Putaseme soziala errukarri denean
Lagun batek kontatu zidan aurrekoan bere lagun batek kontatutakoa (leienda urbanoa dirudi honek: lagun baten lagunaren istorio berdaderoa...). Lagunaren lagun horrek omen zioen desesperatuta zegoela, putaseme sozial hutsa zela konturatuta:
"Begira -zioen- gizonezkoa naiz: beraz, emakumeen zapaltzaile objetibo eta jipoitzaile potentziala; tarteko adinean nago, beraz, ez naiz babestu beharreko zahar, zaindu beharreko ume, kutixiak onartzen zaizkion gazte; zuria naiz eta mendebaldarra, beraz, hirugarren munduaren zurrupatzaile eta beste arraza guztien azpiratzaile; lana daukat, beraz, miserian bizi diren gizajoen egoeraren errudun. Ez daukat barkaziorik".
Nire lagunaren laguna ez zen euskalduna izango, nik uste, bestela hizkuntzan aurkituko zuen gutxiengotasun mirarizkoa, bere nagusikeria alu horretatik salbatuko zuena.
Pasadizo hori etorri zait gogora gaur aurkeztu behar dugun liburuaz pentsatzean. Iazko Literaturako Nobel saridun J.M. Coetzee hegoafrikarraren Lotsaizuna euskaratu du Oskar Aranak, AEDk eta Elkar-ek Kutxako Gizarte Ekintzaren laguntzaz antolatzen duten Jokin Zaitegi itzulpen sariari esker.
David Lurie dugu nobelaren protagonista: 52 urteko gizonezkoa, unibertsitateko irakaslea, sexu-afera baten erruz lana galdu eta alaba bizi den etxaldera joango dena; naturaren harmonia ez da dirudien bezain lasaia, ordea, mendeetako arrazismoak bere orbainak eta ordainak baititu apartheidaren osteko Hegoafrikan.
Ez da erraza topatzen Coetzee bezain zorrotzik gizarte-talkak gordin eta sakon aztertzen, klixe eta zuzentasun guztietatik urruti: arrazen eta kulturen arteko gatazka ez ezik, sexuen artekoa, belaunaldien artekoa, arrazoimenaren eta pasioaren artekoa Denetan ere barreneraino sartzen du hatza, fikziozko pertsonaien baitan geure arima taupaka sentiarazteraino.
Erritmoa bikain zaintzen duen prosa zehatz eta doi batez, irakurlearen gogoan luzaroan geratzen diren maisulan horietako bat lortu du J.M. Coetzeek (Lurmutur Hiria, 1940), aspaldi ez bezala mundu osoko kritikaren nahiz publikoaren adostasuna lortu duen Nobel saridunak.