Langosta baten aitzakian
(Joan den astean, Telesforo Monzonen jaiotzaren mendeurrena zela-eta, Egan aldizkariak antolatutako ekitaldien barruan eman nuen hitzaldiaren testua)
Bat. Aitorpen moduan
Telesforo Monzonek XX. mendearen erdi aldera idatzi zituen artikulurik onenen antologia bat kaleratu zen 1995ean, Koldo Izagirreren ardurapean, "Langosta baten inguruan" izenaz. Liburu horren hitzaurrean, Agirre lehendakariaren gau-beila deritzan artikulua oroituz, bera ere "Izagirre, alegia" lan horretako protagonista izengabeetako bat izan zitekeela oroitzen du, bera ere, artean haurra zela, muga pasatu eta Telesfororen Donibane Lohizuneko etxe Mende Berrira joan baitzen, osabak ezkutuan eramanda, Jose Antoniori azken agurra ematera.
Ni artean jaio gabea nintzen; beraz, historia-liburuetatik ezagutu dezaket pasadizo hura, edo Monzonena bezalako kontaera hunkigarrietatik, edo bertan izan zirenen ahotik. Handik hogeita bat urtera hil zen Telesforo (1981eko martxoaren 9an), eta zirraragarria izan zitekeen haren hiletaren kontaketa ere: Lohizunetik Bergararainoko bidaia zalapartatsua, poliziek bahitutako hilkutxa, hil ondoan ere bazterrak nahasten jarraitu zuen gorpua...
Eta non nengoen ni? Ez inola ere ukabila altxatuta eta begiak malkotan Eusko Gudariak kantari. Hamasei urte neuzkan nik orduan, hamazazpi aurki betetzeko: adin egokia kontzientzia ernetzeko eta buru-bihotzak berotzeko; ni, ordea, gazte desnazionalizatua nintzela esan liteke, bere herriaren berri ez zekiena, aberriaren patua eta hizkuntzaren geroa bost axola zitzaizkiona.
Neure buruaren berri ematen badut, ez da nabarmentzearren, mintzagai dudan gaiarekin lotura duelakoan baizik: batetik, Monzon bera ere umetan eta gaztetan Euskal Herriaren izatearen kezkarik edo oharpenik gabe bizi izan zelako, Madrilen ikasle zela bere euskalduntasunaz konturatu zen arte; bestetik, Monzonen obran ere inportantea delako belaunaldi gazteek zaharren esperientzia eta ondarea bereganatzea, bere erara moldatzeko gero.
Biribila izango litzateke orain esango banu Telesfororen obrari esker deskubritu nuela neure herria, hari zor diodala neure euskaltzaletasuna. Ez dago halakorik ordea. Gaztetan izan nuen Monzonen ikuspegia hurbilago zegoen haren aurkariek zabaldutako eroaren estereotipotik, haren zaleek bultzatu nahiko zuketen heroiaren iruditik baino: mesianikoa, profeta ustekoa, populista, talde sendo baten zati baino taldexka bateko buru izatea nahiago zuena... Esana dut gaztetxo desnazionalizatua nintzela, kanpokoak nituen kultur erreferentziak eta gure errealitatea ulertzeko irizpideak.
Handik urte batzuetara, nire euskaltasunaz jabetuta eta euskaraz idazten hasia nintzela, Telesforo Monzon izeneko antzerki sari bat irabazi nuen, Euskal Herriko Antzerki Taldeen Biltzarrak antolatua, Iparraldean. 1984ko hondarrean izan zen, oker ez banago, eta oroitzen naiz orduan joan nintzela lehen aldiz Ipar Euskal Herriko barnealdera, baita lehenengo aldiz Iparraldeko euskaldunak ezagutu eta haiekin mintzatu ere. Euskal Herriaren lurraldezko nahiz jendezko osotasuna konsigna politikoa baino zerbait gehiago zen Monzonengan: lurralde nahiz jende horren ezagutzetik hasten zen, eta haienganako maitasunetik segitzen.
Sari haren aitzakiaz egin zidaten nire lehenengo elkarrizketa luzea komunikabide batean. Pello Zubiria etorri zitzaidan, Argia taldekoek Egin-entzat astelehenetan egiten zuten kultur gehigarrirako, eta gogoan dut Beasaingo Ezkertokian bilduta egin zidan lehenengo galdera: ea zer esan nahi zuen ni bezalako gazte batentzat Monzonek, edo Monzonen izena zeraman saria irabazteak. Pellok mirespen zintzoz aipatzen zuen Telesfororen izena, eta zintzotasun berberarekin erantzun nion izen bat besterik ez zela niretzat hura, mistika abertzale iragandako baten aztarna edo.
Monzon ez ezagutze hori ez da nire arazo soila. Esango nuke ezezagun handi bat dela Telesforo; norberaren jarrera politikoaren arabera jainkotu edo deabrutua izan zen bere garaian, eta gaur egun besterik gabe ahantzia dago batzuentzat nahiz besteentzat.
Ahantzia bai, baina deserosoa gertatzen da oraindik ere. Bidegileak deritzan liburu-sorta bat kaleratzen du Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak, euskalgintzan nabarmendu ziren gizon-emakumeen biografia laburrak plazaratzeko. Bada, Lizarra-Garazi garaiko su-eten eta akordio-aldia iritsi arte itxaron behar izan zuten bilduma horren arduradunek Monzonen gaineko liburuxka eskatzeko, ordura arte denon arteko ondarean irentsi ezin zutelako edo.
Bi. Mendeurrenaren aitzakian
Ehun urte betetzen dira Telesforo Monzon jaio zela, eta horren kariaz antolatu da hitzaldi-sorta hau eta beste zenbait ekitaldi. Onarpen ofizialaren eguna iritsi ote zaio? Itxiak ote dira garai bateko zauriak? Ez nuke horrenbeste esango: berak sortzen lagundu zuen mugimendu politikoa legez kanpo dago Hego Euskal Herrian, eta, Bergaran plaza bati haren izena emango baliote ere, orduko ezin ikusiak berdintsu jarraitzen du gaur egun ere. Bakarrik, 23 urte urte asko direla, gizonaren oroitza galtzeko edo gutxienez lausotzeko aski, bai lagunen bai etsaien artean; badira, noski, bertatik bertara ezagutu zutenak, ezagutu eta estimatu; baina, Euskadi burujabe bat edo abertzaleen arteko batasuna lortu zituen politikotzat oroitu ezingo dugunez, bere obra literarioaren bitartez iraun beharko du geroan, irautekotan.
Monzonen literatur lanak aztertzean, lau ataletan banatuko nituzke: olerkia, antzerkia, kantuak eta hitz lauzko idazlanak. Aipa ditzadan banan-banan:
-Olerkari legez plazaratu zen Monzon idazlea. 36ko gerrak erbestera eraman ez balu beharbada ez zen idazten hasiko, nork jakin, baina herriaren oroiminak eta eguneroko lan politikoaren etenak argitara ekarri zuen itzalirik edo itzalean egondako poeta. Urrundik izan zen bere lehen obra, Mexikon 1945ean plazaratua, eta Gudarien egiñak kaleratu zuen Donibane Lohizunen 1947an, Euskal Herrira itzulita. Lizardiren jarraitzailetzat jo dezakegu, gerraurreko mugimenduaren epigonotzat; gerraosteko lehen lanak izatea dute meritu nagusia "eta ez da makala, garaia ezagututa", baina zorrotz epaituz gero belaxkak iritziko genieke eta, bestalde, ez zuten berrikuntza handirik ekarri (kantua eta olerkia lotzeko saiakera, aipagarriena).
-Antzerkia ez zuen gerraurreko tradizioari loturik egin, eta erreferentzia ez zuen Hego Euskal Herrikoa ere: 50-60 hamarkadetan hainbat antzezlan idatzi zuen: Zurgin zaharra (Lau kantari eta xori bat), Menditarrak, Gure behia hila da, Behorraren ostikoa, Hazparneko anderea, Eneko Bizkai eta Maria Lorka. Antzerki herrikoiak dira, ez libururako baizik oholtzarako pentsatuak, Lapurdi edo Baxenabarreko herrietako taldeek jokatzeko, haien neurri eta beharretara egokituak. Idatzi ez ezik, obren zuzendari ere izan zen behin baino gehiagotan, baita beste batzuen antzerkiekin ere (Larzabalenekin batik bat). Iparraldeko herri-giroa biziarazteko helburu apal bezain txalogarri hori ahaztuz gero, ezin esan goi mailako lanak direnik, baina badituzte, nolanahi ere, edertasun printzak; azpimarratzekoa da, esate baterako, antzerkian hitz neurtua erabiltzeko saioa, Menditarrak eta Hazparneko anderea obretan.
-Kantuak dira Monzonen obran ezagunenak. Dozena bat abesti baditu gutxienez, gaiaz aberkoiak, guztiz herrikoi eta ezagunak bihurtu zirenak, Pantxoa Carrere eta Peio Ospitalen ahotsean lehenik, eta edozeinen ahotan ondotik: Aupa gizona (Batasuna), Lepoan hartu, Bai euskarari, Euskalduna naiz eta, Irabazi, irabazi dugu, Itziarren semea, Kalera, kalera, Aita kartzelan duzu, Txikia... Herriaren gogoa pizteko eta sutzeko asmoz egin zituen Monzonek kantuok, eta ezin ukatu bete-betean lortu zuela, kantugile gutxi izango baitira horrenbesteko arrakasta izan dutenak. Kantuaren arrakastak berak dakar ordea bere tribializazioa, mistika abertzalerako egindakoa folklore abertzale bihurtzea, afari nostalgikoetako jostagai eta mozkorraldietako lagun.
-Prosazko artikuluak geratzen zaizkigu azkenik. Horien artean bi zati egingo dut: batetik, bere azken urteetako iritzi-artikuluak daude, zuzenean politikoak; bestetik, berriz, 50eko hamarkadan barrena ateratako hainbat testu, Monzonen obraren zatirik ezezagunena eta, nire ustetan, azpimarragarriena, gaur egungo irakurketa kritiko batetik ere interesari eta kalitateari eusten diotenak, dotore asko gainera. Artikulu horiek nekez izango zuten zabalkunde handirik, Alderdi EAJren agerkarian atera baitziren, eta klandestinoa baitzen hura Hegoaldean. Haien arteko onenak, hasieran esan dugun bezala, Koldo Izagirreren ardurapean berrargitaratu ziren orain dela bederatzi urte, Langosta baten inguruan izeneko liburuan, eta liburu honetaz hitz egingo dut aurrerantzean.
Hiru. Zahar eta berri
Koldo Izagirreren bitartez izan nuen, hain zuzen, artikulu hauen berri; Euskal Idazleen Elkarteak antolatutako jardunaldi batzuetan hitzaldia eman zuen, eta Monzonen gainean hitz egin ondoren pasarte batzuk irakurri. Eta, ordura arte ezaxola edo mespretxu izandakoa interes bihurtu zitzaidan. Gehiago irakurri eta ezagutu nahi izan nuen, irakurle moduan. Irakurri eta ezagutu ahala, editore nintzen aldetik pentsatu nuen merezi zuela beste batzuek ere ezagutu eta irakurtzea, eta horregatik proposatu nion Izagirreri bilduma bat prestatzeko. Ez naiz paparra dominaz betetzeko zalea, baina esango dut ilusio eta ardura bereziak jarri nituela liburu horrekin: batetik, zein testu hautatu eta zein ez, eztabaidara iritsi ez ziren hainbat solasaldi izan nuen Izagirrerekin; bestetik, Monzonen orduko euskara egungo batuaren moldera aldatzeko lana hartu nuen, jatorrizkoa ahalik eta gutxien ukituz eta zenbait berezitasun errespetatuz; ordu askotako lana izan zen, baina esker onekoa eta ez bereziki konplikatua, artikuluok idatzi zituenerako egina baitzuen Monzonek hizkuntzazko sintesi berezi eta pertsonal bat (sorlekuko bizkaiera, gero hobeki ikasi zuen gipuzkera eta bizitokiko lapurtera nahasten zituena) euskara batura arazorik gabe egokitzen zena.
Hizkeran bezala, esaten duen horretan ere, eta estiloan oro har, sintesi pertsonal bat ageri dute artikuluok, eta hori dute beren bereizgarri nagusi: alde batera, modernitatearen inolako kezkarik gabeko molde zaharkitu batean ari dela irudi lezake, Lizardiren artikuluen ildotik (izan ere, Lizardiren kazetaritza-lan onenak ekartzen baitizkigute gogora: Andereño Izardi, Etxe-barne bizia...); beste alde batera, berriz, gogoeta, oroitzapena, iritzia eta pasadizo pertsonalak nahasteko modu horrek, kronika itxurako batean norbera pertsonalki inplikatzeko modu lotsagabe horrek 60ko hamarkadaz gero Estatu Batuetan Kazetaritza Berria deitu zitzaionaren ezaugarriak dakarzkigu gogora, Monzonek Tom Wolfe eta abarrekin zerikusirik ez badu ere, ez giroan, ez helburuetan.
Lau. 50eko giroa
Testuak testuingurua behar duen bezala, aipagai ditugun idazlanok behar bezala ulertzeko aintzat hartu behar da sortu zireneko giroa; 50 urte ez baitira alferrik pasa, eta orduko zenbait kontu urrunak bezain arrotzak baitzaizkigu orain. Egileak, gainera, ardura eta erantzukizun handiak zituen politikan, eta artikuluok bere eginkizun nagusi horietatik kanpo egin arren, bere buru-arduraren seme-alaba dira, zalantzarik gabe.
1950eko hamarraldia aipatu dugu behin eta berriz. Zabalxeagoa da berez artikuluek hartzen duten aldia, 1949koa baita lehena eta 1960koa azkena. Funtsean, baina, 50eko hamarkada. Zer gertatu zen hor funtsezkorik? 40ko hamarraldia lurrikara erabatekoa izan zen, II. Mundu Gerra zela-eta; 60koak ere zurrunbiloaren ospea du, kulturan bezala politikan mugimendu handiak izan baitziren. Horien artean, 50ekoak lasaia dirudi. Lasaia baino egokiago izango da tentsio moteldu bateko sasoia izan zela esatea. Mundua banatzen zuten bi blokeak finkatu ziren garai hartan, eta bien arteko Gerra Hotzak bete zituen planetako txoko guztiak, aldez edo moldez. Era berean, goraka zihoan ekonomia batek eta indarrean zetorren gazteriak teinka egingo zuten aurki gizarte-balio zaharkitu bezain zurrunekin.
Euskal Herriari dagokionez, itxaropena zapuztu zeneko garaia izan zen hau: Hitler eta Mussolini garbiturik, haien lagun Franco agintetik botako zutela uste zuten haren kontrako ezkertiar eta abertzaleek (uste, eta nahi, eta behar). Aliatuek, baina (Estatu Batuen blokeak), nahiago izan zuen faxismoaren menpeko Espainia bat komunismoari eusteko, ezkertiarrek indar gehiegi izan zezaketen Errepublika berrezartzea baino. Hamarkadaren hasieran onartu zuten Francoren diktadura Vatikanoak lehenik eta Estatu Batuek geroxeago, eta 1955ean Nazio Batuen Erakundean sartu zen Espainia. Aliatuen alde hainbeste lan egindako euskaldunentzat traizio erabatekoa; zintzotasunak eta zilegitasun demokratikoak emandako baikortasun historikoaz jantzitako Jose Antonio Agirrerentzat, bere politika ezerezean uzten zuen mailukada.
Egoera horretan, bi jarrera ziren posible: bata, arrazoia dugula eta eskubiderik ez dagoela aldarrikatzea, garai hobeak noiz etorriko zain; hauxe izan zen, praktikan, PNVren ildo nagusiak hartu zuen jokabidea, egonean egotera mugatu zena. Bestea, bide berriak bilatzea, handik edo hemendik: Monzon horietakoa zen, ez zuen geldirik itxaron nahi Franco noiz hilko, eta hainbat mugimendu egin zituen; ezagunena, espainiar monarkikoekiko hurbilpena, gerora hainbat gaitzespen ekarriko ziona, nahiz eta gaur egun ezaguna izan alderdiaren aginduz egin zituela egin zituen burubideak. Dena dela, ez da gure asmoa orduko gorabehera historikoak aztertzea; garaiaren berri eman nahi genuen laburki, eta honenbestez artikuluak komentatzera pasatuko gara.
Bost. Zaletasunak eta ezinikusiak
Askotan esan izan da idazleak bere burua erretratatzen duela bere idazkien bitartez. Monzonen kasuan nabarmena da hori, lehen pertsonan idazten baitu beti, bere uste eta iritzien berri uneoro emanez. Ez da, beraz, ariketa psikologiko sakon eta ñabarduraz beterik egin behar idazlanen atzeko gizona nolakoa ote zen antzemateko: beraiek mintzo dira ozen asko. Dena dela, ni hemen ezaugarriok hotz-hotzean ematen eta erabakitzen aritu ordez, hobe izango du irakurleak berak bere begiz ikustea, eta, horretarako, aipagai ditugun idazlanetako bat irakurtzea baino hoberik ez. Labur bat hautatuko dugu, aski esanguratsua delakoan: Lurraren mintzoa, 1953koa.
Jaun eskolatu batek izikorregia nik uste hauxe idatzi ez dit ba: Aunque yo no comprendo desgraciadamente el vascuence, un amigo ha tenido la bondad de traducirme su último artículo Sagar-lore. Kirkir. Kuku ta Pastualak. Me han parecido de interés algunas de sus observaciones sobre el teatro vasco antiguo y moderno. Pero he creído observar a través de todo el artículo un cierto tufillo panteísta....
Panteista? Zer duk hori? Hitz handi harrook: Panteismo-ta, Parlamentarismo-ta, Existencialismo-ta horiek izitu egiten naute ni. Izitu ta nahasi zeharo. Ez baititut aditzen. Ez baitiet itxurarik hartzen. Beñat Larratxe nor den galdetzen badidazu, erantzungo dizut kusian: hauxe. Baina Panteismo nor edo zer den galdezka etorri ezkero, ez dakit erantzun beharko dizut: ez baitut behin ere ikusia. Holako hitz handi gutxiago balira, ez lirateke beharbada gizonen artean horrenbeste denboragaltze ta borroka ibiliko.
Lurraren emanak euskaraz zaizkidala mintzo errana baitut. Horrek ene laguna izitu. Baina gizona: Jainkoaren mintzoa duzu lurraren mintzoa ere. Lurraren mintzoa otoitza duzu. Jainkoak ezarritako Lege-betetzea baino otoitz ederragorik ez bada, porru-ta gari-ta artoen urteroko sortze hura ere otoitza. Zer ba. Espainiako elizetan noizbait entzun izan diren gorroto-hitz batzuk baino ederragoa ez ote zaio Jainkoari, mendi-tontorretik errotara datorren erreka garbi haren kanta? Iguzkiak horitutako gari-soro hura ere ez al zaizu mintzatzen, etxeko ogiari buruz? Gari-soro beltzaran hauxe duzu ba, Jainko-semearen gorputz-gaia.
Bakoitzari bere hizkeraz egiten diola lurrak, egia hutsa. Guri euskaraz noski. Fray Luis de Leon olerkaririk handienari, gazteleraz egiten zion bezala. Salamanca inguruetako lur latz haien mintzo ederra: Del monte en la ladera / De mi mano plantado tengo un huerto / Que por la primavera... Gure Elizanburuk ez zuen segurki, Salamanca inguruetako lur soil haien hizketa adituko. Ez-eta Fray Luis de Leon zenak Versaillesko oihanetakoa. Garcia Lorca zenak adituko ote zuen, Sara inguruetako artalor haien mintzaira?
Etxe, ontasun, baserri bakoitzeko lurrek ere badutela beren hizkera. Beren hizkera berezia. Norbere baratzakoarena duk eder. Lurrarekin gizonak bat egiten dizunean, gizona lurrari bezain beharrezkoa izaten baitzaio bere lur hura gizonari. Eta elkarrengandik urrun ezin etsi, ezin bizi, ezin egon. Lurrarenganako maitasunik gabe, ez da niretzat egiazko abertzaletasunik. Hamaika gizon handi baino barneagotik eta barneago mintzo zait niri ene Herriaren izenean nik ongi dakidan oihan azpiko iturriño hura. Lurrarekin hartu-emanik gabe ez da egiazko gizontasunik ere. Itsaso nahiz lurrarengandik bizitzeko sortua baita gizona berez. Unamunok dioena: La civilización la han inventado los hombres por no hacer una de estas tres cosas: labrar, pescar o cazar. Itsasoa harrotua dagoelarik, noiznahi ikusiko dituzu arrantzaleak, egon ta egon, lehorretik beren itsasoari begira. Baita nekazariak ere beren lurrari so. Baina kaletar langileok ikusi izan al dituzue inoiz, hiri nagusietan eta, beren ola handi ilun haiei amodioz begira? Maitasunik gabeko lan hura ez al duk gizontasunaren etsai?
Badirela gure lurretan ere, esango didazue, euskaraz mintzo ez diren zuhaitz eta barazkiak. Egia hutsa. Horra pinuok. Pinu ganorabakoak. Negu ta uda uniforme berarekin, gure mendietan goardia zibilak bezala dagozenok. Gure gazte denboran ez zen Gipuzkoa alde hartan pinu askorik ikusten, Oñatiko bidean edo, horietakoren bat topatzen banuen, hari doi-doia buenas tardes esanda, laster jarraitzen nion bideari. Holakoekin hobe baita berriketa gutxi ibili.
Haritz eta Pago izan ditut nire haurtzarotiko lagunik handienak. Baita Gaztainondo ere, Euskalerrian bizi zela. Igorri baitzuten hau ere handik, geu bezalaxe. Orain ere, nonahi atxematen dudalarik, egiten ditugu, euskaraz beti, berriketa luzeak. Harentzat ez da falangistarik. Hura pinuengatik ibiltzen da zernahi esanka: Ikusiko dute, pinu zikinok, zu itzultzean. Egun hura ere laster etorriko baita. Erantzun behar izan nion lehengoan: Hago ixilik Gaztainondo zozoa. Gu ere halakoak esaten gabiltza-eta, hamazazpi urte hauetan!
Alboekin (platanuekin) eginak ditut, hemen Lapurdin, berriketa batzuk. Erdaraz gehienetan. Itsasertzekook behintzat erdaldunak baitira. Edozein hiztegitan irakur daiteke: Platane. Arbre du Pays Basque au service du tourisme p.e. Hôtel Maitagarria, tout confort, terrasse sous les platanes. Alboen azpirat igortzen zion Lotik bere Ramuntxo Gaxuxari. Eta horra: Pariseko eguneroko batean ere irakurria dut hauxe: Le soir sur la Côte Basque, cest sous les platanes quon récite lAngélus, quon danse le fandango, quon cache la contrebande (!!!) Lapurdi ta Baxenabarreko herrietan badira haatik, etxe-aitzinetan eta, Zerbitzarik bezain ederki euskaraz egiten duten albo itzal-emaile politak. Alboa Lapurdiko. Haritza bizkaitar.
Sagarrondok bezain euskara ederra egiten duenik, ez da Euskalerrian. Oraindik badira, erdaraz hitzik ikasia ez duten sagarrondo zaharrak. Orain landatzen dituztenak-eta, kanpoko eskoletan ibiliak dira gehienak. Baina laster hartzen dute hauek ere berriz gure lur-usaina. Eta egia diotsuet: ez da niretzat sagar-usain gabeko egiazko Euskalerririk. Udareagatik zer diodan? Mertxika ta horiek baino guretarragoa da bai udarea. Baina ez sagarra bezain herrikoia. Baserri jatorretan, sagarra eskainiko dizute orain ere. Herrietako jauntxo, midiku, mutxurdin, aberats eta apaiz batzuen ale-baratza polit horietan atxemanen dituzue orain ere udarerik ederrenak. Badakite bai hauek euskaraz zuk bezain ederki egiten baina, erdaraz nahiago gehienetan. Handinahikeria pixkat sartua baitzaie udareei. Ez da harritzekoa. Merkatuetan-eta garesti saltzen direla-ta, euskaraz egiteko lotsatzen hasiak. Marrubiari ere gertatzen zaiona. Ez gereziari ordea. Gure gerezi ederrok ez baitira, gorrienak ere, euskaraz egiten aise lotsatuko. Topa zuei, Gerezi ta Sagar!
Porru gaixoa ere. Bururatuko al litzaizuke zuri, gure Herrian porruari erdaraz egitea? Horretan argi esan beharra dago: artoa ta porrua bezalako euskaldun garbirik, gutxi. Oso gutxi. Hor egoten dira porru gaixook, gure baratzetan, tomateekin-eta ezin elkar adituz. Hauek ez baitakite ez-eta ikasi nahi ere tutik euskaraz. Horretan gure serorak baino okerragoak ditut tomateok. Ikusten da bai, gorriak direla. Aspalditik jakina baita: gorrietan, gereziak eta Eibarko sozialistak omen euskaltzale bakarrak.
Egilearen zaletasun eta ezinikusiak argi aski ikus litezke artikulu honetan. Zer ez du maite oroz gainetik Monzonek? Ideologia, abstrakzioa, intelektualismoa. Idazle bitalista bat dela esan liteke, bizitza maite duela, bere luze-zabalean, bere izaki bizidun guztiak banan-banan eta beren konkretutasunean, eta harekin zerikusirik ez duten eraikuntza mental hutsak alferrikako bezain hutsalak iruditzen zaizkiola.
Monzonen ziriek izaten dute beste hartzailerik ere: burgesak adibidez, eliza frankista ere bai goian ikusi dugunez, herriari bizkar emandako handikiak sarri. Inoiz ez dio burlarik txikiena egingo herri xeheari; eta ogibide tradizionaletakoa denean (arrantzale eta baserritarrak bereziki) mirespenik sakonena adieraziko dio (adibidetzat ikus, besteak beste, Ta-pa, ta-pa, ta-pa, txi-ru-li-ru-li artikulua, edo Bergarako jaiak eta Lapurdiko lusagarrak). Horren atzean (eta orobat, baten bati harrigarri egingo zaion arren, politikarekin ageri duen arbuio etengabean), aristokrata herrizalearen irudia daukagu, noski, estu jarriz gero batzuetan barregarri edo are mingarri ere izan litekeena, hala nola jauregietako jaun-andreen eta neskame-morroien arteko batasun eta maitasuna goraipatzen duenean (ikus New Yorkeko Miss Griffing eta Bergarako Kasimira), baina guk ez dugu gizona ez aldarera ez infernura eraman nahi: ulertu egin nahi dugu bere osoan eta bere egian.
Burgesa trufagai bihurtzen duela esan dugu lehen; zehatzago esanda, ez burgesa bere hartan, baizik eta bizimodu modernoak irrigarri bihurtzen duena: eta bereziki turista. Diogunaren erakusgarri, beste pasarte bat ekarriko dugu, Donibane Lohitzune eta inguruak artikuluaren hasierakoa. Ohartzekoa da, halaber, idazkiari darion kostunbrismo goxoa, bere baikorrean guztiz idealizatua, eta gogoan hartu behar 1949an idatzia dela: Donibanen laketu da, maite du, lehen ezagutzen ez zuen Euskal Herri bat deskubritu du, baina beste aldera itzultzea ere ez du, seguru asko, urrun ikusten. Hona testua:
Gizonak bizitzeari har liezaiokeen goxoa hartzeko, bai ote, munduan, Donibane Lohitzune bezalako bertze herririk? Ez dakit ba. Euliak eztian bezalaxe, gelditu izan dira anitz Donibanen: oinak hemen ipinita, gero ezin irten.
Izango dira hau baino leku egokiagoak, bai lanerako, bai gizon handien semeek behar izaten duten (?) adina eskola hartzeko, bai diru egiteko ere. Baina, bizitzeko? Bakean, erraz, leun, ia-ia konturatzeke bizitzeko? Honetarako ez munduan ezta munduaren inguruetan Donibane Lohitzune bezalako herri egoki ta... xarmantik!
Itsasertzean, mendi politak hurbil, (noranahi jota, ibil-leku zoragarriak) herri baitan behar eta nahi beste, Donibaneko seme-alabak atsegin eta leunak dituzu. Hemen bospasei neskazahar intellectuelle alde batera utzita ez zaizu inor galdezka etorriko: Que pensez-vous de lavenir de la Russie? edo Et alors, cette bombe atomique? Ez. Hemen bakoitzak bere bizitza, edo herriko bizitza bizi du, buruhauste handi horiek zer nahi duzu ba! pittat alde batera utzita. Errusiako bizimodua, Donibandarrek alda al lezakete ba? Hobe dugu, beraz, txarto bizi direnengatik gaizki esaten ibiltzea baino, mundu honetan nola hobekixeago bizi litekeen erakusten saiatu. Ez al da lan hobea?
Negu aspaldi honetan eguzkitsuak ditugu, udaberri zerutar eta beti bezalako hego-udazken gorri berdingabeak. (Lagunak bezala maite ditut nik urte-sasoiak, eta haiekin lagun bezala ibiltzen naiz mintzo: Kaixo Udazken! Agur Negu! Zer dugu ba, zer dugu, aspaldiko Udaberri!)
Udaz, prakamotz hodeiak heltzen hasi orduko, hemen denda edo jatetxerik ez dugunok, goiz-goizetik mendirat edo norabait, urrun hiritik alde egitea hobe: turisten besape-izerdi horrek, pufff!, ez usain eder. Sudurrak itxi ta mendira. Baina, zer nahi duzu ba? Udaz, bi hilabetez, kanpotarrek utzitako urin eta koipez bizi baikara urte guzian gero, donibandarrok, lanean sobera estutu gabe... Alors! Voyons! Il faut être raisonnable, tout de même...!
Gure Donibane honetan, bakoitzak (Jainkoari behar beldur, ez jendarmeari) zernahi pentsa, egin eta irakur lezake; nolanahi jantzi; orotatik jan-edan... Ba! esango didazue dirua izan ezkero bai! Jakina: sosik gabe, ez da hemen ere jaterik. Baina joan zaitez, eguerdiz, Donibaneko langile baten etxerat, eta ikusiko diezu: elurra bezain mahai-zapi zuriaren gain, eltzekari bero begidun, haragi biguin odoltsu, arno gorri eder, eta... nolako ogi zuria!
Inguruko zenbait baserritan ere, markesarenean bezain dir-dir atzemanen dituzue hemen, argizariz igurtziak, etxe barne-beheak. Eta jan? Galde hemengo baserritar mutil gazteei, behar denean erretore jauna datorrela-edo nola antolatzen dituzten amak edo arrebak, Le canard à lorange, Les couchées à la reine eta nolanahiko pastixa gozoak. Parisen nonahi bezain ongi. Jantzi berriz? Ikustekoa da baserritarrak, igandez, zaldi-gurdi polit horietan, bezperetara nola jantzita etortzen diren. Lehen ez hala, noski Gure denboran esaten zidan hirurogei bat urteko emazteki kanpañatar batek ahizpa bi etxean, eta bientzat soineko bat: ahizpa bat Elizan zela, bestea etxean behar. Orain berriz!
Arrantzaleak, hemen ere, arloteenak: Dagoenean bonbon, ez dagoenean egon. Ontzia hutsik dakartela, gerrikoa estutu behar. Sardinaz-edo bete-betean baldin badatoz, harrapagarri hustuko dira, gau hartan, Donibaneko haragitegi ta goxotegiak. Zer nahi duzue, ba? Jainkoak egin zuen Martin, bere prakekin. Arloteak bai baina...? Bai al da, gure Herrian, arrantzaleok bezain bihotz eta esku zabalekorik? Euren Kantauri itsasoa ere, zabala baita...!
Zeren kontra ari den ikusi dugu. Zeren alde dagoen ere ez da zaila ikusten, agerikoak baititu maitasunak: lurra, natura, hizkuntza, jendea, herria... Sakonxeago begiratuta, nik esango nuke sentimendu estetiko bat duela (sentimendu erlijiosotik ere zerbait baduena; Gure parasolaren ibilketak artikulua ere adierazgarria da), Jainkoa-Lurra-Herria kate bakarraren hiru mailak elkartzen dituena; halaber, artikulu hauetan eta beste askotan, politika baino lehenagoko edo politika baino haragoko Euskal Herriaren batasun-ikuspegi bat erakusten du Monzonek. Batasun geografikoa (Kresala eta Garoa-ren mundua, biak maite ditu, azken hau hurbilago sentitu arren); batasun denborazkoa (Donibaneko artikulu berean, aurreraxeago, hala dio: Oi hilak biziekin bat egite ederra! Oi eten gabeko lehenaren orain eta geroa! Gure Euskalerri zahar eta gazte!); gazte eta zaharren arteko batasuna ere bai, aurrekoari lotua (gazteenganako mirespena beti erakutsi zuen, eta beranduago etorriko zen belaunaldi-etena 1951n aurreikusi zuela esan liteke Cecile sorel eta Borda-zuriko amatxi irakurriz); ideologien gainetiko batasuna ere nabarmena da beste artikulu batzuetan (esaterako, Eguberri gertaera bat, non Baleztena errekete-familia ezagunekoei ogia ematen dien); eta batasun interklasista aipatua dugu dagoeneko.
Sei. Kontalari iaioa
Filia eta fobien zerrendarekin jarrai genezake oraindik (esaterako, estereotipoen kontra eta tolerantziaren aldeko jarrera garbia erakusten du Apeza nola ezagutu dudan idazkian), baina arlo hori nahikoa landu dugu. Horrekin batera, orain arte aipatu ez badugu ere, nik uste nabarmen geratuko zirela bai Telesfororen aldarte alaia, bai haren ironia mehe adeitsua, bi ezaugarri nabarmen seinalatzearren. Amaitzeko, baina, Monzonen kontalari-alderdia azpimarratu nahiko nuke, orain arte haren pentsaera islatuko zuten testuak aukeratu ditut-eta. Ez du ematen fikzio-asmatzaile izateko grinarik zeukanik, ideia politikoak zabaltzeko helburuz parabolak asmatzen zituen arren (Belar orga lokatzetan gogoangarria, gure bilduma honetan); oro har, nahiago zuen gertaera egiazkoak kontatu: batzuetan dramatismoz (Angiolillo anarkistak Canovas hil eta gero bera urkamendira eraman zutenekoan, kasu), besteetan umorez (Beñat Elizanburu xelebrearen gorabeherak erakusten dizkigunean), eta inoiz baita egiazko zirraraz ere (Agirreren gau-beila oilo-ipurdia jartzeko kronikan, konparaziorako).
Pasadizoak kontatzeko egundoko dohainak zituen, beraz; berezitasun bat ere badu horretan, hala ere: pasadizo bat beste batekin kateatzeko joera, eta horri guztiari halako irakasgai bat eranstekoa. Esandakoaren adibide, liburua ixten duen ipuina ekarriko dizuet hona, hitzaldia bukatzeko ere nire hitzak baino idazlearenak ederrago eta esanguratsuagoak izango direlakoan. Hemen duzue bada Langosta baten inguruan, 1960ko artikulua:
Ziburun, Bordagain-eko tontorrean, bada etxe eder bat. Arizti esaten diotena. Etxe hori, aspaldi, Abadi-tarrena zen. Antoine dAbbadie euskalzale aipatuaren anai batena. Gero, Pariseko jostun handi batek erosi zuen. Eta horren ondotik, berriz, Pariseko andere handiki eta aberats batek. Udan, hauxe bizi da orain Ariztin. Eta bazkari dotoreak ematen ditu bertan. Hantxe jaten ditut, nik ere, urteko langosta bakarrak...
Alde batetik itsaso eta bestetik mendi, harritzekoak dira etxe horrek ageri dituen ikusgaiak. Iduri du, etxea bera, Euskalerriaren gain zankalatraba jarria. Baina nik behintzat ez dut zalantza handirik izaten. Etxe hartara joaten naizela, ez naute ni luzaroan ikusiko itsasoari begira. (Ez inori esan baina... ez dut itsasoa maite). Handik ageri diren mendien atzetik dihoazkit begiak. Eta hantxe ibiltzen zaizkit ederrez beterik, tontor batetik bestera nora jo ez dakitela.
Arizti etxe horren ondoan bada harrizko gurutze handi bat. Eta Bordagaineko gurutze horrek egiazko oroitzapena izaki guretzat. Toki hartantxe hila baitzaigu, Lardizabal aldetik, gure aitona zenaren aita. Bat-batean. Bere zakurrarekin ehizan zebilela gizona. Nagusia lurrean ikustearekin, zeharo erotu omen zen zakurra. Eta zaunka ta zaunka etorri omen zen Zibururaino norbaiten bila. Etxekoak ohartu nonbait. Eta zakurrari jarraitu ziotela. Bordagaineko gurutze ondoan atxeman zuten, lurrean etzanik, Laurgain-eko nagusia.
Baina ehiztari eta beren zakurrei buruz, badira hau baino ixtorio politagoak ere. Ez dakit denak egiazkoak diren. (Ehiztariak hatsa gezur baita erran zaharra.) Halere, entzungarriak dira batzuk. Eta honetan gabiltzan ezkero, aipatuko dizuet batto. Egiaz polita.
Sarako inguruetan iluntze batez, Lerenburu nire osaba zaharra zenarekin ibilian nenbilela, pasa zitzaigun ondotik iratze-orga bat karraxika. Itzain gaztea, aurretik, kantuz zetorren etxe aldera...
Ikusten duzu goizean, / eguna hasten denean...
Gelditu ginen biok, xoratuta. Eta gurdia urrundu zelarik, esan nion nire osabari: Errazu osaba. Hori baino olerki ederragorik egin ote da euskaraz? Goxoki begiratu zidan endore-midiku zaharrak, eta bota zidan kolpez (berak zuen berdingabeko dotoretasun harekin): Olerki eder hori ba al dakizu non eta nola sortua den? Adi zazu ba ongi. Eta Sarako plazarat hurbiltzen ari ginelarik, gertaera polit hauxe aipatu zidan:
Elizanburu zena, ehiztari amorratua zenuen. Bai-eta gure aita zena ere. Biak ibiltzen zitzaizkizun beti, noiz-nonahi, elkarrekin ehizan. Egun batez goizean goizik, Sarako beste lagun batzuekin, atera ziren biok erbitara. Eta aitzinetik hauta lekurat heldu zirelarik, zakurrak askatu eta jarri zen ehiztari bakoitza bere tokian. Elizanburu eta gure aita ez ziren elkarrengandik urrun. Bakotxa, ixil-ixilik, bere bide-gurutzeari so. Halako batez, urrun, hasi ziren zakurrak saingaka. Eta zaunka haiek errekako bidea hartu zutelarik, ehiztariak ari omen ziren bere baitan: To! Oraingoan Elizanbururi datorkio erbia! Esan ta izan. Zakurrak amorru bizian karraxika zituela ondotik, hurbil-hurbiletik igaro omen zitzaion Elizanbururi erbia. Baina... tirorik ez!! Non zen ba Elizanburu? Zerbait gerta ote zitzaion beldur, hurbildu omen zitzaizkion lagun guziak lasterka. Eta... belarrean etzanda atxeman omen zuten gure Elizanburu, paper puntta batean zerbait idazten ari zela. Non hintzen gizona? Erbia ez duk ikusi? Eta Elizanburuk: Erbia? Bazen erbirik? Ez naiz ohartu ere. Eta xutiturik, eman omen zien kantuz orduantxe sortua zuen olerkia...
Ikusten duzu goizean, / eguna hasten denean...
Olerki haren adituz xoraturik, abantxu barkatu ere egin omen zioten Elizanbururi, bere Sarako lagunek, erbi eder haren ihesia!.
Egia ote, ez ote? Nik, entzun bezalaxe ekarki. Beharbada, osaba ari zait Zerutik irriz keinuka: Egia ote den? Egia itsusiak baino, nahiago nitian nik munduan gezur pullitak!
Baina non nabil ni? Zer ari naiz ni kontu-kontari, Ziburutik Sararat zerutik barna? Gatozen berriz zintzoki Bordagain tontorrerat. Handik ateratuak baikara. Eta ipuinetan ari garen ezkero, aipa dezagun niri, aste honetan, Arizti jauregian gertatua.
Komitatuak ginen bazkaritarat. Nor atxeman behar genuen jakiteke. Eta gure ondotik laster, sartu zen gizon zahar dotore bat ere, monokulua zintzilik zekarrela. Nor dugu hori?, galdetu nuen. Eta belarri ondorat erantzuna: X-ko enbaxadorea, Madrilen. Gure anaia ere gurekin baitzen, eta haren ez-ixiltzeak ezagutzen baititut aspalditik, egin nion neure buruari: To! Gaur badiagu hemen xaltxa.
Izan ere, bi xaltxa atera zizkiguten mahaian jarri orduko. Bata langostaren laguntzaile hura. Ze xaltxa! Eta bestea berriz enbaxadoreak berak sortua. Donostiatik nator esan zigun eta Castiella-k komitatua nau gaur berarekin afaltzeko. Mahaiaren beste aldetik nire anaiaren ahotsa: Hori! Euskal apaizen arazoa aipatuko diozu beraz, enbaxadore jauna. Akabo! Gerta beharra gertatua zen. Gero gerokoak.
Enbaxadore gizajoak ez omen zekien halaxe esan zigun euskal apaizen berri deusik. Nola aipatuko zion fitxik ministroari beraz? Etxekoandreak esan zion nola aspaldiko kontua zen eta, munduko izparringi guziek nola aipatua zuten euskal apaizen idazkia. Alferrik, harek ez omen zuen ezer ez jakin eta ez irakurri. (Monokulua zertarako zuen ba?) Nire anaiak ez baitzion barkatzen ordea, azkenean aitortu zigun: Horra. Nire erregea ez da Francoren lagun. Nire Gobernamendua ere ez. Baina ni bai. Ni zeharo nauzue Francoren aldekoa. Jainko maitea! pentsatu nuen nik, a ze ordezkariak dituzten munduko xoxolista batzuek ere!! Gu katolikooi bezala gertatzen zaie nonbait xoxolista gaixoei ere: horra ze enbaxadorea Madrilen! Hortaz, frankokeriaz, Antoniutti gure Nuntzio jaunaren antzekoa! Badakit zer erantzungo didaten xoxolista jatorrek: Zer nahi duzu! Asmoak asmo izaki, eta gizonak gizon.
Badakit. Horixe bera esan behar izaten dugu katolikook maiz. Egun batez, asmoek atxemanen dituzte beharbada zerbitzari egokiagoak. Artean... zatozte xoxolista gaixook, eta kontsola dezagun elkar!
Baina zergatik eta zertako negar? Utzi negarra negartientzat. Hobe dugu irria. Hargatik, barre pixkat egiteagatik, esan nion enbaxadoreari: Enbaxadore jauna! Utzagun politika alde batera. Bestela haserretuko baikara. Eta ez merezi. Begira zein ederki garen hemen: bista eder, mahai aberats, giro atsegina. Eta...
Errazu, etxekoandre, jarleku hauek zureak al dira?
Jarleku hauek nireak diren? Nik uste! Zer ba?
Denek ezin baitute gauza bera esan.
Zer ari zara?
Horra. Nik badut zuei egiteko, enbaxadore jauna, otoitz bat. Behar dizuet mesede bat eskatu.
Politikaz?
Ez, ez. Gizabidez.
Esan.
Uda da eta, Donostian zagozte orain guziok. Horra ba, Francoren etxera zoaztelarik, harek esango dizue: Jarri, enbaxadore jaunak. Ordurako da nire otoitza. Arren eta arren! Hango jarlekuak hartu itzazuela goxoki. Exeri zaitezte emeki, jarlekuok urratzeke. Otoi!
Zer ba?
Eta ixilaren ixilean esan nion:
Nireak baitira.
Zureak?
Bai jauna. Nireak. Orain zuen ipurdien azpian ibiltzen diren jarlekuok, enbaxadore jauna, gure Bergarako etxean ikusiak ditut, sortu nintzenetik, gure saloi nagusiko ixilaren ixilean. Jarleku horietan ikusia jarririk, jai handietan, gure aita zena.
Nola? Francoren jarlekuok zuenak izaki?
Zergatik harritzen zara hola, enbaxadore jauna? Francok bere zangoen azpian daukan Herria ere, gauza bera duzu: Gurea!
Ahhh banioen ba nik. Eskerrik asko argibidearengatik :)