Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan / Urtebetetze-opariaren aitzakian

Urtebetetze-opariaren aitzakian

xme 2004/11/23 01:00

(Joan den astean Txalaparta argitaletxeak Literotura bilduman aurkeztu zuen "Lehenengo aldia" ipuin-bilduma kolektiboan ageri den testua)

"Ai!
"Zer?
"Azazkalak.
"Barkatu, nahi gabe izan da.
"Ez, ez, segi.
"Hola?
"Bai, orain ondo.
"Nola bi hatz eskatu zenizkidan urtebetetzerako...
"Zu bai eskuzabala.
"Oraindik beste zortzi geratzen zaizkit.
"Eta zer egin behar duzu horrenbeste hatzekin?
"Izango da beste zuloren bat tapatzeko, ezta?
"Izango da zer edo zer. Baina zuk oraingoz segi horrela.
"Hemen?
"Goraxeago.
"Hola?
"Bai, bai, segi.
(...)
"Gustura?
"Bai. Itxoin... geldi.
"Zer?
"Ez, ez dut nahi azkarregi amaitzea.
"Aterako ditut hatzak?
"Ez, ez, utzi hor.
"Itxoin. Postura egokia hartu behar dut... Hola ondo.
"Kontaidazu zer edo zer.
"Kontatu... zer?
"Nahi duzuna.
"Ni ez naiz berez egoera hauetan asko hitz egitekoa...
"Kontaidazu lehenengo aldia.
"Lehenengo aldia?
"Bai, estreinaldikoa.
"Ez naiz gogoratzen.
"Nola ez zarela gogoratzen?
"Lehenengo aldi asko daude. Muxu ematen duzun lehenengo aldia, titia ukitzen diozun lehenengo aldia, zakila hartzen dizuten lehenengo aldia...
"Ba kontaidazu bat. Politena.
"Ez dakit.
"Nola ez dakizula? Segi hatzak mugitzen.
"Horrela?
"Bai, bai... Hatz batekin hobe.
"Honela?
"Ze ondo...
(...)
"Ondo?
"Uf! Primeran.
"Pozten naiz.
"Jarri hor. Orain nire txanda da.
"Ez da derrigorrezkoa. Zeure urtebetetzeko oparia zen.
"Baina nik nahi dut. Eta horko horrek ere bai, nik uste.
"Bai, horko horrek...
"Baina lehen ez didazu kontatu.
"Zer?
"Lehenengo aldia.
"Ez naizela oroitzen!
"Ze lotsatia.
"A!
"Zer?
"Hori... gustatu egin zaidala.
"Ba, kontatu zerbait, bestela gelditu egingo naiz.
"Ez, ez, ez gelditu.
"Ba kontatu.
"Zer nahi duzu kontatzea?
"Adibidez, tokia. Kotxe batean? Kanpinean? Gurasoen ohean kanpoan zeudenean?
"Ez dakit ba.
"Gelditu egingo naizela.
"Ez, ez, segi.
"Kontatu ba.
"Gero. Geroxeago...
(...)
"Gustura?
"Animalia bat bezala.
"Zigarro bat nahi?
"Ez, ez. Ez dut erretzen.
"Inporta zaizu nik erretzen badut?
"Nola inportako zait ba? Erre lasai. Bestela, martxa honetan, erretzaile eta ez-erretzaileen artean banatuko gara sexu-kontuetarako ere.
"Ba igual, martxa honetan.
"Ufa! Ze ondo geratzen den bat halakoetan.
"Ba oraindik ere zor didazu bat.
"Beste bat? Denbora pixka bat beharko dut, errekuperatzeko.
"Ez, hori ez. Edo geroago igual. Istorioarena esan nahi nizun.
"Ez duzu etsitzen, e?
"Ezta pentsatu ere.
"Ba, pentsatzen ari naiz eta...
"Eta zer?
"Ba, aurrerapauso gehienak, nik uste portalean eman nituela.
"Zure etxeko portalean?
"Ez, neskarenean. Maiderrenean.
"Konta, konta.
"Ez dago zer kontatu handirik. Etxerakoan, despedidarekin batean, ba, muxu luzeagoak, eskua pixka bat sartu...
"Baina hori ez da lehenengo aldia!
"Niretzat bai.
"Baina egongo zen jauzi kualitatiboren bat, ez dakit, azentsorean sartuta edo...
"Azentsorean? Bai zera! Eta bizilagun batek irekitzen bazuen?
"Beti utzi liteke bi pisuren artean, stop sakatuta.
"Ba ez zitzaigun bururatu. Klaustrofobia emango zigun.
"Akaso. Pasako didazu nire poltsa?
"Hau?
"Bai, eskerrik asko. Komunera noa pixka batean.
"Bale.
"Baina zuk segi kontatzen.
"Ez dagoela zer kontaturik!
"Kontatzen ez badidazu, ez dago holako beste urtebetetzerik.
"Hortaz zer edo zer asmatu beharko.
"Orduan bai, ezta?
"Jakina.
"Edozer egiteko prest sexuagatik.
"Edozer ere ez baina.
"Zer egingo zenuke zuk sexuagatik?
"Hori zaila da esaten.
"Hiltzeko gauza izango zinateke?
"Hiltzeko? Ez dut uste.
"Eta lapurtzeko?
"Gauza txikiak badira...
"Eta gezurra esateko?
"Askotan esaten ditugu, ezta? Ze guapa zauden horrela.
"Gezur bat al da hori?
"Ez! Egia berdaderoa. Eske, ikusi zaitut sartzen eta...
"Tararan.
"Eman buelta. Ez, beste aldera. Horrela. Chapeau!
"Gustatzen?
"Erretratatzeko moduan. Argazkiak ateratzen dituen mugikor horietakoa daukat nahi baduzu...
"Ezta pentsatu ere.
"Txantxa zen. Zatoz hona.
"Hemen...
"Bai, txokoan.
"Eta norbaiti sufriarazteko? Kapaz izango zinateke?
"Ahal dela ez.
"Eta besterik ezean?
"Nahita ez behintzat. Nahikoa sufritzen dugu bestela ere, ezta?
"Esan egia: zein da maitasunagatik edo sexuagatik inoiz egin duzun txarkeriarik handiena?
"Hola, gogoratzen naizela, bakar bat ere ez.
"Hara gure xantua!
"Benetan. Nahi gabe igual egingo nuen noizbait baina...
"Sudurra ez baina zakila luzatzen zaizue zuei halako gezurrekin.
"Ai, ai, ai...
"Ikusten? Hasi da pixkortzen.
"Halako masajeekin, beharko.
"Ba, ez dago masaje gehiago historiarik ez badago.
"Azkar hasiko naiz ni zerbait asmatzen.
"Asmatzen ez: egia izan behar du.
"Eta nola dakizu egia esan dudala? Sudurra berdin luzatuko zait.
"Sudurra?
"Sudurra edo.
"Portaleko abenturekin ari zinen. Maiderren etxean.
"Maiderren etxean, eta beste batzuetan ere bai.
"A bai? Horrek morbo gehiago du.
"Oraintxe etorri zait burura nola behin... Joder!
"Zer?
"Gure erruagatik atso bat ia hilda geratu zela.
"Hara! Sufriarazteko gauza ez zena.
"Eta okerrena da hantxe utzi genuela, batere lagundu gabe.
"Hiltzaile halakoa! Maiderren etxeak zortzi pisu zeuzkan, azentsorea etengabe zebilen gora eta behera, eta portalean ere uneoro jendea sartzen edo ateratzen. Eta egun batean, ez dakit Maiderri edo niri, nori bururatu zitzaigun, aldameneko atarian sartu ginen: etxe zahar bat da, lau bat pisukoa, eskailera egurrezkoak dituena eta azentsorerik ez.
"Eta han izan zen lehenengo aldia?
"Lehenengoa edo. Hala moduz.
"Eta atsoa?
"Etxe hartan zaharrak bakarrik bizi ziren, eta pisuen erdiak hutsik zeuden gainera. Baina portalera edonor sartu zitekeen. Hortaz, pentsatu genuen gora igotzea, goiko pisuraino.
"Eskaileretatik.
"Bai. Esan dizut egurrezkoak zirela, eta hots dexente egiten zuten. Beraz, poliki-poliki igo ginen.
"Disimuluan.
"Baina aldi berean barrez ari ginen. Badakizu egoera horietan barregura ze erraz sortzen den.
"M-m. Zuk segi kontatzen. Beste zigarro bat erre behar dut.
"Zapatak eskuetan igo ginen, eskailerek hotsik ez egiteko. Eta azken mailartera iritsi ginenean bertan geratu ginen. Goraxeago azken pisua zegoen, ganbara tankerako bat, eta han atso bat bizi zen bera bakarrik. Txikitan han jolasean ibilita zekien Maiderrek.
"Hortaz Maiderrentzat ez zen lehenengo aldia.
"Ez! Bueno, ez dakit. Nik uste baietz. Esan nahi nuen umetan bihurrikerietan-eta ibiltzen zirela han.
"Eta?
"Ba, hasieran ilun zegoen dena. Igo ere argia piztu gabe egin ginen, paretari eta elkarri helduta. Baina gora ailegatu ginenerako begiak ohitu samarrak geneuzkan ilunpera, eta eskailera gainetik ere gaueko argitasun hori sartzen zen, ilargiarena edo kaleko argiena.
"Ze erromantikoa.
"Pixka bat bai. Urduri geunden biok, urduri eta pozik nik uste, eta arropa kentzen hasi ginen.
"Zer zeneukaten jantzita?
"Jo! Ba ez dakit. Ez naiz oroitzen.
"Ze gutxi fijatzen zareten mutilak.
"Arropa azpikoetan neukan nik burua. Gogoratzen naiz bularretakoa askatu ezinik nenbilela, eta Maiderrek berak askatu behar izan zuela.
"Normala.
"Titi-muturrak gogortuak bezala zeuzkan, puntan.
"Nik bezala?
"Bueno. Ez guztiz, baina antzera.
"Antzera? Zuentzat titi guztiak al dira igualak?
"Ez, igualak ez.
"Baina antzera. Ya.
"Nik esan nahi nuen
"Ulertu dut, lasai. Segi istorioarekin.
"Ba, erdi biluzik geundela, muxuka eta hola hasi ginen.
"Muxuka eta hola? Xehetasunak, mesedez. Nor-Nori-Nork, baldintza eta subjuntibo, joder
"Gogoratzen naiz halako dardara bat izan nuela kuleroak jaitsi eta ile guztia ikusi nionean. Lehenengo aldia zen.
"Eta ilea ikusten al zen, gauean?
"Bai, bai. Esan dizut ilunpera nahiko ohituta geundela ordurako.
"Eta nolakoa zeukan?
"Zer?
"Ilea, Maiderrek. Nik bezalakoa edo?
"Ez, ez: Maiderrek argiagoa zeukan, eta ez hain ugaria.
"Errubia naturala. A zer mauka!
"Ba, hor geundela, hotsa ere egingo genuen-eta
"Ze hots?
"Ez dakit ba nik. Barreak edo. Postura hartzeko mugimenduak edo.
"Orgasmoaren orroak edo.
"Ez, horretara iritsi gabe geunden.
"Eta?
"Ba, laugarreneko atea zabaldu zela, eta hor azaldu zela amona Ximona.
"Amona Ximona al zuen izena?
"Hala omen zuen, bai. Ba, amona Ximonak atea zabaldu eta gu eskaileretan behera abiatu, dena izan zen bat.
"Amona baino azkarrago ibiliko ahal zineten behintzat!
"Bai baina, galtzak orkatiletan, zapatak erantzita, alkandorak-eta eskuan Ez geunden korrika egiteko egoera aproposenean.
"Eta amonak harrapatu zintuzten.
"Bai zera. Saiatu bai. Nola-hala, dinbili-danbala gindoazen Maider eta biok, eta beste norbait sumatzen genuen geure atzean.
"Amona Ximona.
"Horixe. Baina halako batean estropezu egin zuen, eta egundoko burrundara atera zuen eskaileretan behera.
"Eta ikusi zenuten erorita?
"Ikusi ez. Zarata bat-batean gelditu zela konturatu ginen, eta ez zela ezer entzuten gure hotsaz kanpo. Baina gu ordurako portalean geunden, arropak ahal zen moduan txukuntzen, handik ihes egiteko.
"Eta ez zen beste bizilagunik atera?
"Orduan behintzat ez. Gorraizea izango zuten, edo lapurrak zebiltzan beldurra, eta nahiago izango zuten etxe barruan geratu.
"Eta amona gaixoa han.
"Okerrena izan zen, kanpora ateratzera gindoazela, haren aienea entzun genuela, kexuka.
"Eta zuek zer egin zenuten?
"Isil-isilik alde egin.
"Atso gaixoa aiumaka utzita, zuen haragikoikeriagatik.
"Beldurragatik ere bai.
"Izan ere, berekoia da plazera.
"Ba, horren kontra zer edo zer egin beharko da, ezta?
"Adibidez?
"Adibidez, batak besteari oparitu, eskuzabal.
"Urtebetetze eguneko oparia bezala?
"Urtebetetze-oparia lehenagokoa zen.
"Eta hau?
"Hau propina.
"Ai.
"Zer?
"Ez, ez, ondo. Segi.

Beasain, 2004/06/13

etiketak: Sorkuntza
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.