Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan / Joan Mari Irigoien: “Beti gertatu zaizkit erakargarri arrakastaren ondoren hondoa jotzen dutenak”

Joan Mari Irigoien: “Beti gertatu zaizkit erakargarri arrakastaren ondoren hondoa jotzen dutenak”

xme 2004/11/24 08:00

"Odolean neraman" izeneko nobelarekin datorkigu Joan Mari Irigoien urteroko Durangoko hitzordura. Betiko Irigoien topatuko dugu hemen ere, ohikoa duen idazkera dotore eta aspaldi honetako bere gai kutun batzuekin, baina giroa da berezi eta berria: futbola.

Futbolaren mundura eraman gaituzu "Odolean neraman" honekin. Nondik nora bururatu zaizu?

Aspaldi idatzi nahi nuen zerbait futbolaren inguruan. Bestalde, betidanik gertatu izan zaizkit erakargarri kirol-izarrak, arrakastaren aparretan ibili ondoren hondoa jotzen duten horiek bereziki, edo bestela esanda: garaile diren arren galtzaile direnak. Maradonaren kasua egunotakoa dugu, edo Pantanirena, atzo bertakoa. Edo, hurbilago eta atzerago etorrita, Urtainena.

Zu zeu ere futbolari izana zara, gazte denboran...

Bai. Eta, nola mundutxo hori ezagutzen baitut, pentsatu nuen egoki izango litzatekeela euskal futbolariren bat jartzea protagonista edo heroi gisa, garai batean heroi zena antiheroi bihurtuko bada ere, nobelan kontatzen den historiaren arabera.

Hala ere, ez da gai eta giro ohikoena, literaturan...

Ez. Gurean ez behintzat. Baina gairik ezohikoena ere literaturagai izan daiteke: inportanteena ez baita, ausaz, gaia, gaiaren tratamendua baizik.

Botereak eskaintzen dituen zorion-ereduen kritika

Futbolak gizartean daukan eragina dela-eta, aitzakia ona izan liteke beste hainbat gauzataz hitz egiteko. Zertaz dihardu nobelak, futbolaz gain?

Futbolaren eragina aprobetxatu nahi nuen, bai, botereak eskaintzen dituen hainbat zorion-ereduren inguruan kritika latza egiteko: kontsumoaren ingurukoa, esate baterako, gure arnasa ere horixe bihurtu baita, zoritxarrez, gaur egungo gizartean: "consum, consum eta consum".

Umore-zipriztinak ere hortxe daude, uneoro...

Umorea daukagun terapiarik onena da, baita unerik larrienetan ere.

Kontraste handiak ditu zure produkzioak: poesian, "Letra txikiaz bada ere" eta gero "Biziminaren sonetoak", eleberrian "Lur bat haratago" eta "Odolean neraman" hau...

Poliedro batean bezala, gure nortasunak "nireak behintzat bai" alde eta aurpegi asko ditu, halako moldez, non aurpegi-gogorra ere izan bainaiteke "ez Aznar edo Bush bezainbat, bistan da", herabea naizen arren; eta eguna izan naiteke momentu batzuetan, eta besteetan gaua; orain pertsonarik serioena naiz, eta orain katxondoena: nire joera horiek, beraz, nire nortasunaren islak dira, eta argitaratzen ditudan liburuak ere bai.

Hala ere, badira konstanteak, hala nola, familiaren garrantzia, gertakarien gune bezala. Halaxe planteatu duzu ala berez atera zaizu?

Gaurko egunean familia dugu, oraindik ere, gure harremanetarako lehen erreferentzia. Baina familiaren kontzeptua zabaldu beharra dago, gaurko errealitateak, besterik gabe, halaxe eskatzen duelako: emakumea ez da etxeko lau hormen artean itxita bizi, eta dibortzioak eta bereizteak hor daude, homosexualen eskabideak ere hortxe dauden bezala, eta abar. Bide batez, esan dezadan gotzainen iritzien kontra nagoela, guztiz, homosexualen aurka daramaten gurutzada horrekin. Hain zaila ote da, bada, jendea bakean uztea? Eta gogoraziko nizkieke, bide batez, Jesusek fariseuei zuzendutako hitzak: "Benetan diotsuet publikanoak eta putak zuen aurretik izango direla zeruko erreinuan". Gaurko egunean biziko balitz, "putak eta marikoiak" esango bailuke Kristok, ausaz.

Infinitu-egarria ase nahirik

Ohartzekoa da, aldi berean, balio materialen eta espiritualen arteko tenka. Nola bizi duzu?

Ni bilatzaile bat naiz: ahuntz bat naiz, beraz, mendirako eta bakardaderako joera duena, eta ez artaldeko ardia. Ondorioz, elizatik eta eliza guztietatik aparte nabil. Halaxe da, oraingoz. Baina badaukat, bai, aitor dezadan, infinitu-egarri bat, nola edo hala eramaten ahalegintzen naizena. Garai batean, mistiko kristauen liburuak irakurri nituen, eta sufienak. Azken bolada honetan, berriz, ekialdeko hainbat filosofia izan dut eta dut ikergai: budismoa, taoa, zena, hinduismoa. Eta gauza interesgarri asko aurkitu ditut, gero neure bizitzan txertatzen ditudanak edo txertatzen ahalegintzen, ekintza poetiko bat gehiago bezala, neure baitan ekialdea eta mendebaldea batu nahi bainituzke, posible bada. Eta horretan segituko dut buru-belarri, buru-belarriak lepotik erortzen ez zaizkidan bitartean. Hala ere, gauza bat argi eta garbi esan nahi dut: nahiago dut mila aldiz ateoa izan, hainbat kristauk bereganatu duten Jainko justizieroaren sinesle sutsua baino: Bushena, Aznarrena edo Kristoren legionariena, kasu.

Eta, galdetzerik baldin badago, hurrena zer eskainiko digu Joan Mari Irigoienek?

Baditut kaxoian hiru zirriborro, eta baliteke haietakoren bat argitaratzea hurrengo, argitaletxearen interesen arabera. Baina barkatu, ahaztuta bainengoen gazteentzako nobelatxo bat egina dudala "Komunista.com", datorren urte hasieran argitaratzekotan gaudena. Horrezaz aparte, baina, nire asmoa bestelakoa da, oraindanik "ur handitan" sartu nahi bainuke berriro, bizpahiru edo hiruzpalau urteko proiektuan. Badakit, bai, zer datorkidan, ur handitan sartzen denak berea baitu ur handitan itotzeko arriskua. Edo gaitzen batek jota hil naiteke bide erdian. Baina, hala balitz ere, ez litzaidake titulu txarra geldituko: "Joan Mariren Nobela Bukatu Gabea". Ez al zen, bada, Schubert bera ere bere "Bukatu Gabearekin" historiara pasatu?

etiketak: Editore lanak
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.