Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan / Calatrava anaien antzera

Calatrava anaien antzera

xme 2004/11/22 08:00

Plateruena Durangoko kafe-antzokia ezagutu nahi genuela-eta, hara joan ginen joan den ostiral gauean, Gariren kontzertuak aitzakia polita ematen zigunez gero.

Lokala ederra, txukun eta egoki prestatua, kanpoan udalak egin beharreko urbanizazio-lanak amaitu barik dauden arren. Ea azoka hasterako egiten duten. Giroa ere egundokoa, gazte jendez eta sasoikoz gainezka, Heinekenak edaten, musikariak noiz hasiko.

Gariren aurretik "Sei urte" izeneko talde bat aritu zen, nik ezagutzen ez nuena. Teknikaz txarrak ez ziren arren, akorde, harmonia, tinbre eta egitura berberak zituzten abesti guztiek, eta aspergarriak gertatu ziren, nire uste apalean. Lehen lerroan fan sutsu batzuk zeuzkaten, baina gero deskubritu nuen "grupi" haiek taldearen kamixeta eta CDak saltzen zituzten berberak zirela.

Atera zen azkenean Gari. Kantari ekin aurretik, baina, Paddy Rekaldek poema batzuk errezitatu zituen "Bilbo dub kronikak" bere azken liburutik. Tenple onez bota zituen, eta testu aproposak ziren gainera halako gau baterako, entzule bat edo beste urduritu arren.

Eta Gari hasi zen halako batean. "0-tik" azken diskoko kantuak abesten, euskaraz eta gaztalaniaz. Sendo, dotore, oholtza gainean egoten eta jendearekin komunikatzen badakiela erakutsiz, garai batean bezala. Garai batekoak aipatu ditudanez, bere bakarkako aurreko disko bietako piezak ere eskaini zizkigun ("Zaharra zara Bilbo", "Astiro eta amorruz" eta abar), baita Hertzainak-en garaiko bat edo beste ere, bisetan ("Aitormena"ren bertsio bat, horien artean).

Ni ez naiz kritiko musikala ordea, ez daukat horretarako jakituriarik ez aski sentiberatasunik. Xelebrekeria bat bururatu zitzaidan kontzertua entzuten nengoela, eta hemen botako dut, Garizaleek barkatuko didatelakoan.

Oroitzen Calatrava anaiak, Francoren garaiko telebistan asko ateratzen ziren umoristak? Bata guapoa eta bestea itsusia, kontraste horretan zetzan euren grazia. Aldeak alde, Hertzainak-eko Gari eta Josu Zabalarekin konpara genitzake. Urteak pasa ahala, baina, Calatrava anaiak elkarren antz gero eta handiagoa hartuz joan ziren; eta ostiral gauean iruditu zitzaidan, odolezko anaiak ez diren arren, Gari ere Josuren antza ari dela hartzen, ahoa zabaltzeko imintzioetan, aurpegierako zimurretan...

Bueno, mitomanoen kontsolamendurako erantsiko dut Mick Jagger-en antza ere gero eta handiagoa duela gure Garik.

etiketak: Saski Naski
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.