"Ez, ez, ez gelditu.
"Ba kontatu.
"Zer nahi duzu kontatzea?
"Adibidez, tokia. Kotxe batean? Kanpinean? Gurasoen ohean kanpoan zeudenean?
"Ez dakit ba.
"Gelditu egingo naizela.
"Ez, ez, segi.
"Kontatu ba.
"Gero. Geroxeago...
(...)
"Gustura?
"Animalia bat bezala.
"Zigarro bat nahi?
"Ez, ez. Ez dut erretzen.
"Inporta zaizu nik erretzen badut?
"Nola inportako zait ba? Erre lasai. Bestela, martxa honetan, erretzaile eta ez-erretzaileen artean banatuko gara sexu-kontuetarako ere.
"Ba igual, martxa honetan.
"Ufa! Ze ondo geratzen den bat halakoetan.
"Ba oraindik ere zor didazu bat.
"Beste bat? Denbora pixka bat beharko dut, errekuperatzeko.
"Ez, hori ez. Edo geroago igual. Istorioarena esan nahi nizun.
"Ez duzu etsitzen, e?
"Ezta pentsatu ere.
"Ba, pentsatzen ari naiz eta...
"Eta zer?
"Ba, aurrerapauso gehienak, nik uste portalean eman nituela.
"Zure etxeko portalean?
"Ez, neskarenean. Maiderrenean.
"Konta, konta.
"Ez dago zer kontatu handirik. Etxerakoan, despedidarekin batean, ba, muxu luzeagoak, eskua pixka bat sartu...
"Baina hori ez da lehenengo aldia!
"Niretzat bai.
"Baina egongo zen jauzi kualitatiboren bat, ez dakit, azentsorean sartuta edo...
"Azentsorean? Bai zera! Eta bizilagun batek irekitzen bazuen?
"Beti utzi liteke bi pisuren artean, stop sakatuta.
"Ba ez zitzaigun bururatu. Klaustrofobia emango zigun.
"Akaso. Pasako didazu nire poltsa?
"Hau?
"Bai, eskerrik asko. Komunera noa pixka batean.
"Bale.
"Baina zuk segi kontatzen.
"Ez dagoela zer kontaturik!
"Kontatzen ez badidazu, ez dago holako beste urtebetetzerik.
"Hortaz zer edo zer asmatu beharko.
"Orduan bai, ezta?
"Jakina.
"Edozer egiteko prest sexuagatik.
"Edozer ere ez baina.
"Zer egingo zenuke zuk sexuagatik?
"Hori zaila da esaten.
"Hiltzeko gauza izango zinateke?
"Hiltzeko? Ez dut uste.
"Eta lapurtzeko?
"Gauza txikiak badira...
"Eta gezurra esateko?
"Askotan esaten ditugu, ezta? Ze guapa zauden horrela.
"Gezur bat al da hori?
"Ez! Egia berdaderoa. Eske, ikusi zaitut sartzen eta...
"Tararan.
"Eman buelta. Ez, beste aldera. Horrela. Chapeau!
"Gustatzen?
"Erretratatzeko moduan. Argazkiak ateratzen dituen mugikor horietakoa daukat nahi baduzu...
"Ezta pentsatu ere.
"Txantxa zen. Zatoz hona.
"Hemen...
"Bai, txokoan.
"Eta norbaiti sufriarazteko? Kapaz izango zinateke?
"Ahal dela ez.
"Eta besterik ezean?
"Nahita ez behintzat. Nahikoa sufritzen dugu bestela ere, ezta?
"Esan egia: zein da maitasunagatik edo sexuagatik inoiz egin duzun txarkeriarik handiena?
"Hola, gogoratzen naizela, bakar bat ere ez.
"Hara gure xantua!
"Benetan. Nahi gabe igual egingo nuen noizbait baina...
"Sudurra ez baina zakila luzatzen zaizue zuei halako gezurrekin.
"Ai, ai, ai...
"Ikusten? Hasi da pixkortzen.
"Halako masajeekin, beharko.
"Ba, ez dago masaje gehiago historiarik ez badago.
"Azkar hasiko naiz ni zerbait asmatzen.
"Asmatzen ez: egia izan behar du.
"Eta nola dakizu egia esan dudala? Sudurra berdin luzatuko zait.
"Sudurra?
"Sudurra edo.
"Portaleko abenturekin ari zinen. Maiderren etxean.
"Maiderren etxean, eta beste batzuetan ere bai.
"A bai? Horrek morbo gehiago du.
"Oraintxe etorri zait burura nola behin... Joder!
"Zer?
"Gure erruagatik atso bat ia hilda geratu zela.
"Hara! Sufriarazteko gauza ez zena.
"Eta okerrena da hantxe utzi genuela, batere lagundu gabe.
"Hiltzaile halakoa! Maiderren etxeak zortzi pisu zeuzkan, azentsorea etengabe zebilen gora eta behera, eta portalean ere uneoro jendea sartzen edo ateratzen. Eta egun batean, ez dakit Maiderri edo niri, nori bururatu zitzaigun, aldameneko atarian sartu ginen: etxe zahar bat da, lau bat pisukoa, eskailera egurrezkoak dituena eta azentsorerik ez.
"Eta han izan zen lehenengo aldia?
"Lehenengoa edo. Hala moduz.
"Eta atsoa?
"Etxe hartan zaharrak bakarrik bizi ziren, eta pisuen erdiak hutsik zeuden gainera. Baina portalera edonor sartu zitekeen. Hortaz, pentsatu genuen gora igotzea, goiko pisuraino.
"Eskaileretatik.
"Bai. Esan dizut egurrezkoak zirela, eta hots dexente egiten zuten. Beraz, poliki-poliki igo ginen.
"Disimuluan.
"Baina aldi berean barrez ari ginen. Badakizu egoera horietan barregura ze erraz sortzen den.
"M-m. Zuk segi kontatzen. Beste zigarro bat erre behar dut.
"Zapatak eskuetan igo ginen, eskailerek hotsik ez egiteko. Eta azken mailartera iritsi ginenean bertan geratu ginen. Goraxeago azken pisua zegoen, ganbara tankerako bat, eta han atso bat bizi zen bera bakarrik. Txikitan han jolasean ibilita zekien Maiderrek.
"Hortaz Maiderrentzat ez zen lehenengo aldia.
"Ez! Bueno, ez dakit. Nik uste baietz. Esan nahi nuen umetan bihurrikerietan-eta ibiltzen zirela han.
"Eta?
"Ba, hasieran ilun zegoen dena. Igo ere argia piztu gabe egin ginen, paretari eta elkarri helduta. Baina gora ailegatu ginenerako begiak ohitu samarrak geneuzkan ilunpera, eta eskailera gainetik ere gaueko argitasun hori sartzen zen, ilargiarena edo kaleko argiena.
"Ze erromantikoa.
"Pixka bat bai. Urduri geunden biok, urduri eta pozik nik uste, eta arropa kentzen hasi ginen.
"Zer zeneukaten jantzita?
"Jo! Ba ez dakit. Ez naiz oroitzen.
"Ze gutxi fijatzen zareten mutilak.
"Arropa azpikoetan neukan nik burua. Gogoratzen naiz bularretakoa askatu ezinik nenbilela, eta Maiderrek berak askatu behar izan zuela.
"Normala.
"Titi-muturrak gogortuak bezala zeuzkan, puntan.
"Nik bezala?
"Bueno. Ez guztiz, baina antzera.
"Antzera? Zuentzat titi guztiak al dira igualak?
"Ez, igualak ez.
"Baina antzera. Ya.
"Nik esan nahi nuen
"Ulertu dut, lasai. Segi istorioarekin.
"Ba, erdi biluzik geundela, muxuka eta hola hasi ginen.
"Muxuka eta hola? Xehetasunak, mesedez. Nor-Nori-Nork, baldintza eta subjuntibo, joder
"Gogoratzen naiz halako dardara bat izan nuela kuleroak jaitsi eta ile guztia ikusi nionean. Lehenengo aldia zen.
"Eta ilea ikusten al zen, gauean?
"Bai, bai. Esan dizut ilunpera nahiko ohituta geundela ordurako.
"Eta nolakoa zeukan?
"Zer?
"Ilea, Maiderrek. Nik bezalakoa edo?
"Ez, ez: Maiderrek argiagoa zeukan, eta ez hain ugaria.
"Errubia naturala. A zer mauka!
"Ba, hor geundela, hotsa ere egingo genuen-eta
"Ze hots?
"Ez dakit ba nik. Barreak edo. Postura hartzeko mugimenduak edo.
"Orgasmoaren orroak edo.
"Ez, horretara iritsi gabe geunden.
"Eta?
"Ba, laugarreneko atea zabaldu zela, eta hor azaldu zela amona Ximona.
"Amona Ximona al zuen izena?
"Hala omen zuen, bai. Ba, amona Ximonak atea zabaldu eta gu eskaileretan behera abiatu, dena izan zen bat.
"Amona baino azkarrago ibiliko ahal zineten behintzat!
"Bai baina, galtzak orkatiletan, zapatak erantzita, alkandorak-eta eskuan Ez geunden korrika egiteko egoera aproposenean.
"Eta amonak harrapatu zintuzten.
"Bai zera. Saiatu bai. Nola-hala, dinbili-danbala gindoazen Maider eta biok, eta beste norbait sumatzen genuen geure atzean.
"Amona Ximona.
"Horixe. Baina halako batean estropezu egin zuen, eta egundoko burrundara atera zuen eskaileretan behera.
"Eta ikusi zenuten erorita?
"Ikusi ez. Zarata bat-batean gelditu zela konturatu ginen, eta ez zela ezer entzuten gure hotsaz kanpo. Baina gu ordurako portalean geunden, arropak ahal zen moduan txukuntzen, handik ihes egiteko.
"Eta ez zen beste bizilagunik atera?
"Orduan behintzat ez. Gorraizea izango zuten, edo lapurrak zebiltzan beldurra, eta nahiago izango zuten etxe barruan geratu.
"Eta amona gaixoa han.
"Okerrena izan zen, kanpora ateratzera gindoazela, haren aienea entzun genuela, kexuka.
"Eta zuek zer egin zenuten?
"Isil-isilik alde egin.
"Atso gaixoa aiumaka utzita, zuen haragikoikeriagatik.
"Beldurragatik ere bai.
"Izan ere, berekoia da plazera.
"Ba, horren kontra zer edo zer egin beharko da, ezta?
"Adibidez?
"Adibidez, batak besteari oparitu, eskuzabal.
"Urtebetetze eguneko oparia bezala?
"Urtebetetze-oparia lehenagokoa zen.
"Eta hau?
"Hau propina.
"Ai.
"Zer?
"Ez, ez, ondo. Segi.
Beasain, 2004/06/13
Calatrava anaien antzera
Plateruena Durangoko kafe-antzokia ezagutu nahi genuela-eta, hara joan ginen joan den ostiral gauean, Gariren kontzertuak aitzakia polita ematen zigunez gero.
Lokala ederra, txukun eta egoki prestatua, kanpoan udalak egin beharreko urbanizazio-lanak amaitu barik dauden arren. Ea azoka hasterako egiten duten. Giroa ere egundokoa, gazte jendez eta sasoikoz gainezka, Heinekenak edaten, musikariak noiz hasiko.
Gariren aurretik "Sei urte" izeneko talde bat aritu zen, nik ezagutzen ez nuena. Teknikaz txarrak ez ziren arren, akorde, harmonia, tinbre eta egitura berberak zituzten abesti guztiek, eta aspergarriak gertatu ziren, nire uste apalean. Lehen lerroan fan sutsu batzuk zeuzkaten, baina gero deskubritu nuen "grupi" haiek taldearen kamixeta eta CDak saltzen zituzten berberak zirela.
Atera zen azkenean Gari. Kantari ekin aurretik, baina, Paddy Rekaldek poema batzuk errezitatu zituen "Bilbo dub kronikak" bere azken liburutik. Tenple onez bota zituen, eta testu aproposak ziren gainera halako gau baterako, entzule bat edo beste urduritu arren.
Eta Gari hasi zen halako batean. "0-tik" azken diskoko kantuak abesten, euskaraz eta gaztalaniaz. Sendo, dotore, oholtza gainean egoten eta jendearekin komunikatzen badakiela erakutsiz, garai batean bezala. Garai batekoak aipatu ditudanez, bere bakarkako aurreko disko bietako piezak ere eskaini zizkigun ("Zaharra zara Bilbo", "Astiro eta amorruz" eta abar), baita Hertzainak-en garaiko bat edo beste ere, bisetan ("Aitormena"ren bertsio bat, horien artean).
Ni ez naiz kritiko musikala ordea, ez daukat horretarako jakituriarik ez aski sentiberatasunik. Xelebrekeria bat bururatu zitzaidan kontzertua entzuten nengoela, eta hemen botako dut, Garizaleek barkatuko didatelakoan.
Oroitzen Calatrava anaiak, Francoren garaiko telebistan asko ateratzen ziren umoristak? Bata guapoa eta bestea itsusia, kontraste horretan zetzan euren grazia. Aldeak alde, Hertzainak-eko Gari eta Josu Zabalarekin konpara genitzake. Urteak pasa ahala, baina, Calatrava anaiak elkarren antz gero eta handiagoa hartuz joan ziren; eta ostiral gauean iruditu zitzaidan, odolezko anaiak ez diren arren, Gari ere Josuren antza ari dela hartzen, ahoa zabaltzeko imintzioetan, aurpegierako zimurretan...
Bueno, mitomanoen kontsolamendurako erantsiko dut Mick Jagger-en antza ere gero eta handiagoa duela gure Garik.
Putaseme soziala errukarri denean
Lagun batek kontatu zidan aurrekoan bere lagun batek kontatutakoa (leienda urbanoa dirudi honek: lagun baten lagunaren istorio berdaderoa...). Lagunaren lagun horrek omen zioen desesperatuta zegoela, putaseme sozial hutsa zela konturatuta:
"Begira -zioen- gizonezkoa naiz: beraz, emakumeen zapaltzaile objetibo eta jipoitzaile potentziala; tarteko adinean nago, beraz, ez naiz babestu beharreko zahar, zaindu beharreko ume, kutixiak onartzen zaizkion gazte; zuria naiz eta mendebaldarra, beraz, hirugarren munduaren zurrupatzaile eta beste arraza guztien azpiratzaile; lana daukat, beraz, miserian bizi diren gizajoen egoeraren errudun. Ez daukat barkaziorik".
Nire lagunaren laguna ez zen euskalduna izango, nik uste, bestela hizkuntzan aurkituko zuen gutxiengotasun mirarizkoa, bere nagusikeria alu horretatik salbatuko zuena.
Pasadizo hori etorri zait gogora gaur aurkeztu behar dugun liburuaz pentsatzean. Iazko Literaturako Nobel saridun J.M. Coetzee hegoafrikarraren Lotsaizuna euskaratu du Oskar Aranak, AEDk eta Elkar-ek Kutxako Gizarte Ekintzaren laguntzaz antolatzen duten Jokin Zaitegi itzulpen sariari esker.
David Lurie dugu nobelaren protagonista: 52 urteko gizonezkoa, unibertsitateko irakaslea, sexu-afera baten erruz lana galdu eta alaba bizi den etxaldera joango dena; naturaren harmonia ez da dirudien bezain lasaia, ordea, mendeetako arrazismoak bere orbainak eta ordainak baititu apartheidaren osteko Hegoafrikan.
Ez da erraza topatzen Coetzee bezain zorrotzik gizarte-talkak gordin eta sakon aztertzen, klixe eta zuzentasun guztietatik urruti: arrazen eta kulturen arteko gatazka ez ezik, sexuen artekoa, belaunaldien artekoa, arrazoimenaren eta pasioaren artekoa Denetan ere barreneraino sartzen du hatza, fikziozko pertsonaien baitan geure arima taupaka sentiarazteraino.
Erritmoa bikain zaintzen duen prosa zehatz eta doi batez, irakurlearen gogoan luzaroan geratzen diren maisulan horietako bat lortu du J.M. Coetzeek (Lurmutur Hiria, 1940), aspaldi ez bezala mundu osoko kritikaren nahiz publikoaren adostasuna lortu duen Nobel saridunak.
Nik ere nahi nuke poema lotsagabeak egin
Nik ere nahi nuke poema lotsagabeak egin
Esan, adibidez, koka eta whiskya nahasten ditudan gauetan ez zaidala altxatzen
Edo altxatu eta ez zaidala jaisten, berdintsu dio.
Nik ere nahi nuke espeirentzia exotikoak kontatu
Esan, konparazio baterako, Malaysiako ilunabarrek kolore berezia daukatela hango neskatxen larruazalean
Edo mutikoen ipurmasailetan, zergatik ez.
Nik ere nahi nuke abentura kilikagarrien protagonista izan
Esan, esate baterako, atseginez oroitzen dudala tifoien burrundara ontziko txopan
Edo balen ziztua belarri ertzean, behin halakoak esaten hasita.
Nola esango dut halakorik ordea?
Hiritar prestuarena dut bizimodua
Are gehiago: fraide burumotzarena dut bizimodua
Hala hautatu nuelako edo bestetarako talenturik izan ez dudalako.
Nire pena, beraz, ez da hamaika birjinaren iturritik edan ez izana
Ezpada
Halakoak gezurretan bada ere asmatzeko gauza
Ez izatea.
Beasain, 2004-11-13
Durduzaz eta dardaraz
(Andoni Egañak idatzi eta Hariadna argitaletxeak atera berri duen "Hogeita bina" bertsolaritzari buruzko saiakera liburuari egindako hitzaurrea)
Aitor dezadan ezer baino lehen: mirespen eta inbidia diet nik bertsolariei, handia. Lehenik eta behin, haiena sormen-lan ikaragarria iruditzen zaidalako, nire gaitasunentzat guztiz iritsezina. Horrek ez du esan nahi izaki estralurtar, gizagaindiko, aparteko eta mirarizkotzat jotzen ditudanik: badakit bertsoa "beste arte-jarduerak bezala" berezko dohainaren eta landuriko tekniken emaitza dela; talentuaz aritzea zein alferrikakoa den jabetuta, teknikaz dihardu hemen idazleak, besteak beste: bertsoa nola egiten den, errimaren gorabeherak, diskurtsoa antolatzeko moduak, doinuak eta abar. Urteetan emandako hitzaldi, ikastaro eta artikuluetan azaldutako iritzi eta gogoetak dira batzuk, guztiz berriak bestetzuk, denak ere jakingarri eta "lilura barkatzen badidazue" bere osoan txundigarri.
Edozein langintzatan, puntako egile batek bere lan-prozedurak, kezkak eta martingalak agertzea beti da ikuslearentzako plazer eta opari; lehen miresgarri irizten geniona ez zaigu kamutsago irudituko, baina bai hobeki ulertuko. Halako zerbait gertatzen da liburu honetan. Andoni Egaña zein artista handia den, nik esan gabe ere badaki irakurleak. Bere handitasunaz gain beste ezaugarri batzuk ere agerian uzten ditu obra honetan: hausnarketarako gaitasuna eta zaletasuna, etengabeko hobetzearen grina, zenbat gustatzen zaizkion arriskua eta desafioa, jokoa nahiz jolasa, zenbateraino maite duen bertsolaritza bere osoan, eta nola maitasun hau bizitzarekiko bere irrika eta interes aspergaitzaren errainua den. Bizitzari (munduari, errealitateari) bere luze-zabalean etengabe begiratzearen ondorio da, neurri handi batean, Egañaren bertsokera, eta, era berean esan liteke, bertsoari eta honen inguruabarrari bere luze-zabalean erreparatzearen ondorio dela liburu hau, bertsolaritzaren gaineko hogeita bi saiakera laburren bilduma, arte honi buruzko tratatu goitik beherakoa izan gabe "ezta nahi ere" mila arrasto, iradokizun, gogoeta eta irrirako aitzakia eskaintzen diguna.
Egañaren handitasuna aipatu dut goraxeago, eta hitzaurregilearen gizalege edo eskerrontzat jo dezake baten batek. Bertsolaritzaren handitasuna ere gogoratu eta goratu nahi nuke ordea, hor ez baitaukat inongo zorrik. Bistako egia da Egañak asko eman diola bertsolaritzari, baina alderantziz ere beste horrenbeste esan liteke: asko eman dio bertsoak Egañari. Idazleen artean behin baino gehiagotan sumatu izan dut halako gutxiespen moduko bat, bertsoa dela eta ez dela; ez nuke pentsatu nahi oihartzun eskasagoak eragindako erresumin hutsa denik; beharbada hizkuntza bidezko sorkuntzarekiko kezkagatik izan liteke, bertsoetan ugariago izaten baita topikoa, sarriago axalkeria, bat-batean jardun beharraren ezinbesteko makurrak. Hala ere, bertsolaritza apur bat segitu eta ikertu duenak derrigor kendu behar txapela, etengabe sortzen den komunikazio ederraren eta txitean-pitean azaltzen zaizkigun perlen aurrean.
Poesia, komikia, kirola... hainbat eta hainbat esparru erabiltzen ditu Egañak bere argudiatze eta konparazioetarako. Beste bat ekarriko dut hona, eta sinets iezadazue, arren, asmo zintzoz ari naizela: zirkua etorri zait hainbat aldiz gogora, ez gaur bere ezinean endekaturik sumatzen dugun etxola triste hori, ezpada garai batean aho-zabalik edukitzen gintuen ikuskizun oso eta noble hura: bertsolariak pozez barre eragingo digu tarteka pailazoen antzera; zirrara ere bai inoizka, lehoiak gobernatzen dituen bezatzailearen moduan; arnasari eutsiz eta begiak zabalik egongo gatzaizkio begira maiz, airean eroriko / ez eroriko dabilen trapezistari bezala; eta adarra joko digu nahi adina aldiz, kapelatik usoa ateratzen duen magoaren gisan.
Durduzaz eta dardaraz bataiatu dut hitzaurre hau, izena liburu batetik hartuta (Nathalie Nothomb frantsesarena, Joxan Elosegik euskaratua eta Igelak argitaratua). Durduzaz eta dardaraz, halaxe egon behar omen du japoniar batek bere enperadorearen aurrean. Ez dakit zein den euskaldunek gure artista gorenei eskaini beharko geniekeen errespetua, baina argi dago bertsolariei ematen diegun tratua urrun dagoela Japoniako enperadorearenetik, eta hori ere bada mirespenerako beste arrazoi bat: herriz herri eta egunez egun, diren eta ez diren forofo, kapar, jator usteko eta xelebre guztiak inguratzen zaizkie (gatzaizkie), eta haiek, onez eraman ez ezik, igurtzi horretatik ikasi ere egiten dutela esaten dute. Bejondeiela!
Hogeita bina du izenburua liburuak, eta sarrerako testuan azaltzen du egileak tituluaren arrazoia; irakurtzen hasi aurretik, beste bat nuen nik imajinatua: pilotan ez bezala, posible dela bertsotan hogeita bina egitea, teman ari diren biak irabazle suertatzea, batek ondo egindako lanak besteari ere mesede egiten dionez gero. Honen haritik, eta beste aitorpen batekin amaituko dut, badute bertsolariek, buru-ahalmen harrigarriaz gainera, beste motibo bat nire inbidiarako: haien artean sumatzen dudan auzolana, bertsotan elkarrekin egitetik harago doana; ez dago ikusi besterik zenbat bertsolari gazte eta sasoiko aritzen diren elkartearen ohiko lanetan nahiz txapelketa, batzar eta bestelakoen antolamenduan. Beste arlo batzuetarako ere nahi nuke nik horrelako hartu-eman eta kidetasuna; artisten berezko berekoitasunak galarazten duela erantzungo dit baten batek beharbada, baina zer demontre: bertsoetako azken arrazoia hasiera aldeko puntuetara igotzen saiatzea proposatzen du hemen Egañak, eta hori ez da, inondik ere, errazagoa.
Patxi Gallego: Zenbait euskal topikoren inguruan irribarre ironiko bat egiten saiatu naiz.
Pololoak (1). Poxpoliñen lurriña, Xabinator euskal super-heroiaren lehenengo abentura-liburua plazaratu du Patxi Gallegok. Haurrentzat ez den komiki-liburua, euskaraz eta euskaldunentzat sortua. Aukera egokia, egileari bere lanaz galdetzeko.
Komiki-liburu edo nobela grafiko batekin zatozkigu. Apustu ausarta, dudarik gabe. Jendearentzat ezezaguna den batengandik gainera. Nor da Patxi Gallego, eta zertan ibili da orain arte?
Patxi Gallego 31 urteko Errenteriar bat da, eta oso gustura bizi da ezezagun izanda, baina orain beldur da anonimatotik atera beharko duela bere Xabinaitor super-heroi eskas hori ezaguna izatea nahi badu. Zertan ibili naizen orain arte? A ze galdera kuxkuxeroa. Besteak beste, Marko bezala, mendian gora eta behera, nire amaren bila baino gehiago nire poxpolin kuttunaren bila. Eta, batez ere, lanean! Liburu hau egiteko behar nuen urtebeteko subentzioa parotik kobratu ahal izateko lanean, Euskal Herriko hamaika ikastetxetan DBHko basapiztia horiek aguantatzen.
Obsesio pertsonal, kezka kultural eta zirkunstantzia politikoak
Eta liburu hau sortzeko ideia, nondik nora sortu zitzaizun?
Beno, nik beti izan dut horrelako zerbait egiteko gogoa, eta 30 urte ingurura iristerakoan, batzuei behintzat, bizitza honetan fundamentuzko zerbait egiteko garaia dela iruditzen zaigu; ba, nonbait, liburu hau da egin dezakedan gauzarik fundamentuzkoena. Barkatu, ama, badakit zerbait hobea espero zenuela. Liburua lauzpabost obsesio pertsonal, zenbait kezka kultural eta momentuko zirkunstantzia politikoen isla bat da, nolabait, baina, batez ere, euskaldun batek euskaldunentzako egindako helduentzako komiki-liburua da, fikziozko istorio bat geure buruaz barre pixka bat egiteko. Norbaiti grazia egiten badio behintzat, ze ez dakit ba...
Euskal frustrazio sexual guztien bilduma da zure pertsonaia, nolabait ere. Euskaldunen sexu-gabeziaren kontu hori ez al da topiko bihurtzen ari?
Bihurtzen ari? Jakina topiko bat dela, aspaldikoa gainera. En Euskadi follar no es pecado, es un milagro zioen esaldia Garaikoetxearen garaikoa edo izango da, gutxienez, eta niri, egia esan, mirari bat iruditu zitzaidan lehenengo aldiz egin nuenean. Dena den, ez dakit ze puntutaraino jarraitzen duten belaunaldi berriek topikoari eusten, badirudi horretan liberalagoak edo direla, nahiz eta, nire ustez, eta ikastetxeetan ikusten dudanagatik, beste zentzu askotan erreakzionarioagoak izan. Hala ere, liburuko pertsonaia ez da sexualki frustratuta dagoen euskaldun tipikoa, nire ustez, askoz konplexuagoa da. Horrek behintzat iraganean izan zuen bizitza sexualik, gerora etorri zitzaizkion arazoak, euskal zerak sortutako disfuntzio neurologiko bategatik edo...
Hala ere, frustrazioen gainditzearen adibide ere bada Xabinaitor, zure super-heroia. Hori da aurkezten diguzun eredu eta ispilua?
Ez, ez, mesedez, ez dezala inork Xabinaitor eredu bezala hartu, lehenengo hegaldi ahaleginean bereak egingo du eta!
Kultura folklorearen sinonimo?
Kariñoa eta ironia nahasten dituen begirada botatzen diozu lehenaldiari: institutuko garaiak, neska jarraitxuen lilura, guraso peneuveroen kontuak... Ez ote zara nostalgiaren biktima bihurtu?
Ez, portzierto. Ni berez banaiz atzera asko begiratzen duten horietakoa, ez diot horri beldurrik, etengabe ari naiz haurtzarora itzultzen, eta, gainera, ez ditut joandakoak ahaztu nahi, ez gertaerak ez eta pertsonak ere, baina aurrera begiratzen ere badakit. Edonola ere, ez dut uste nostalgikoa naizenik, eta are gutxiago institutu garaiekiko (Nik BUP eta COU ikastolan egin nituela esan behar da, ikastolero peto-petua naiz, beraz, terrorista bat potentzialki): jarraitxuek lilura nire pertsonaiari sortzen zioten, ez nahastu egilea eta pertsonaia; eta guraso peneuveroak ere ez nituen izan, zorionez. Ez, ez daukat eskolako garaiekiko nostalgiarik, garai latzak ziren haiek, kiroletako klasean (egun soinketa), adibidez, gogoan dut neska denak txandalarekin joaten zirela, eta ni frustratuta, haien zango luzeak pantaloneta ttipi baten azpitik nola agertzen ziren ametsetan. Oso tristea, eta gogorra. Eskola sofrikario txiki bat zen, bizitza haren ondoren zetorren, oporretan, udan... Bainu-jantziak, ura eta eguzkiaren distirak, beroa, izerdia... Aiii, ez naiz ba nostalgiko jarri!
Euskal folklorearekin ere malaletxe dexente darabilzu: idealizazioaren eta mespretxuaren artean. Horrela ote gabiltza gu denok ere?
Neurri batean bai, ezta? Denok gara nahiko folklorikoak, baita ni ere, zoaz bestela nire disko bildumara eta botaiozu begirada bat euskal musikaren sailari. Nik ez daukat ezer folklorearen aurka, baina herri honetan askotan badirudi kultura folklorearen sinonimo dela, eta ni horren aurka nago. Hemen gauza berritzaileak sortzen dituen jende gazte eta ez hain gazte asko dago, baina ez zaio behar adinako babesa eta oihartzuna ematen, eta askotan jende horren ahalegina antzua suertatzen da. Euskal telebistaren programazio kulturalari begiratzea besterik ez dago, edo euskal zinemagintzaren panorama penagarriari. Ez al dago hemen zinea egin nahi duenik? Laburmetraiak egiten dituztenak badira behintzat, atzerrian sariak jasotakoak gainera, baina nik ez dut film horietako bakar bat ere telebistan ikusi, eta antzerkiari edo, esaterako, dantza garaikideari dagokionez, beste hainbeste. Hori bai, trikitixa, bertsolari eta aurresku txapelketak noiznahi. Uda honetan jota navarrico-en txapelketa bat ematen ari zirela ere ikusi nuen, pentsa! Eta ez dut Euskadi Gazteari buruz hitz egiten hasi nahi...
Dramatismo punttua eta kritika soziala
Xabiren begirada lizun/lotsatia konpensatzeko-edo, emakumezko protagonista daukagu nobelaren bigarren harian: Kariñe. Gizon metrosexualaren alderdi femeninoa atera zaizu, ala estrategia komertziala da?
Metrosexualaren txorrada yanki hori aipatzen duzunez esango dizut, termino hori asmatu aurretik ere, nik sarritan aipatu izan dudala lagunartean, txantxetan edo, ni hetero-gay-a nintzela, banuela nire alderdi femeninoa ere. Gainera metrosexualak Beckham eta konpainia dira, ez ni zaku horretan sartu, mesedez. Dena den, eta gatozen harira, Kariñe, emakumezko pertsonaia, beharrezkoa zen istorio honetan: poxpolin batek protagonista behar zuen izan, Xabinaitorrekin batera, eta poxpolin nagusi hori Kariñe da, kontakizunari dramatismo punttu bat eta kritika sozialaren osagaia gehitzen dizkiona. Gainera, bada beste topiko bat, komikiak batez ere mutilei gustatzen zaizkiela esaten duena, eta hori bai nahiko nukeela gainditu. Berez, liburuaren zirriborroa erakutsi izan diet zenbait neskari, heterosexualei nahiz lesbianei, eta, gaizki dago nik esatea baina, asko gustatu zaie eta barre ere gustura egin dute nire pozerako. Kexatu behintzat ez zaizkit kexatu.
EHko talde guztien lepotik egiten duzu barre. Zein uste duzu moskeatuko zaizula gehien, eta nork hartuko duela ondoen?
Nik ez dut liburua inor moskeatzeko intentzioarekin egin, baina ezta lagunak egiteko intentzioarekin ere. EHko zenbait topikoren inguruan irribarre ironiko bat egiten besterik ez naiz saiatu. Gainera, ni ere EHkoa naiz eta ez naiz nire etxearen aurka harrika dabilen zoro bat, baina, akaso, gure etxeak oraindik ere leiho batzuk zabaldu behar ditu haize freskoa sar dadin, eta ironia izan daiteke leiho horietako bat. Joño, a ze metafora atera zaidan! Dena den, jakin badakit ironiarena oso arriskutsua dala zenbaitekin, niri maiz gertatzen zait pertsona batzuekin, modu ironikoan hitz egiten hasi eta ez didatela ezer ulertzen konturatzea, eta halakoetan inkomunikazio egoera xelebre bat ematen da; espero dut liburuarekin horrelakorik ez gertatzea.
Beriain, euskal Rushmore
Txindokipean hazitakoa naiz ni; egunero ikusten dut Aralarko tontor hori, ikuspegi tipikoenetik gainera, eta barkatuko didazue xobinismoa mendi dotorearen eredutzat daukadala esaten badut. Bada beste mendi bat hala ere, bere bistak txunditu eta liluratzen nauena: Beriain, jende askok San Donato moduan ezagutzen duena, Aralarren aurrez aurre Nafarroako Sakana menderatzen duena. Oraintxe jakin dugu gainera, bertan dagoela Euskal Herriaren erdigune geografikoa, Olibesarioko saroia deritzan parajean, hain juxtu.
Etxarri Aranatz edo Arbizu aldetik genbiltzala, hura gainean ikusita, nire andregaiari etorri zitzaion behin gogora, Euskal Rushmore izan zitekeela Beriain mendia. Rushmore izenak ez dizue gauza handirik esango agian, baina seguru hamaika pelikulatan ikusi duzuela: Estatu Batuetako mendi bat, harrian bertan herrialde hartako lau presidenteren aurpegiak zizelkaturik dauzkana: Washington, Jefferson, Lincoln eta Roosevelt. Roosevelt ere hor zegoela jakin gabe, Far Westerako emigrazioarekin lotzen nuen nik irudia, XIX. mendean, baina entziklopedietan begiratuta jakin dut 1919an egin zutela, Hego Dakotan. Ronald Reaganen irudia gehitzeko proposamenak izan ziren orain dela urte batzuk baina badirudi bertan behera geratu dela asmo hori, oraingoz.
Euskal Rushmore izendatu eta gero, handik pasatzen ginen aldiko txantxetan hasten ginen andregaia eta biok, noren aurpegiak irudikatu beharko ote liratekeen Beriainen, Altsasutik Irurtzuna bidean edo alderantziz doazen autozaleen gozagarri. Lehendakariak hartzen baditugu irizpidetzat, Agirre, Garaikoetxea, Ibarretxe bururatzen ahal zaizkio bati (horiek eta Ardanza ageri dira orain Vaya Semanitako esketxetan; Leizaola ahaztu zaie nonbait, ez dakit txepelagatik edo aski ezaguna ez izateagatik). Baskongadismoaren bekatua du aukera horrek ordea. Urralburu, Alli, Otano eta Sanzek ere ez lukete itsusi emango, lurraldetasunaren aldetik lehen bezain herren edo herrenago geratuko ginateke baina. Ikuspegi zinez nazional eta konsensuzko bat zaila da, dena dela: Zumalakarregi adostu genezake, bere txapelarekin; Antso III.a beharbada, zer itxura zeukan ez dakigu baina; eta hortik aurrera? Sabino? Kanpion? Xaho? Eta gizonezkoak izan behar al dute aberriaren guraso guztiek?
Mendia bere horretan uztea izango da onena baina, berriketan jardutea gustatzen zaigu eta